FILOSOFIAKO LIBURU ATSEGIN BAT

Pruden Gartzia

2016ko martxoa

Arrieta Urtizberea, Agustin: Filosofiarako Sarrera Bat, Bilbo: Euskal Herriko Unibertsitatea, 2015, 262 or.

Filosofiarako_sarrera_bat AZALA

Aurreko larunbatean bukatu nuen liburua eta gaur jarri naiz pantaila aurrean liburu hau zergatik gustatu zaidan esplikatu nahian. Ez da erraza. Topiko sorta bat errepikatu beharko nituzke, badakizue, atsegina, zehatza, ondo idatzia, aberatsa, interesgarria… eta beste dozena erdi bat gehiago. Dena oso prebisiblea. Eta, arrazoi beragatik, aski aspergarria. Zer egin?

Uste dut liburua hitz bakar batean laburtu beharko banu, hitz hori atsegina izango litzatekeela. Horra liburu horren giltza, horra alpha, horra omega. Horra arrazoi bat, aski bere horretan, liburu honen irakurtzea justifikatzeko. Beste ezeren beharrik gabe. Baina gero zurituko dut zehatzago nire hautua.

Orain galdu gaitezen bidetan barna. Saka ditzagun, adibidez, atsegin hitzari dagozkion teklak Orotariko Euskal Hiztegiaren kutxatxoan eta aurki dezagun, hartara, ez dela soilik euskal hitz zaharrenetakoa, ez dela soilik dokumentatuenetakoa, ez dela soilik ñabardura gehien sortu duenetakoa, hortaz gain, etimologia zoragarri bat duela, imajinazio eta irudimena, biak, elkarrekin hegaldatzera igortzen duten horietakoa, hitzez hitz: “De hats + egin, con pérdida de la aspiración en el compuesto” (OEH). Bai, egia da hizkuntza asmatu zuten gizaki primitiboak hitz egiten hasi aurretik poetak zirela jada; egia da, gainera hizkuntza guztietan hitz bakoitza metafora bat dela. Egia da hizkuntzaren beraren definizio egiatiena poesia izatearena dela. Baina hizkuntza gurean, hori guztia ilustratzeko hitz ederrik beharko bagenu, hortxe dugu atsegina. Bai jauna, bai andrea, har ezazu arnasa sakon, jaulki ezazu poliki-poliki kanpora eta, operazio erraz horren bitartez, eskura ezazu gizakiari dagokion zoriontasunik behinena, lasaiena, beteena, hitz batez, izan zaitez atsegina.

Hori guztia gertatuko zaizu liburu hau irakurri ahala, baldin eta pazientziaz irakurtzen baduzu. Benetan.

"Atenasko eskola", Rafaelen margolana (1510) [Argia]
“Atenasko eskola”, Rafaelen margolana (1510) [Argia]
Jakina, badira ezinbestean bete beharreko baldintza batzuk. Bata, gustukoa izan behar duzu irakurtzea. Liburu luzea da, orrialdeek neurri zabala dute eta letra tipoa, ñimiñoa izan gabe, aski diminutoa da, eta testu trinkoa. Gaia, bestalde, ez da udazken gau bateko ametsa (bai, udazken jarri dut, eta ez uda, nire sentimenera goxoagoa delako, eta udabeteko beroa ez delako euskaldun belarrirako egokia horrelako kontuez ari garelarik, eta bost axola zein den itzulpen korrektoa, nirea ez baita itzulpena, ebokazioa baizik) eta… baina galdu naiz. Esaten ari nintzen liburu hau ez dela errax horietakoa, edonork irakurtzekoa, kontu aski tekniko eta aski konplikatuez diharduenez gero. Hitz batez, Filosofiako liburu bat da, eta halakorik maite ez baduzu, hobe da honekin ere burua berotzen ez hastea.

Baina Filosofia maite baduzu, ez ezazu bi aldiz pentsatu, eta ekin besterik gabe. Izango baitira irakurketa atsegin bihurtuko dizuten arrazoi bat baino gehiago. Aipa ditzadan batzuk.

Argitasuna. Liburu argia da, ororen buru. Filosofia zerbait iluna eta ulergaitza dela uste dutenek sorpresa ederra hartuko dute honetan. Jakina, ez du esan nahi tratatzen diren problemak erraz ulertzen direnik, baizik eta liburu argia dela, arazoak argi eta garbi mahaigaineratzen dituena, hizkera sinple batean, itzulingururik eta teknizismo astunik gabe. Oraindik esan ez badut ere, liburu hau (izenburua bera aski argia da) Filosofiarako sarrera orokor gisa pentsatu da, hots, Filosofian gaur egun eztabaidatzen diren gaiak banan-banan aurkeztea da bere helburu nagusia, hamar kapitulutan. Azalpen sistematikoa da, gairik gai eta azpigairik azpigai. Zuri, jakina, batzuk gehiago interesatuko zaizkizu beste batzuk baino, eta normala da, normala den bezala eskuliburu batek diziplina akademikoa bere osotasunean tratatzea. Inoiz astuna ere bihur daiteke, batez ere norberaren interesekoak ez diren kapituluetan. Baina Filosofia apur bat maite baduzu, mendi guztia izango da zelaia.

Badira argitasunaren alde jokatzen duten beste faktore batzuk ere, bereziki hauxe: galderen ugaritasun izugarria. Zenbat eta zenbat galdera! Erantzun argi gutxi izango duzu aurrean, horren ordez arazoak paratzen ditu egileak, Filosofiako arazo klasikoak, bata bestearen atzetik lerrokatuak, galderen formari segituz. Eta erantzunen ordez, aukerak, alegia, arazoen aurrean eman diren erantzunen zerrendak. Den-dena oso modu arrazionalean antolatua, baina aldi berean estilo narratibo batean erredaktaturik. Sistematikoa eta narratiboa aldi berean. Ez da lorpen makala!

Bigarren faktore bat, neuk bereziki balioetsi dudana, adibideak ipintzeko abilezia da. Sarritan, arazo bat ilustratzeko, erantzun-sortaren errekapitulazio orokor gisa, atala adibide batekin bukatzen du, eta adibide hori, sarritan ere, gure inguru hurbilekoa da, erran nahi baita, gure euskal inguru hurbilekoa; askotan, Berrian argitaratutako artikulu edo kritika baten aipamena. Horrek egundoko indarra ematen dio azalpenari, nire uste apalean; ez gara teoria hutsetan galtzen, ez, aitzitik, gure hurbilean, gure txikian, gure oilolurrean, antzeko adibideak aurkezten digu egileak. Bikain! Bide batez, oilolur zer den ez dakienak, begira dezala Orotarikoan “oilo-lur” sarrera, edo baserriko osaba zaharrari galde diezaiola (soluzio alternatiboa).

Hurbiltasunaren sentsazio hori indartzera dator hirugarren faktore bat, alegia, kapitulu bakoitzaren bukaeran eskaintzen den bibliografia. Eta zer atsegina den esatea utikan arrandiak! Erreferentzia gutxi eskaintzen dira bakoitzean, baina denak arrazoi zehatz eta sendo batekin emanak, denak banan-banan justifikatuak lerro pare baten bitartez (erreferentziaren azpian) eta, berriz ere, ardura berezia eskaintzen zaie euskaraz idatzitako edota euskarara itzulitako testuei. Aleluia! Ordua zuan!

Agustin Arrieta Urtizberea [Berria]
Agustin Arrieta Urtizberea [Berria]
Bukatzera noa, atseginak gainezka egin aurretik. Eta uste dut zilegi dela eragozpen batekin bukatzea. Urte asko dira Filosofia fakultate bat ez dudala zapaltzen, bidenabar ez bada, eta, beraz, ez dut horko giroaren lehen eskuko informazioarik. Baina egileak dio liburu hau bereziki pentsatu dela eskuliburu gisa, dena-delako ikasgaian erabiltzeko unibertsitatean. Tira, atsegin hutsez irakurri duen honek pentsatzen du, umilki, agian lehen mailako ikasleentzat apur bat astuna izan daitekeela. Izan ere, nire ustez, gertakuntza handi xamarra eskatzen duen liburua da, hau da, ez da aski Filosofia maitatzea, horretaz gain, oinarrizko ezagutza batzuk behar dituzu, aski zabalak, liburu honen irakurketarekin gozatzeko. Liburu honen helburua hain zuzen ere ezagutza horiek eskuratzea dela? Bai, ederki, baina orduan testuliburu bihurtzen da eta horrek biziki zailtzen du hura irakurriz ondo pasatzea. Alegia, bere dohain ugari eta nabarmenen gorabehera, esango nuke apur bat zaila, edo agian zehatzago, apur bat joriegia, beteegia, luzeegia, izan daitekeela hasiberrientzat. Arazo gehiegi, informazio gehiegi, oso ondo antolatua badago ere. Apika.

Baina, beharbada, ni naiz uste baino pobreago dabilena Filosofian eta hogei urteko gazteek jo-ta-pasa egingo dute, arazo berezirik gabe. Halabiz!

Bitartean, zorionak bihotzez, egileari, pasa arazi dizkidan aldarte atseginengatik. Estimatzen da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude