EUSKALDUNON JAINKOA

Pruden Gartzia
2016ko urtarrila

Arregi, Jose: Nazareteko Jesus: Zer gizaki? Zer Jainko? , 2.argit., Bilbo: Deustuko Unibertsitatea, 2014, 390 or.

Liburuaren azala
Liburuaren azala

Eta berriz ere Teologiako liburu bat iruzkintzera eraman nau nire gogo erratuak, kasu honetan, Joxe Arregi teologo euskaldunaren lan bat, kristauen Jainkoari buruzkoa. Berriz ere Jainkoarekin bueltaka. Baina ez geunden ba, bienpensante guztiok, Jainkorik ez zela? Existitzen ez den ezertaz idaztea ez ote da egiazko erratu bat?

Euskal Herria apaiz fabrika bat da, esan zidan behin Txillardegik, gogoan iltzatuta geratu zaidan esaera, ez baitzen ari, bereziki, Erromako erritoen arabera ordenatutakoez, baizik eta gure politikagintzaz eta eztabaida intelektualez, zentzu zabalean. Joxe Azurmendik, bere aldetik, sarri idatzi izan du gure herriaren katolikotasunaz eta horretaz ari denean, normalki, euskaldunok edozein pluralismo, bereziki intelektuala, onartzeko dugun zailtasun kulturalaz ari ohi da, alegia, euskaldunok katolikoak gara esatean badirudi esaten ari dena dela (neuk ulertzen diodanaren arabera) gauzak ulertzeko modu unidirekzional bat besterik ez dugula onartzen, eta hori goitik beherakoa izaten dela, arrunki. Eta maisu bati zein besteari entzunda eta irakurrita, nik neuk nire baitan pentsatu izan dut, askotan, euskaldunak espainolak garela, bihotzaren zolaraino. Beste behin, Manex Goihenetxerekin berbetan, ideia horretaz jardun ginen biok, eta berak umore finez iruzkindu zizkidan Hegoaldean etengabe izaten ditugun istiluak, erran nahi baita, abertzaleon arteko ika-mika amaigabeak. Uste dut ihardetsi niola Iparraldean zegoela gure salbamena, baina halakorik esan banion (ez dut zehatz-mehatz gogoratzen), ironiatzat hartuko zuen, ziur aski, Frantzia Espainia baino dexente pluralagoa bada ere (kulturalki), Euskal Herria, Hego eta Ipar, Mendebalde eta Ekialde, bat delako, alegia, berriz ere Txillardegirengana itzultzeko, apaiz fabrika bat.

Azken urteotako nobedade nagusia, orain apaiz fabrika esan beharrean, apaiz eta moja fabrika esatera gaudela nolabait behartuak, zuzentasunaren izenean. Bada aldaketa, dudarik ez, bereziki sakona ez badirudi ere.

Baina kontua da, paradoxikoa eta kontraesankorra ematen badu ere, apaizen artean ere bi tradizio nagusi izan ditugula gure herrian azken ehun urtean, eta gaur egun ere esango nukeela hala dela funtsean. Beste hitz batzuekin esanda, pluralismoa oso markatua izan da euskaldunon artean, baina arazoak ditugu fenomeno hori naturaltasunez asumitzeko. Betiko adibidea jarrita: ateratzen da politikari bat esanez ETAren historiari buruzko errelato bat eta bakarra behar dugula izan euskaldunok, eta jendeak txalo edo txistu jotzen dio, baina gutxi dira erantzuten dutenak de facto bat baino gehiago izango direla eta jarrerarik arrazionalena eta zentzuzkoena dela pluralismo hori gureganatzea. Bada ez, jaun-andreok, hemen bakoitzak berea, eta kitto. Elizan bezala, badakizue, Jainko bakarra eta Aitasantu bakarra, geurea, eta hortik kanpora, iluna.

Joxe Arregi Arantzazun
Joxe Arregi Arantzazun

Beharbada horrek piztu dit Joxe Arregirenganako interesa. Izan ere, duela urte batzuk Munilla apezpikuarekin izan zuen guduketa luze bezain tristean, inoiz baino nabarmenago azaleratu zen libre izan nahi duen intelektual batek gure herrian dituen arazoak. Hain zuzen ere, modu premoderno (ia-ia ertarotiarrean) manifestatu zirenez gero, alegia, Eliza Katolikoaren hierarkiari zor omen zaion menpekotasun osoaren urratze quasi-heretikoaren forma hartuta, izan zen bereziki nabarmena, nahiz eta denok dakigun gaur egun intelektual batek Euskal Herrian dituen arazo nagusiak ez daudela lotuta sazerdoteen hierarkia batek sortzen duen menpekotasunarekin, Estatu laiko eta demokratikoak dakarren konformismo eta filisteismo orokorrarekin baino. Eta azken horren zentsura-mekanismoak detektatzea eta azaleratzea, askoz ere zailagoa da.

Uste dut garai horretan aurkitu nuela liburudenda bateko apaletan galduta Arregiren liburu bitxi bat, erosi eta di-da batean irentsi nuena, harridura handiz: Las cartas de José Arregi para creyentes del siglo XXI, Madrid: Feadulta, 2010. Ez da gaur aipagai duguna, baina pluralismoaz eta askatasunaz ari garela, ezinbestekoa da hau bezalako esaera bat gogoan ondo hartzea:

“Pertenecemos”, si, a muchas iglesias diferentes, ¿pero qué hay de malo en que sigamos así? […] ¿No sería, pues, mejor organizar una “semana de oración por la diversidad de las iglesias”? (107. or.)

Bai, jaun-andreok, goiko esaldi hori apaiz katoliko euskaldun batek idatzi du, eta pluralismoaren aldeko aldarri ezinago erradikala da. Pluralismoa, baita ere egiaren monopolioa izateko asmoz jaiotako elizen artean ere (Jainkoa bakarra da! Egia bakarra! Salbamen bakarra!). Elizen pluralismoa onartu ezezik aldarrikatzen duenak, zer ez du esango bestelako pluralismoez? Ez, ez da arraroa, tamalez, Munillak bere kontrako neurri administratiboak hartzea (edo hartzeko mehatxua egitea), eta liburu hori irakurtzeko lana hartzen baduzue, erraz ikusiko duzue zergatik. Arregi Vatikano II.aren lerroan ari da, Ignacio Ellakuria edo Jon Sobrino bezalako teologo euskaldun aurrerakoien lorratzean, baina esango nuke bere pausoa oraindik luzeagoa dela, bere jarrera, erradikalagoa. Azken ehun urtean euskal elizan egon den bi joera nagusien arteko lehian (tradizionalistak eta aurrerakoiak, etiketa konbentzional batzuez izendatzeko), Arregik aurrerakoien lerroan abanguardiako postu bat hartzea aukeratu du, nire uste apalean. Eta ez dakit bere tesiak zuzenak edo okerrak diren, baina intelektual libre bat da eta merezi du irakurria izatea. Gutxi izango dira hemen bera bezain libreak eta erradikalak.

Jose Ignacio Munilla, Donostiako apezpikua
Jose Ignacio Munilla, Donostiako apezpikua

Baina ez gaitezen nahastu, hala eta guztiz ere Arregi apaiz katoliko bat da, erabakimen osoz. Hartara, Jesu Kristori buruzko teologia-liburu bat idazten badu, nahi den bezain aurrerakoi izanda ere, apaiz katoliko baten liburua da, fededunei zuzendua. Ildo horretan argigarria izan daiteke konparatzea Munilla apezpikuarekin ere arazo latzak izan dituen beste apaiz ezagun baten liburu batekin, alegia, Jose Antonio Pagolaren Jesus: hurbilketa historikoa, Donostia: Idatz, 2009. Bi liburuek gai bera jorratzen dute, Jesu Kristo historikoaren figura aztertzea, eta biak Vatikano II.aren lerroan kokatzen dira (hortik Munilla bezalako tradizionalista batekin izandako arazoak), baina ez dira berdinak, ezta antzekoak ere. Pagolak narrazio bat egitea hobesten du eta, gainera, publiko zabalari begira ari da (maila bateko publikoa, baina ez formazio teologiko sakona daukana) eta, ondorioz, bere liburuak interpretazio nagusi bati ematen dio bidea. Arregiren helburua, aldiz, gutxienekko formazio teologiko bat duen (edo izan nahi duen) pertsonari begira egina da eta, horregatik, interpretazio nagusi bat eskaintzen badu ere, etengabeak dira arazoen konplexutasunei eta bestelako ikuspuntuei egiten zaizkien alusioak; estiloa, gainera, ez da narratiboa, sistematikoa baino, hots, testu-liburu bati dagokiona (eta ez dibulgazio-lan bati). Eta, finean, Pagolarena Arregirena baino dexente kontserbadoreagoa da, nire uste apalean. Egia esanda, Pagolaren liburuarekin eskandalizatzen den batek, ez dakit zer motako Jainkoa izan dezakeen buruan, baina ez da XXI. mendean kultura minimo bat duen inori aurkezten ahal zaiona, hori ziur. Aldiz, Arregirena aurrerakoiagoa da, hala eta guztiz ere erabat ortodoxoa izango bada ere (aski da aipatzen duen bibliografiari erreparatzea, denak dira Elizak onartutako autore ezagunak, nik dakidanagatik behintzat).

Beraz, Arregirena Teologiako eskuliburu bat da, funtsean, seminaristek edo antzekoek erabiltzeko pentsatua. Ikuspuntu aurrerakoia eskaintzen du, baina Elizaren barruan beti, eta fede katolikoa da bere gidalerro nagusia. Hala eta guztiz ere euskara ederrean idatzita dago, estilo argi eta irakurterrezean (inolako kalamatrika teologikorik gabe) eta sistematikoki aurkezten ditu Jesu Kristoren figura historikoarekin lotutako arazo historiko guztiak. Ondorioz, oso egokia izan daiteke, nik bezala, kuriositate intelektual batez gidaturiko edozein irakurlerentzat. Izan ere, nork ez du sentitu erlijio katolikoa ulertzeko gogoa? Nork ez dio bere buruari galdetu nola ote den posible euskaldunen historiaz eta kulturaz ezer ulertu nahi izatea, gure herriaren historian azken mila urtean (gutxienez) hain pisu erabateko eta erabakigarria izan duen fedeari ezikusiarena eginez? Edo umeentzako lelokeria bat dela pentsatuz? Zer, euskaldun guztiak leloak izan dira azken mila urtean, hori pentsatzea da gure herriaren historia ulertzeko eman beharreko lehen pausoa? Ez ote da askoz ere praktikoagoa eta intelektualki errespetagarriagoa fede katolikoa zertan den gaingiroki ez bada ere ezagutzen saiatzea? Eta soberan dakit errezagoa dela uste izatea katoliko guztiak Munillaren tankerako premodernoak direla, baina hori pentsatzen duena oker dabil, nabariki.

Eta zein ondoriotara ailegatu naiz ni, liburua irakurri ondoren? Tira, inoren fedea ez da liburu baten irakurketan oinarritzen, ez hemen, ezta Estatu Batuetan, Txinan edo Iranen ere, horretaz ziur egon gaitezke. Liburu santuek fededunentzat baino ez dute Jainkoaren mezurik gordetzen, eta fededun horiek liburua irakurri aurretik ziren fededun, ziur aski bestelako arrazoirengatik. Eta ez da nire asmoa fedeaz hitz egitea, liburu honetaz baizik.

Liburu honek ezer iradokitzen badu da fede katolikoak ere eboluzio luze bat pairatu duela bi mila urtean: ez da berdin XXI. mendeko kristau baten fedea edota I. mendeko batena. Baina hori bagenekien guztiok. Liburu hau irakurtzean, aldiz, deskubritu dut, harridura handiz, Eliza Katolikoaren barruan pluralismoa eta dibertsitatea sakon-sakon markatutako ezaugarriak direla, hain sakon ezen, behar bada, ondorioztatu beharko genuke ez bakarrik Eliza guztiz plurala eta dibertsoa izan dela bi mila urteko historian zehar, baizik eta, pauso bat harantzago oraindik, Eliza bera plurala dela esentzialki. Izan ere, jatorrizko pluralismo hori Biblia barruko libururik garrantzitsuen eta santuenetan ere aurkitzen dugu, alegia, ebanjelioetan bertan.

Frantzisko aitasantua, ebanjelioak erakusten
Frantzisko aitasantua, ebanjelioak erakusten

Beste hitz batzuekin esanda, nik neuk betidanik pentsatu izan dut ebanjelioak, lau izanda ere, funtsean historia bat eta bera kontatzen zutela, Jesu Kristoren historia, eta modu guztiz koherente batean kontatzen zutela. Bada, ez. Ikus dezagun aipu bereziki argigarri bat:

Askatasunez idatzitako oroipenak ditugu ebanjelioak, eta askatasunez irakurri beharrekoak, ez hitzez hitz, ez letraren morroi. Espiritua eta bizia libre dira, beti berri, beti kreatzaile.
Bada ebanjelioetan beretan, testua eta letra absolutu ez bihurtzeko, kontakizuna eta mezua ez nahasteko, abisu garbi bat: ebanjelio batetik bestera dauden desberdintasunak, are kontraesanak. Aipa ditzagun desberdintasun nahiz kontraesan horietako batzuk: Joanen ebanjelioko Jesusek eta sinoptikoetako (Mateo, Markos, Lukas) Jesusek oso desberdin hitzegiten dute, oso bestelakoak dira; behin bakarrik igo zen Jerusalenera sinoptikoen arabera, gehiagotan Joanen arabera; “tenpluaren garbikuntza” bizitzaren amaieran egin zuen sinoptikoen arabera, hasieran Joanen arabera; pazko-egunez hil zen sinoptikoen arabera, pazko-bezperan Joanen arabera; berpiztuaren agerraldiak Galilean izan ziren sinoptikoen arabera, Jerusalenen Joanen arabera, bietan Lukasen arabera; Jesusek ez du Gure Aita bera irakasten Mateorenean eta Lukasenean, ezta Zoriontasun berdinak aldarrikatzen ere; kasu batean dibortziorako eskubidea ematen du Mateorenean, eta Markosenean ez; Mateoren eta Lukasen “haurtzaroko ebanjelioak” ez dute elkarren antzik ere; Pedro (eta gainerako ikasleak) toki txarrean uzten ditu Markosek, toki onean Mateok. Eta abar, eta abar… (41-42.or.)

Bai, ondo irakurri duzue: ebanjelio batean dibortziorako eskubidea ontzat ematen omen da, eta beste batean ez. Adibide bereziki esanguratsu bat emateagatik azpimarratzen dut.

Hortaz, Elizaren pluralismoa ebanjeliotan bertan aurki badaiteke, ez ote da ordua pentsatzeko Eliza bera esentzialki plurala dela? Baina zer da pluralismoa?

Hementxe geldituko gara.

Azken ohar batekin bukatuko dut. Jose Arregi, dudarik gabe, espiritu libre bat da, eta gonbidatzen gaitu modu guztiz librean irakurtzera Jesu Kristoren bizitza. Askatasuna, pluralismoa, argi dago, bere baitan sakon-sakon errotutako balioak dira eta fede kristaua bi parametro horien arabera ulertzen du. Liburu honetan bere fedearen ortodoxiak bateragarria dirudi askatasunarekin eta pluralismoarekin. Arrazoi du? Ez dakit, baina liburu hau irakurri ondoren zerbait ikasi dut Jesu Kristoren figura historikoaz eta, era berean, gustatuko litzaidake mota honetako planteamenduek gure artean oihartzun handiagoa izatea. Eta ez naiz ari erlijioaz bereziki.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude