KONTAKIZUNA ETA ABERTZALEAK

Pruden Gartzia, 2015eko abendua

Murua Uria, Imanol: Ekarri armak: ETAren jardun armatuaren bukaeraren kronika, Donostia: Elkar: Berria, 2015, 271 or.

Liburuaren azala
Liburuaren azala

I

Sarritan aurkitu dut nire burua Patxi Lopez lehenkariarengan pentsatzen, Estatu Batuetako tren baten barruan prentsa-adierazpenak egiten ETAk bere jardun armatuaren behin betiko bukaera iragarri zuen egunean. Pellokeria gatzgabe batzuk esateko gainera edo, bestela esanda, zuzentasun politikoaren gidoiak agindutako topiko sorta labur eta hutsa bezain hutsala: “gizarteak ETAri ez ziola ezer zor eta ez ziola ezer ordainduko” (187. or.). Baina horrelako gertakari historiko batez aurrez informatuta egonik, posible ote da traketsago jokatzea? Eta orain, Imanol Muruaren liburua irakurtzen ari naizela, bere burkide Egigurenek emandako azalpenarekin egiten dut topo:

“–Hor zer gertatu zen? Nolatan zegoen Ameriketan lehendakaria?
–Ameriketara bidali egin zuten.
–Zeinek?
–Rodolfok eta hauek. Bidaia antolatu zioten Aieteko konferentziak oihartzun txikiagoa izan zezan, eta lehendakariak hitz egin beharra eta bakea zetorrela esan beharra eragozteko. Nik ez dut sinesten kasualitatea izan zenik. Nik esaten nuen Patxik konferentzia zabaldu behar zuela. A zer aukera galdu zuen!” (187-188. or.; galdetzailea, I. Murua, erantzulea, J. Egiguren)

Egia esanda, Egigurenen baieztapen zorrotz horiek niri hausnarketa ugari eragiten dizkidate Historialaritzari buruz. Blog honetan behin baino gehiagotan azpimarratu dudanez, neu Historia ikasitakoa naiz unibertsitatean, eta beti interes handiz segitu dut diziplina akademikoari buruzko hausnarketak, adibidez, zer da herri baten historiaz dakiguna? Zenbat eta zenbat datu eskapatzen zaizkigu, mila arrazoi bitarte? Nola antolatzen dugu dakigun hori? Nola aukeratzen dugu dakiguntxo horretatik zer kontatuko dugun eta zer ez? Zergatik egon gaitezke ziur geuk dakigun datuekin azalpen orokor bat eman daitekeela, beti baldin badago eskapatzen zaigun datu asko? Eta, batez ere, nola idazten dugu gure kontakizuna?

Kontakizuna, horra bildotsaren ama. Historialari profesional batentzako erabateko garrantzia du ondo ulertzeak bere langintzaren bidez zer egiten ari den. Adibidez, Imanol Muruarentzat, liburu honi dagokionez (eta kazetaria dela eta ez historialari esango lukeenarentzat erantzuten diot eztabaida nominalistetan ez galtzeko: historialari profesional bat izateko trebatu dute Renon azken urteotan, tesia egiten ari zela, eta ofizioari nola deitzen diozun erabakitzea oso bigarren mailako kontua da). Beraz, iruzkin honetan galdera honi erantzun nahi izango diot, nagusiki: zer ikusi du Imanol Muruaren liburuak Patxi Lopezen kontakizun ospetsuarekin?

II

Joxe Azurmendik behin esan zuen bezala, ETA da gure azken hamarkadatako Historiaren datu nagusia. Beste modu batean esanda, ezinezkoa da azken hamarkadatako euskal historiaz ezer esatea ETA kontuan hartu gabe. Onerako edo txarrerako, zelandaberritar batek (adibidez) gure herriaren azken hamarkadez ezer (absolutuki ezer) jakin nahi duen bakoitzean (berdin dio historiaz, kulturaz, ekonomiaz, turismoaz edo gastronomiaz) eskaintzen zaion lehen-lehen datua, lehen-lehen hausnarketa, ETAri buruzkoa da beti: zer zen, nola sortu zen, zer egiten zuen… eta nola bukatu zen.
Horregatik, hain zuzen, esan zuen bere garaian Patxi Lopez lehendakariak ETAri buruzko kontakizunak (el relato deitu zion berak, ospetsu egin den etiketa trokelatu zuenean), errelatoak, esaten genuen, berebiziko garrantzia zeukala euskaldunon etorkizunari begira. Euskaldunok zer garen esatea, neurri ez txiki batean, ETA zer den esatean barnebilduta baitago gaur egungo gure mundu mundial honetan, zorionez edo zoritxarrez.

Horregatik, errelatoari buruzko hausnarketa labur, zehatz, zoli eta, hitz batez, jenial hori egiteko gai izan zen politiko berberak euskal historia garaikidearen unerik kritikoenean, alegia, ETAk jardun armatua behin betiko uzten zuela iragartzen zuen egunean, hain zabar jokatzea, hain trakets, hain baldar, hain gatzgabe, beti egin zait egundoko misterioa. Non eta ez dugun pentsatzen norbaitek (Rubalcabak, adibidez) engainatu egin zuela alderdian izan zezakeen hegaldi gero eta boteretsuagoa nahaspilatu asmoz.

Bai, dudarik gabe Patxi Lopezi ziria sartu zioten eta, ondorioz, Zapateroren ondorengo izateko inoiz izan zezakeen aukera guztiak izorratu zizkioten. Nork? Ez da oso listoa izan beharrik Rubalcabaren eskua ikusteko. Ebidentzia bat da, lagunok. Rubalcaba, beti Rubalcaba.

III

Imanol Murua Uria
Imanol Murua Uria

Baina utz dezagun orain albo batera PSOEren barne-historia (gure artean hain penagarriki ahaztua eta zokoratua beti, biziki interesgarria izan behar duenean) eta hel diezaiogun Imanol Muruaren liburuari. Eta galde dezagun oraingoan ere, Patxi Lopezen anekdotaren argitan: zer da liburu hau? Zer da bere bitartez euskal historiaz jakin dezakeguna? Zenbat datu berri eta ezezagun eskaintzen digu? Nola aukeratu du kontatu behar diguna, garrantzitsua dena? Eta, batez ere, norentzat egin du kontakizuna?

Zeren eta, lagunok, komeni zaigu burutik ez kentzea kontakizunaren guduan bizi garela azken urteotan, eta biziko garela (ziur aski) aldi luze batez.

Bada, Imanol Muruak, esango nuke, euskaltzale abertzaleentzat egokia eta sinesgarria izan daitekeen kontakizuna ondu du. Eta horretarako fokoa Ezker Abertzlaera eraman du, zehatzago, Ezker Abertzalearen eta ETAren arteko harremanetara. Harreman horien historia zehatza eskaini digu eta beste guztia (ia-ia) alboratu du, zeren kontakizun honen arabera, garrantzitsua ETAren bukaeraren istorioan, harreman hori baita, Ezker Abertzalea eta ETAren arteko harremana, hain juxtu ere. Beste guztia bai, hor dago, baina ez gure fokopean. Beste guztia ez da (hain) garrantzitsua.

Arrazoi du? Jakina denez, kontakizun estandarra, Espainiko hedabide handiek, politikariek eta akademikoek zabaltzen dutena, ez doa hortik. Zer esanik ez, Espainiako hedabide handien, politikarien eta akademikoen hemengo sukurtsalek zabaltzen dutena amaren kontakizunaren oihartzuna besterik ez da izaten arrunki; umearen zentzuna, etxean entzuna, esaten omen zen lehen, eta euskaldun askoren zinezko etxe intelektuala Madrilen dago, denok dakigun lez. Ahots propio eta independenteak oso bakanak izaten dira gai honi dagokionez, azken urteotan bereziki.

Bada, kontakizun estandarrak demokraziaren aldeko borroka epiko batez hitz egiten digu, guztion artean aurrera eramana, herritarrak, politikariak, juezak, kazetariak, poliziak, apaizak eta soldadoak, guztiok bat eginda demokraziaren defentsan, zuzenbidezko estatuaren baliabide guzti-guztiak erabiliz sistematikoki eta errukirik gabe, ETA ito arte. Emaitza, azkenean, ETAren amore-ematea izan zen, garaitua izanik beste inolako irtenbiderik ez zeukalako. Garrantzitsua da azpimarratzea puntu honainotxe kontakizun estandarra koherentea eta bakuna izan ohi dela edonoren ahotan, baina puntu honetatik aurrera dibergentziak hasten direla. Batzuentzat, jakina denez, Zapatero presidentearen azken orduko traizioak erabateko garaipena zapuztu zuen; areago, Rajoy presidentearen bigunkeriak traizio hura zuzentzea eragotzi du beste zenbaitentzat. Eta abar, eta abar.

IV

Liburuaren aurkezpenean
Liburuaren aurkezpenean

Imanol Muruak, gorago esan dugunez, kontakizun alternatibo bat eskaintzen digu, zeinaren arabera faktore erabakigarria ez zen izan ETAren itomena (areago, ETAk borroka armatua jarraitzea deliberatu zuen 2007-2008an, aldi luze baterako) baizik eta Ezker Abertzalearen masa sozialaren baitan gertatutako aldaketa kualitatiboa, borroka armatuarekiko arbuioa. Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Rufi Etxebarria eta enparauak gai izan ziren arbuio hori atzemateko, antolatzeko eta bideratzeko, ETAri jardun armatuarekiko ukazioa inposatu arte. Liburuaren beraren izenburua gardena da zentzu horretan: Ekarri armak. Hori da Muruaren tesia, Ezker Abertzaleko oinarri sozialak, bere oinezko militanteek, ETAri esan ziotela: “hau bukatu da, ekarri armak hona, hau politikatik egin behar da” (227. or.). Horra gertatutakoaren giltza nagusia.

Ildo horretan, liburu hiru ataletan antolatzen da, hasierako aurkezpen orokorra alde batera utzirik (5-24. or.). Lehenengoan arazoaren aurrekari historikoaren birpasa orokor bat egiten du (25-88. or.); bigarrenean, ETAren bukaeraren kontakizuna burutzen du (89-200 or.) eta hirugarrenean kontakizun horren egiazkotasunaren oinarrien gaineko azalpide bat eskaintzen digu (201-240. or.). Bukaerako epilogo ez bereziki interesgarri batean (241-261. or.), 2011etik gaurdainoko kronika eskaintzen digu, laburki.

Ez naiz hasiko liburua laburtzen edo atalak haztatzen. Bistan da pisu nagusia bigarren atalean dagoela (kontakizuna) baina nire oraingo helburuentzako hirugarrena da interesgarriagoa. Hor dago, nire ustez, liburu honen berritasun handiena, bere garrantziaren gakoa. Gaia hain garrantzitsua izanik ere, ohar bakar bat egitera mugatuko naiz, muinean jo nahi duena. Hauxe da nik pausatuko nukeen galdera: denok dakigunez, kontakizun estandarrak laguntza akademiko handia dauka atzean, mila arrazoi bitarte, bai Espainian zein nazioartean, baina Muruaren kontakizunak ba ote du ere nazioarteko euskarri akademikorik? Galdera hau giltzarria da Muruaren liburuaren haztatze egoki baterako, izan ere, ez da berdin zure ahotsa bakarlari huts eta isolatu batena izatea edo nazioarteko kontzertuan koro batean integratzeko gai izatea. Hic Rhodus, hic salta.

Eta nire uste apalean, liburuaren hirugarren atal horren argitan, erantzuna baiezkoa da, alegia, Muruak nazioarteko euskarri akademiko sendoak ditu. Ez da profeta isolatu bat basamortuan aldarrika, baizik eta korronte akademiko errespetagarri baten kidea. Ez naiz gai, urrundik ere, nazioarteko panorama akademikoaren ikuspegi orokorrik eskaintzeko, baina aurresuposatzen dut diziplina akademiko horretan ere (Terrorismoaren gaineko ikerketak, nolabait deitzeko) pluralismoa izango dela nagusi, eta ez Espainiako girotan hain arrunta bezain astuna izaten den ahobatekotasuna, baina garbi dago Murua, Espainian, rara avis bat dela, eta ez soilik euskaraz idazteagatik, baizik eta, dirudienez, erabiltzen dituen iturri teorikoengatik, Espainian sinesgarritasun gutxi (nonbait) dutenak, baina giro akademiko lasaiagotean, handiagoa. Hala biz.

V

Itzul gaitezen orain gorago geratu zaigun arazo batera. Esan dugunez, kontakizun estandarra deitu dugun horrek egundoko indarra dauka Espainian eta Euskal Herrian bertan ere, euskaldun ugarien artean. Baina nabarmena da abertzaleontzat ez dela gustoko platerra eta, ahal delarik, pozik eskatuko genukeela jatetxearen karta, ea beste ezer dagoen dastatzeko. Bon, badago beste zerbait, hemendik aurrera behintzat, badugu Muruaren bertsioa. Eta, beharbada, aldeak alde, Patxi Lopezena baino gehiago gustatuko zaigu.

Azken galdera: non gelditzen da, hortaz, egia? Ez ote da egiarekiko konpromisoa edozein ikertzailek (historialari, kazetari, idazle…) ororen buru hobetsi beharko lukeena? Ea, nazioarteko erreferentzia akademikoak gora-behera, Muruak arrazoi du ala ez? Egia dio ala enegarren mistifikazio negargarri eta autokonplazientean sartzen gaitu euskaldunok, urtetan eta urtetan mota guztietako abertzaleek egin izan duten bezala?

Nik uste dut egiarekiko konpromisoa absolutu bat izan behar duela ikertzailearentzat, baina aldi berean apaltasunez jokatu behar dela ahaztu gabe. Apaltasuna, hori baita, nire ustez, hitz gakoa. Hori baita Patxi Lopezek ahaztu zuena Estatu Batuetara abiatu zenean ETAri haizea ez emateko aitzakiapean, hementxe egotea tokatzen zitzaionean, guztion lehendakaria izango zela zin egin baitzuen, eta ez bakarrik batzuena. Apaltasuna, hori da Espainiako Trantsizioko Kultura autokonplazienteak ments duen ezaugarri nagusietakoa. Apaltasuna eta pluralismoarekiko konpromisoa.

Eta apaltasuna da, halaber, esaten diguna munduko ikertzailerik hoberenak ere, zintzotasun eta jakinduria osoz arituta ere, egiaren parte bat baino ez digula azalduko bere kontakizunean. Parte bat, besterik ez. Ez, inola ere, egia osoa.

Horregatik, demokratikoa izan nahi duen gizarte batean behintzat, onuragarri bezain beharrezkoa da gure jatetxearen kartan kontakizun desberdinak agertzea eta hiritarrok horien artean aukeratu ahal izatea. Eta egunero bazkaltzen dugunez, ona litzateke ere hiritarrok beti plater bera ez aukeratzea, dieta orekatu bat bilatzea baizik. Nork bere dieta.

Eskerrik asko, Murua jauna, gure dieta aberasteagatik. Euskal Herri osoak eskertu beharko lizukeen eginbide zibikoa bete duzu hartara, egia handiaren parte bat, beste bat, agerrarazita.

Iruzkinak (1)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude