Azterketen ondoren Kuba

Lanbide zikloetan ikasten gabiltzanak azterketa garaia dugu hau. Aste honetan lau egin ditugu eta azkena asteartean izango dugu.
Azterketa egunetak denak ibiltzen gara aztoratuta eta asteburuan pixkat lasaitzeko aukera izango dugu.
Gure klasekide batek astelehenean hartuko du Kubarako hegazkina. Bi hilabeterako doa irla bizikletan zeharkatzera. Hori da azterketak bukatu dituzulako egin daitekeen gauzarik onena. Gaur agur esan diogu denok inbidiaz.
Baina tira ni ez naiz egokiena horretaz kexatzeko. Ez da hau irakurtzen duzuenei inbidia emateagatik, baina ni, (bai, Mirari) abenduan joango naiz Kubara. Ez da azterketak bukatu eta bereala, baina bai, ni ere azterketen ondoren Kuban izango naiz gabonak pasatzen.
Olentzero joaten al da Habanara?????

5etako Diligentzia

Bakeroen pelikuletako izenburua duen irratsaioa da “5etako Diligentzia”.
Agin Rezola kazetariak aurkezten du Info 7 irratian. Irauli Uhinak irratsaioko aurkezle izan da pasa den ikasturtera arte. Orain erronka berriari heldu dio, ordu beteko diligentzia astelehenetik ostiralera.
Kirola, bertsolaritza, sendabelarrak, iritziak, kritika, umorea, elkarrizketak…
Hurbileko mendebalde urruna uhinetan.

Utzikeria

Ez dakit zenbat denbora pasa den azken aldiz idatzi nuenetik. Lotsagatik ez dut begiratuko badaezpada.


Gauza asko pasa dira ordutik, euri asko egin du. Gaur ari duena baino gehiago. Leioako kafetegia itxi dute, dirudienez betirako. Ni ere ez naiz unibertsitatera azaltzen eta ez karrera bukatu dudalako, izan ere Andoaingo Zine eta Bideo eskolan hasi naiz ikasten eta asistentzia derrigorrezkoa denez ezin du Leioara azaldu.


Kazetaritzak azken boladan dezepzio txikiak eman zizkidan eta horregatik erabaki nuen Andoainen ikasten hastea. Oso gustora nabil, lehenago ez hasi izana ere damutu zait. Baina atzera egiterik ez dagonez ez naiz negarrez hasiko.


Utzikeriagatik eta bizitzako aldaketengatik ez dut denbora luzez idatzi. Berriz hasteko ez da inoiz berandu eta txoko honek gogoraraziko dit kafetegi batean ordu asko pasatakoa naizela klasekideekin eta utzikeriagatik askotan ez ginela klasetara azaltzen.

Hanka sartzeak

Mila aldiz entzun eta irakurri izan dugu, ikasleek azterketetan jartzen dituzten astakeriak. Bai irakasleek gutaz barre egiteko erabiltzen dituzte eta inguru osoan jakinarazi ohi dute. Akats barkaezinak direla eta ez direla.
Kontua da, gure karrera horretan ere badaudela irakasle batzuk akats barkaezinak izaten dituztenak. Euskaraz ikasten dugula pentsatzen da eta gure irakasleek euskaraz ere badakitela jo dezagun beraz. Euskaraz badakitela suposatzen bada, zergatik egiten zaizkigu beraien klaseak ulertezinak? Hona hemen bi ordutan entzun behar izan genituen perla batzuk:
– Jo bat egin diot.
– Gezurtzen zatzaizkio.
– Irailaren 11ketakoa.
– Badakizu bibolina jokatzen?
– Soriontasunes nais.

– Ahal dut eduki beste helburu!
Ni ez naiz hasiko hemen irakasleen izen abizenak idazten, nahiago dut izena anonimotasunean gorde. Etorkizuneko kazetariek irakasle honen  hizkera hau eredutzat hartuz gero, euskal kazetaritzaritzaren etorkizuna ez nuke esango oso ona izango denik.
Gero ikasleen hanka sartzeak azaltzen dira komunikabideetan. Irakasleen maila ikusita, nondik etortzen diren esatera ausartuko nintzateke…

5 axola

Erbinnuriaren aztarnak jarraituz, niri ere tokatu zait idaztea. Niri buruzko bost sekretu, edo jendeak ez dakizkien gauz horiek idazten ditut. Egia esan, jendeak gero ze pentsatuko duen 5 axola.
1.- Txikitan, etxeko ganbaran mamuak zeudela pentsatzen nuen. Amak arropak zabaltzen zituen bertan eta zerbaiten bila igotzeko esaten zidanean, hartu beharrekoa hartu eta korrika jeisten nintzen. Ustez norbait nuelako atzetik.
2.- GR5 bertso bidean, Hernaniren aurka kantatzea egokitu zitzaidan. Hiru puntuak erantzuteko altxa nintzen. Lehenengo puntua jarri zidaten, “Bertsolari ugari badago munduan.” Nire erantzuna ez dut gogoratzen baina beste bi aldiz erabili nuen munduan hitza errimatzeko. Eseri eta ondokoari galdetu nion, “Lehenengoan poto egin dut ezta?” “Keba! Kriston erantzuna izan da” Oiartzungo hirugarren kideari galdetu nion eta esan zian “Bai, ta gañea bi aldiz!” Momentu hortan mundua gainera etorri zitzaidan (bertsotan jarraitzea merezi ote zuen ere galdetzen nion neure buruari) eta ordutik bertso eskolakoak beldurtu egiten dira oin erabiltzen entzuten banaute.
3.- Bost urte nituela edo jarri zuten gure etxean telefonoa. Nobedadea izan zen niretzat, eskolako lagun guztiek bazekitelako zein zen etxeko telefono zenbakia eta nik ez. Nire aitak Jose Inazio izena du, baina nik ez nekien Iñaki ere baten batek deitzen zionik. Bost urterekin Iñakirengatik galdetzen zutenean, “Ez da hemen bizi” esan eta kolgatu egiten nuen. Amak gero azaldu zidan zergatik deitzen zioten horrela.
4.- 12 urterekin ikasi nuen igerian. Prozesu nahiko traumatikoa izan zen. Oiartzungo kiroldegia zabaldu zuten urtean hasi nintzen ikastaroak egiten. Hantxe ibili nintzen hilabetez lau urteko neska mutikoekin igerilekuan, okerrena amak izaten ziren. Kafetegiko krsitaleratik begira egoten zirenean.
5.-  Orain sei urte, apendizitisa izan nuen. Gau erdian operatu ninduten, baina ingresatzeko ez zegoen lekurik ez ospitalean ezta residentzian ere. Gela bakarra zegoen libre, zaintza psikiatrikoko sailean. Ez dakit patua izan zen edo ez, baina hantxe egin nituen hiru egun.
Hona hemen nire meme-a idatzitako gauzak nahiko gaindituta ditut, beraz pentsatzen duzuenak 5 axola. Nik txanda, Julen Zelaietari, Pettiri eta Farrukitori pasatzen diet.

Denboralea

Baten batentzat denboralea elurra egiteari utzi zioenean bukatu zen. Baina inor ez zen gogoratu ikasleak oraindik denborale gogorrenaren zain geundela. Pasa da, eskularrurik, bufandarik, txapelarik eta katiuska gorririk gabe harrapatu ninduen denborale honek. Bai atzo bukatu nituen azterketak, bi aste eta erdi horiek luze egin zaizkit, oso luze, baina bukatu da. Animo oraindik azterketetan zaudeten guztiei,  nik bukatu ditut eta ze esatea nahi duzue!…
Elurra baino beltzagoa izaten da garai hau eta eskerrak pasa den. Nik behintzat aurrera begira jarri naiz, kalabazak saltzen aberasteko.

Etxe mina II

Orain gutxi iritsi naiz Oiartzuna, Donostian nengoela amak deitu dit.
“Mirari, zatoz azkar etxera igotzeko, seguruena oinez joan beharko dugu
eta.”
Autobusa hartu eta azkar herrira, baina hemen berri ona. Osaba etorriko
da bere todoterreno dotorean gure bila. Horrek gauzak errazten ditu,
asko erraztu gainera. Pentsatzen aritu naiz eta nire burua imajinatu
dut, apuntez betetako bi motxilarekin zortzi kilometro maldan gora eta
katiuska gorririk gabe. Arnas estuka eta elurra madarikatzen.
Hori gutxi balitz asteburuan elur gosez daudenei tabernan serbitzen.
Orain gogoratu dut zergatik ez zaidan elurra gustatzen, buruhausteak
besterik ematen ez dizkidalako eta nire azterketak zelaiak bezain txuri
entregatzeko probabilitatea haunditzen duelako.
Etxe mina tokitan geratzen zait orain, Oiartzundik zortzi kilometrotara hain zuzen ere.

Etxe mina

Elurra, elur txuria eskiatzaileentzat, elur beltza errepidean dabiltzanentzat. Bi aurpegi ditu elurrak, goitik behera jauzten diren bi aurpegi. Malutaz-maluta etortzen dena, malutaz-maluta batzuen desirak betetzeko bidean, malutaz-maluta besteren amets gaiztoa bihurtzeko.
Niri sekula ez zait elurra gustatu, elurraren erruagatik eskolarako bidearen zati bat oinez egin behar izaten nuen eta. Eskolara joan gabe ere geratu izan naiz, autobusak ezin zuelako igo gure bila.
Atzo ordea elurra falta zitzaidan. Bilboko pixuan leihotik begira mendi puntak soilik zeuden txuritua. Bihotzeraino halako tristura bat etorri zitzaidan, etxean nola egongo nintzen pentsatuz. Ahizparekin hitz egin nuen telefonoz eta ez omen zen eskolara joan, ahizpa txikienak eta lehengusinak lau kilometro egin zituzten oinez autobusa hartzeko. Eta ni Bilbon, Pikoketatik urrun.
Burura etorri  zitzaizkidan txikitan elurretarako erabiltzen nituen katiuska gorriak, aitak traktorearekin bidea nola garbituko zuen, etxeko suari zenbat ikatz sartzen zaion elurra egiten duenean, etxe ondoko zelaietako eski pista inprobisatuak, amaren errietak esku larru gabe ibiltzen ginelako…
Eguraldiak horrela jarraitzen badu ez dakit etxera bueltatzeko aukerarik izango dudan aste honetan, gainera orain ez dut katiuska gorririk. Baina etxe minak eramango nau Pikoketara. Etxe min beroa baita elur hotzaren aurka.

Santo Tomas

Santo Tomasak badute fama, Bilbon eta Donostian. Bilbon bizita bertan geratzea zela onena esaten zidaten bertako lagunek. Kuadrilakoak aldiz Donostiara joateko, giro onena bertan egoten delako. Baina azkenean ez batera eta ez bestera, Azpeitira joan nintzen Santo Tomasak ospatzera. “Zergatik?” izango da askoren galdera. Esan bezala Bilboko eta Donostiko Santo Tomasek badute fama, baina Azpeitikoak dutena xarma da.
Sekula izan gabea nintzen eta berriz bueltatzeko asmotan joan nintzen etxera. Ezagutu nuen jendea zoragarria, oiartzuar batek ze egiten zuen Azpeitian ezin zuten ulertu…
Baina atzo ez nitzen bakarrik joan, lagun batekin joan nintzen. Beno laguna baino gehiago zarela esan nizun atzo. Irakurtzen baduzu badakizu zu zarela eta astelehenean egongo garela.