Zertan dabiltza unibertsitario euskaldunak?

Aurten 20 urte bete dira EHU historia karrera euskaraz eskaintzen hasi zenetik. Zer eman du horrek? Historia lantzeko euskal biderik finkatu ote da?

              

Galdera horiei erantzun nahian eta urteurrena baliatuz UEUk Historialari Euskaldunen V. Topaketak antolatu ditu: “Historia Euskaraz: Unibertsitarioen Ibilbidea” (EHUren letren fakultatean, Gasteizen, 2009-12-3an).

Jakina denez, historia ez da iragana bera, baizik iraganaren azalpen bat, gertaeren ondoren egiten dena, iragana jada pasatu denean. Interpretazio hori historialariek egiten dute. Eta historialariek, pertsona guztiek  bezala, era guztietako baldintzapenak dituzte, beren lanean eragiten dutenak. Baldintzapen horietako bat formazioa da. Oraintsu arte Euskal Herriko historialariak erdaraz formatu dira. Erdaraz formatu eta espainiar edo frantses mundu unibertsitarioko paradigmen arabera formatu ere.

Azken bi hamarkadetan, ordea, euskaraz ikasi duen belaunaldi bat hezi da. Hezkuntza arautu hori ezarri aurretik ere egon dira zenbait historialari euskaraz idatzi eta lan egin dutenak. Horien guztien esperientziak aztertuko dira orobat.

Adibidez, Joseba Intxaustik bere ibilbidea kontatuko digu topaketetan. Berea kasu interesgarria da oso. 1936an Gipuzkoako herritxo batean sortua, frankismo betean frantziskotar bihurtu eta Jakin aldizkariaren sustatzaile nagusietakoa izan zen. 1964-1970 artean Bartzelonako unibertsitatean egin zituen historia ikasketak, eta bertan irakasle bihurtzeko aukera izan zuen. Hala ere, Euskal Herrira itzultzea hautatu zuen. Jakin zuzendu zuen berriro, ordena utzi, eta trantsizioan UZEI sortu zuen euskara unibertsitate mundura egokitzeko. Euskal Herriko historiari buruzko hainbat lan argitaratu ditu, gehienak euskaraz. Beti unibertsitate mundutik gertu ibili arren, ez da EHUko edo Euskal Herriko beste unibertsitateren bateko historia irakasle bihurtu. Zergatik? Tartean arrazoi asko egon litezke (erabaki pertsonalak, koiunturak, etab), baina susma liteke unibertsitate munduan badirela zenbait indar historialari euskaltzaleak periferian egotera bultzatzen dituenak.

Manex Goihenetxeren kasuak (1942-2004) hainbat paralelismo ditu Intxaustirenarekin, eta hari buruz ere hitz egingo da topaketetan. Goihenetxe Nafarroa Behereko nekazari familia batean sortu, ordena erlijioso batean sartu, eta gerora historia ikasi zuen Okzitaniako Tolosako unibertsitatean. Kezka politiko eta sozialek ordena erlijiosoa uztera bultzatu zuten. UEUren zuzendari izan zen 1973-1975 artean. Historiari buruzko hainbat lan ere idatzi zituen, euskaraz zein frantsesez. Goihenetxek unibertsitate munduan sartzea lortu zuen, Baionako fakultatean, baina karrera akademikoan osoki murgildu ordez unibertsitateko jarduera Iparraldeko ikastolen aldeko hainbat lanekin txandatu zuen.

Zergatik Goihenetxe eta Intxausti bezalako historialari euskaldunak ez dira Euskal Herriko unibertsitateetako historia sailen erdigunean kokatu? Nola eragin dio horrek bertan garatu diren ikerketa proiektuei, historia euskaraz lantzeko aukerei?

Agian belaunaldi berriekin gauzak aldatu egin dira. Horregatik azken hogei urteotan EHU inguruan ibili diren unibertsitarioen esperientziak ere entzun ahalko dira topaketetan, irakasle zein ikasle euskaldunenak (Joseba Agirreazkuenaga, Mikel Aizpuru, Jaione Agirre, Sergio Escribano…). Jakingarria izango da irakaskuntza arloan izan diren bizipenak ezagutzea. Dena dela, gaur egun bertan, dozentziatik kanpo, unibertsitateko historia sailek zer beste lan eremu eskaintzen dute euskaraz aritzeko? Ba al dago euskaraz burutzen den ikerketa proiekturik? Zenbat ekoizten da historia arloan euskaraz? Karmele Artetxek topaketetan datu kuantitatibo eta kualitatibo bidez historia arloko produkzioaren xehetasunak argituko ditu, bai eta kopuruen atzean dauden zenbait arazo estruktural azaleratu ere.

Ez naiz gehiago luzatuko. Galderak asko dira, eta Gasteizko ekitaldian hainbati erantzuna emango zaio. Uste dut historia arloko gorabeherak ezagutu nahi dituen mundu guztiarentzat interesgarria izango dela. Historia ez baita gauza neutral bat, iraganaren azalpen berezko bat, baizik pertsonok, gure baldintzapenen arabera osatzen dugun narrazio bat, eta narrazio horren nondikoak ulertzeko, berau kontatzen duten pertsonen nondikoak ezagutu behar dira. (Topaketen egitaraua edota matrikulatzeko aukera hemen).

Iruzkinak (4)

  • Mikel Aizpuru says:

    Galdera interesgarriak plazaratzen dituzu Jurgi eta ziur abenduaren 3an hainbat erantzun plazaratuko direla. Ez dut aurreratuko mahai-inguruan esateko ditudanak, baina auzia ulertzeko lau elementu kontutan hartu behar direla azpimarratu nahi dut: euskararen tokia gure gizartean, unibertsitatearen jarrera, historialarien korronte historiografiko eta interesak eta ikasle-irakurleen joerak. Laurak kontutan hartu gabe nekez ulertu ahal izango dugu zer gertatu den  eta, are garrantzitsuagoa dena, zer gertatuko den.

  • Pruden Gartzia says:

    Neuk ere joateko asmoa dut eta hitzaldi bat daukat esleituta. Manex Goihenetxe oroituz hitz egingo dut, hots, euskara, historia eta abertzaletasunaz (batez ere azken horretaz). Eta juduak ere aipatzeko asmoa dut, Antonio Elortzak euskal abertzaletasunari buruz ari den orotan egiten duen bezala (egia esanda, nire kabuz ibilita ez nuen egingo, baina ia derrigorrezkoa bihurtu digute juduak aipatzea abertzaletasunaz ari garenean, beraz, ezin ihes egin gaiari).

    Eta Veleiari buruz, zer? Bai, badut asmoa luze eta zabal jarduteko, baina bazkaltzeko orduan, nire ondoan egoteko zoritxarra duen errugabearekin, baldin eta horretarako aukerarik txikiena ere ematen badit. Izan ere, ez dago ezer hobeagorik Veleia baino euskal mundu unibertsitarioari buruz ezer ulertzeko (edo ez ulertzeko, baina “jorratzeko”).

    Ikusi arte.

  • Mikel, zalantzarik gabe euskarazko historiografiaren auziak osagai asko ditu zuk diozun bezala (unibertsitate mundua, euskara beraren egoera, historiografiaren joerak…). Datorren asteko debatea prometagarria aurreikusten da. Uste dut Prudenek auzi ideologikoari helduko diola gehien bat, eta zuk berriz arrazoi estrukturalei. Ea denon artean balantze eta etorkizunerako planteamendu aberasgarria ateratzen dugun.(eta publizitaterako tartea aprobetxatuz: Topaketetan izena emateko epea amaitzen ari da, eta beraz joateko interesa duenak azken egunak ditu. Erraz batean apuntatzeko (eta egitaraua ikusteko) sartu hemen).

  • Jaione Agirre García says:

    A posteriori eta pro domo.
    Baimena ematen badidazue, balantze txiki bat egingo dut abenduaren 3an.

    Hitzaldiak oso ondo egon ziren.

    Pruden Gartzia bikain aritu zen Manex Goihenetxe nor izan zen azaltzen: pertsona, historialaria eta bere izaera euskalduna, unibertsitatetik ia kanpo ikerketa historiko kritiko eta serioa eginez.

    Joseba Intxaustik argi laga zigun zein desberdina izan zen bere heziketa gurearekin konparatuta eta, halere, argi laga zuen bere ikerketen goseaz eta modernitateaz. Nahiko luke unibertsitateko askok haren kemena eta ahalmena! Euskal historiografian dugun izen handienetako bat da, unibertsitatetik kanpokoa izanagatik.

    Karmele Artetxek zenbakitan erakutsi zuen UEUren eta unibertsitatearen agerpenak izandako garrantzia eta euskal historialarien produkzioaren izaera sakabanatua. Produkzioan ahokotasunaren garrantzia ere azpimarratu zuen (klaseak eta hitzaldiak) eta idatzian artikuluena.

    Jurgi Kintanak historiografia sortzen jarraitu beharra erakutsi zuen: eskatzen duen lanaren desabantailekin eta historiografia gaztea eta eraikitzen ari dena denez dituen ikuspuntu berritzaileagoen abantailekin.

    Arratsaldeko mahain inguruan, Joseba Agirreazkuenaga, Mikel Aizpuru, Sergio Escribano, Ismael Manterola eta ni neu aritu ginen geure biografiei errepasotxoa egiten eta argi geratu zen 20 urtean asko lortu dela unibertsitate mailan UEUrekin, eta EHUn 1980ko hamarkadako ikasle eta irakasleen borrokak bermatu baitzuen klaseak euskaraz ematea, baina asko dagoela oraindik euskal historialariek lortzeko: areago, ondorengo lizentziatura eta hirugarren zikloetan EHUk Europan hartu behar duen bideari jarraiki, azken 15 urteetan Historia karrera euskalduntzearen progresioa geratu egin baita.

    Azken komentario gisa, esan nahiko nuke, askotan UEUn Historia Sailak antolatzen dituen ekimen askoren antzera, hitzaldiek oso maila ona erakutsi zutela, baina entzule gutxi samar egon zirela, zoritxarrez.

    Aurrera jarraitu behar edonola ere!

Utzi erantzuna Jaione Agirre García(r)i Cancel Reply

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude