Iruñea: baskoi eta bisigodo artean (V-VIII m)

Goi Erdi Aroa historiako garairik ilunenetako bat da. Erromatar inperioa krisian sartu, barbaroek eraso, eta sistema osoa hankaz gora jarri zen. Zer gertatu zen Euskal Herrian?

Auzi honi buruz hitzaldi interesgarria eskaini zen iragan astean Eibarren, UEUko historia arloko udako ikastaroen baitan. Hizlaria Juan Jose Larrea izan zen, EHUko Erdi Aroko historia irakaslea, Goi Erdi Aroan aditua. Larreak ideia zinez berriak eskaini zituen, azken aldiko historiografiaren ekarpenak sintetizatuz. Ondoko lerroetan bere azalpenak biltzen saiatuko naiz.

Germaniar erresumak eta erromatar hiriak

Mende pare bateko krisi, gatazka eta gorabeheren ondoren, V. mendean germaniar barbaroek definitiboki suntsitu zuten erromatar inperioa. Europa osoan germaniar erresumak ezarri ziren, nahiz eta haien parez pare, eta askotan haiekin tentsioan, erromatar jatorriko zenbait hirik iraun zuten. Izatez soilik hiririk handienek lortu zuten ez desagertzea, batzutan germaniar erresumen menpe geratuz, beste batzuetan boterea haiekin elkarbanatuz.

Antolaketa berriak Euskal Herrian

Euskal Herrian krisi hartatik soilik Pompaelo-Iruñeak lortu zuen bizirautea. Edonola ere erromatar garaiko sistema hankaz gora geratu zen eta era guztietako talde armatuak zabaldu ziren V-VI. mendeen artean. Hola, batetik germaniar barbaroak zeuden (sueboak, bandaloak, bisigodoak), Iberiar Penintsulara bidean Pirinioak zeharkatu eta Euskal Herritik pasatzen zirenak, eraso eta lapurreta artean. Horiei aurre egin guran, Iruñeko hiriak, Europako beste hainbat hirik bezala, bere miliziak antolatu zituen. Eta garai berean, krisi ekonomikoak jotako nekazari eta artzainen matxinadak eta bandidajea hedatu ziren (bagaudak). Talde armatu hauetara erromatar zein germaniar desertoreak biltzen ziren seguru asko, esperientzia militarra ekarriz.

Hola bada, erromatar garaiko antolaketa sozial eta urbanoa desagertu egin zen eta haren lekuan gizarte berri bat eratuz joan zen, gatazka kultura hartan ernea. Iruñetik kanpo, Euskal Herriko landa eremuan, frankoen eredua imitatzen zuen antolaketa sozial bat sortu zela dirudi. Fenomeno kuriosoa da, hemen ez baitzen propioki germaniar jatorriko leinurik ez eta erresumarik finkatu, baina badirudi V-VI mendeetako gatazketan, landa eremuan ibili zen jendeak, gerlari frankoen antolaketa ikusi eta haren antzeko zerbait sortu zuela, bertsio apalagoan beti ere. Garaiko testuetako aipu bakanak eta azken aldiko aurkikuntza arkeologikoak konbinatuz hipotesi hori plantea liteke.

Hola, ematen du, Iruñetik kanpoko Euskal Herrian, buruzagi gerlarien inguruan antolatuko zela gizartea, frankoen estiloko arma, apaingarri eta sinboloak hartuz. Antolaketa berri horretan euskarak garrantzia soziala berreskuratuko zuen, erromatar garaiko eliteen latinizazio bidea baztertu eta elite gerlarien artean euskara bihurtuko baitzen ohiko hizkuntza, herritarren artean bezalaxe. Euskaldun gerlari hauek lirateke garaiko iturriek “baskoi” deitzen zituztenak, eta inguruko botere politikoetatik independenteak izango ziren praktikan. Baskoi horien isla arkeologikoa lirateke Aldaietako nekropolia (Araban), Finagako ehorzketa (Bizkaian), eta beste hainbat aztarnategi (Nafarroan, Gipuzkoan…).

Baskoi gerlari hauen aldean, Iruñeak tradizio erromatarragoak gordeko zituen: hiriko buruzagi erlijioso eta politikoa apezpikua zen, behinolako erromatar kuria laikoaren oinordekoa; eta litekeena da hiriko eliteek latin hizkuntza atxikitzea (Europa osoko erromatar jatorriko hirietan ohiko zenez). Hala ere, landa inguruko elite baskoien eta Iruñeko eliteen artean harreman handiak zeudela dirudi. Izatez Iruñeko hiriak bisagra papera egingo zuen baskoien eta bisigodoen artean.

Iruñea baskoien eta bisigodoen artean

Bisigodoak, V. mende amaieran ezarri ziren Iberiar Penintsulan. Hala ere, ez zuten lortu sakon errotzea VI. mende amaieran katoliko bihurtu ziren arte. Ordutik aurrera, Hispaniako hirietako apezpiku katolikoak (beraz hirietako agintariak) bisigodoen erresumako biltzar politiko nagusiko (Toledoko kontzilioko) partaide bihurtu ziren. Iturrien arabera Iruñeko apezpikua ere Toledoko kontzilioetan ibili zen. Formalki, beraz, Iruñea bisigodoen erresuman integratu zen. Aipatzekoa da integrazio hau botere banaketa batean oinarritzen zela: bisigodoek erresumako erregetza eta aginte militarra kontrolatzen zituzten, eta hispaniar hirietan, bertako apezpikuei (erromatar garaiko eliteetatik zetozenak) agintea errespetatzen zitzaien.

Izatez Iruñeko apezpikuak, bere hirian agindu ez ezik, Toledoko erresumako aferetan ere eskua sartu nahi zuela dirudi, bisigodoen artean zeuden fakzio desberdinekin aliatuz, eta gorteko konspirazioetan inplikatuz. Eta hor, bisigodoen arteko gatazketan eskua sartzeko, oso baliagarria zen baskoien indar armatua baliatu ahal izatea. Hola, arkeologiak erakusten du Iruñea eta baskoiak ez zirela bi elementu guztiz desberdin, baskoi estiloko ehorzketak (frankoen itxurakoak) hirian bertan aurkitu baitira. Hortaz, Iruñea landa eremuko gerlari baskoiei lotuta ageri da, nahiz hiriko elitea seguru asko erromatar tradiziokoa izan, eta politikoki bisigodoen auzietan parte hartu. Beraz hiria baskoi eta bisigodoen arteko artikulazio puntu bat zen.

Iruñeak ez zuen seguruenik landa eremuko baskoien gaineko kontrol politiko zuzenik. Are gutxiago kontrolatuko zituzten bisigodoek baskoiak. Auzia bestela izango zen: landa eremuko baskoiek batzutan beren kabuz, bestetan Iruñeko agintariekin koordinatuz, bisigodoen aurkako erasoak egingo zituzten, batzutan harrapaketa gisa, bestetan beren lurraldea defenditzeko eta beste batzutan bisigodoen aferetan eskua sartzeko.

Auzia, esan bezala ez dago guztiz argi, baina sintomatikoa da 711 urtean, musulmanak iberiar penintsulan sartu zirenean, bisigodoen erregea Euskal Herri aldean zebilela baskoien aurka borrokan, baskoiak bisigodoen beste fakzio batekin aliatuta zebiltzalarik.

Jada musulmanen konkista gertatuta, Iruñeko agintarien eta baskoien arteko aliantza mantendu zela dirudi. Aliantza horretatik sortuko zen urte gutxiren buruan Iruñeko erresuma. Erresuma berrian Iruñeko hiriaren tradizioa (erromatar jatorrikoa) eta baskoien tradizioa (germaniar eredukoa baina hizkuntzaz euskalduna) definitiboki uztartuko ziren.

Iruzkinak (2)

  • Jaione Agirre García says:

    Bai, ni ere izan nintzen hitzaldi horretan eta gauza arras interesgarriak esan zituen egitan. Ez bakarrik, Goi Erdi Aroaz, gainera… Gustatuko litzaiguke argitalpentxo bat (nahi duen hizkuntzan, zergatik ez euskaraz?) han esandakoaz… Maila didaktikoa besterik ez bada! Hainbeste egin/egiten da berba garai horiei buruz eta hain gutxi esan da benetan! Ordua da egile on baten hipotesi, ikerketak eta gogoetak entzun eta irakur ditzagun! Ea zure artikulutxuarekin animatzen den!!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude