Elkarrizketa Manex Agirrezabalekin unibertsitatea.net-en

Manex Agirrezabal gure ixakidearekin elkarrizketa bat argitaratu dute Unibertsitatea.net webguneko Ziztu-bizian albistegian. Izenburuaren arabera Manexek hau aurrikusten du:“Konputagailuek bertsoak modu naturalean sortzea lortuko dute”

Manex_Unibertsitatean_netBertsoBOT: lehen urratsak proiektua aurkeztu zuen 2012an HAP masterrean,  eta orain  Delawareko unibertsitatean (AEBtan) dabil Manex. Handik erantzun ditu galderak eta hango pinuen arteko argazkia bidali omen du.

Hona hemen elkarrizketako bi galdera eta erantzunak:

Noizbait plazan makinak eta bertsolariak buruz buru ikusteko aukera izango dugu?

Fisikoki posible ikusten dudan arren, gure helburua ezberdina da. Gure helburua ez da bertso-sorkuntza sistema zuzenean robotean txertatzea eta bertsolariekin plazan ikustea. […]

Bertsozaletasunak eraginda hautatu zenuen bertsolaritzaren ikerlerroa ala bertsolaritzaren bat-batekotasun horrekin “lehiatzeko” grinak eraginda?

Bai bata eta baita bestea… Batetik, bertso batek dituen ezaugarri metriko, semantiko eta pragmatikoek egunez-egun gehiago harritzen naute. Bestetik, beti gustatu izan zait zientzia-fikziozko filmetan makinek eta gizkaiek duten elkarrekintza naturala (HAL 9000 eta parekoak). Nik uste dut gure ikerkuntza-lerroak elkarrekintza hori naturalagoa egiten lagun dezakeela.

Robot-bertsolariaren lehen plaza

(Argazkia: Berria / Jon Orbe / Argazki Press)

Apirilaren 18an egin zuten Galtxagorri eta Tartalo robotek euren lehen plaza, EHU-ko Gipuzkoako Campuseko gelategiko portxetan. Andoni Egaña, Felix Zubia, Maialen Velarde eta Oier Lakuntza bertsolariak lagun hartuta, ordu erdi pasatxoko bertso-saioa egin zuten.

Euren lehen plaza izanik, egin zituzten akatsak robotek (ez urduritasunak eraginda, jakina!), baina sortutako ikusminari ere ondo baino hobeto erantzun zioten.

Hiru ikerkuntza talderen arteko elkarlanetik sortu da robot-bertsolaria:

  • Batetik, robotika-lanak daude, Robotika eta Sistema Autonomoen taldeak gorputza jarri dio makina bertsolariari. Honela, robota gai da aginduak jaso eta  bere ingurunean mugitzeko: mikrofonora hurbildu, heldu, jiratu, atzera itzuli eta antzeko mugimenduak eginez. Aurrera begirako helburua, gizaki eta roboten arteko elkarrekintza garatzea litzateke: komunikazioa hizkuntza naturalean gauzatuz, sentsoreak erabiliz ustekabeko gertaeren aurrean erantzuteko, eta bertsoaren komunikazio ekintzan eragina duen gorputz espresioan arreta handiagoa jarriz, besteak beste.
  • Bestetik, Aholab ikerkuntza taldearen lana dago. Talde honek ahotsaren sorkuntzan hainbat urtetan egindako lanari esker jarri ahal izan dugu kantari robota. Horretarako, lehenik eta behin, abestu behar duen bertsoa eta haren egitura musikala azaldu behar zaizkio ordenagailuari, hala nola, silaba  bakoitzaren nota eta
    hauen iraupena. Bertsoaren testua pasatzen zaio Aholab-en garatutako
    ahoTTS programari, eta silaba bakoitzaren iraupena finkatzen da, silabak luzatu behar direnean fonema batzuk (bokalak) gehiago luzatuz eta beste batzuk (kontsonanteak) gutxiago. Ondoren, estatistikoki ezarri zaion pitch kurba (hitz egiterakoan erabiltzen ditugun musika-nota arruntak) aldatuko da, erabili nahi den doinuaren frekuentziak finkatuz. Hau egindakoan, nota berriak ezartzen zaizkio berbaldiari, Aholab ikerkuntza taldean garatutako Ahocoder programa erabilita.
  • Azkenik, IXA ikerkuntza taldean egindako lanari esker, hutsetik bertsoak sortzeko gai da robota (hala-moduzkoak badira ere), ikasketa automatikoko teknikak baliatuz. Etorkizunean hau hobetzeko lanean ari da IXA taldea. Era berean, zentzu handiagoko bertsoak sortzeko, beste bide batzuk jorratu dira: eskuragarri zeuden bertso multzo bat harturik abiapuntu gisa, hainbat bertsoalditako errima
    bereko puntuak uztartzen ditu ordenagailuak bertsoa osatzeko; gainera, puntu bakoitzean, zenbait hitz ordezkatu egiten ditu, jatorrizko hitzaren sinonimoak, antonimoak edo semantikoki nolabait erlazionatutako hitzak baliatuz. Ordezkapen hau egiteko, EuskalWordNet datu-basea darabil:
    euskararako sortutako ezagutza-base lexikal eleanitza, hau da, euskarazko hitzen zuhaitz semantiko moduko bat.

Hiru ikerkuntza talde hauek eskainitako baliabideak oinarri gisa hartuta, Manex Agirrezabal izan da proiektu honen garatzaile nagusia, Aitzol Astigarraren laguntzarekin.

Hona hemen, roboten lehen bertso-saioak sortutako ikusminaren hainbat adibide: