Euskal WordNet hiztegi semantikoa “publiko” bihurtu dugu

Itzulpen automatikoari, informazio-erauzketari eta hitzen adieren desanbiguazioari ganoraz ekin ahal izateko, makinek betiko hiztegiak baino tresna informatiko boteretsuagoak behar dituzte. Helburu horiek lantzeko oso egokia den Euskal WordNet baliabidea, eta hori aste honetan doan jaitsi eta kontsultatzeko moduan jarri dugu IXA taldean.Ā  Gure 25. urteurrena ospatzeko beste modu gehigarri bat šŸ˜‰
Ea denon artean fruitu gehiago ateratzen diogun baliabide ahaltsu honi!

Euskal WordNet euskararentzat egin den lehen Ezagutza-Base Lexikala (EBL) da. Alegia, informazio lexikala eta semantikoa jasotzen eta antolatzen dituen ā€œhiztegi semantikoaā€ edo biltegi bat. Datu-base baten antzekoa da, baina desberdintasuna da hiztegi batean jasotzen den informazioaz gain ā€”hitzen adierak eta adiera horien definizioak eta adibideakā€” kontzeptuak elkarren artean harremanetan jartzen direla.

Adibidez, hatz hitza kontsultatuz gero, zera esaten digu: ā€œgizakiaren eskua edo oina bukatzen den bost zatietako bakoitzaā€ da. Hori da esanahia, baina horretaz gain, beste hitzekin dituen erlazioen biartez hainbat informazio ere jaso dezakegu: hatza gorputz-adar bat dela, hatz lodia hatz bat dela, hatzak eskuen zati bat direla, eskuak aldi berean besoaren zati bat direla, eta hatzak gauzak ukitzeko erabiltzen direla. Kontzeptu horrek beste hizkuntzetan dauzkan baliokideak ere lortu ditzakegu (digit, dedo, dixito, dit). Azken finean, kontzeptu guztiak euren artean harremanetan jartzen dira hierarkikoki.

EuskalWordnet_hatz_eleanitza

“hatz” hitza kontsultatzen EuskalWordnet-en (zati bat)

Datu-base hori oso baliagarria da hainbat arlotan, hala nola, itzulpengintza automatikoan, informazio-erauzketan, hitzen adieren desanbiguazioan eta galdera-erantzun sistemetan. Itzulpen automatikoan, esaterako, sistemak ulertu behar du zer hitz ari den itzultzen eta horretarako horrelako ā€œhiztegi semantikoā€ baten beharra dauka. Ezinbestekoa da hitz batek dituen adieretatik egokiena bereiztea kalitatezko itzulpena bermatzeko. WordNet erabilita egungo itzulpen automatikoen kalitate hobetzea da IXA taldearen ardura QTLeap proiektu europarrean.

HAP_diptiko_Irudia

HAP/LAP masterra

Euskal WordNet eta antzerako aplikazioak nola sortu eta nola erabili nahi dituenak horiek ikasi ahal izango ditu 2014-2015 ikasturtean UPV/EHUn IXA Taldeak emango duen Hizkuntzaren Azterketa eta Prozesamendua unibertsitate-masterrean. Ekainaren 30era arte dago izena emateko aukera http://ixa.si.ehu.es/master

Koldo Mitxelena saria Arantxa Otegiri.

III_Koldo_Mitxelena_ArantxaEuskaltzaindiak eta EHUk antolatzen duten Euskarazko Tesien III. Koldo Mitxelena saria eman zioten atzo Arantxa Otegi Ixakideari Ikasketa Teknikoen jakintza-arloan. Sari-banaketa atzo izan zen, urtarrilak 17,Ā  Bilboko Bizkaia aretoan.

Arantxa Otegiren tesiaren helburua Informazioaren berreskurapenaren ikerketan urrats bat egitea izan zen, ahaidetasun semantikoko hainbat metodo erabiliz.

Tesi horren azalpentxo bat ikus dezakezu blog honetan lehengo urteko albiste batean.
Tesi-txosten osoa ere ikus dezakezu hemen.

ZORIONAK Arantxa!
Zorionak zuzendariei! (Eneko Agirre eta Xabier Arregi)

Lexiko-semantikaren erabilera informazio-berreskurapenean

Informazioaren berreskurapena (IB) erabiltzaile baten informazio-beharra asetuko duten dokumentuak bilatzean datza.Ā  Hain ezagunak eta erabiliak diren Google eta Yahoo! bezalako web-bilatzaileak IB sistemen adibide garbiak dira.
Pasa den martxoan Informatika Fakultatean Arantxa Otegik irakurri duen tesiaren helburua IBaren ikerketan urrats bat egitea izan da, hitzen adiera-desanbiguazioko teknikak eta ahaidetasun semantikoko hainbat metodo erabiliz.

Izenburua: “Hedapena informazioaren berreskurapenean: hitzen adiera-desanbiguazioaren eta antzekotasun semantikoaren ekarpenak“.
Zuzendariak: Eneko Agirre eta Xabier Arregi
Tesi-txostena: helbide honetan lortu daiteke.

Laburpena:

Informazioaren berreskurapena (IB) erabiltzaile baten informazio-beharra asetuko duten dokumentuak bilatzean datza. Honela bada, IB sistemak erabiltzaileari dokumentu adierazgarriak, alegia, erabiltzaileak behar duen informazioa eduki dezaketen dokumentuak, topatzen lagunduko dio, beti ere erabiltzaileak egindako kontsultan oinarrituz. Hain ezagunak eta erabiliak diren Google eta Yahoo! bezalako web-bilatzaileak IB sistemen adibide garbiak dira.

IB sistema perfektu batek dokumentu adierazgarriak bakarrik berreskuratu beharko lituzke, eta ez-adierazgarriak baztertu. Alabaina, sistema perfektuak ez dira existitzen. IB sistemek aurre egin behar dien arazo nagusienetako bat kontsulta eta dokumentuen arteko parekatze-arazoa deiturikoa da: dokumentu bat kontsulta batentzako adierazgarria izan daiteke nahiz eta bietan erabilitako hitzak guztiz berdinak ez izan, eta, alderantziz, dokumentu bat ez-adierazgarria izan daiteke kontsulta batentzat nahiz eta termino batzuk komunean eduki. Lehena ideia edo gauza bera adierazteko hitz edo esamolde bat baino gehiago erabili ditzakegulako (sinonimia) gerta daiteke. Bigarrena, berriz, testuinguruaren arabera hainbat interpretazio izan ditzaketen hitzek (anbiguotasuna) eragiten dezakete. Hau kontuan izanik, IB sistema batek dokumentu bat adierazgarri edo ez-adierazgarri bezala sailkatzerakoan kontuan hartzen duen irizpide bakarra kontsultako hitzak egotea (edo ez egotea) denean zaila suerta daiteke dokumentu egokiak topatzea, eta baita adierazgarriak ez direnak baztertzea. Honen aurrean, hitz horien esanahiak kontuan hartuz gero berreskurapen arrakastatsuago bat egiteko aukera gehiago egongo direla pentsatzea bidezkoa dirudi.

IBaren hastapenetatik gaur arte parekatze-arazoaren inguruan ikerketa-lan dezente egin badira ere, oraindik guztiz ebatzi gabe jarraitzen du, eta bilatzaile askok ez dute aintzat hartzen. Tesi-lan honetan hizkuntzaren prozesamenduaren (HP) bidez arazo hau arintzerik ba ote den aztertu da.

Hitz gutxitan esanda, kontsulten eta dokumentuen hedapena egiten dugu HPko bi teknikaz baliatuz: hitzen adiera-desanbiguazioa eta ahaidetasun semantikoa. Alde batetik, teknika hauetako bakoitzerako hedapen-prozesu bat proposatzen dugu, non kontsulta eta dokumentuetako hitzen sinonimo eta bestelako ahaidetasuna duten hitzak lortuko ditugun. Bestetik, hedapenetik lortutako hitz horiek, kontsulta eta dokumentuetako jatorrizko hitzekin batera, IB sistemaren prozesuan txertatu eta ustiatzeko modu eraginkor bat azaltzen dugu kasu bakoitzerako. Are gehiago, erabiliko dugun hedapen-teknikak kontsulta eta dokumentuak itzultzeko balio duenez, hedapen-teknika hori erabiliz hizkuntza arteko berreskurapenean hobekuntzak lortzen direla erakutsiko dugu.

Hiru datu-multzotan egindako esperimentu eta analisiek erakusten dute tesi-lan honetan proposatutako hedapen-metodoek parekatze-arazoari aurre egiteko balio dutela eta, ondorioz, baita IB sistemaren eraginkortasuna hobetzeko ere.