Informatika Fakultateko HP hautazko ikasgaia. Lan praktiko batzuk

Hizkuntzaren Prozesamendua ikasgaian bi lan praktiko egiten ditu ikasleak. Lehenengo praktikan Hizkuntza-Teknologiako aplikazio mota bat aztertzen du:

  • Zeintzuk dira produktu erabilienak gaur egun? Espezifikazioa: datuak eta emaitzak? Zein hizkuntzatarako? Zein da aplikazio horien oinarri informatikoa?
  • Hauek dira aplikazio adibide batzuk: Iritzi-meatzaritza, Informazioa bilatzea, informazioa erauztea, itzulpengintza automatikoa, hizketa bidezko interfazeak testuen ediziorako laguntzak, galdera-erantzun sistemak. testuen laburpen automatikoa… (ikus Hizkuntzaren_prozesamendua Wikipedian).

Bigarren praktikan ikasleak bere aplikazio xume bat sortzen du. Aplikazio tipiko bat Twitterreko hainbat txio bildu eta horiek aztertzea izan daiteke. Txio horietako testua analizatuta, jakin nahi dugu ea gehiago diren iritzi negatibodunak eta positibodunak. Baina Twitter izan gabe ere beste iturri batzuk edo beste aplikazio batzuk azter daiteke, adibidez:

Interesa baduzu, ikasle hori, gauza ederrak egin daitezke ikasgai honetan 😉


Bada beste hautazko ikasgai bat antzekoa dena: Hizkuntzalaritza aplikatua. Biek zerikusirik dute hizkuntzarekin. baina Hizkuntzalaritza aplikatua ikasgaian hizkuntza lantzen da gehiago. Hizkuntza lantzeko dauden informatika-aplikazioak ere begiratzen dira, baina erabiltzailearen ikuspuntutik gehiago, euskaraz hobeto idazteko trebetasuna lortzeko asmoz, ez programa horiek barrutik nola eginda dauden ulertzeko. Ikasgai biak diferenteak dira eta elkarren osagarriak izan daitezke.

Gradu bukaerako proiektuak 2014/15 ikasturtean.

Ixa taldeak urtero hainbat Gradu-Amaierako Proiektu lantzen ditu graduko ikasleekin. 2013-2014 ikasturtean aurkeztu diren lau proiekturen berri ekarri nahi ditugu hona. Proiektu horiek eta aurreko urteetan egindako beste batzuen txostenak eskura daude ADDIn, EHUko Irakaskuntza eta Ikerketarako Artxibo Digitalean.

Itzulpen-sistema hibridoen eraikuntza EBMT bidezko itzulpen partzialak erabiliz
Artetxe Zurutuza, Mikel
Itzulpen automatikoan kokatzen da lan hau. Hainbat testu itzulitan agertzen diren adibideak erabiliz itzulpenak hobetzea da helburua (ingelesez Example Based Machine Translation, EBMT). Testuko entitateak (pertsona, erakunde edo tokien izenak) eta esaldia baino txikiagoak diren unitate sintaktikoak identifikatu, orokortu eta beren itzulpenak adibide horiek erabiliz sortzen dituen aurreprozesu batean oinarritzen da,  itzulpen partzial horiek gero esaldi mailan txertatu ahal izateko. Itzulpenak egiteko egun dauden beste teknikekin (estatistikoekin edota erregeletan oinarritutakoekin) hibridatzeko mekanismo bat ere garatu da.
Mikel orain HAP/LAP masterra egiten ari da, eta Ixa taldearen lankidetza-beka batekin ari da orain QTLeap proiektu europarrean.

QR kodeak eta eduki-kudeaketa eleanitza
Garaio Mendizabal, Manex
Gradu Amaierako Proiektu honek QR kodeak eta eduki-kudeaketa eleanitza jorratzen ditu Android telefonoetarako; QR kode bat irakurrita mezu bat, ohar bat, hainbat hizkuntzatan jaso ahal izateko. Sistemak hiru osagai ditu: (1) QR kodeak irakurtzen dituen Android sistema eragilerako aplikazioa; (2) Android aplikazio horrek atzituko duen Eduki Kudeatzailea, WordPress Edukiak Kudeatzeko Sistemaren bidez garatu dena eta edukiak hizkuntz ezberdinetan izango dituena; eta (3), Eduki Kudeatzaile hori edukiz osatzen laguntzeko modulu gehigarria, sare bidezko zerbitzuak erabilita itzulpenak prestatzeko eta QR kodeak sortzeko lagunduko duena. Pasai SanPedroko Ondartxo Museoan martxan jarri da QR aplikazio hau.
Manex puntuEUS Fundazioko informatikari gisa ari da lanean orain.

Adizki-bilaketa analogiaren bidez.
Kortajarena Guridi, Asier
Sortutako Android aplikazio honetan erabiltzaileak euskarazko adizki ez-ohikoak (ad.: genizkioke, ditinagu…) aurkitu ditzake ezagunago diren beste adizkien bidez eta analogia erabiliz.
Asier HAP/LAP masterra egiten ari da orain.

Lehen urratsak euskarazko testu anonimoen egile-esleipeneanIoanesCeballos
Ceballos Michelena, Ioanes
Gaur egungo bertsoen corpus bat hartuta, bertsoen autoreak zein diren asmatzeko aplikazio bat egin du, ikasketa automatikoa erabiliz. Anonimoak diren testuei egile probableak aurkitzeko erabiltzen dira tresna hauek

2014-10-24_Mikel_Manex_Asier

Mikel Artetxe, Manex Garaio eta Asier Kortajarena