Ixa Taldea Arantzazuko Biltzarrean (2018-10-04)

Felix Ibargutxik DVn argitaratutako zutabea (2018-10-05)

Joan den astean, Xabier Artola Zubillaga taldekideak hitzaldia eman zuen Euskaltzaindiaren XVII. Biltzarrean (Arantzazutik mundu zabalera), Arantzazun. Hitzaldia Euskaltzaindiaren eskariz prestatu genuen, eta biltzarreko “Euskara batuaren etorkizuneko erronkak ingurune digitalean” izeneko saioan aurkeztu zuen Xabierrek, honako izenburu honekin: “Euskara (batua) ingurune digitalean: bidean ikasiXa eta etorkizuneko erronkak”.

Hizkuntzaren eta teknologiaren arteko bidegurutzeari buruzko hausnarketa txiki bat egin ondoren, hizkuntzaren tratamenduari buruz aritu zen aurkezpenean: hizkuntzaren tratamendua zer den, ikerkuntza eta formazioa zertan diren, arloan zertan ari garen (Ixa Taldean zein Euskal Herriko beste zenbait laborategi eta zentro teknologikotan) eta zertan ari diren hemengo erakundeak nahiz Europa eta Espainiakoak.

Gero, aurrerantzean nondik jo aipatu zuen, zenbait alderdi jorratuz: corpusgintza (Euskararen Erreferentzia Corpusa sortu beharra aipatu zuen, bereziki, sakabanatutako ahaleginak bateratu beharra eta edukiak ikerkuntzarako trabarik gabe zabaltzearen premia azpimarratuz), arauak eta estandarra, hiztegigintza eta terminologia, itzulpen automatikoa eta humanitate digitalak.

Bukatzeko, ondorio eta proposamen batzuk aletu zituen. Ondorioen artean, hauek:

  • Hizkuntza-teknologien arloak garrantzi estrategikoa du hizkuntzaren etorkizunari begira.
  • Hizkuntza-teknologia ardatz bat izango da Europan –eta Espainian– hurrengo urteetan, eta inbertsioak egingo dira. Euskal Herrian ere pareko plan bat behar genuke lehenbailehen.
  • Trena ez galtzeko, ikerkuntza eta trebakuntza espezializatuak bultzatzu behar dira, ez da aski egiten ari garena.
  • Hala ere, egokiera onean gaude erronkari heltzeko, aurretik egindako lanean oinarrituta; baina sinetsi eta mugitu beharra dago!

Eta hiru proposamen hauek ere egin zituen, dagokionak aintzat har ditzan:

  1. Erreferentzia-zentro bat sortzea unibertsitatearekin eta Langune/Eiken-ekin lankidetzan. UPV/EHUren barruan sortu berri dugun HiTZ zentroa litzateke erreferentzia-zentro horri begirako lehen urratsa.
  2. Arloa Eusko Jaurlaritzaren hurrengo zientzia-planaren lerro nagusien artean sartzea, estrategikotzat hartzea.
  3. Euskaltzaindia ere eragile izatea honetan guztian, duen erreferentzialtasuna administrazioen aurrean baliatuz, gauzak bizkortu daitezen.

Hona hemen aurkezpenaren PDFa.
Eta bideo-grabazioa:

“Euskara batuaren etorkizuneko erronkak ingurune digitalean” saioko beste bi aurkezpenak:

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude