HITZ BESTE: Ez adiorik, Xuxen-zale amorratu hori

Ez_adiorik_LertsundiTamalez, bukatu zaigu HITZ BESTE zutabea eguneroko Berria-n.
15 urte euskara garatzen, idazketa txukunaren dibulgazio egiten.
Zutabe hori izan da gure Xuxen-i buruz ohar, txalo eta artikulu gehiago sortu dituena, Xuxen letren kronikara ekarri izan duena.ESKERRIK ASKO Anjel!Adibide moduan, Hitz beste-ko ale adierazgarri bat:

Ixa xuxen

Hogeita bost urte xuxen edo, gutxienez, ixa xuxen idatzi behar genuela tematu zirenetik: ez dute meritu makala guztiz despejatu ezin dugun xuxen idaztearen ixa inkognita argitzeko tema.

Baina gaizki hasi naiz: despejatuk Xuxenen txibato gorria piztu dit. Txibatok ere bai. Honaino heldu haiz, amigo!

Ez ditut zuzenduko. Eskola zaharreko honek gaztelaniaz ikasi zuen inkognitak despejatzen —ahaztu ere bai hizkuntzen beharrik gabe— eta zaharrez nagi naiz inkognitak askatu egiten direla ikasten hasteko. Txibato hitzari dagokionez, oso erro gaizto bihurriak hartuak ditu gure hizkeran, hain erraz baztertzeko. Biak gordeko ditut, bada. Nire aukera da. Xuxenek abisua eman dit. Eta askatasuna. Erratuko banintz, kulpa ez luke, Axularren hartan bezala, Xuxenek, baldarrontzi honek baizik.

Ixa xuxen ibiltzeko makuluak eutsiko ahal dio beste hogeita bost urtez bideari eta bertan topa dezala Euskalerria Irratia albistea eman dezan.

OHARRAK (Post scriptum)
Xuxen ez da, jakina, Ixak hogeita bost urteetan egindako lan bakarra (Ixarik gabe, euskarak ez luke gaur duen tokia informatikaren plazan) baina Xuxen da Ixaren bandera ontzia, edo niri hala iruditzen zait behintzat. Orain hamar urte zutabe honekin hasi nintzenetik Xuxenekin bizi izan dudan harreman sentimentalarengatik izango da.

Eta horri aipamena eginez honela idazten zuen gozo Xabier Artolak gure blog honetan:

“Andere zorroztzat” hartzen du Xuxen Juan Luis Zabala idazleak, hala irakurri izan diogu artikuluren batean. “On Xuxen” esan izan dionik ere bada, haren autoritatea azpimarratuz. “Ene bihotzeko Xuxen, kuttuna, maitea” esaten dio Andu Lertxundik, eta “Xuxenek gorriztatu gabe txalotzen dizkion hitzak” izan ditu mintzagai inoiz; edo haren “txibato gorria” pizten diotenak, txibato bera ere horien tartekotzat aipatuz (bidenabar, esan diezaiogun Anduri, txibatoak ez diola hemendik aurrera txibato hitza azpimarratuko, horregatik behintzat egon litekeela lasai).

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude