Ongi etorri, Xuxen 5

Egun on, denoi:

Duela hogei urte baino gehiago Xuxen plazaratu genuenean, ez genuen uste izan duen oihartzuna izango zuenik euskal gizartean. Baina bistan da Xuxen ezinbesteko tresna bihurtu dela, ordenagailua erabiliz euskaraz idazten duen ororentzat.

Hogei urte luze joan dira, beraz, estreinako Xuxen hura, Macintosh ordenagailuetarako bertsioa −hiru hazbete eta erdiko disketeetan−, kaleratu genuenetik. Gogoan dut lankide batzuekin kanpoan nintzela aurkezpen publikoa egin zen egunean, eta telegrama bidali genuela zorionak emanez (lekutan geratu dira telegramak gaur egun!); oker ez banago, oraindik ere gordeta behar du telegrama horrek, Ixa taldeko kideren baten bulegoko tiraderan. Denbora joan da, beraz, eta denbora horretan zehar aurrera egin du Xuxenek, hainbat bertsio izan ditu, plataforma eta testu-prozesadore desberdinetarako prestatu da, Euskaldunon Egunkariarekin batera ere banatu izan da, milaka deskarga izan ditu Jaurlaritzaren euskadi.net webgunetik… Xuxen ikasle zein irakasleek erabiltzen dute, idazle nahiz itzultzaileek, kazetariek…, euskaraz zuzen eta arauak betez idatzi nahi duen edonork, hitz batean esanda. Xuxen ezagutzen ez duenik ez da euskaraz idazten dutenen artean.

Harrokeriarik gabe, baina harrotasunez, esan dezakegu Xuxen laguntza handikoa izan dela azken bi hamarkada hauetan, euskara idatziaren normalizazioan, Euskaltzaindiaren hiztegi-arauak kaleratu eta gutxira normaltasunez onartuak eta erabiliak izan zitezen. Euskaltzaindiaren arauen artean aipatzen ahal dira zenbait mugarri, 1970eko hamarkadatik hona: aditz batua eta izen-adjektiboen deklinabidea, erakusleena, lehen ortografia-arauak (h-dun hitzen zerrendak, esate baterako), maileguak egokitzeko arauak, leku-, erakunde- eta hizkuntza-izenak… baina, bat aipatzekotan, eta lexikoari dagokionez, Hiztegi Batuaren argitaratzea aipatu beharko genuke. Hiztegi hori izan da, lehen argitalpenetik hona, Euskaltzaindiak baliatu duen tresna nagusia lexiko estandarra finkatuz eta hedatuz joateko. Hiztegi Batua 2000. urtean argitaratu zen lehenbiziko aldiz, eta Xuxenen 2.3 bertsioa zegoen kalean ordurako. Harrezkero, Hiztegi Batuak hainbat edizio eta Xuxenek hainbat bertsio izan dituzte, eta elkarren bidelagun izan dira.

Xuxenen atzean ikerkuntza dago. Elhuyarrek eta UPV/EHUko Ixa Taldeak hizkuntzaren tratamendu automatikoaren arloan egiten dute ikerketa, eta euskararen tratamendua dute ardatz: hor daude, besteak beste, oinarrizko tresna eta baliabideak, hainbat eta hainbat aplikaziotan euskara presente egotea, webean kontsultagarri dauden corpus eta hiztegiak… bertako eta nazioarteko kongresu eta aldizkarietan egindako argitalpenak. Ixa Taldeak mantentzen ditu Xuxenen oinarri den hiztegia −EDBL, hau da, Euskararen Datu-Base Lexikala− eta Xuxenen motorra; izan ere, euskarazko zuzentzailea ez baita hiztegi huts batean oinarritzen, segmentatzaile morfologikoa behar baitu hitz bat zuzen idatzita dagoen ala ez erabakitzeko. Aipatutako datu-basea hizkuntza prozesatzeko lan guztietan erabiltzen da, etengabe eguneratzen da, etengabe zuzendu eta aberasten da; eta Xuxenen bertsio berri hau prestatzeko, Elhuyarren hiztegiekin ere erkatu da, eta esan behar da erkatze horretatik eratorri diren zuzentze-aberasteak garrantzi handikoak izan direla. Gaur egun, Euskaltzaindiak Hiztegi Batuaren bidez emandako arau eta gomendio guztiek dute beren isla EDBLn, eta Euskaltzaindiak plazaratu ahala gauzatzen dira arau horiek datu-basean. Beraz, EDBL egunean mantentzen da beti, eta handik sortzen da zuzentzaileak behar duen lexikoa, zuzentzaileak behar duen formatuan.

Azpimarra gorriez gain azpimarra berdeak ere hor izango ditu erabiltzaileak hemendik aurrera, testu “xuxenagoak” idaztean lagungarri. Gorriak zentzu kritikoz hartu behar diren bezalaxe −gehien-gehienetan gure akatsen berri ematen badigute ere, ez baita ahaztu behar ortografia-zuzentzaileek testua hitzez hitz aztertu ohi dutela, eta, beraz, litekeena dela negatibo faltsuak izatea noizean behin−, berdeen aurrean are zuhurrago jokatu behar du erabiltzaileak, eta Xuxenek proposatutakoari men egin behar zaion edo bestela jokatzea komeni den, kasuan kasuan erabaki beharko du. Azpimarra berdeen bitartez, izan ere, bi eratako oharrak helaraziko baitzaizkio erabiltzaileari: hitz estandarrak izan arren, Euskaltzaindiak lehenetsiak ez direnean, Euskaltzaindiak hobetsitakoen −gomendatuen− berri emango zaio azpimarra berde horien bitartez; eta ohiko zenbait akats gramatikalen berri emateko ere baliatuko dira. Esan beharrik ez dago, laguntza gramatikal hori gehiago da euskara ikasten ari den edo gramatika menderatzen ez duenarentzat, euskaraz ongi eta txukun idazten duenarentzat baino; halakoak beti izango ditu eskura, noski, konfigurazio-aukerak, akats gramatikalen detekzioa gaitu edo desgaitzeko.

“Andere zorroztzat” hartzen du Xuxen Juan Luis Zabala idazleak, hala irakurri izan diogu artikuluren batean. “On Xuxen” esan izan dionik ere bada, haren autoritatea azpimarratuz. “Ene bihotzeko Xuxen, kuttuna, maitea” esaten dio Andu Lertxundik, eta “Xuxenek gorriztatu gabe txalotzen dizkion hitzak” izan ditu mintzagai inoiz; edo haren “txibato gorria” pizten diotenak, txibato bera ere horien tartekotzat aipatuz (bidenabar, esan diezaiogun Anduri, txibatoak ez diola hemendik aurrera txibato hitza azpimarratuko, horregatik behintzat egon litekeela lasai). Eneko Bidegainek, berriz, “garbi erran omen die ikasleei ez duela onartuko Xuxenek pasatzen utziko ez lituzkeen hutsez betetako idazlanik” −eta ez da bakarra, bakarra ez denez, hori egiten, irakasleon artean−. Artikulu berean dio “kazetari batek ez lukeela artikulurik bukatutzat jo behar, Xuxen pasatu gabe”; eta “idazle bati ere komeni zaiola zuzentzaile ortografikoaren laguntzarekin lan egitea, argitaletxeari zuzenketen fasean alferrikako lana aurrezteko, eta argitaletxeko zuzentzailearen lana zuzenketa sakonago eta zorrotzagora bideratzeko”.

Bukatzeko, esan, hitzak eta adjektiboak erlatibizatuz, betiere, Xuxen Xuxen dela, orain arte bezala aurrerantzean ere, beti bezain eskura izango dugun zuzentzaile ortografiko, lexiko eta gramatikala, gaur egun idazteko ditugun tresna eta aplikazioetan instalatu eta erabili ahal izango dugun laguntza.

Eta Anduri beste hitz batzuk ebatsiko dizkiot, kazetariari emandako erantzunetik, Xuxenekin ei duen gorroto-amodiozko harremanaz galde egin diolarik: “Xuxeni esker, orain ateratzen den literatura guztia, eta liburuak, eta artikuluak, Xuxen sortu aurretik baino txukunago, zuzenago ateratzen dira. Beraz, chapeau Xuxeni”, esaten du Lertxundik, eta “ongi etorri, Xuxen 5” esanez amaituko dut nik. Besterik ez, eskerrik asko.

Xabier Artola Zubillaga.
Usurbil, 2015eko azaroaren 10a.

Erantzun bat “Ongi etorri, Xuxen 5” bidalketan

  1. Pingback: HITZ BESTE: Ez adiorik, Xuxen-zale amorratu hori | Hizkuntza-teknologiak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

− 4 = 5