Hitzaldia: Zurrumurruak antzeman eta tratatu Twitterren (A. Zubiaga, 2015/05/12)

Hizlaria: Arkaitz Zubiaga
………….University of Warwick

Eguna: Maiatzaren 12an, asteartean
Ordua: 15:00
Gela: 3.2 gela. Informatika Fakultatea (UPV/EHU)

Hitzaldiaren izenburua:
Zurrumurruak antzematen eta aztertzen Twitter sare sozialean

Laburpena:
Twitter bezalako sare sozialak mundu osoko gertaerez informatuta egoteko tresna paregabea diren arren, kontu handiz hartu behar da bertan irakurritakoa, informazio guztia ez baita zehatza eta egiazkoa. Gezurren hedapenak garrantzi handia du, batik bat, azken orduko albisteen inguruan informazio berria jakinarazten den ahala. Aurkezpen honetan PHEME FP7 proiektuan sare sozialetan hedatzen diren zurrumurruen gainean egiten ari garen ikerketa lanaz arituko naiz. Hasteko, kazetariekin batera lan eginez Twitter bidez gertakizunak jarraitu ahala zurrumurruak antzeman eta ikerketarako aproposa den datu bilduma sortzeko definitu dugun prozesua azalduko dut. Zurrumurru hauen testuingurua osatzeko, erabiltzaileek zurrumurruen inguruan sortutako eztabaidak batu ditugu, eta crowdsourcing bidez txioak anotatu, adostasun, ezadostasun, eta abarrak markatuz. Zurrumurru hauen inguruko eztabaidak hizkuntzaren prozesamendua eta sare sozialen analisia baliatuz aztertzea dugu helburu proiektu honetan.

Biografia:
Arkaitz Zubiaga doktorego ondorengo ikertzailea da Warwickeko Unibertsitatean (Coventry, Ingalaterra). Sare sozialak ikertzen aritu da azken urteotan, testu meatzaritza aplikatuz edukia aztertzeko eta baita erabiltzaileen jarrera ulertzeko ere. Azkenaldian kazetari eta soziologoekin batera lan egin du PHEME FP7 proiektuan, ikuspegi informatikotik sare sozialetan zurrumurruen inguruan gertatzen diren elkarrizketak lantzeko.

Iruzkinak (2)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude