Uzta oparoa Ekaia aldizkarian

Ekaia aldizkariko azken alea kalean eta sarean bietan dago honezkero.

Berri pozgarria da ikustea aldizkariaren 26. zenbaki honek tamaina handia hartu duela. Nonbait kalitatezko lan asko jaso eta argitaratu behar izan dute. Ikerkuntzako euskarazko argitalpenen osasun onaren erakusgarria izan daiteke hori.

Bestalde, berri oso pozgarria da ikustea Ixa taldearekin zerikusirik duten lau artikulu azaldu direla 26. zenbaki honetan. Ez bat eta ez bi, lau artikulu dira hauek:

  • Wikipedia eta itzulpen automatikoa: «harri batez bizpalau xori». Iñaki Alegria, Unai Cabezón, Unai Fernandez de Betoño, Gorka Labaka, Aingeru Mayor, Kepa Sarasola, Arkaitz Zubiaga  PDF
    OpenMT2 eta Euskal Wikipedia wikiproiektuaren barruan egindako ikerketari bukaera ematen dion deskribapen luzea da hau. Ingelesez liburu batean argitaratu dira emaitzak. Lehengo urtean Informatikari Euskaldunen Bilkuran euskaraz aurkeztu ziren emaitzak, baina Ekaiako artikulu honetan azalpen idatzi luzeagoa ematen dugu.
  • Euskararako koma-zuzentzaile automatiko baterantz. Bertol Arrieta, Iñaki Alegria, Arantza Diaz de Ilarraza PDF
    Bertol Arrieta irakaslearen tesitik eratorritako artikulua da. Koma puntuazio-marka ondo idazteko arauak aztertzen ditugu hor eta erabilera oker batzuk zuzentzeko aukerak proposatu ere.
  • Ikaste-domeinuaren sorkuntza erdiautomatikoa. Mikel Larrañaga, Angel Conde, Iñaki Calvo, Ana Arruarte, Jon A. Elorriaga PDF
    Artikulu hau ez da Ixa taldearena, Teknologian Oinarritutako Hezkuntzarako Tresnak arloan diharduen Galan taldearena da. Baina Mikel Larrañagak Ixa taldeko tresnak erabili ditu testu-liburuen “erradiografiak” egiteko, bere tesian.
  • Ingeniariak eta hizkuntzalaritza. J. R. Etxebarria PDF
    Ingeniariek historian zehar hizkuntzalaritzaren arloan eginiko ekarpenak deskribatzen dira, eta ondorio moduan bukatzen da artikulua Ingeniaritza Linguistikoari ongi etorria ematen. “Ingeniariek ekarpen propio handiak egin ditzaketela beren jakintza-arlotik, zuzenean baliabide teknologikoak hizkuntzalaritzan erabiliz eta integratuz, edota, aldi berean, ingeniaritza linguistikoaren garapenean lagunduz.”. Euskara lantzen ibili diren hainbat ingeniari aipatzen ditu (Txillardegi, Harluxet, Sagarna…), baina Joserra Etxebarriaren beraren izena falta da lista horretan. Bestalde, neskarik ez dago zerrendan, bat ere ez. Pena, eta eskerrak emakume ingeniari linguistiko ugari daukagula.

 

 

 

Iruzkinak (1)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude