Hizkuntzaren teknologo bat Euskaltzaindian: Andoni Sagarna

Poza Euskaltzaindian eta poza hizkuntza teknologian. Lehenengo euskaltzain oso dugu hizkuntza eta informatika landu dituen aditua dena; 26. aulkia eman diote.

Hainbat mediotan azaldu da berria. Lexikografian, entziklopediagintzan, Internetgintzan egin dituen lanak goraipatzen dira horietan. Guk, blog honetan, bi puntutxo plazaratu nahi ditugu.

Batetik jasotzea bere lanerako gogoa. Gara egunkarian Izaro Aulestiartek egindako  elkarrizketan azaltzen digu Andonik:

“… Azken 22 urteetan informatikako arloan ere ibili naiz, eta uste dut gero eta gehiago behar direla kontu horiek hizkuntza ikertzeko, eta hizkuntzarekin lotutako tresnak sortzen dira hizkuntza erabiltzeko. Espezialista izan gabe ere, panorama hori ezagutzen dut, eta saiatuko naiz alde horretatik ere bidea irekitzen.
…Aspalditik, baina, hizkuntza ikerketan lan egiten da korpusen bitartez; testu-bilduma handiak egin dira 1984tik hona. Hiztegia gauza bat da, adibidez eta beste gauza bat atzean dagoen korpusa. Egungo Eiskararen Bilketa Sistematikoan XX. mendean eta ordutik hona hizkuntza idatzia nola erabiltzen den jasota dago neurri handi batean. Halakoak tresnak dira. Hizkuntzaren barrua ikusten hasiak gaude egun, nola funtzionatu duen, zer den idazle landuek erabiltzen dutena eta zer hainbesteko arreta hartzen ez dutenena. Mamia zer den ikusten hasi, eta ondorio batzuk ateratzen dituzu hortik.”

Bestetik, azpimarratzea bere parte hartze nabaria Egungo Euskararen Bilketa
Sistematikoan. Noski XX. Mendeko Korpusaren diseinuan, ez zen bera horretan ibili bakarra, ezta korpusa bera sortzen ere. Baina batzuk ondo gogoratzen dugu Andoni deskribatzen zelan bildu behar zen egungo euskaraz idatzita dagoena (inbentarioa), zelan aukeratu behar ziren hortik estatistikoki hainbat zati (lagina), den-dena batu beharrik gabe testu azpimultzo hori euskaraz idatzita dagoen guztiaren ordezko zuzena izan zedin. Alde horretatik esan genezake Andoni “EUSKARAREN ARGAZKILARIA” izan dela; euskara osoa ezin aurkeztu, ezin bildu, eta hainbat “instantanea”, hainbat “flash” bildu ditu bilduma batean errealitatean erabiltzen den euskara deskribatzeko. Nola egin daiteke bestela hizkuntzaren argazki bat?

AUPA ANDONI!

Erantzun bat “Hizkuntzaren teknologo bat Euskaltzaindian: Andoni Sagarna” bidalketan

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

54 + = 55