Itsas bazterreko eta ibaiertzeko hiri modernoa V: zabalgunearen erdialdetik periferiarantz

XX. mendeko erdialderantz abiatuz 1920ko hamarkadaren hasieratik 1940ko hamarkadaraino Donostiako Udaleko ingeniaria izan zen Juan Machimbarrenak “Urbanismo aplicado. San Sebastián presente y futuro” liburua argitaratu zuen. Donostiak bere ustez burutu beharko zituen urbanismoko lan publikoak (batzuk laguntza pribatuarekin) biltzen zituen dokumentu programatikoa bailitzan, berak diseinaturiko hirigintza esku-hartzeak ere erruz agertzen direlarik.

Horietako batzuk etorkizunean garatuko ziren, nahiz eta modu diferenteetan edota sano eraldatuta. Gehientxoenak itsas bazterreko eta ur-ertzetako fronte eraikiak atontzen dituzte eta, beraz, nola edo hala guk ere aipatuko ditugu. Berak eginiko marrazkiek amestutako (eta, alegia, baten batzuk gorpuzturiko) ideia horien berri ematen digute: Santa Klara uharteko hotel-kasinoa eta bainuetxea, Ulia mendiko udal parkea pasealeku eta begiratokiekin, Loretopeko pasealekua Miramar azpiko itsas frontean (Kontxa eta Antiguako Ondarreta hondartzak bereizten dituzten harkaitzetan: erdaraz “Pico del loro” deitua), Kristina Enea parkearen hedapena, Paseo Berriaren luzapena edota portuko moiletan parke-lorategi berri batzuen instalakuntza besteak beste.

p.164 urbanizacion Santa Clara 1.- Machimbarrena arkitektoaren proiektuak (Santa Klara uhartea).

* Irudiaren iturria: MUÑOZ ECHABEGUREN, Fermín. San Sebastián. La historia desconocida 1857-1966, Donostia: Txertoa, 2004; 164. or.

 

Machimbarrenaren begirada arigarriaren ondorengoak

Ideia sasi utopiko hauen gurariak ez zuen errealitate gordina ezkutatu eta datozen urteetako inolako kontrolik gabeko hirigintzak espazio libreak beteko ditu Egia, Atotxa, Santa Barbara, Roteta eta Altza uzoetan, irizpide espezifikorik gabeko zabalguneekin espekulazio urbanistiko bortitzenak eraginda, kalitate urbanistikoaren jaitsiera ekarriz. Era berean, Guda Zibilean etendako Amara Berri aldeko zabalgunea ere eraikiko da (ia XX. mendeko hasieratik aurreikusia), ibaiaren eta Topoaren trenbidearen arteko lurretan Antso Jakituna etorbidea Pío XII enparantzatik haratago Madril etorbidearekin luzatuz. Hauek markatuko dute, izan ere, XX. mendeko azken hamarkadetako Donostia hiriaren hazkundearen ardatz nagusiak. Itsas bazterrean, gelditzen ziren tailer industrial apurrak eta familiabakarreko etxeak ere ordezkatuak izango dira etxaldeak eta etxebizitza handiagoak agertuz. Hala eta guztiz ere, elikagaien sektoreko fabrika asko sortu ziren kanpotik jende multzo handia erakarriz (Koipe, Savin, Caldos Rápidos, Starlux S. A. eta abar, guztiak ere XX. mendeko 50. eta 60. hamarkada horietan). Hiri-plangintza urbanoak aldiz desitxuraketa nabaria izan zuen.

Horrela bada, batez ere ibaiertzetik Donostiako metropolirantz abiatutako periferietan, kontrolik gabeko intentsitate handiko eraikuntzak izango ditugu nagusi XX. mendeko 60. hamarkadan, Bilbon eta abeste hiriburu batzuetan bezalaxe, nahiz eta 1962. urtean Donostiako hiria ordenatzeko plan orokor bat onartu (1950ean Bidagor-ek egin zuen Plan Orokorra Udalak ez zuen aintzat hartu, beste proiektu bat idatz zezala eskatuz Alustiza arkitektoari)[1]. Udalerriko lurzoruen zonifikazioa baino ez zuen planteatzen, gainontzeko irizpide urbanistikorik gabe. Garai horretako zabalgune eta auzo berriek biztanle kopuru handiari egoitza bilatu behar zieten ahalik eta lasterren. Udalak oso ahul jokatu zuen irizpide tekniko eta urbanistiko egokiak ezartzeko, etxejabe eta etxegileen etekinak nagusituz. Itsas bazterrean, 1963an estreinatu zen Urgulleko argiztapena eta hurrengo urtean tokatuko zitzaion txanda Kontxako hondartzari, berau hiriaren itxuran eragiten zuen urte horietako elementu sinbolikoetako bat izanik. Alderdi honetan Udal frankistak herri lan eta ospakizun nabarmenak egin zituen, itsas fronteko hiriaren irudi estetikoari balioa erantsiko ziotenak; horien artean Urgull mendia gauez argiztatzea 1963an eta Kontxa gauez argiztatzeko saiakera urte bete geroago, mende hasieratik jada jende askoren ahotan zegoen eskaera historikoa.

 

Hazkundearen ardatzak: itsas bazterra eta ibaiertzak

1950eko urbanismo planak egiten zituen hazkundearen aurreikuspenak XX. mendea bukatu arteraino orduan zuen bolumenaren hirukoitza espero zuen Donostiarentzat, ustez batezbesteko erlazio urbano, estetika eta ‘grazia’ berdina mantenduko zituen hiria begitanduz. Kortazarren zabalgunetik haratago Donostiako espazio urbanoak bi ardatz nagusi hartuko ditu: bata itsas bazterrekoa eta bestea Urumearen ibilbideari jarraitzen diona. Donostiak beti izan duen industria begi bistatik ateratzeko asmoarekin, itsas bazterrean pantaila gisako etxe ilara eraikitzea ere pentsatu zuten, etxebizitza blokeekin eta etxalde irekiekin batera, hondartzaren ondoan zentro komertziala, antzokia eta piztinak edukiko zituen hiri turistikoa sortu nahian.

Santa Klara Itsasoko Kluba ezarriko zuten berau Ondarretarekin elkarlotuz aireko zubi baten bitartez. Gros-Ategorrietako inguruan ere[2], Frantziako mugarekin eta Hondarribiako aireportuarekin konektatuko zuen autobidea planteatzen zuen planak, itsas bazterretik Jaizkibel eta Ulia mendiak iraganda Donostiara urreratuko zena, Pasaia gainetik pasatuta[3]. Hirirako sarrera sinbolikoa bailitzan enparantza handia proiektatu zuten[4] Sagües aldean itsas ondoko orubeak bertako zabalgune plangintzetan zeukaten funtzioetatik eraldatuz. Lorategi berriak, kaleen aldaketa eta parkeak emango zioten ongietorria autobideari. Era berean, komunikabideak garrantzia erabakigarria bereganatuz zihoazen urteetan, Urumearen ibilbidean gora Amarako lurrak ere trafikoaren intentsitate handiko korapilo bilakatuko zirelakoan zeuden, enparantza zirkularraz gain kirol guneak, zezen-plaza berria eta autobusen geltokia ere bertan egongo zirela erreparatuz.

p.165 paseo Pico del Loro

2.- Machimbarrenaren proiektuak (Miramar eta Loretopeko espazioa).

* Irudiaren iturria: MUÑOZ ECHABEGUREN, Fermín. San Sebastián. La historia desconocida 1857-1966, Donostia: Txertoa, 2004; 165. or.


[1] Hazkunde urbano industriala ordenatzeko beharrizanarekin, Foru Aldundiak Arkitekturako Zuzendaritzarekin Gipuzkoako Ordenazio Plan Orokora idazteari ekingo zion 1942an. Halaber, ‘Gipuzkoa Handiaren’ eskualdeko proiektuaren frakasoaren ostean (‘Bilbo Handia’, ‘Bartzelona Handia’ eta abar ere ezagunak eze ezik oso parekoak izango ziren, eskala handiagoan), Donostiako eta bere eragin esparruko planak ez zuen zorte hoberik izango, 1950ekoa baztertu eta 1959an beste bertsio berri bat agertuz, 1956ko Lurzoruaren Legearen araberako ideologiara egokitua. Hortik hiruzpalau urtera 1962koa onartuko bazen ere, 1976an Udalak errebisioa onartu zuen Euskal Herriko eta Nafarroako Arkitektoen Elkargo Ofizialari eskualdeko plana idatz zezala eskatuz. Probintziako plan horretan Donostiako espazio urbanoan eragina izango zuten zenbait gauza azaltzen ziren (hala nola, 1962an zona urbano batzuetako dentsitatearen igoera hobesten zuten; batik bat Miraconcha aldean, Antiguan eta Urumeako korridorean). Itsas bazterreko espazio hauetan, beraz, ehundura urbano anitzak eta heterogeneoak agertuko dira, transformazio eta eraldaketa gradu desberdinekin. 1977an 1962ko Hirigintza Ordenatzeko Plan Orokorra berraztertu zutenean, Udalak zorroztu egin zituen etxebizitzak eraikitzeko eta zaharberritzeko kontrolak. Bitartean, etorkizunari begira Euskal Komunitate Erkidego osoko edota hortik aurrera mugak zabalduko zituen plangintza orokorra aldarrikatzen du Francisco J. Gómez Piñeirok, ‘Euskal-hiria’ kontzeptuaren barruti espaziala bateratuko lukeena.

[2] Groseko aldean etxe-ilararik homogeneoenak leudeke, erregulartasun nabaria erakutsiz, nahiz eta parte batzuetan kongestio urbano nahiko handia izan eraikitako etxebizitza blokeekin. Orokorrean, kalitate ertaina aurkezten du itsas bazterreko auzoak, horren azpian eragin espekulatibo anitz ezkutatu izan badira ere, bizi-baldintza desberdin eta aldakorretan eragina izan dutenak.

[3] Kanala 50 metroko altueran salbatzeko metalezko zubitzarra irudikatu zuen Juan Machimbarrena udal ingeniariak 1943. urtean, berak urte horietan amestu zituen proiektuen artean alegia.

[4] Bilbon, hiribildua Txorierri araneko hiri berriarekin lotzeko (hazkundearen aurreikuspenak izugarriak ziren Bilboko metropolian ere), Artxandako tunela zulatu nahi izan zuten urte horietan. Deustura helduko zen errepideak enparantza handi bat edukiko zuen bertan, erregimen frankistari goratzarre egiteko itzelezko monumentu zuta erdian zuela. Paralelismoak hala-moduzkoak izanik ere, kontu egin behar dugu era honetako asmoak ohikoak izan zirela Gerra Zibilaren osteko autarkiaren urteetan. (3.- Bilbon Deustuko enparantza handiaren proiektua autarkia garaian. * Marrazkiaren jatorria: MOLINA APARICIO, Fernando; ROJO CAGIGAL, Juan Carlos. Historia del túnel de Artxanda (1900-2002). El urbanismo y las comunicaciones en Bilbao, Bilbo: Bizkaiko Foru Aldundia, Artxandako Tunelak/Túneles de Artxanda, 2002; 136. or.).

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude