Antiguako hazkundea (II): Ondarretako hondartza eta itsasertzeko urbanizazioa

Oraingoan ere XX. mende hasierara itzuliz, alde batetik Miramar jauregiaren eraikuntzak, Madrilerako errepidearen iragapideak eta kasino zein jolastokien gertutasun erlatiboak, Donostiara jendea erakartzeko elementu egokiak izango ziren. Gainera, Antiguako komentua San Martineko auzoarekin lotu zuen errepidea hareatzaren oinetan zegoen. Errepidea olatuen lerroari egokitu zitzaion eta Kontxak duen itxura berezia areagotu zuen. Bertan, Luis Elizalde arkitektoak idatzi zuen plangintzan euskarritutako hiri-hazkundea hasiko zen gertatzen 1919-1921 urteetatik aurrera. Eta noski, Ondarreta bazterreko lorategi-erako etxeak plan horretan barneratzen jakin zuen Elizaldek.

1. Ondarreta aldeko ikuspegia XX. mendearen hastapenean, garaiko zuri-beltzeko argazkietan (azpian: Igeldoko funikularra lehen planoan eta beheko paraje hutsean nabari den kartzelaren eraikin handia).

2. Antiguarako Elizalderen plana, 1919koa (goian, erdian), eta Ondarretako lorategi-hiriaren proposamena, XX. mendeko lehen hamarkadak iragan ahala. Ondarretako hondartza eta kostako lehen lerro urbanizatuaren gaur eguneko ikuskizunak (erdian). Antiguako paisaia industrialaren zuri-beltzeko argazkiak (behean).

 

Egitasmo hau, hala ere, alde batetik Antiguako auzoaren atzealdean eta bertako espazio urbanoari bizkarra emanda gauzatuko zuten. Bestetik, XX. mendeko bigarren hamarkadan hondarra eusteko horma bota zuten eta militarren maniobra-leku izandako zelaia Donostiako hondartzarik onena bilakatuko zen, 1948an kartzelaren desagerpenarekin gaur egun duen itxura hartuz. Hondartza inguratzen duten pasealeku eta lorategiak 1925ean hasi ziren sortzen, garaian lurzoru horien aprobetxamendurako zeuden egitasmo merkantilistei men egin gabe. Hala ere, lehengoan esan bezala zona horretan industriak zeukan presentzia eta babesak aldaketa batzuk eragingo zituen lorategi-hiria hobesten zuten eraikuntzarako arauetan.

Miramarren eta Igeldo mendiaren artean jaioa…

Hiri-altzari esanguratsu eta arkitekturatxoei dagokienez ere, XX. mendeko lehenengo hamarkadan Alberto Machimbarrena Gipuzkoako eta Nafarroako obra probintzialen buru zen ingeniariak partikular batek bi solairudun kioskoa itsas bazterreko harkaitz batzuen gainean ezarri nahi zuela kontu emana zuen, Antiguako errepidearen ezkerretan Miramareko tunelera heldu baino lehentxeago. Alabaina, lurzoruen jabeak ez zuen inolaz ere bere propietatea zeregin ekonomiko horretarako eman nahi (freskagarriak eta edangarriak saltzeko kioskoa), kuriosoa bada ere bertako paisaiaren eraldaketa ez baitzuen onartzen. Aitzitik, lur-sail horietako batzuk Udalari utzi zizkion kondizio gisa itsas bazterreko paisaiarekiko errespetua eskatuz.

Langile-koloniek, industriek, biltegi eta tailerrek, etxebizitza burgesek eta udatiarrentzako zerbitzuek espazio berbera konpartitzen zuten, beraz, Antigua eta Ondarretako tarte baliotsu horretan. Brunet Sozietateak lorategi-hiria sortu nahi izan zuen XIX. mendeko azken urteetan, bide batez Igeldoko funikularrari eskenatoki duina prestatuz etxebizitza ‘antiestetikoen’ lerroak begien aurretik kenduta. Kartzela, troparen maniobrarako kanpoa eta hipodromo probisionala ere bertan egon ziren, itsas bazterreko paisaia xelebreen gozamena burgesei galaraziz. Arrazoi hauek medio, konkurtsoa iragarri zuten 1918 eta 1921. urteen artean, Luis Elizalderi egokitua. Traza ortogonala erakusten zuen urbanizazioa lau tipologia desberdinetan klasifikatuiz: burgesiarentzako etxeak, landa-eremuko etxeak, enpresa-arduradunen etxeak eta langileentzako etxeak. Zabalguneak funtzionaltasun doblea nola zuen ongi atzeman daiteke: alde batetik kalitate handiko lorategi-hiria (zerbitzuen konplexutasuna beharko zuen; piztina, hotelak, kirolerako kantxak) eta bestetik industriaren espazioa, berriz ere elkar bizitza baimenduz, Udalak fabriken ugalkortasuna gauzatzeko egindako erreformen arabera (Dawson, Loinaz, Inurrieta, La Victoria eta beste batzuk ezarriko ziren orduan). Luxuzko auzuneak garrantzia handiagoa eskuratu zuen, lorategiz inguraturiko etxetxo eta jauregitxoekin, batik bat klase ertainari zuzenduak. 1925ean kuartel militarrak Martutenera aldatu eta gero hondartza irabaziko zuten, Ondarretako lorategi-hiria eta itsas bazterreko espazioak gorpuztuz.

Ur-fronteetako espazio urbano berri horietan Ondarretako lorategi lineala egokituko zuten eta bertan, burges-hiriaren izpiritua elementu estetikoetan sinbolikoki nola islatuko zen atzeman dezakegu. Hiri altzariez gain, Alderdi Ederren[1] 1913eko urtemuga zela eta jarri beharreko monumentuaren parteak (Javier Luque, Julio Apraiz eta Juan Piqué)[2] Ondarretara eraman zituzten, bertan Mª Cristina erreginaren estatua kokatuz[3]. Urumeako bokalearen Zurriolako partean, Néstor Basterretxearen Bakearen Usoa (1991) aurkitzen zen, ondoren Amarara aldatu zutena[4]. Ondarretako pasealekuan José Ramón Anda euskal eskulturagilearen Zeharki 1989ko piezak elkar erlazionaturiko hiru kono-enbor luze edo zilindro zut erakusten dizkigu, espazioaren joko formalak lehen planoan ezarriz[5] itsas bazterreko beste ur-fronte batzuetan ikusi izan dugun bezala (Loreto azpiko eta Zaldizko Zokoko Chillidaren piezak adibidez). Era honetako arte-adierazpenak Zarautzeko kasuan ere ikusi ditzakegu, edota, distantziak salbu, Donostiako badiako erpinetan (Oteiza eta Chillida).

3. Mª Kristina erreginaren omenezko monumentua.

4. José Ramón Andaren eskultura bertikala, hiriak hondartzarekin topo egiten duen mugan.

5. Zaldizko Zokoa deritzon ur gaineko talaian Chillidak Fleming doktoreari eskainitako eskultura, 1955.

 

Bukatzeko, berriro Antigua aldeko errealitate urbanora itzuliz, Benta Berri eta Ibaeta auzoetan ere antzinako biztanleen eta berriagoen arteko nahasketak gertatu izan dira (artisauak, langileak, arrantzaleak) eta migrazio korronteen eraginez heldutakoak. Antiguako zabalgune proiektuan argitasunez azaltzen baita auzo horretako pluraltasuna. Izan ere, Antiguan ‘bertako’ auzoko biztanle izatearen sentimendu eta harrotasun kolektiboa presente izan da betidanik. Hala ere, industriaren galerarekin populazioaren emigrazioa ere gerturatu izan da industria kokatzen den periferiako lurraldeetara. Ondorioz, Ondarretako hondartzaren hurbiltasuna eta itsas bazterreko paisaiaren edertasuna ongi aprobetxatzen jakin izan dute. Lehendabizi degradazioa jasanda burgesiak bere bizitoki lez berpiztu izan duen tokiari ‘gentrifikazioaren’ edota maila zein status sozio-ekonomikoaren araberako biztanleriaren aldaketaren kutsua dario. Gentrifikazio horrek espazio urbanoen egituran, trazan, funtzionaltasunean eta aspektu sinbolikoetan ere eragiten duela argi dago.

Nolanahi ere, Antiguako itsas bazterreko espazioetan bat baino gehiago izan ziren XIX. mendetik XX. menderako tartean burutuko ez ziren proposamenak, gaur egun auzuneak duen konfigurazio urbanoa hartu arte. Antolaketa horretan kontu egin behar da aurrera ateratako proiektu urbanoak bezain beste huts egindakoak ere eragin nabaria izan dutela. Besteen artean, Ondarretako hondartzan bainuetxea jartzeko intentzioa ezagutu zen XX. mendeko bigarren hamarraldian, hondartzako espazio guztia aprobetxatuz toldoak, eguzkitakoak eta bestelako elementuak ezarriz zoru publikoetan. Egitasmo honek bere aurrekaria ere izan zuen 1908an, Alday arkitektoak Ondarretako hondartzan bainuetxea ezartzeko baimena eskatu zuenean. Hauek guztiak onartuak ez izateko arrazoietako bat militarren maniobrarako gunea erabili beharra izaten zen. Gainera, Ondarretako hondartzaren luzapenean uren kolektorea zegoen eta bertan lorategiak edota paseoak egitea zuen helburu Udalak, kolektorearen gainean txaletak edo bestelako arkitekturak eraikitzearen zailtasuna ikusiz. Alegia, hondartzak jaso zezakeen eragin kaxkarren beldur zen Udala[6]. Bertan emango zion Donostiak amaiera sinbolikoa itsas bazterreko fenomeno urbanoari berrogeita hamar urte baino geroago, E. Chillida eta L. Peña Gancheguiren esku-hartze urbanistiko, arkitektoniko eta eskultorikoarekin. Itsasoa bera Chillidaren ‘maisuetako’ bat izaki, lurrarekin eta urarekin erabat erlazionatua geldituko litzateke horrela, Donostiako fenomeno urbanoak natura besarkatzen duen puntuan.

6. Haizea orrazten duten Chillidaren forma eskultorikoak, Ondarretako hondartzaren erpinean eta Igeldoko harkaitzen azpian, arrokarekin eta hiriko azken ‘enparantzarekin’ gertutasun-urruntasun sentsazio fisiko zein ikuskor-sinbolikoez integratuak.

 

[1] Bertan XIX. mendeko ninfa neoklasikoak eta ornamentaziozko beste iturri batzuk (XIX. mendeko gustu neoklasiko berankorraren adibide, izaera industrialdun burdinazko piezak zuriz pintatuak), mende horretako Antonio Friuliren marmolezko Lehoi neoklasikoekin eta 2007an Aitor Mendizabalek jarritako Memoria-Oroimena brontzezko zutabearekin espazioa konpartitzen dute.

[2] Karrarako marmolez eginiko monumentu neoklasikoa inork ez zuenez gogoko, 11 urteren ostean kendu zuten.

[3] José Díaz, 1942. Neoklasiko eta modernista, irudikapen multzoaren ordenua eta argitasuna goraipatu daiteke inguruko esertoki edo hiri-altzari monumentalekin, zirkulu-erdiko pulpitu lez funtzionatuko luketenak. Hasieran Loiola auzoan jartzeko proiektatu zen. Plaza horretan Ricardo Ugarteren Estela ere jarri zuten 1969an. Bestalde, Alderdi Ederren altxa beharreko monumentu horren beste parte bat Aitor Mendizabalek 1996an Irun enparantzan ipinitako ‘Atea’ eskulturak hartzen du (aldi berean iraganerako eta etorkizunerako begirada bikoitzarekin, urraturiko giza figurak lirateke, 1813ko sutea eta gero hiriaren berreraikuntza onartu zuen Zubietako bilkurako partaideen irudiak. Arco zentro komertzialak finantzaturik, ‘Ateak’ marmol, brontze eta kobrez eginak daude).

[4] Basterretxeak, era berean, Urumea ertzeko Frantziako pasealekuaren hasieran (Euskadi enparantzan) Iztueta dantzariaren omenezko eskultura izango luke, 1971-72 bitartekoa (burdinazko txapa finaz egina, forma sinplifikazioak eta murrizketak posible egiten ditu arintasuna iragarriz. Icaro eskulturaren handipena litzateke, Sao Paulo-ko bienalean aurkeztua berori). Ibaiertzeko pasealeku berberean goian aipatu modelo neoklasiko berankorrak errepikatzen dituzten pieza industrial apaingarriak ere bagenituzke, gehienak XIX. mendekoak. Aipagarrienetakoak eskola frantses edo katalanari egozten zaizkionak, marmol zuriz eginiko iturria eta lau kariatideek eusten duten kupula, estilo klasizistaren parametroekin.

[5] Donostiako I Eskulturako Bienalean lehen saria izan zuen 1983an zementuzko eskultura handiak, eraikuntza Grupo Vitalicio taldeak ordaindua.

[6] Hala ere, batzuk bazekiten Udalaren kezka guzti horiei nolabaiteko azalpen interesatuak ematen eta kasu honetan ere, bainuetxea Ondarretan jarri nahi zutenek hiriarentzako onura suposatzeaz gain beste argudiorik ere bazeukaten; hau da, Udalari jakinaraztea euren azpiegitura onartuko ez balitz laster etorriko zirela beste batzuk Udalak eskumenik ez zeukan lurretan kontrolik gabeko edozer altxatu eta esfortzu estetiko guztiak zapuztera. Hemen ere atzematen ditugu, beraz, garaiko tentsio sinboliko eta ekonomikoak itsas bazterreko altxorra ziren hondartzetako lehenengo lerroetan elementu urbanoak txertatzerakoan. Su horri egur gehiago botatzeko, Kontxako bainulariek alegazioa jarri zuten Ondarretako bainuetxeko proiektuaren kontra, Kontxako kabinen ‘industria’ behera eroriko zitzaielakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude