Itsas bazterreko espazio urbanoaren egituraketa eta eraiketa (V): Mari Zubia gogoan; hiriaren ohorezko monumentuak

Portuaren inguruetako hiri-altzariek eta arkitekturatxoak euren funtzio konkretu eta erabilgarriak zituzten, zabalgunearen ur-fronteetako apaingarritasunetik at. Nasa, kai eta moiletan adibidez kanoiak aurkituko ditugu noray direlako eusgarrien funtzio berberarekin. Izan ere, gaur egunekoen estruktura berdina duten kanoiak XIX. mendeko erdialdeko erreformatik aprobetxatuak izango ziren seguruenik, gehientxoenak bederen.

Era berean, nabigaziorako buien ikuskizuna ere ohiko paisaian txertatzen zen XIX. mende amaieran. 1884an burdinazko buia berri baten modeloa diseinatu zen eta 1887rako hainbat buia zeuden uharteko ainguratokian eta portuko sarreran[1]. Portuko malda ere itsasoratzeko elementurik ezaugarrienetakoa zen, itsasorantz aldapa zuen azalera, harresiaren eta Club Nautikoaren ontziratokiaren artean zegoena eta aurreragoko sarrera baten bai garaiko eta bai egungo argazkiekin ilustratu duguna, alegia. Horren espazio gutxi zuen portuan, aldiz, lan anitzetarako baliagarria izaten zen malda. Han bertan iturri bat zegoen, 1862an inauguratu eta 1905ean kendu zutena[2]. Lurzoruko galtzada ere, 1856ko berrikuntzatik aurrera harea gainean jarritako galtzadazkoa zen, lerak irristatzeko aproposena, Zumaia eta Debako harrobietako materialekin egina. Urteen joan-etorrian sarri egiten ziren konponketak, 1896an galtzada guztia ordezkatu arte. Bestalde, moilako sarreran barometro bat jartzea onartu zuen Udalak, portuari zerbitzua emateko beste hainbat arkitekturatxo zeuden tokian. Administrazio bakoitzak independentziaz jokatzen zuen eta bere eraikin propioak zituen portuko espazio urrian barreiatuak. Udalak portuko instalazioen egoera penagarria zela salatzen zuen, batez ere udatiarren bisitarako, harresietara itsatsiak hainbat ‘mikroarkitektura’ baitzeuden: praktikoaren etxetxoa, karabineroen txabolak, aduana, kontrolatzailearen kabina, komunak, biltegi batzuk edota baskula eta garbitokia.

 

Ohorea eta oroimena; pertsonaia miretsiei altxatutako ikurrak

Egurrezko garbitoki publikoak ia 50 urte iraun zituen bertan, 1922an hormigoizko beste eraikin luzeago batek ordezkatu zuen arte. XX. mendeko 60. hamarkadan funtzioa galduta desagertu arazi zuten, harresia begi bistan usteko asmoz. Hamar urte beranduago eraikin txiki guztiak desagertuko ziren azkenik, portuaren gainbeherarekin. Baskulari dagokionez, 1905ean jarri zen kapazitate handiko lehena, 1922an hurrengoa konkurtso bidez hautatuz. Urte horietarako jada gasolina erabiltzen zuten arrantz-ontzi batzuk, eta horientzat ipini zuten 1927an gasolina-hornigailua, lurperaturik zeukan andel batekin. Moilako baporezko garabia aldiz lehenagokoa da, XIX. mende amaieratik existitzen baitzen burdinbide gainean zebilen aparailua. Hala ere, portuko espazio urbano historiko horretako elementurik sinbolikoena eta itsasoari loturiko kolektibitatearen ezaugarri, bertakoek deitzen dioten Mariren monumentua izango da, lehena 1867an altxatua[3]. Udalak eta herritarrek ordainduta, harrizko kubo bat eraiki zuten gainean kapera zuela, eta Mariren silueta irudikaturik zeukan plaka.

1-13-reflotamiento-1923-p-1711. 1923ko argazkiak Donostiako portuko kaiak jendez gainezka erakusten ditu, hondoratutako itsasontzi baten ateratze-lanetan. Bertan, Mari Zubiaren monumentuaren tenplutxo zuria atzeman dezakegu jadanik.

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

2. Monumentuaren proiektua, dirudienez 1901. urtekoa, lehenagoko beste bat ordezkatuko lukeena. Diseinu orokorra José Goicoa udal-arkitektoarena omen zen, eta barneko figura-bustoa Jacinto Mateu eskultoreari egokiturikoa.

1900. urte inguruan inauguratua, Antonio Arzacen bertsoak ageri dira grabatuak bere oinetan. Horrez gain, Kaiaurreko kalea izendatu zena Mariren kalea izango zen aurrerantzean, Udalak horrela erabakita. Donostiako hiriguneko eta batez ere zabalgune berriko toki estrategikoetan badaude pertsonaia xelebreen omenezko zenbait monumentu, gehientxoenak euskarri arkitektonikoen gainean kokatutako estatua klasikoak izanik. Horietako batzuk itsas bazterreko eta ibaiertzeko ur-fronteetan aurkituko ditugu, garaiko estilo arkitektoniko eta eskultorikoen eredu direlarik. Halakoa da Marirena ere, baina kasu honetan kolektibitatearen identifikagarritasuna agian sendoagoa eta indartsuagoa da, omendua pertsonaia ahaltsu bat izan ordez herritar xehea zelarik, haren balentriak itsasoko jendearen artean entzute handikoak eta txit estimatuak izanik.

3-mari-33. Monumentuaren elementu desberdinen ikuspegia eta testu adierazkorra.

4-mari-eta-etxe-zaharra4. Monumentua eta bere aldamenean dirauten antzinako etxeak.

[1] XX. mendearen hasierarako nabigazio komertzialaren baldintzak aldatuta, trafikoa Pasaiarantz hasiko zen bideratzen. Kirol-ontziek hasiko ziren boyak erabiltzen, eta baita pentsatuta ez zeuden funtzioetarako (eguzkia hartzeko, besteak beste, Donostiako aisialdirako jarduera berrien seinale). Funtzio espezifikorik gabe, uretatik kentzen joango dira, azkena 1975ean desagertuz.

[2] Kontu egin behar da XIX. mendearen erdialdean bost iturri bakarrik zeudela harresien barneko hiriari ura ematen ziotenak.

[3] José María Zubia zumaiarra (1801), ‘Mari’ ezizenaz ezagutua eta arrantzale zein marinelen artean oso maitatua, XIX. mendean itsas salbamenduko lanetan eta erreskatean ibiltzen zen Gipuzkoako eta Euskal Herriko kostaldeko ezein bazterretan, bere ausardia eta trebetasuna behin baino gehiagotan frogatuz, 1866an itota hil zen arte.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude