Itsas bazterreko espazio urbanoaren egituraketa eta eraiketa (III): ur-fronteetako arkitektura xelebreak

Zabalgunearen progresioak Kontxako kurbak itsas bazterrean sortzen zuen ur-frontean ere azkar izango zuen eragina, agertzen ziren hiriko altzari eta gainerako pieza berriek itsas bazterreko paisaia adierazkorraren izaera finkatuz. Zabalgunearen erremateak garai hartan Donostiak izan zuen ondare urbanoaren kohesioari lagunduko zion izugarri. Horrela gauzatuko zen denboraren iraganean Donostia itsasoko bornearekin identifikatzen duen irudi urbanoa[1].

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

1. Itsasbazterreko baranda ezagunaren aldaerak Kontxako badian.

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

2. Erlojuak eta hiriko altzariak Kontxako hegaleko pasealekuan.

Hiriko forma berriak aldaketa sozial, ekonomiko eta kulturalei aurpegia jartzen zien bai marraztutako planoetan eta baita lurraldearen eraldaketa fisikoan ere. 1860ko hamarkada amaitzear zegoenean, gertaturiko aldaketa inportanteak atzera bueltarik ez zutela izango garbiro ikusi zuten Donostian, portua bigarren mailan geldituz Pasaiakoaren aldean[2]. Nobedade honek Donostiako errealitate urbanistikoaren panoramari bultzada instituzionala ematen zion bereganatzen zihoan konfigurazioaren mesedetan[3]. Portu-hiri eta plaza militarra izan zenak bainuetxe-hiriari eman zion ongietorria, industriaren arrastoak ezkutuan gordeta. Bitartean, Bilbon urte batzuk geroago gauzatuko zen asmo antzuaren gisan, nazioarteko erakusketa antolatu nahi izan zuten Donostian ere, hiri turistikoaren sinbolo-adierazle izan zitekeena[4].

3-p-124-balneario-invierno-concha3. Kontxako neguko bainuetxearen marrazkiak.

Egitasmo honekin argi dago militarren saiakera edo maniobra kanpoa hiriarentzat irabazi nahi zela itsas bazterreko Alderdi Eder parteko hareatzan, hasieran modu probisional honetan izango bazen ere. Komertzioen eta saltzaileen mesfidantzak laster piztu ziren. Horrez gain, 1872an II. guda karlista hasi zenez bertan behera gelditu zen erakusketaren antolaketa. 1905ean, aldiz, Donostiako sutearen 100 urteak gogoratzeko prestakuntzen barnean (1913rako) Nazioarteko Erakusketa Unibertsala berreskuratu nahi izan zuten, helburu horrekin sozietate bat ere eratuz. Itsas bazterrean baino Urumearen barneko bailarak aprobetxatuko zituzten oraingo honetan, uraren presentziak, trenbidearen hurbiltasunak eta tranbia sareak lagunduta. Itsasadarreko lur lauetan pasealekuei eta bestelako kondizio urbanistikoei bidea egiteaz gain (zabalguneari bultzada emanez) hiri turistikoarentzako propaganda iturri galanta izango zelakoan. Bestalde, proposamenaren gehiegizko arriskuak eta baliabide eskasia kontrajartzen ziren, halako egitasmoak populazio askoz handiagoa zuten hirietan baino egiten ez zirela gogoratuz (Bartzelona, Milan, Paris, Chicago…).

4-p-242-expo-internacional-18734. Donostian planteaturiko Nazioarteko Erakusketaren planoak (1873).

Lortutako onurak galerak konpentsatuko ez zituelakoan, 1908an beste erakusketa proiektu txikiago bat planteatu zen berriro itsas ondora gerturatuz, Gros parteko iparraldean. Itsasoaren hurbiltasuna ezinbestekotzat jotzen zuten. Azkenean Udalean ikuspunturik errealistena inposatu zen toki aproposaren gabezia argudiatuz. Paduren erabilgarritasuna, urbanizazio azpiegitura egokiak eta beharrezko obra guztiak hain denbora gutxitan burutzea oso zaila ikusten zuten. Bilbon nahi izan zuten gisan, Donostian ere erakusketa horretarako altxatutako bizpahiru eraikin enblematiko iraunarazteko izango ziren, sutearen urtemugaren memoriari eskainitako monumentuak (horien artean justizia jauregia, burdinazko eta kristalezko pasabide estalpeduna negurako eta arku monumentala). Inbertitu beharreko diru mordoak irabaziak konpentsatuko ez zituela eta, ezerezean geldituko ziren egitasmo guztiok.

Donostiar irudimenaren jaki legez ‘asmaturikoak’

Ikuspegi turistiko honen gailentasunak aspektu estetiko urbanoen lehentasuna eragin zuen argiro Donostian. Esan bezala, garai bateko premisen araberako ordenuak itsusitasuna ezkutatzea eta urruntzea eskatzen zuen. Kortazarrek berak espazioak banatzearen aldeko apustua egiten zuen zabalgunearen memorian, hiru talde nagusi perfilatuz: bertako jende diruduna, aldizkako udatiarrak eta artisau edo langileak. Lehenengo ‘klase aristokrata’ erdialdeko etxadietan kokatuko zuen, betiko pasealekuen ondoan eta zuhaizdun kale artean. Bigarren ‘klase burgesa’ eta aldikako bizilagunak Kontxako badian eta hondartzaren aurrean, erdiguneko etxeei itsasotik zetorren ipar-mendebaldeko haize indartsua kentzeko. Izan ere, txalet erako etxeak irudikatzen zituen itsasoko lehen lerroan, atzealdean lorategiekin hornituak eta udarako beren beregi pentsatuak. Eraikin publikoak, enparantzek eta hondartza ondoko lorategiak (Alderdi Eder) hiri turistikoaren balioen sinbolo bilakatuko ziren. Alderdi Ederreko parte horretan militarrek zeukaten maniobra-zelaia lorategi bihurtzea edota itsas bazterrean kokatu nahi zen aduanaren ordez kasinoa eraikitzea izango ziren beharbada, kontzepzio aldaketa horren sinbolorik behinenak, ur-fronteetako paisaia urbanoetan eragin indartsua islatuz. Langileak eta artisauak urrutiago kokatu zituen, San Martin auzoaren inguruan eta dentsitate garaiagoko etxaldeetan, espazio askoz murritzagoarekin. Etxebizitza guzti-guztiek, hori bai, estetika uniformea mantendu beharko zuten, eraikuntzarako ordenantzetan bildutako araudi zehatzekin eta banaketa espazial horizontalaz gain estratifikazio sozial bertikala ere erdietsiz. Klasifikazio sozialaren arabera, eraikitzear zeuden zonalde urbano desberdinetara mugatuko ziren gizatalde klasistako partaideak. Industriako jornalariak zabalgune burgesetik at leudekeen auzuneetan kokatuko ziren azkenean.

Hiriaren ikuspegi guztiz funtzionalista gauzatuko da beraz urte hauetan. Hiri zaharrean suposatzen zen ustezko elkarbizitza ahantzita (aipatu ditugu, hala ere, portuko espazioko eta harresien barnekoaren arteko gorabeherak), Donostiako eliteek euren buruaz eta ingurukoez eduki nahi zuten irudiari egokitzen zitzaion hiria hobetsi zuten behin eta berriro. Horrek guztiak, itsasoarekiko eta orokorrean ur-fronteekiko hurbiltasun-urruntasun erlazio topologikoak inplikatzen zituen; hauek baitziren espazio urbanorik baliozkoenak.

Garaiko ‘gentrifikazio’ prozesuaren eredu, nahiz eta garaian hitz horrekin ez ezagutu, betiko jende multzoak ohiko espazioetatik desagertu araziz klase altuagoko populazio berriari eskaintzen zitzaizkion ingurune pribilegiatuak uretatik gertu. Donostian jende apala, langileak, txiroak eta marjinatuak kalitatezko ur-fronteetatik aldentzea izan zen gentrifikazioaren eta segregazioaren emaitza. Bilbon aldiz, itsasadarrak bizkarrezur banatzailea markatzen zuen ezkerralde industrialaren eta eskuinalde burgesaren artean. Ibaia gurutzatzeak espazio urbano txit desberdinetan murgiltzea esan nahi zuen, estetika, ordenamendu eta klase sozial kontrakoen adierazgarri. Bai batean eta bestean (Bilbon eta Donostian), industriaren edota turismoaren aitzakiarekin, ur-fronteek ez dituzte bakarrik hiriaren ehundura edo hirigintzaren nondik norakoak baldintzatu, baita gizarteak espazio horiekin zeuzkan bizikidetza harremanak eta irudimenezko bizipen sinbolikoak ere. Monumentuek, arte adierazpideek zein elementu estetikoek hartu-eman horien zilegitasuna frogatzen dute.

Monumentaltasunik adierazkorrena maiz ur-fronteetan garatutako eraikuntza arkitektonikoak bereganatuko du Donostian, klasizismotik eklektizismora doazen XX. mendeko azken hereneko urteetan, ‘revivalismoaren’ tendentzia ‘neo’ guztietatik pasatuz. Alderdi Ederreko kasinoaren ustiatzaileek Kursaalekoa eraikiko zuten Urumea ibaiaren bokalean, gaur egungo Moneo arkitektoaren Kursaalak betetzen duen zoruan, gerora Donostia postmodernoaren ezaugarririk sinbolikoena bilakatuz, hiri guztiek erakargarritasunerako batak bestarekin duten elkarren arteko lehia bizian. Borroka horren zeinurik behinenak arkitektura liluragarriak lirateke, Bilbon Guggenheim museoak edota Euskalduna Jauregiak Abandoibarrako industriaren ondorengo paisaia berreskuratua ibaiaren ertzean egituratzen duen gisan, Donostian ere Kursaal jauregiak itsas bazterreko hiriari zentsua emanez eta, era berean, Zurriolako hondartzaren handitasuna berreskuratuz.

5-kursaal5. Kursaal jauregi berri garaikidearen perspektibak Zurriolako hondartza ginean (Moneorena).

Arestian aipatu bezala, P. Ugartemendia eta S. Pérez[5] arkitektoen Donostiarako etorrerak arkitektura neoklasikoaren presentzia areagotuko zuen hiriko zabalgunean. Hala ere, funtzioaren eta formaren arteko erlazioaz arduratzen ziren profesional hauen tendentziak kutsu ikasidun alternatiba gisa geldituko ziren, XIX. mendean arkitektura klasizistaren nolabaiteko iraupena baldintzatuz. Horrela, konposizio klasizistak eraikinen diseinuak baldintzatuko zituen baina eklektizismoaren apaingarritasunak eta eraikuntzako materialen aberastasunak eraikin publikoetan zeukan zeresan nabariarekin[6]. Hogeita bost urtetan Donostian buruturiko arkitektura gehienak eklektizismo frantsesa izango du eredu, ‘Beaux Arts’ edo ‘Bigarren Inperioko’ estiloak burgesiari aukera ona eman baitzion ongizatearen eta irudi kosmopolitaren errepresentaziorako. Pariseko eragina oso nabaria izan zen Donostian ez bakarrik eraikuntza arkitektonikoan baizik eta beste elementu urbanoetan ere (adibidez gaur egun Urumea ertzeko Frantziako Pasealekuan dauden Wallace iturriak kariatideekin, e. a.).

6-ugartemendia-1815-p-1766. Ugartemendiaren hiri-ikuspegiaren eraginak bultzaturiko Donostia historikoa berregiteko plan klasiko eta, oro har, ideia konkretu batzuekiko fideltasuna zerienak (1815).

[1] 1868an “La Fe” enpresako jabeek eman zioten jarraipena Kontxako hondartzako paretari. Ondoren kontrolpeko zonalde berezia izendatuko zuen gobernuak, urte bete beranduago udal arkitektoak pareta luzatuz. Zabalguneko lurzoruen salmentan ere, aldi berean parte zaharra eta zabalgunea lotuz Kontxatik edo Zurriolatik hurbil gelditzen ziren partzelek prezio handiak hartu zituzten, erdigunean txertatzen zirenekin batera. Horrek adierazten digu enkanteetan itsasoaren gertutasunak eta, oro har ur-fronteen balio urbanoak garaiko estetika eta gustuetan nagusitzen hari zirela.

[2] Igeldo eta Santa Klara uhartearen arteko dikearen ideia 1889rarte ez zuten alde batera utziko.

[3] Donostiako botere burgesaz gain probintziako egitura politikoek ere izango zuten zeresana erabaki horietan (Foru Aldundiak Pasaiako portua bultzatzeko erakunde pribatua onartuko zuen). Ehun urte lehenago gatazka berdintsuak, distantziak salbu, gertatuko zen Bilboko nahien eta Bizkaiko jaurerrikoen artean, Silvestre Pérezen Bakearen Portuko zabalgune ilustratuarekin. Kasu horretan Bermeo eta kostako beste portu batzuen eraginkortasun galera zegoen jokoan.

[4] Oraindik gutxi erabilitako itsas bazterreko espazioak aprobetxatuko zituen gainera. Aurreko sarrera baten genionez, saiakera askoz apalagoa antolatuko zuten XX. mendearen erdialdean portuko “Portaviones” delako eraikina eskenatoki izanik.

[5] Akademian Ugartemendiaren irakasle izandakoa.

[6] Berrezarpenaren (Restaurazioaren) garaian (1876-1902) Donostian oso argi zeukaten jada aisialdirako eta turismorako aktibitateak ezin zituztela ahaztu, monarkiak aukeratua baitzuen udako bizileku gisa.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude