Itsas bazterreko espazio urbanoaren egituraketa eta eraiketa (II): Kortazarren traza urbanoa eta salbuespenak

Kortazarrek lurzoru zabalak aurkitu zituen padurako azaleretan. Gainera, lurrak publikoak ziren eta beraz Udalak ez zuen ordainsaririk eman beharko. Hirigune zaharraren arteria batzuk luzatzeak zabalgunearekin artikulazioa areagotzeko zilegitasunaz kontu egin zuen Kortazarrek. 1813. urteaz geroztik hiria berregiteko bildu zen Zubietako Juntak termino zibikoetan pentsatu zuen hiriaren jarraipena (hau da, gizarte antolaketari dagokionean), baina baita urbanoetan ere, obra kolektibo lez. Gainera, urte hartan gertatuko amesgaizto eta zoritxarraren memoria historiakoa ezabatzeko nahietan burutuko zen, nola edo ahala, berreraikuntzako prozesu guztia.

Bestalde, XIX. mendeko erdialdea baino lehen Kantauriko herrialdeetan kostaldearen ustiakuntza turistikoaren aldeko ideiak gailentzen hasiak zirela ezin ukatu, komertzioarekin eta negozioekin batera beste ikuskera hori ere atzemango zelarik Donostian, nahiz oraindik merkatalgoak eduki presentziarik handiena. Kantauriko kosta-lerro horretako itsas portu ziren beste hiriburu batzuk ere (Santander adibidez) nukleo zaharraren aldamenean hiri zabalguneak hasi ziren planteatzen. Donostiaren kasuan, harresien bestaldean hiri berri bat eraikitzea behin-behineko hazkunde beharrak asetzeko soluzioa izango zitekeen, baina luzarorako iraungo ez zuena, itsasoaren, ibaiaren eta barnealdearen arteko hiri-ehunduraren egituraketaren arazo printzipala konpontzeke. Badiako hareatzaz, Urumeako bihurguneez eta lurralde paduratsuaz gain errepide berrien trazak ere baldintzatuko zituzten zabalguneen aurreproiektu lez agertutako hiri-plano jaioberriak. Zurriolako zabalgunea eta halako beste egitasmo batzuk bigarren mailakotzat geldituko ziren beraz, baldin eta harresiak botatzea ezinezkoa bazen. Zabalgune proiektuak aurkezteko deitutako konkurtsoaren oinarrietan argi eta garbi azaltzen zen lehen-lehenik merkatal hiri zela Donostia, hiri zaharraren eta berriaren arteko loturan portuko espazioa zaintzea ezinbestekoa zelarik.

Hala ere, Donostiako kontrakotasunak zabalgune aurretik jada nabarituz, hiri berriari ematen zioten lurraldeak urte batzuk lehenago Wissocek proposatzen zuen portuaren handipenerako zonaldea hartzen zuen. Udalak ez baitzuen portutzar horren instalazioan ziurtasunik batere ikusten edota agian hipotesi ezinezkotzat zuten. Itsasoak, ibaiak eta eraispen prozesuan zeuden harresi zaharrek zabalgunerako puntu estrategikoak markatuko zituzten. Puntu horietan topografiaren xehetasunei loturiko arkitekturak egongo ziren; ibaia zeharkatzeko zubia, defentsako arkitektura militarrak eta itsas garraiorako portua.

 

Zabalgunearen ‘oztopoak’…

Printzipioz, zabalgunerako marrazturiko irudiak harresien kanpoko azalerari egokituriko esparru eta perimetro irregularra barnebiltzen badu ere, argi adieraziko du Kortazarrek konfigurazio nahiko mugatua duela, beste hiri batzuetako indeterminazioaren aurrean. XIX. mendearen azkenaldian Donostiako etorkizuna eraikitzen zebiltzan profesional haien nahia, hortaz, lurraldearen irregulartasunean teknika urbanistikoaren erregulartasuna ezartzea zen. Hala ere, batik bat ur-fronteekin loturiko muga-lerroek zeharo konplikatzen zuten eginkizuna: mendebaldetik Kontxako badia baitzegoen, ekialdean Zurriola; horrez gain inguruneko mendixkak eta itsasadarraren bihurguneak kontuan hartu beharreko oztopoak izango ziren.

Lehenengotan komertzioaren beharrak gailenduz, Kortazarren planoan espazio irekiak, lorategiak, parkeak eta pasealekuak ez ziren erruz agertuko, jeneralean lur-jabeen eta merkatarien interesei moldatutako etxalde handi patiodunak proiektatuz. Ardatz nabarmenenak Kale Nagusiaren luzapena eta hondartza eta ibaiaren arteko zeharkale zabala izango ziren, Urumeako zubiraino helduz. Zona komertzial inportanteena portu ondoan zegoen, bertan bestelako biltegiak eta lonjak eta etxabeak ere iragarriz. Aurrekari guzti hauek boterea eskura zuten estamentuei ematen zieten hirigintza euren erara moldatzeko eta antolatzeko aukera, premisa estetiko eta teknikoak modu batean edo bestean zeharo ezabatuz.

Kortazarrek Donostia itsas portua izatearen aukera aprobetxatu nahi izan zuen, eta trenbidea porturaino eramateko ikusten zuten posibilitatea ez zuen galdu nahi. Etorkizunerako garantia portuko jarduera komertzialean ikusten zuten orduan eta horrekin batera aurrera egiteko indarra, portuarekin batera bai trenbideak ate baita zabalguneak ere zentzua hartuz (zabalguneko kale zeiharrak badiarako norabidean zabaltzeko eskaria adibidez adierazkorra izan zen, Kontxan eraikitzeko zen portu handirako trafikoa errazteko). Kortazarrek zabalgunearen lehiaketara aurkezturiko planoan erraz nabaritu daitezke hiriaren eta itsasoaren arteko lotura-guneak. Muga hauen tratamendua desberdina zen bai Kontxa partean hondartzaren kurba hartuko zuten etxeekin (hauek ziren besteetatik diferenteenak, hareatzaren eta hiriak itsas bazterrean egiten zuen lerroaren arteko posizioan[1]) edota ibaiaren ertzeko antolaketarekin, gainontzeko hiriaren erregulartasun kartesiarrari uko eginez. Itsasadarraren meandroak leuntzeaz eta zuzentzeaz gain Amara aldean moilako espazioa marrazten zuen, zeregin komertzialek hala eskatuko bazuten. Lehiaketaren ondorengo 1865eko planoan ur-fronteetako xehetasun hauek jarraitzen dute, Amarako parkea jadanik desagertuz. 1869ko Lafargarenean, ostera, zabalgunearen portu ondoko lehen etxalde-ilara desagertzen da egiteko ziren nasa berriak beharko zituen espazio zabal zamarrak zirela.

Urumearen iparraldeko lurrak okupatzea zilegi ikusten zen baina hegoaldean 1859ko portu handiaren proiekturako lurzoru erreserba egitea derrigortu zuen espainiar estatuko gobernuak, ‘dock’ direlako portuko estrukturak jartzeko asmotan. Proiektaturiko nasak hiri berritik aldenduta zeudenez, urteetan zabalguneak hedatzeko aukera izango zuen baina zenbait aldaketa eginda. Oso adierazgarria baitzen Kontxako aldean konfiguratu zitekeen itsas bazterreko portu-hiria. Konpondu berri zegoen portu historikoari Santa Klarako ainguralekua gehitu behar zitzaion, Urumea ertzeko nasak eta badiak beteko zuen papera aurre-portu gisa. Horrela, Kortazarrek berak idatzitako Zurriolako hormatzarra izango zen zabalguneko aurrekari garrantzitsuena.

Halaber, hemendik aurrera gauzak ez ziren bere horretan geldituko. Laster turismoari eta uda-pasa zihoan jendeari zuzendutako hiria nahiago zuten ahotsak hasiko ziren entzuten, horretarako aitzakia zabalguneen lehiaketan bigarren gelditu zen Saracibar-en planoan irudikatzen zen zumardia izanik, hirigune historikoaren eta zabalgunearen arteko muga markatzeko (hirigune zaharreko hiru etxaldek zuten luzera berdina erakusten zuen portikodun plaza ere ageri zen. Horrez gain, Amara aldean parke handia proiektatzen zuen, geroago kalez eta etxaldez beteko zen espazioan). Donostiaren etorkizunari buruzko ikuspegi desberdinak adierazten zituzten bi joerek “alamedisten” eta “antialamedisten” izenarekin bataiatu zituzten baina sekulako garrantzia izan zuen kontzeptu aldaketa eragingo zuen hirigintzan eta, oso zuzenki, hirigintzak ur-fronteak nola ordenatu beharko zituen eztabaidatzerakoan. Kortazarrek pasealeku publiko eskuzabala ezartzen zuen ibaiertzean eta portuarekin derrigor izan beharreko erlazioak beren-beregi goraipatzen zituen. Eraikin publikoen artean kokatzen zituen aduana eta portuko lonjak ere. Donostiako inguraldeak natur baldintza paregabeak zeuzkala eta, parke espaziotsuak zabalgunetik at imajinatzen zituen.

Saracibarren eta Kortazarren aurreproiektuetaz gain beste batzuk bitartekoak kontsideratu ziren soluzioak planteatzen zituzten; adibidez hondartzatik gertuen zegoen espazioan enparantza bat eraiki eta gainontzeko orubeak etxebizitzari ustea. Kuriosoa bada ere, sortutako debate ekonomiko politikoak hirigintza eta hiri ikuspegia (estetikoa) izan zuen eskenatoki konkretua. Eskenatoki horretan Kortazarren planoak gehiengoaren oniritzia zuen baina, aldiz, beronek prestatu zuen hiri komertzialaren trazek aldaketak jasan beharko zituzten hiri ‘turistikoaren’ mesedetan. ‘Turismoaren industria’ indarberrituz, egoerak buelta eman zuen eta aurrerantzean alderdi komertzial eta industrialek ere izango zuten lekua, baina turismoa hobetsiko zuen hiri ikuskeraren azpian. Kortazarren egitasmoak Saracibar-ek proposatutako zenbait aldaera onartu beharko zituen eta zabalgunearen lehen fase horretan eramango zuten aurrera ibaiko urak eusteko pareta San Telmoko ingurunetik XIX. mendeko 70. hamarkadan lehen aldiz harriz eraikiko zuten Santa Katalinako zubiraino. Ur-fronteei sekulako garrantzia emanda, itsas bazterrean kokatuko ziren Aduana eta biltegien toki pribilegiatuan Alderdi Eder eta kasinoa jarriko zituzten, maniobretarako kanpo militarra eta porturainoko trenbidearen sarrera birmoldatuz. 1867an Eleuterio de Escoriaza arkitektoak Kortazarren planean oinarrituta egin zuen planoaren aldaerak Boulebard zumarduna aurreikusten zuen jada, kasinoa oraindik agertu gabe. Zabalgunea mugatuko zuten hormatzarrak ere bazeuden eta trenbidearen bidea porturaino markatzen zuen, portuko proiektu handiak suposatuko lukeen zabalgunearen mugapena ia guztiz ahaztuta[2]. Hiriko kaleetako galtzadaz eta argiztapenerako hiri-altzariez ematen ziren zehaztapen batzuk. Eraikinetan aipatu dugun bezala, erabili beharreko harria adibidez Donostia ingurukoa izatea hobesten zen.

1-vista-sta-clara-eta-nautikoa1. Hiri zaharra eta berria portuarekin nahiz Kontxako badiarekin elkarlotzen diren puntu estrategikoena.

2-vista-kasinoa-nautikoa-eta-alderdi-eder2. Kale egituratzaileak itsasbazterrarekin gurutzapena duen tokian Alderdi Ederreko parkeak hartzen du arreta nagusienetakoa Donostiako hiri-eskeman.

3-p-106-esquema-boulevard-puerto-alderdi-eder3. Aipatu eskemako ardatz longitudinal garrantzitsuenak alde batean eta bestean hiriari estruktura ulerkorra, bizitasuna eta koherentzia ematen dizkio.

[1] Kontxara aurretik irekidura zuten eta lorategitxoa atzealdean. Kontxako fronte horretan eraikuntza nahiko heterodoxoa agertuko zen aurrerantzean. Diseinuek neo-errenazimenduko estetika inportatuko zuten, berezitasun kutsua adierazteko modan zeuden estiloekin.

[2] Espazio eta pasealeku horiek singulartasunez tratatzen hasiko dira, harrizko eta burdinazko jesarlekuekin eta bestelako elementu esanguratsuekin.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude