Unibertsitatea.Net

Blog komunitatea   Sar zaitez blogera

2007/06/27 18:17:50.759 GMT+2

Sestaoko azken dorre industriala. Eroriko al zaizkio bere almena zaharrak?

‘Altos Hornos de Vizcaya’ enpresak Sestaon duen labe garaia Monumentu deklaratu zuen Eusko Jaurlaritzak orain dela zazpi urte. Zenbait eztabaidaren ondoren Espainiako Gobernuak (eraikinaren jabetza duenak) berriztapena gauzatu nahi du siderurgiaren historiari loturiko interpretazio zentroa bertan finkatzeko aurreikuspenarekin, Alemaniako ereduari jarraiki.

 

Bi labe biki eraiki ziren 1959. urtean. Bata 1999an birrindu zuten eta hirugarren bat ere bazegoen: María Ángeles, ospetsuena eta handiena; Indonesiara eraman zutena. Monumentu izendapena ez zaio bakarrik labearen egiturari egokitzen, baita inguruko tresneriari ere: tximiniak, estufak, kolada egiteko nabeak eta kargarako plano zeiharrak. Hauek guztiak eratzen dute paisaia ugertuaren azkeneko ikuskizuna. Itsas bazterretan, ibaien ertzetan, industriak taiuturiko hiri eta herrietan; han-hemenka, industriaren osteko toki arkeologikoak hilerri bihurturik dakusagunak.

 

 

1.- ‘Altos Hornos de Vizcaya’ (AHV). Labe garaiaren aurriak (2006).

 

Industriaren paisaia ‘arkeologikoa’ ote?

Aipatu ideiaren garapenetik datorkigu 'industri arkeologia' deitu izan den jakintza arloa. Gai hau dela eta, guregandik gertu saiakerak aurrera eraman dituzten idazleen esanetan, "egoera arruntean mesprezatuta leudekeen elementu arkitektoniko edota lanerako espazioen balioaz kontu egitea"* litzateke industri arkeologiaren bene-benetako funtzioa, eta azken funtsa aldiz, "egungo zientzialariei eta ikerlariei iragan denboran agorturiko arrastoetan norberaren atxikimendua ezagutzea ahalbidetuko liekeen baliabideak gerturatzea"*. Halaber, badira jada berrogeita hamar urte terminoa lehenengoz erabili zenetik, eta, hala ere, oraindik zailtasunez hartzen dugu 'arkeologia' eta 'industria' hitzen elkarketa arraro samarra. Zentzu honetan, 'arkeologia' ikerketa historikoaren metodoari dagokio, antzinateko aztarnetan oinarritua. Bitartean, 'industrial' deritzonak ikasgaiaren muinoa mugatuko luke, eraikin eta estruktura anitzak, konposaketa eta euskarri plastikoaren aldetik berebiziko garrantzia duten makinak eta arkitekturak nabarmenduz (hala nola, ingeniaritzaren estetika). Produkzioa ziurtatzeko ez ezik komunikaziorako edo lehengai materialak helarazteko industriak behar-beharrezko zeuzkan elementu oro. Berauek dira 'paisaiaren arkeologia' hori modelatzen dutenak, behin-behineko 'arkitekturaren arkeologia', 'tresnaren arkeologia' eta antzerako definizioen adierak erabat gaindituz. Hala izanik, 'industriaren arkeologia' delakoak beste kontzeptu bat dakarkigu adimenera; 'lanaren arkeologia', garraiorako eta orokorrean ustiapenerako sare nagusiak biltzen dituena, batik bat ‘monumentu’ horien ezagupena bultzatzeko erantzukizunarekin.

 

 

2.- AHVren labe garaiak ibaiaren bestaldetik. 1998ko argazkia.

 

Tresna, artea eta kultura materiala

Hirigintzaren eta arkitekturaren baitan, "hiriaren eta fabrikaren eraikuntzan gorpuzturik, industrializazioak inposaturiko birmoldaketa sutsuaren atalik bikainena nabari daiteke"*. Jakin dugu Sestaon oraindik bizirauten duen azken labe garaiaren aurriak udara eta gero hasiko direla konpontzen eta berreraikitzen. Babes ofiziala bazeukaten ere, duela urte bete Altos Hornos de Vizcayak eskaera egin zion epaitegiari babesa ken zezan, ezin baitzuten mantenuko eta berrikuntzako gastuei aurre egin. Industri Ondare eta Herri Lanerako Euskal Elkarteak suntsipenetik aldentzea lortu zuen labea berriz ere eraispen arriskuan zegoen. Aldi berean, Barakaldon eraikiko duten Prometxetako beste dorre postmodernoak garabien itxura imitatuko omen du, industriak gure adimenean sustraituriko forma nahasien oroitzapena guztiz ez ahazteko.

 

 

3.- Batzuk lasai asko parekatzen dizkigute eraikin postmoderno argitsuak industriak utzi zigun ikuspegi nabarrarekin. Gris kolorekoa, arrea eta beltzarana nonbait. Abandoibarrako dorrearen imitazioz edo, Barakaldon ez dute gutxiago izan nahi metropoliaren itxuraldaketa proposatzerakoan.

 

Memoriarik biziena protagonista izan ziren langileek gorderik dute, berreskurapenean arretarik handiena dutenak. Hauek ez dira joandako pasarte galduen testigu, gure artean ditugu lekukotasun hori egiaztatzeko. Eliza erromanikoak Europako eta, oro har, Mendebaldeko kulturaren monumentuak bailitzan onartu baditugu guregandik hurbileko labe garaiak ere ez lirateke gutxiago izango, garai konkretu bateko adierazle kultural diren heinean. Laburki esanda antzinako gizartean erlijioa, politika eta ekonomia elkarloturik zeuden. Modernitateak kulturaren esparruak sakabanatu zituen hainbat erakundetan: politika, zientzia, artea, erlijioa edo ekonomia bakoitza bere aldetik ulertzeko ez dugu aparteko zailtasunik aurkitzen, pentsaera modernoan hezi garenok. Honela, edozein monumenturen aurrean adibidez ‘XIII. mendeko eliza’ diogunean, ‘gotikoa’, lehenik eta behin epe historikoa ari gara jartzen. Bigarrenez erlijioaren gailentasuna gogora dakargu eta segituan estilo artistikoa zehazten dugu, ‘gotikoa’ alegia, artea deitzen dugun kulturaren atal hori sailkatzeko asmatu duguna. Industriaren arkitektura ‘monumentu’ izateak ez digu ezer askorik aldatzen ondare kulturalaren klasifikazio sistemetan. Batez ere, modernitateko ezaugarri garrantzitsu bati arte izaera emango genioke, ekonomia eta produkziorako moduak bere kezken arteko lehen postuetan zeuzkan gizarte hartako etekin oparoenak.

 

 

4.- AHVren Sestaoko lantegia trenbidearen aldamenean (2004).

 

Eliza erromanikoen portadetan, kapiteletan, arkiboltetan, tinpanoetan zein pantokratorrrean identifikatzen ditugun irudiak arte bezala kontsideratzen ditugunean, eskulturak eta erliebeak hain zuzen, esperientzia estetiko konpartituaren partaide garela ezin dugu ukatu. Errepresentazio horietan guztietan, nola ez, funtzio didaktikoak berebiziko inportantzia zuen. Estilo artistikoen garapenean teknologia eraikitzaileen zeresana ere begi bistakoa izan da beti. Modernitatean maila handiko industriaren ezarpenak teknika eta baldintza batzuekin jokatu behar izan zuen: ekoizpen prozesuetarako tresneria, etnografiaren ikuspegik ‘kultura materiala’ deitu dezakeguna eta propio geurea den begirada modernoaren menpean esperientzia estetikoaren pizgarri litzatekeena. Ebidentziaz agertzen zaigunaren azpitik haratago dugun begiratzeko era landuak zabaltzen digu estetikaren ate iheskorra, Bernd eta Hilla Becher artistek ur-andelen (biltegien) eta labeen argazkietan erakutsi ziguten gisan. Bernd & Hilla senar-emazteen lanak eskulturako saria merezi izan zuen aspaldi. Ez ordea, argazkien balio artistikoarengatik baizik eta irudi horietan industriaren arkitekturak kontzienteki bereganatzen zituen balore estetikoengatik.

 

 

5.- Bernd eta Hilla Becher. Labe industrialen irudi ‘eskultorikoak’. Argazkiaren iturria: ZWEITE, Armin (ed.). Bernd & Hilla Becher. Typologies, Massachusetts & Munich, The Mit Press., Massachusetts Institute of Technology, 2003-2004.

 

Katedralak erromanikoak, gotikoak, berpizkundekoak nahiz barrokoak diren neurrian fabrikak ere modernistak, eklektikoak edo arrazionalistak izan daitezke. Horiek estilo artistikoak dira, ondare kultural eraikia zuhurtziaz izendatzeko adostuak. Salba ditzagun beraz Bilboko azken labe garaiak bestelako eginkizunak betetzeko bada ere, edo inolako funtzio erabilgarririk izan ez arren; halakoak ohi dira objektu artistikoak, helburu praktikorik gabeak. Monumentu bilakaturiko eliza zaharretan ere jadanik ez da meza larregi ematen.

 

 

6.- Bilboko itsasadarreko industri aroaren zeinurik nabarmenena eta boteretsuena, biztanleon oroimenean sendo erroturikoa eskala txikiko maketa eran topa dezakegu industriari lapurtutako espazio interbenituak apaintzeko. Kasu honetan Bilboko Erakustazoka berriaren aldamenean.

  

(*) IBAÑEZ GÓMEZ, Maite; SANTANA EZKERRA, Alberto; ZABALA LLANOS; Marta: Arqueología industrial en Bizkaia, Bilbo, Eusko Jaurlaritza (Kultura eta Turismo Saila), Deustuko Unibertsitatea, Deiker, 1988, 6. or.

Nork: isusko vivas.2007/06/27 18:17:50.759 GMT+2
Etiketak: estetika labea arkitektura monumentua estiloa industria | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

Idatzi artikulu bat





The CAPTCHA image

Irudian agertzen diren letrak idatzi beheko kutxan. Spammerrei aurre egiteko CAPTCHA metodoa da hau Captchas.net zerbitzuari esker



bisitari