Hiriaren muinotik kanporantz goazen heinean, hirigune historikoaren identitatea eraldatu eta galtzen da errepideetako eskulturatxoetan. Hiri-espazio publikoan monumentu sinbolikoak agertu beharko luke oroimen edota memoria kolektiboaren lekukotasuna.
Lurralde hiritartuaren baitan, eskultura izan daiteke abstraktua, errepresentaziorik gabekoa edo hirian aurkituko dugunaren propaganda aurreratua. Horrez gain, baditugu kontsumorako egiturek arreta erakartzeko kokatzen dituzten figuratxoak eta robotak. Hementxe sartuko ginateke Jean-Charles Massera antropologoak dioen “lurraldearen antolaketa atzerakoian”. Definitu genezake horrela, alegia, egun ‘EuskalHiriak’ adierazten digun hiri lurraldetua?
<<EuskalHiria>>
Dakigunez, sarritan kontzeptu literario bezala ulerturiko ‘Euskalhiria’ terminoa maiz erabilia izan da lurraldearen antolakuntzaz eta kudeaketaz arduratzen diren diziplina zientifikoetan. Hau da, hirigintzaren eskalak gaindituz, hiri ‘lurraldetuan’ edo lurralde hiritartuan barneratzen garenean. Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) administrazioetatik (Eusko Jaurlaritzako Lurraldearen Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Sailetik zein foru aldundietatik behinik behin) planteatzen diren egitamu eta plangintzetan EuskalHiriaren ideiak pisu nabarmena izaten du. Alde batetik, Hego Euskal Herrian behintzat, zenbaitetan paisaia idiliko lez imajinatzetik dentsoki urbanizaturiko lurraren irudia izaterainoko bidea egin behar izan dugu, batez ere hogeigarren mendearen erdialdetik aurrera industrializazioaren erabateko finkapenaz eta biztanleriaren hazkundeaz. Bestetik, distantzia laburren eraginak sinergia nabariak sorrarazi ditu Hegoalderago dugun Euskal Herri horretako hiru hiriburuen artean. Gaur egun, ez da arraroa gutariko askok zenbaitetan Gasteizen gosaldu, Donostian bazkaldu eta Bilbon afaltzea. Horra hor, beraz, ardatz atlantikoa deitzen zaion gune urbano hirukoitzetako bat; Gasteizek, Donostiak eta Bilbok eratzen duten EuskalHiria.

1.- EAEko hiriburuak.
Bestalde, ezin esan EuskalHiriaren mugak hegoaldean gelditzeko asmoa dutenik. Badira urte batzuk Baiona - Donostia Eurohiria mugaz gaindiko ikusmolde metropolitar eta bateratuaren ekimenak ere, nola edo hala, bere horretan dirauela. Ia Zarautzen hasi, Donostia eta Pasaia iragan, Txingudiko badiatik Hendaiara igaro eta handik Biarritz, Anglet eta Baionaraino helduko omen den etenik gabeko lurralde-espazio ‘hiritartua’. Mugarri fisiko eta geografikoak neurri batean kendu badizkigute ere, alde bateko zein besteko lokarri kultural berezituak sendotzea lan potoloagoa da, batez ere herrialde desberdinetako erakunde ofizialen baldintzapean eta haien baimenaz jokatu behar denean.
Hiri soziologia eta antropologia urbanoaren zilegitasuna lurralde hiritartuan
Neo-Basque arkitekturan oinarrituz 'revivalismo' historiko gisa tradizio erregionalista sortzen da arkitekto talde batekin: neo-euskalduna. Kanpoa baserriari eta tradizioari so, baina barnealdeak arrunt burgesiaren beharrizanak asetzeko prestuak. Estilo honek bere bariazio apur bat pobreagoa, ez hain aberatsa bertzea legez, izan zuen 1920 inguruan, eta hirugarren momentu apalagoa ere etxe lapurtarrarekin. Gaur egunean ere neo-euskaldunaren barnean izugarriak dira bezeroen eskakizunak arkitektoen kezka eta kexurako bederen.
Honelaxe erakusten zuen iparraldeko arkitekto batek lurraldearen neurrigabeko okupazioak eragiten zion ondoeza. Izan ere, arazoa ez da bakarrik lurzoruaren esplotazioa baizik eta gainjartzen zaizkion tipologia eta estilo arauak, benetan inozoak, estetikoki baliogabeak eta hiriaren nahiz lurraldearen jasangarritasunean ere, gerora ziurrenik ondorio egokirik inolaz ere izango ez dutenak. Bigarren bizilekua diren etxetxoak, baserri postmodernoen itxura dutenak nonahi ikus ditzakegu. Gainera, xelebrekeriak mundialak izan daitezke: kortak eta ganbarak egitera derrigortu zaitzakete segituan garajea (kortan) eta estudioa (ganbaran) kokatzeko.

2.- Euskal Herriko paisaiak eraikinez okluituak.
Horrelaxe moldatzen ditugu gure bazterretako paisaia ‘etnikoak’: baserritxo elkarri atxikiekin, enpresa poligonoekin, errepide handiekin, denda pabiloiekin eta batzutan etxe aurrefabrikatuekin. Soziologia eta antropologia urbanoak badute zeresan etnografikoa Euskal Herri osoko lurralde hiritartuan ere. Ez dezagun bihurtu, bada, Marc Augék eta bestek dioten ‘ez-tokia’ edo ‘ez-lekua’, ‘ez-hiri’ edota ‘ez-lurralde’, ukazioz eta kontraesanez betea.

3.- Lurralde hiritartuaren inguruak (ikerketa zentroak, unibertsitateak, polikiroldegiak…).
Idatzi artikulu bat