Unibertsitatea.Net

Blog komunitatea   Sar zaitez blogera

2007/07/11 16:43:36.375 GMT+2

Liburuak lagun. Artea, arkitektura, hirigintza: HIRI-t-ARTEA

Ikasturteko lanaldi zein nekaldi guztiak pasa eta gero, opor egunak hurbil ditugula argi dago eta; langile, ikasle zein jubilatu bazara ziurrenik asti gehiago izango duzu hirigintzari, arteari edo arkitekturari buruz interesatzen zaizkizun irakurgaiei erreparatzeko. Beharbada nik lagundu zaitzaket neurri baten, baina kontuz, jarraian proposatuko ditudanak ez lirateke oporraldian ohiko diren irakurketa inozo horietakoak. Normalean ikerketa akademikoetatik eratorritako fruituak dira eta badaude administrazioek argitara emanikoak ere. Uda deskantsurako aproposa dela diote, baina deskantsua sarritan egunerokoa ez dugun beste zerbaitetan buru-belarri murgiltzea izaten da. Beraz, hilabete hauetan ere ekin lanari eta eutsi goiari!

 

Uda garaian hiriari buruz gogoeta egiten

Parada honen beta aprobetxatuko dut Udako Euskal Unibertsitateak eskaintzen duen Blogaren txoko honetan jorratzen ditugun gaien inguruan liburu sorta bat komentatzeko, udaran irakurtzea gogoko dugulakoan. Asko dira benetan hiriari zuzenean edo zeharka dagozkion aspektuak eta arazoak tratatzen dituzten argitalpenak. Bai hirigintza, arkitektura, hirian egiten den arte (zentzu zabalean), baita ikuspegi politiko, filosofiko, ekonomiko, geografiko eta sozio-antropologikoak ere. Kultura anglosaxoiaren baitan eta, oro har, mundu akademikoan azken boladan liburu anitz agertu dira. Era berean, adibidez Hegoamerikan hiriaren esparruan aspalditik duten tradizio antropologikoa ez da nolanahikoa. Lerro hauten, Euskal Herriko panoraman igeri eginez libururen bat edo beste aipatu nahi nuke, gainontzekoak hurrengo baterako lagata. Seguruenik nik neuk ezagutu eta erabili izan ditudan irakurgaietan arreta jartzea ezingo dut ekidin, baina alde horretatik agerian utziko ditut egindako ibilbidearen parte baten halabeharrez izandako aukeraketak. Batzuk jada urte dezente dute baina ez dut uste horregatik arbuiatu behar ditugunik. Beste batzuk berriagoak dira, gaur egunekoak. Den-denak XX. mendearen amaiera eta XXI. mendearen hasierako bitarte emankor horretakoak. Erakunde publikoen babesarekin sorturiko bat edo beste elebidunak dira, euskaraz eta erdaraz idatziak.

 

Euskal Herriko hirien perspektiba historikoa eta urbanistikoa nahiko ongi txertatzeko lagungarriak izan daitezke Donostiako Arkitektoen Goi Eskolako irakasle den Iñaki Galarragak, eta beste batzuk, aurkezturiko bi liburu: La vasconia de las ciudades. Bayona, Bilbao, Pamplona, San Sebastián, Vitoria-Gasteiz. Ensayo arquitectónico e iconográfico, Galarragak berak 1996. urtean atera zuena, eta: Hiri zabalguneak Euskal Herrian, Eusko Jaurlaritzak argitaratua 2002an. Horrez gain, hirigintza lurraldearen antolaketarekin Euskal Herrian nola uztartu beharko litzatekeen asmatzeko administrazioetan landutako Lurraldearen Antolamendurako Artezpideak eta lurraldearen arloko planak ere baditugu (batik bat 1990eko hamarkadakoak), baina horiek guztiak baino berriago den Jesús Mari Erquiciaren liburua azpimarratuko nuke: Del planeamiento urbanístico a la ordenación del territorio. La necesidad de un cambio de escala. El caso de la Comunidad Autónoma del País Vasco (Eusko Jaurlaritza), 2003. Bestalde, ‘hiri lurraldetuaren’ edota ‘lurralde hiritartuaren’ eskala zabal horretatik neurri txikiagoko inguruneetara hurbildu gura izanez gero, egitasmo bitxi bat gogora ekarriko dut: Ur ertzeko hiri bat. Hondarribia. Una ciudad frente al mar. A city facing the sea. Izenburuak dioen bezala, Hondarribian garatzeko proiektu desberdinak biltzen ditu, esku-hartze urbanistikoaren aldetik baina beti ere hirigintzaren, ikuspuntu eskultorikoaren eta hiriko altzari edo ‘mikro-arkitekturaren’ tarte horretan, espazio publiko historikoen atontze eta berriztapenerako. Xabier Unzurrunzaga arkitekto katedradunak editatu zuen 2000. urtean Euskal Herriko Unibertsitatearen laguntzaz. Donostiako Arkitektoen Goi Eskolan garaturiko nazioarteko ‘workshop’ baten ondorioz egindako ahaleginak biltzen ditu, baten batzuk aurreproiektu posibleak izan zitezkeenak.

 

1.- Ur ertzeko hiri bat. Hondarribia.

 

Orokorrean arteak eta zehaztuz eskulturak gure hirietako gune publikoetan sinbolikoki eta ikonografikoki nola eragiten duen ikertzeko ez dira izan lan gehiegi. Euskaraz idatzitako artikulu bat azpimarratuko dut, biTARTE aldizkariko 16. zenbakian, 1998. urtekoa: "Eskultura publikoa: sinbolikoaren eta funtzionalaren arteko tentsioa. Zoriontsua al zara?” EHUko Arte Ederren Fakultatean eraturiko ikerkuntza talde batek aurrera dihardu, ia hamar urte iragan ondoren, bihurri samarra eta eskuetatik erraz ihes egitekoa den aztergaiarekin; Ana Arnaiz irakaslearen gidaritzapean, Jabi Elorriaga, Xavier Laka eta Javi Moreno artista eta irakasleen partaidetzarekin. Euskal Herriko eskultura publikoak izan zuen bestelako isla, azken finean katalogazioko dokumentu baliagarria izan daitekeena: 50 Años de escultura pública en el País Vasco, EHU, 2000. Zuzendaria Kosme de Barañano izan zen, EHUn artearen historiako katedradun ohia, Valentziako IVAM museoko ardura hartu zuena. Liburu honetan gure herrietako eta hirietako bazterretan kokaturiko eskulturen fitxak izango dituzue eskura, alegia, zuen kaleko edo auzoko artelanak zeintzuk diren jakin nahi baduzue (autorearen izena, titulua, materialak, urtea, e. a.).

 

Blogera behin edo behin ekarri izan dugun artearen eta industriaren arteko harremanen eremuan oso ezaguna izan ez den ekarpen interesgarri bat daukagu, Fernando Golvano EHUko filosofia eta estetika irakasleak Luis de Palma argazkilariarekin batera buruturikoa: Paisajea, Industria eta Oroimena/ Paisajem, Indústria e Memória/ Paisaje, Industria y Memoria/ Landscape, Industry and Memory, San Telmo Museoak eta Cadeia de Relaçao do Porto erakundeak bultzatu zutena 1999an. Diogunetik aldendu gabe, oraintsu 6. zenbakia irten berri duen maila unibertsitarioko aldizkari bat ere badugu: Fabrikart. Arte, Tecnología, Industria, Sociedad, EHUko Arte Ederren Fakultateko Luis Badosa katedraduna buru duena.

 

2.- Fabrikart. Arte, Tecnología, Industria, Sociedad.

 

Konkretuki Bilbon gertatzen ari diren aldaketa urbanistiko sakonen harian hainbat argitalpen plazaratzen dira urtero, baina hemen arkitekturaren gidak edota publiko orokorrarentzat direnak baino zertxobait mamitsuagoa eskaini nahi nizueke. Hala izanik, alde batetik Javier Cenicacelaya EHUko Arkitektura Saileko katedradunak Antonio Román eta Iñigo Saloña arkitektoekin eginiko Bilbao. Hiri ikuspegia/ Una visión urbana/ An Urban vision, 1300-2000 ikus daiteke, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialak antolatu zuena 2001ean. Bestetik, Nieves Basurto, Paloma Rodríguez-Escudero eta Jaione Velilla EHUko Artearen Historiako Sailean irakasle diren historiagileek Bilborako XIX. mendean eta XX. mendeko hastapenean izandako proiektuak berpiztu zituzten, gaur egun ditugunekin sekulako antzekotasunak atzematen direla deskubrituz. Metroak, Guggenheim Museoak, Euskalduna Jauregiak zein Artxandako tunelak izan zuten aurrekaririk, artxiboetako paper horixketan galduak. Ikerlan bitxi horren fruitua honakoa izan zen: El Bilbao que pudo ser. Proyectos para una ciudad 1800-1940, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzaz 1999an publikatu zutena.

 

 

3.- El Bilbao que pudo ser. Proyectos para una ciudad, 1800-1940.

 

Garai horretan bertan Bidebarrieta Kulturguneak eta Eusko Ikaskuntzak, Bilboko 700. urteurrenaren ospakizunetan buru-belarri, hiriaz jarduteko Symposiuma prestatu zuten. Bertan, Bilbo hiri berriaren plangintza urbanistikoari begira aldeko eta kontrako zenbait eztabaida ernaltzeaz gain etorkizunerako falta ziren aurrera pausuak finkatu zituzten, hala nola Bilbao Ría-2000eko eta Bilbao Metrópoli-30ko kideek. Norbaiti kuriosoa iruditu dakioke BIDEBARRIETA: Bilboko Giza eta Gizarte Zientzien Aldizkaria-ren VIII-2000 zenbakian bildu ziren ponentzia eta komunikazioak konparatzea Bilbao Ría-2000ek sei hilabetean behin zabaltzen duen informazio aldizkariarekin. Gaurdaino 13 irten dira eta beraien bulegoan harpidetza eginez gero doan bidaliko dizkizute.

 

 

4.- BIDEBARRIETA: Bilboko Giza eta Gizarte Zientzien Aldizkaria (VIII-2000) eta Bilbao Ría-2000 aldizkaria (1 zenbakia, 2000).

 

Lur mugikor hauetan barneratzeko intentzioa baduzue ez ezazue mesprezatu Marisol Esteban irakaslearen errepaso kritikoa: Bilbao, luces y sombras del titanio. El proceso de regeneración del Bilbao metropolitano, EHUk 1999an argitaratua.

 

5.- Bilbao, luces y sombras del titanio. El proceso de regeneración del Bilbao metropolitano.

 

Azkenez, baten batek interes berezia baluke nire kontribuzio txiki bat ezagutaraziko dut: Bilbao: regeneración de la ciudad postindustrial. Urbanismo, arquitectura, escultura y mobiliario en la nueva metrópoli, Bizkaiko Foru Aldundiaren KOBIE aldizkariko monografikoa, 2004koa. Unibertsitateko liburutegietan topatuko duzue: Arte Ederren Fakultatean, Arkitektoen Goi Eskola Teknikoan eta Leioako Liburutegi Zentralean. Baliteke UNEDean edota Deustuko Unibertsitatean ere hartu ahal izatea.

 

6.- Bilbao: regeneración de la ciudad postindustrial. Urbanismo, arquitectura, escultura y mobiliario en la nueva metrópoli

 

Bukatzeko, hirietako espazioetan oinarritutako antropologiaren aldetik Teresa del Valle EHUko katedradunaren: Andamios para una nueva ciudad. Lecturas desde la antropología irakurgai egokia izan daiteke, 1997an Cátedra argitaletxeak eta Valentziako Unibertsitateak kaleratu zutena. Bidenabar, Nevadako Unibertsitatean urte piloa daraman Joseba Zulaika antropologoak, Guggenheim Fundazioaren etorrerak Bilborako suposatu duen eraldaketa kulturalaren argi-itzalak ikuspegi pertsonal batez azaltzen saiatzeko idatzi dituen testuak ikuskatzea onuragarria litzateke, 1990eko hamarkadaren azkeneko urteetatik honaino emandako urratsetan: Crónica de una seducción. El museo Guggenheim Bilbao (Madril, Nerea, 1997), Guggenheim Bilbao Museoa. Museums, architecture and city renewal, (Center for Basque Studies, University of Nevada, Reno, 2003), eta 2007koa, Ana Maria Guaschekin batera: Aprendiendo del Guggenheim Bilbao (Akal, ‘Arte Garaikidea’).

 

Orrialde hauek hertsi nahi nituzke aurton berriz ere argia ikusi duen saiakera klasiko batekin: Jorge Oteiza zenaren Quousque tandem...!. 2007ko argitaraldiak obra horren 5. edizioa biltzen du: Ensayo de interpretación estética del alma vasca con prólogo a este libro ya inútil en cultura vasca traicionada, (<<5ª edición, segunda impresión de 1994 en Pamiela, a los treinta años de la 1ª edición: Auñamendi, 1963>>). Amador Vega eta Jon Etxeberriaren artean koordinatua eta Pello Zabaletak euskaratua (Jorge Oteiza Fundazio Museoa, Nafarroa, 2007). A. Vega Alemanian hezitako filosofoa dugu eta J. Etxeberria, Arte Ederretan eta Filosofian lizentziaduna, Oteizari buruzko tesia idazten dabil. Ostera bere, maisu zaharraren testamentua liburutegietan daukagu. Quousque tandem…! ezin daiteke ongi deskribatu. Ez du inolaz ere tesi akademiko baten forma ezta metodologiarik jarraitzen baina ezin dugu esan estetikako saiakera peto-petoa denik ere. “Euskal arimaren ulerkera estetikorako saioak” alderdi filosofikoak, artistikoak, antropologikoak eta teologikoak barnebiltzen ditu Oteizaren pentsaera xelebrean. Ezin zaitezkete ‘babes izpiritualik’ gabe urreratu obra honetara, lehenik Iñaki Arzoz eta Andoni Alonso filosofoen liburua irakurri dezakezue: Artea eta pentsamendua. Jorge Oteiza (Oteiza Alamutetik), Gaiak argitaletxeak 1996an euskaraz soilik inprimatzeko adorea izan zuena. 

 

Liburu eta aldizkari hauen artean ez daude guztiak eta agian ezta hoberenak ere. Kasu hauetan beti norberak ezagutzen duena eta momentu batean edo bestean balio izan zaiona gailentzen denez, barkamena eskatzen dizut, zerorrek idatzi duzun libururen bat bazterturik gelditu bada, txintik ere esan gabe. Guztiak ez dituzue liburutegietan aurkituko, ezta herrietako kultur etxeetan ere. Bai ordea, unibertsitateetako eta hiriguneetako liburutegietan. Konplexutasun itzela duten halako gaietara lasaitasunez gerturatzeko, dirurik gastatu gabe, Bilbao Ría-2000en aldizkariarekin hasi zaitezkete, bertan euskaraz irakurri ditzakezue artikuluak. Erronka intelektualak gustuko badituzue har ezazue Oteizaren Quousque tandem…! (ea nolako itzulpena duen), klasikoetan klasikoena, asperkeria gainditzeko modu alternatiboa. Berriro diot, era honetako lanak ez dira eleberriak edo hondartzarako literatura irakurterraza. Kontuan izan mesedez, bestela bueltan egur galanta emango didazue eta.

Nork: isusko vivas.2007/07/11 16:43:36.375 GMT+2
Etiketak: aldizkariak liburuak arkitektura hirigintza artea hiria | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

Idatzi artikulu bat





The CAPTCHA image

Irudian agertzen diren letrak idatzi beheko kutxan. Spammerrei aurre egiteko CAPTCHA metodoa da hau Captchas.net zerbitzuari esker



bisitari