Unibertsitatea.Net

Blog komunitatea   Sar zaitez blogera

2007/02/05 16:27:46.370 GMT+1

Hiria eta Lurraldea I

Duela hiruzpalau asteko hausnarketaren harian, guretzat <<lurralde hiritartua>> kontzeptu fisiko geografiko bezala indartuz doan errealitatea litzateke. Era berean, antropologiaren edo soziologiaren ikuspegitik ere begiratu diezaiokegu. Lurralde hiritartuak bere buelta baitu: <<hiri lurraldetua>>, konmutaziozko elementuak eta pertsonak ere bizi garen espazioa, oro har, zenbait ideia politiko eta ekonomiko biltzen dituena. Hortxe egiten baitute, hiriek, nortasunezko perfilaren aldeko apustua (<<Hiripublika>>: Blog UEU)

Lurralde hiritartuaren baitan

Gure arbasoen lurraldean atzeman izaten ziren hiriburura hurreratzen zizkiguten arrastoak. Ubideak, kanalak, mendikateen tarteko korridoreetatik zihoazen komunikazio bideak eta beste hainbeste giza seinalek adierazten ziguten gune urbanoaren gertutasuna, hiri horien arteko kateak lurraldean inprimatuz, nola edo hala antzemangarriak izan zitezen ibiltariarentzat. Bidegurutzetan, hiriaren sarreretan eta harresien ateetan jarritako zeinu sinbolikoek bertako arriskuen berri ematen ziguten; izurriteak, goseteak eta hondamendiak. Antzina ez dela, XX. mende hasieran jo zuen gripe espainiarrarekin batera, Euskal Herriko zonalde batzuetako bideetan zeuden egurrezko kutxak, kandelekin piztuta, ez dituzte ahantzi hura ezagutu zuten zenbait atso-agurek.

 

1.- Noaingo akueduktua (Iruñea).

 Bertze arrisku batzuk ditugun egunotan, garezurrak edota hilkutxak esanahia sinboliko praktikoa galdu duen arren hirira hurbiltzen gaituzten autobide eta autopistetan (estratifikazio sozial berria ahalbidetzen dutenak) nonahi dauzkagu hiribarnetik mugitzea galaraziko diguten abisuak, trafiko kartelen bidez eta argi distiratsuekin: kotxe ilara luze xamarrak, aparkatzeko ezintasuna, hiri espazioaren kongestioa. Guk geuk bene-benetako arrisku lez ulertzen ditugunak.

 Bestalde, hirigunetik aldentzen gaituzten errepideetan are eta hiritartuagoa den lurraldearekin egingo dugu topo (hiri lausotua, alegia). Periferiak eta auzo sateliteak bigarren mailako gune urbanoak eratzen dituzte eta hauek puzten diren heinean, hiria bera ere zabalduko da. Ez, ordea, lehentxeago aipatu dugun XIX. mendeko zabalgune planifikatuen gisan, teoria modernoetan euskarritutakoak (beti epe luzeari begira, geldiro), baizik unean-uneko beharrizanak ezartzeko prozesu azkarrean, postmodernitateak agintzen duen abiadan.

 Megapark” etorbidea

Industriaren ondoko Barakaldon, hau da, Bilboko metropolian, fabrikei zerien ke ilunaren desagerpenarekin batera berebiziko garrantzia hartu dute, adibidez, hiri nagusiak aldamenera isurtzen dituen kontsumorako denda erraldoiek. Horrela, Megapark etorbidearen bazterretan kubo hertsien itxurarekin eraikitzen diren denda mordoiloak bereganatu du ikuskizun oparoena. Bitartean, erdi-erdiko kalea lorategiz hornitua, ura modelatzen duten iturri monumentalekin, justu-justu hiri zabalgune historikoen tankeran. Kale hauetan ez dugu aurkituko, aldiz, arkitektura xelebrerik edo baliokorik. Altxatutako egitura-modulu antzuek ez baitute leihorik 'ezta lehoirik' (arkitektura estandarra). Boterearen adierazpenak hemen publizitateko laukidun pankarta itzelak soilik onartzen ditu eta argiztapen limurtzaileak, erakargarriak nahiz sedukziozkoak; hauxe baita kontsumorako aski den baldintza nahikoa eta eguneroko ogia. Autoentzako aparkalekuaren gainean, ustez espazio publikoa dena gainjarri dute hiri altzari eta mikroarkitektura alorreko elementu anitzekin.

 

 

 

Eskerrak Amaia Lekerikabeaskoari, argazki hau utzi izanagatik.

 2, 3, 4.- Megapark etorbidea, Barakaldon. Las Vegas hiriaren antzean, erdigunetik doan kale zabalak ematen dio izaera erosketen hiriari. Bazterretan, poligonoen atzealdean ohikoa den zabor pilaketa. Las Vegasen ez bezala, Megaparken arkitekturak ez dira itxurosoak eta dendetako fatxada itsuek ez dute kasinoek edota hotelek Nevadako desertuan duten fama, mundu osoko monumentuen simulaziozko errepikapenarekin.

 Hala ere, ez duzu inozokeriaz liluratzeko beharrik, ibiltaria, zeren pasealekuaren muturrera ailegatu ahala, ia konturatu gabe, apropos bideratu den ibilbideak guztiz pribatua den espazioan barneratuko zaitu: zinemetako atarian eta gune ludikoen aitzinean. Gainera, behin horra helduta adi egon eta ziur jokatu, bertatik hanka egiteko modua erraz aurkitzea nahiko kostatuko zaizu eta.

 Jadanik nekatuak izango dituzu zure oinak eta kontua da ez zarela inora iritsi, ezta inondik ez duzula ihes egin. Bilbon edo Barakaldon, beti ere lurralde hiritartuan zaude. Honako hau, beraz, hiri ‘lurraldetua’ ote?

 

Nork: isusko vivas.2007/02/05 16:27:46.370 GMT+1
Etiketak: pribatua etorbidea publikoa megapark espazioa lurraldea hiria | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

Idatzi artikulu bat





The CAPTCHA image

Irudian agertzen diren letrak idatzi beheko kutxan. Spammerrei aurre egiteko CAPTCHA metodoa da hau Captchas.net zerbitzuari esker



bisitari