Bilbok XIX. mendean oraindik zeukan ikuspegia halakoa zen: hiri historikoa zazpi kaleekin, errebalak, Bidebarrieta parteko zabalgunea eta eraiki gabeko Plaza Berria. Proiektu neoklasiko hau ez zen XIX. mendera arte erabat gauzatuko, zenbait arkitektoren eskuetatik iraganda (Humaran edo Silvester Perez, besteak beste). Hiri eskenatoki erako espazioa eratu zuten, erabilerarik ez zuen lur atal bateko etxeen atzeko fatxadak aprobetxatuz.


1 eta 2.- Plaza Berria eraiki aurretik eta Humaranen 1816ko planoa.*
Huts egindako proiektuak
XIX. mendearen hasieran “Bakearen Portua” proiektatu zen Abandoko Elizatean. Espazio publiko handiek eta hirigintzaren ikuspegi erabat utopikoak hiriaren zabalkuntza aurreikusten zuten inguruko paisai eta geografiara. Aldiz, portu berriak ez zion inolako begiramenik adierazten hiri zaharrari, eta zubi bat bera ere ez zen agertzen Bilbo eta hiri berria lotzeko. ‘Bakearen Portua’ Bilbo alde batera utzita eta are gehiago, Bilboren kontra pentsatuta zegoela nabari zen. 1807ko Silvester Perez arkitekto ilustratuaren proiektua porrot izugarria izan zen Godoy erori eta gero frantsesen inbasioa ere izan zelako. Abandoko ibarrak kondizio benetan onak zituen: lurzoruen kalitatea, landaretza, tenperatura, urak eta errekastoek hautsitako lurraren malda txikiak. Hantxe prestatu zen mende erdi beranduago Lazaroren zabalgunea eta ezin daiteke ahantzi bertan kokatu zela trenbidearen geltokia XIX. mendearen erdialdean. Ekimen hartatik atera zitekeen hirigintza-etekina, ostera, oso urria zenez, honek ere ez zuen amaiera onik izan.
Behin-betiko hiri zabalgunea
Pablo Alzola, Ernesto Hoffmeyer eta Severino Achucarroen artean diseinatu zuten hiri zabalgunea Abandoko lurzoru lauetan. 1876ko honek pragmatismoz adosten zituen interes kontrajarriak (lurjabeen hirigintza-ustiapenak, higienearen premisak eta industriaren baldintzak). Moyua enparantza eliptikoan gurutzatzen ziren ardatz nagusiek alde zaharrarekin eta industriako zein portuko zonaldeekin lotzen zuten (Diego Lopez de Haro kale nagusiak “decumanum maximus” ardatza markatzen du Eki-Mendebalde orientazioarekin).
Abandotik Abrarainoko metropoliaren luzapena
Hiria negozio gisa ulertu zen jada eta 1896an Epalzari agindu zioten zabalgunearen hedapenerako plana idatz zezala. Horrenbestez, 1900ean Epalzarena alde batera utzi eta lehiaketa konbokatu zuten 1903an. Lehen saria Guimón eta Bastidak lortu zuten baina Udalbatzak Ugalderenari eman zion lehentasuna. Egitasmo honek erakusten du, hain zuzen ere, Bilbok bere ingurumari metropolitarrera zabaltzeko beti izan duen bokazioa. Zorrotza aldeko zabalgunea eta gero García Mercadalen hedadura plana aipatzekoa izan zen, 1926koa, San Inazio auzoa eratzen zuena. Hemen arkitektura arrazionalistaren eredua gailentzen zen baina gerra pasa arte ez zen gorpuztuko, arkitektura faxistaren gidaritzapean.

3.- Zabalgunearen ondorengo plan berriak Abandoko aldean (Bilboko Udala. Hirigintza Saila. Planoen Atala).
1943-46 bitartean etorriko zen Bidagor arkitektoaren eskualde plana, itsasadarraren ertzetatik Bilbo Abraraino hedatzeko. Proiektu guztiz organikoa, frankismoaren garaian ohikoak zirenetakoa (1960ko hamarkadan izan zuen errebisioa). Ordurako Espainiako lurzoru legea ere onartuta zegoen, 1956an.

4.- Bidagor arkitektoaren hedadura plana, metropoliaren perfilak markatzen zituena.
Bilbo hiri industriala
Dakigunez, batez ere XIX eta XX. mendeen bitartean azkar pasa zen Bilbo merkataritzako hiri izatetik burdinaren industriaren goren mailako gune izatera. Prozesu bizkor horrek izan zituen paisaiaren aldaketa izugarriak industriaren eta dentsitate izugarriko urbanizazioaren ezarrerarekin. Eginkizun horretan lagundu zuten hiru klabe trenbidearen orokortzea, errepide sarearen hazkundea eta komunikaziorako zein garraiorako ekipamendu handiak izan ziren. Laster heldu ziren, baita ere, hirigintza barreiatu eta desordenatuak eragindako arazoak. Bilboko metropoliaren berezitasun aipagarrienetako bat bere konfigurazio lineala da, hain zuzen, Nerbioi itsasadarraren bi alderdietan. Kokapen horrek metropoliko garraiobideak errazten ditu eta olio orban moduko aglomerazio urbanoak baino eraginkorragoa da.

5.- Bilbo metropoli lineala, bigarren mailako zentroekin eta industriak okupaturiko lurrekin.
Asuako hiri berria proiektu handia izan zen gerra aurreko urteetan; Segurola arkitektoak Atenaseko Gutunaren ildotik hiri moderno eta arrazionalista proposatuz, Donostian Amarako Aizpuruaren planaren antzerakoa, 1935ekoa, edota Bartzelonako Maciá Plana bezalakoa. Lanerako, bizitzeko, ikasteko, erosteko edo aisialdirako guneak oso ondo bereizten zituen hiri ordenatua, modernoa eta arrazionala, ideial ezkertiarren premisekin. Gerra ostean asmo berbera berragertu zen baina molde faxistak aplikatuz. Bilborekin lotzeko errepideak eta plaza monumentala irudikatu zuten Deustuan, sinbolo eskultoriko bertikalekin erregimen politikoaren ohoretan. Gaur egun, aldiz, sinbolo guzti haiek hiri altzari edo ‘mobiliario’ bilakaturik aurkitu ahal ditzakegu, Salinasen argi-dorre honek primeran erakusten digunez.

6.- Elementu eskultorikoek atzo bezala gaur ere hiriko espazio jakinetan mugarriak finkatzen dituzte.
* Planoen jatorria: GALARRAGA, Iñaki: La vasconia de las ciudades. Bayona, Bilbao, Pamplona, San Sebastián, Vitoria-Gasteiz. Ensayo arquitectónico e iconográfico, Iñaki Galarraga Aldanondo (ed.), Bilbo, 1996, 92-93. orr.
Oharra: artikulu honekin erlazionaturiko beste bat: “Bilboko hiri zabalgunea gogoan”, 2006/12/20, Hiritartea, www.unibertsitatea.net
Ikus baita ere: BASURTO, Nieves; RODRÍGUEZ-ESCUDERO, Paloma; VELILLA, jaione: El Bilbao que pudo ser. Proyectos para una ciudad 1800-1940, Bizkaiko Foru Aldundia, Bilbo, 1999.
Erantzuleei: eskerrik asko benetan, behin edo behin erantzuleren bat edo beste agertzen zarete eta. Ea beste batzuk ere animatzen zareten. Komentarioak, aipamenak eta kritikak ere ongi etorriak izango dira.
Idatzi artikulu bat