<<HiritArtea>> hirigintza eta artea uztartuko dituen Bloga da. Txoko honetako leihotik hiriaren bitarteak ikuskatzen ditugu. Tarte horietan leku-hartzen baitu hiriko arteak. Beraz, hiriaz eta arteaz jarduteko beta aparta daukagu oraingoan.
Nor garen, zer garen eta zertaz aritzen garen
Bloglarien artean izateko aukera eskertu nahi diot UEUri eta baita irakurle izan zaitezketenei. Era berean, jadanik zenbait urte daramatzat eskultura publikoari eta hirigintzari zuzenean edo zeharka dagozkien jakintza arloetan ikerlanean esparru unibertsitarioan. Konkretuki Bilbon azken boladan eragiten duten hiri-eraldaketa eta berreskurapen prozesuak aztertzen, ‘hiriaren eskalak’, izaerak eta diziplinartekotasunaren erronkak, oro har industriaren ondorengo metropolian oinordekotza dutenak.
Galdera erretorikoentzako erantzunen bila
Hein baten, aipaturiko ikergaiekin lotura duten galderak plazaratzeko eta elkarbanatzeko gune emankorra izan daiteke <<HiritArtea>>. Hitzak berak, hiriak artearekin dituen loturez eta erlazio erabakigarriez gogoeta egiteko asmaturiko terminoa adierazten du aurrena. Espazio urbanoetako zirrikituetan tokian tokiko arte publikoak betetzen duen rolaz zein funtzio sinbolikoaz kontu egitea da, beharbada, zeregin nagusia. Arkitekturak, eskulturak eta kaleko altzariek (edo ‘mobiliarioak’) batak bestearekin dituzten harreman estetiko eta plastikoak agerikoak baitira. Elementu hauek guztiak, hirien antolamendurako egitamuetan aplikatzeko kontzeptu erabilgarri bezala azalduko direnak, sarritan hausnarketa akademikoan pisu desorekatua bezain erlatiboa duten kategoriak dira.
Hitza eta irudia
Titulu orokor gisa proposatu den hitz-jokoa baino hobeto hitz-elkarketaren isla litzateke orrialdearen goialdeko irudia. Izan ere, argazki-muntaia nahiko abstraktua ikuslearentzat, baina konposaketaren barnean bere ordena erakusten duena alegia; Euskal Herriko hiriburuetako eraikin esanguratsu edota bitxi batzuen atalak hain zuzen.
Esan bezala, bizpahiru asterik behin ‘hiritartean’ topo egiteko parada dugunez, aurrerantzean jorratuko den ibilbidean, xehatuko diren gaien ildoan ezaguturiko notiziak ere eskainiko dira. Hala nola, liburuak eta aldizkariak, jardunaldiak nahiz hitzaldiak, erakusketak edo egitasmo zehatzak zentzu kritikoan hautatu, beroien analisia eginez baloratu eta duintasunez interpretatu ahal izateko. Batez ere, egunerokotasunean txertaturik etengabeko aldaketan diharduten gaiak diren neurrian.
Bestalde, onuragarria litzateke interesatuen ekarpenekin batera, era birtualean bada ere, hartu-eman aberasgarria sendotzeko ahaleginak bideratzea. Hona hemen nire gonbidapena.
Erantzunak
Pozten naiz HiritArtea bezalako ekimen bat aurrera ateratzen ari zaretelako, benetan beharrezkotzat jotzen dut. Hiria eta artea aztertu eta zirrikitu ezberdinbetan gertatzen dena plazaratzeak gure inguruan egiten diren proiektuak uletzeko aukera ematen du. Ez dakit jadanik ezagutzen duzuen hiriaren eta generoaren inguruan lanean diarduen Hiria kolektiboa. 4 arkitektuz osoturiko taldea da eta ibilbide oparoa daramate gai honen inguruan erakunde ezberdinekin proiektuak garatzen. Oraindik ez dute webgunerik baina google bada beraien ibilbidearen berri.
Benetan sorte on zuen ibilbidean eta ongi segi
Aiora
Nork: aiora.2006/12/20 22:51:20.171 GMT+1