2007ko azaroaren 22tik 24ra bitartean Hiri Antropologiaren III. Jardunaldiak izan ditugu Bilbon, EUSKO IKASKUNTZAK antolaturik, Antropologia-Etnografia Sailaren bitartez.
<<Hiri globalak eta tokiko kulturak>>
Izenburu horrekin, Hiri Antropologiaren III. Jardunaldi hauek globalizazioaren aroko hiri esparru, kultura eta tokiei buruz (‘toki’ kategoria une oro kontuan izanda) hausnarketa egitea izan dute helburu. Honela bada, diziplinarteko ekarpenek jakintza arlo anitz bildu dituzte; antropologiaz gain soziologia, historia, geografia, filosofia, arkitektura eta hirigintza, kultur ondarea, hiri paisaia edota arte ederrak, besteak beste. Ildo honetatik bideratu dira komunikazio gehienak, oso interesgarriak eta begirada kritiko nabariarekin, hainbat unibertsitateko adituek emanak. Euskal Herriko Unibertsitatean edota Nafarroako Unibertsitate Publikoan irakasle, tesigile nahiz ikertzaile bekadun gisa aritzen direnetatik at Euskal Herritik kanpoko beste unibertsitate askotatik ere heldu zaizkigu: Sevillako Pablo Olavide Unibertsitatea, Valentziako Unibertsitatea, Bartzelonako Unibertsitatea, Alacant, Malaga, Murtzia, Elche eta Granadako unibertsitateak, Salamancako Unibertsitatea, Errioxako Unibertsitatea, Coruña eta Ourenseko unibertsitateak, Madrilgo Unibertsitate Conplutensea, Nova Lisboako Unibertsitatea, Beira Interior-eko Unibertsitatea (Portugal), Oportoko Fernando Pessoa Unibertsitatea eta Río de Janeiro-ko Unibertsitate Federala. Beste batzuk tamalez bidean geratu behar izan dute, Frantziako grebak tarteko.

1.- Hiri Antropologiaren III. Jardunaldiak. Programa.
Maila altuko ponentziak
Bestalde, hiru egun hauetan ikergai desberdinak arretaz aztertu dituzten hizlari gonbidatu apartak ere izan ditugu. Frantziatik etorritako Michel Agier jaunak (Ikerketa eta Garapenerako Institutua, Pariseko Gizarte Ikasketen Goi Eskola) nazioarteko ikuspegiari atea ireki dio. Mugetan eta margenetan dauden limiteko espazioez mintzatu da, mundu globalaren ertzetako ‘heterotopia’ horietan sortzen diren nortasun iheskorrak eta iragankorrak tratatuz. Josepa Cucó Valentziako Unibertsitateko katedradunak Estatu Espainiarrean bizi-bizi egozten diharduten gaiak planteatu ditu, mugimendu urbanoen karakterizazioan esku hartuz. Era berean, Bartzelonako Xavier Medina irakasleak (Mediterraneoko Europar Institutua eta Ramon Llull Unibertsitatea) euskal diasporaren eraketarekin jarri gaitu harremanean, maisutasunez. Euskal migrazioak Bartzelonarantz XX. mendean jorratu zuen ibilbideak, sinbolismoz beteriko espazio publiko urbanoaren antolaketa soziala dakar; adibidez Korrikaren pareko Korricursa, Euskal Etxearen presentzia erabakigarria edo Nafarroako Etxea.
Zeresanik ez, ponentzien egileak ez ezik komunikazio emaileak eta gainontzeko parte-hartzaileak izan direla protagonista nagusiak. Beraz, egindako lana benetan eskertu behar zaie batzorde antolatzailearen partez, ezen, hauek guztiak faltako balira ez legoke jardunaldiak egiterik. Eskerrik zintzoenak bene-benetan, berrogei eta hamabost komunikatzaileei eta jardunaldietan izena eman duzuen hirurogeita hamabost entzuleoi.
2.- Saioetako komunikatzaileak eta mahaiko koordinatzailea Bizkaiko Batzar Nagusien aretoan.
Aurrekariak eta ardatzen finkapena
Aipatu beharrekoa da jardunaldi hauek denboran segida bat jarraitzen dutela, 1995ean EUSKO IKASKUNTZAKO Antropología-Etnografia Saila egiten hasi zen erreferente monografikoa zuten jardunaldi sortaren barnean. 2002an izan ziren Hiri Antropologiaren II. Jardunaldiek “hiriko kulturekin” hasitako bideari jarraiki, aurtengo hauek are eta begirada poliedrikoagoa bultzatu dute; diziplinartekotasunak hiriari buruzko ikerketen ikuspegiak sano zabaltzen baititu. Horren lekuko dira egunotan izan diren mahaietako eztabaida anizkoitzak: espazio publikoak, ‘tokiak’ eta ‘ez-tokiak’ hirietan; hiria pentsatu eta habitatu; ondare kultural urbanoa; talde-mugimenduak, dinamizazioa eta hiritarren parte-hartzea; hiriko paisaiak; historia, etxebizitza eta ‘polis’ alternatiboa; hiri zatikatua, gizarte bazterketa eta ‘gentrifikazioa’; etorkinak eta lurralde urbanoak. Aurre-hitzetan genion legez: ekonomia, gizarte eta kultura alorreko globalizazio prozesu betean, hiriak lurralde instantzia bat dira hiri eta nazioz gaindiko sare eta fluxu dinamika baten barrenean, kokapen anizkunekoak eta kultura hibridoak dituztenak. Hala eta guztiz, […] hiri toki eta lurralde kategoriek garrantzitsuak izaten jarraitzen dute tokiko identitateak, espazio publikoak eta gizarte mugimenduak, kultura ondarea eta […] hiri zatikatzearen eta immigrazioaren iruditeriak (berr)eratzeko.
Ondorio sendoak eta baliagarriak ateratzeko distantzia eta gogoeta sakonagoak behar badira ere, jardunaldiek izan duten erantzunarekin argi gelditu da hiri antropologia delako azpi-diziplina honen gaurkotasuna eta pisten duen interesa, nahiz eta norbaitzuk gainbeheran edo hilzorian zegoen korronte errotu gabekoa zela uste izan. Sintesia eginez eta asko laburbilduz, garai baten antropologia klasikoak ikasten zituen batez ere mendebaldearentzat arrotzak ziren kulturak. Hori zenbaitetan lotu izan da kontinente berrien aurkikuntzarekin eta geroago kolonialismoarekin. Jaioberri zen antropologiak garatu zituen tresna teoriko metodologikoak bere zereginak ustez modu zientifikoan egituratzeko. Pausu bat haratago, antropologoek eta etnografo-etnologoek onartu zuten norberaren kultura propioa izan zezaketela abiapuntu, hain zuzen ere galzorian edo eraldaketa fasean zeuden gizarte moduen oinordekotasuna eta testigantza berreskuratzeko. Paraleloan, arkeologiarekin eta aurre-historiarekin erlazioa duen adarra ere badago, gizakiaren eboluzioaren nondik norakoari atxikitzen zaion paleoantropologia. Halako une baten, ordea, antropologoen artean esnatu ziren hurbilagoko kezkak, euren kulturari eta gizartea bizi zeneko aldiari zegozkionak. Hortaz, ikerketak konpartitu eta banatu behar izan zituzten diziplinaren bestelako lerroak proposatuz. Horien artean hiri antropologia deritzona hirietako mekanismoez, sistema urbanoez, hiritar-taldeen baldintzez eta abar arduratzen da normalean.

3.- Antolatzaile eta parte-hartzaile batzuk Iñaki Uriarte arkitektoarekin (buruan txapela duena), Bilboko FEVE-ren tren geltokiko atarian.
Bilbo hiria eskenatoki-markoa
Honek guztiak beste galdera zehatz batera garamatza; alegia, zergatik jardunaldi hauek Bilbon? Alde batetik, Bilbok azken boladan jasan duen eraldaketa urbanistikoa aintzakotzat harturik, testuinguru paregabea litzateke etengabe transformatzen diren identitateak, gizarteko arazoak eta bestelako zenbait hartu-eman kolektibo neurtzeko. Bestetik, Bilbo bezalako hiri batek joko nabarmena ematen du biztanleriaren nondik norakoaz, urbanizazio/des-urbanizazio prozesuez eta, oro har, aldaketa kultural bortitzen aroan hirietan suertatzen diren gatazken inguruan eztabaidatzeko. Hiri globalak geroz eta homogeneoagoak, uniformeagoak baditugu ere, bizitzea tokatu zaigun mendebaldeko kultura orokor eta, neurri batean inposatuaren sabelean, tokian tokiko kultura berezituen zantzuak badirudi ez direla betirako zanpatuak edo azpiratuak geldituko, zimel eta burumakur. Aldiz, nonahi topatuko ditugu, han-hemenka agertuz; denboraren poderioz landutako baratzean bezala, behin eta berriro kolore askotariko loredun landareak bailitzan ernalduz.

4.- J. I. Homobono, jardunaldien arduraduna, itsasontzitik Guggenheim museoa ikusten, larunbat eguerdian Bilboko itsasadarretik egin genuen bisitaldi gidatuan.
Idatzi artikulu bat