Kontxako badiaren ezkerreko erlaitzean daukagu Eduardo Chillida eskulturagileak eta Luis Peña Gantxegi arkitektoak gauzaturiko hirigintza jarduera: “Haizearen Orrazia” deritzona. Obraren fase desberdinek; eskultorikoa, urbanistikoa eta arkitektonikoa, hiriaren eta itsasoaren arteko mugak identifikatzen dituzte, itsasaldeko harkaitzek hiriari tartea irekitzen dioten lekuan.
Eskulturaren eta arkitekturaren uztarketa baino gehiago
Urbanizaturiko espazio antropikoa zoru publikoaren gestio egokia bidelagun zuela hezurmamitu zen Ondarretako hondartzaren luzapenean eta Igeldo mendiaren magalean. Hiriaren hasiera eta amaiera gisa ulerturiko espazioa (α/Ω); hau da, azkenekoa edo aurrenekoa, segun eta lur barnetik edo itsasotik hurbiltzen gatzaizkion. Bokazio urbanoa duena alegia, hiriaren limiteen metafora ur kolektore abandonatuaren gainean buruturiko interbentzioarekin, arrantzaleen antzinako pasealekuaren eta moilaren gainean eraikia.
Itsasoak eta hiriak nola talka egiten duten ikusteko txoko aparta, paisaiak berak hartzen du eskulturaren eskalara egokituriko itxura eszenografikoa. Chillidak kokaturiko eskulturetatik lehenak kontaktu fisikoa mantentzen du oraindik gizakiarekin, bertako harkaitzetan errotua (eskuekin ukitu, dastatu eta usaindu genezake). Bitartean, erlazio sinbolikoak eratzen ditu aurrekoarekin, garai baten elkarturik zegoenaren oroimena nolabait esnatuz. Aldi berean, ukiezinezko lotura iraganarekin ere badu; hurbil izanagatik oratzeko ezintasunean gabiltzan gauza guztiekin. Haizea orrazten duen hirugarren formak begirada difuminatua eskaintzen digu, beti egunsentiko laino artean erdi lausotua, etortzear dugun garai iheskorrera zalantzaz bideratzen ditugun asmoak bailitzan; tente baina beldurrez, zutik baina dardaraz. Beharbada, galdera zeinu erretorikoekin bere buruari geroa itauntzen dion herri baten arnasaren gogaikarri. Honela, zirkulazio metaforiko anizkoitza pizten da hiru eskulturen artean, orainalditik joandako denboretara horizontalean eta etorkizunerantz, pieza bertikalak aurreikusten duen erreinurantz, memoriaren hari ikusezinak dantzan erabiliz.

1.- ‘Haizearen Orrazia’ eratzen duten hiru piezak.
Ez da harritzekoa nola eskulturak elkarkidetzen diren Peña Gantxegik ezarritako harri arrosa kolorekoarekin. Lurrean dirauten zazpi zirrikituetatik olatuen eztandak egin behar zuen goraka, bertan lurperatutako organo hodiek tonu eskalak sortzen zituzten bitartean, airearen soinuarekin eta uraren irristadarekin.

2.- Peña Gantxegiren enparantza Chillidaren eskulturen atarian.
Chillida eta Oteiza parez pare
Badiaren bestaldeko Paseo Berrian dagoen Jorge Oteizaren pieza monumentu bihurtuak, eskalaz guztiz kanpo izanik zailtasunez aurkitzen ditu harremanak inguruneko paisaiarekin. Hiri altzariz gainezka, egurrezko plataformara igoa eta autoen aparkalekuaren ondoan, ez du bertako izaera bereziarekin zubirik inolaz ere eraikitzen. Portu zaharraren, Erdi Aroko hiriaren eta Kortazarren zabalgunearen arteko mugalerroan, Urgull mendiko harresien azpian eta Donostiaren historia modernoak abiapuntua duen tokian txit zorabiatuta dabil Oteiza erraldoi postmodernoa. Berak utzitako ondare artistikoaren gestoreek ohituta gauzkate jada halako marketing ekintzekin, esperimentazio eskultorikoaren sustraiak hondatzen dituzten erreprodukzioetara, Euskal Herriko gure hiri eta herrietan. Oteizaren obra honek (‘Kuboaren desokupazioaren’ seriekoa, 1950eko hamarkadakoa) ez du lortzen bateratasunik ez inguruarekin ezta materialekin, ikuskizun benetan nahasiak sorraraziz.

3.- Oteizaren “Eraikuntza Hutsa (lau unitate zapalekin negatiboa - positiboa)”, 1957.
‘Haizearen Orraziaren’ kasuan burdinaren herdoildurak margoturiko harrietan txertatzen dira eskultura gorri arreak, mendiaren eta itsasoaren arteko erdigune ‘sakratutik’ ikuskatzen ditugunak. Kontxako beste aldean dena da gainjarria; lorategiak, euskarria eta ‘mobiliarioa’. Chillida eta Oteiza, hain hurbil baina horren urruti; bai joera pertsonalean eta baita Donostian ere, kostaldeko eta itsas bazterreko hiri-espazioetan. Disimuluz, estropadak antolatzen dituzte bi muturrak noizbehinka kateaturik gera daitezen.
Erantzunak
Oteitzaren eskulturak zoritxarrez ez du Luis Peña apartaren konpainia eduki...
Izan ondo.
Nork: Unai Fdz. de Betoño.2009/03/02 12:46:39.898 GMT+1
www.ehu.es/hirigintza