Euskal Hiria diogunean zentzu anitz dituen hitza darabilgu. Euskal Hiria izan daiteke ‘Euro Hiria’, hau da, mugaz gaindiko hiria. Euskal Hiria bada kontzeptu literarioa, identitate eta jendarte baten egituraketa espaziala zein arkitektonikoa. Era berean, Euskal Hiriak izan dezake termino metaforikoaren oihartzuna, sinbolo bihurtu daiteke, edota baliteke inon ez egotea, putz eginda behera erortzen diren arezko gazteluen gisan.
Nola edo hala berriro ere ikasturteari hasiera eman behar diogun garaian, oraingo honetan Euskal Hiriaz jarduteko beta egokia delakoan nago. Udako Euskal Unibertsitateko Historia Sailak udara honetan antolaturiko “Euskal Hiria historian zehar” ikastaroaren arian, hain zuzen ere Euskal Hiria erabiliko dugu hizpide, batik bat hirigintzaren eta fenomeno urbano garaikidearen ikuspegitik. Hortaz, Euskal Herriko hiri garrantzitsuetako zabalguneen erronkak aipatuko ditugu XIX eta XX. mendeetan, kontuan izanik batzuk kostaldeko hiriak direla eta beraz, ezaugarri oso bereziak dituztela. Espazio urbanoetako periferien konfigurazio bitxiak ere izango ditugu mintzagai; horrekin batera, hiri industrialaren bilakaera eta arteak hirietan betetzen dituen espazioak, funtzioak, esangurak eta kokapenak. Orain proposatzen den ibilalditxo urbanistiko estetikoa atsegina izango delakoan, ongi etorria ematen dizuet beste behin, agian beranduegi, naiz eta ziurrenik uda partean irakurgai interesgarriagorik izango zenutela espero. Ez naiz zuetaz ahaztu eta benetan eskertuko dizuet blog honi erantzutera eta zuen komentarioak zein kritika zuhurrak plazaratzera ausartzen bazarete.

1.- Euskal Hiria itsas hiria eta lur barnekoa da aldi berean. Baita muga-hiria ere.
Euskal Hiria lurralde hiritartua
Hemen adierazi nahi dudan ikuspuntutik, Euskal Hiria izango da ‘hiri lurraldetua’, hau da, Euskal Herriaren tamainako herrialde txiki baten kasik lurralde osora zabaltzen den hiria. ‘Hiri lurraldetuaren’ patuak bagaramatza lurralde hiritartuaren ideia finkatzera. Lurralde hiritartuan, esan bezala, hirien arteko loturak, sareak, elkarrekintzak eta konpetentziak dira nagusi. Elkarrekintza horiek, administrazioek bultzaturiko dokumentu ofizialetan eta abar ‘Euskal Hiri lurraldetuaren’ asmakizuna baimendu dute. Europan eta gurean ere hirien arteko lehiakortasunaren printzipioak balore emankorrak dira, merkatu ekonomiaren baldintzetan euskarrituak.
2.- Euskal Hiria lurralde hiritartua. Metropoli garrantzitsuen hedapenak lurraldea egituratzen du zentraltasuna eskuratzen duten aglomerazio urbanoak eratuz.
Testuinguru horretan aplika daitezke Euskal Autonomia Erkidegoan eratutako lurraldearen antolaketa eta kudeaketarako tresnak: DOT (Lurralde Antolamenduaren Gida-lerroak edo ‘Artezpideak’), PTP (lurraldearen zatiko planak, plan partzialak) eta PTS (lurraldearen arloko planak, plan sektorialak), besteak beste. “Hiri saretuaren” jomuga Espazio Europar Bakarraren eraikuntza bermatzea litzateke, Europako Bizkar Hezurra delakoan kokatuz (Ingalaterratik hasi, Alemania pasa eta Italian bukaera duena, komunikabide eta garraioen korridore bidez kateatuak).
Euskal Hiria Euro-Hiria
Euskal Herrian, Euro-Hiriaren proiektua bete betean sartzen da Europako Batasuneko testuinguruan, mugako eskualdeek laborategi eginkizuna izanik, Estatuen limiteak gaindituz Interes Ekonomikoko Elkarte Europarreko Agentziaren bidez. Gogoeta horretan leku-hartzen dute lurraldearen estrategiek: Europa 2000+ edo Europako Lurralde Estrategia eta Europe Spatial Development Perspective. Euskal Hiria CITIES* proiektuaren barnean kokatuta dago, bost kontinenteetako beste hogeiren bat hiri ‘global berritzaileekin’ batera, ‘bikaintasunaren klusterra’, ‘arrakasta faktoreak’, ‘garapen jasangarria’ eta antzeko hitz potoloak giltzarri dituztenak. Zentraltasun handiko sistema eratzen duten hiriek, integrazio ekonomiko eta funtzionala lortu nahi dute.
3.- EAEko nukleo anitzeko hirien eskemari gehitu behar zaizkio Iruñea eta Baiona inguruko konurbazioak.
Irudiaren jatorria: Euskal Hiria. Proyecto Cities Proiektua, Metropoli Fundazioa, Eusko Jaurlaritza (Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Saila), Gasteiz, 2002, 51. or.
Horretarako, Euskal Hiriak kokapen paregabea du Paris Madril korridorean eta Ebroko ardatza zein Kantaurikoa urren dauden puntuan. Arku Atlantikoarekin Europako nodo garrantzitsu baten erdigunean, Kantabria, Euskadi, Errioxa, Nafarroa eta Iparraldea ditugu, ‘hiri-eskualde’ eraginkorra sortzeko kondizio apartekin. Hala ere, defizit kritiko lez identifikatzen ziren kutsadura, trafikoa, deserosotasun akustikoa edota etxebizitza lortzeko zailtasuna. Egia esanda, hirien ‘marketingak’ balio erantsia suposatzen du, edozein markaren sustapena bailitzan. Kantauriko erlaitzean eta Ebroko eragin esparrutik gertu, Euskal Hiriak duen lurraldea pribilegiozkoa kontsidera daiteke. Egitasmo ugarirekin burua ere nekarazten digute maiz: Aalborg-eko Gutuna, 1994koa, Ingurunearen Liburu Berdea (1990), ingurugiroaren kalitatea hotzeko ‘Ekomoto’ bezalako programak edota garraioen sektorea barnebiltzen duen ‘Jupiter’. Horri guztiari gehitu behar zaio azken boladan hain famatua den ‘Agenda 21’ lokala.
Azken finean, hiria bera bilakatzen da salgai jartzen den produktu limurtzailea, erakargarria, hiritarrek bizi dituzten lehen mailako interesetan oinarritzen den hiria arbuiatuz. Itun sozialen, ‘gizarte-arkitekturaren’ eta halakoen ilusio faltsuarekin eliteak erabiliko duen hiriaren mesedetan egiten da apustua (museo ospetsuak, entzute handiko erakundeak, kongresuetarako jauregiak, mundu osoan ezagun diren hotelak…). Era berean, biztanle xeheak euren hiriaz harro sentitu daitezen saiatzen dira botere publiko eta pribatuak.
* Metropoli Fundazioak nazioartean proiekzio handia duten beste erakunde multzo batekin sortua.
Oharra: artikulu honek Hiritartea blog honetan bertan aurkezturiko beste batzuekin lotura du: ikus “Lurraldea eta hiria I” (2007/02/05), “Lurraldea eta hiria II” (2007/02/28), www.unibertsitatea.net
Idatzi artikulu bat