Arkitekto famatuak, alkate xelebreak, politikari herrikoiak eta besterik izan da Bilbon. Bilbotarrontzat, ‘munduko’ eraikin nabarienak bertan ditugula ezin ukatu, baina bada oso maiz erakarpen nabarmenik gabe jaiotzen ari den hiri zabalgune gaurkotua: Miribillako harrobi zaharretan sortutako auzunea.

1.- Meatzarien egitura zaharrak Miribillako harrobietan (1998).
Ehun eta hogeita hamar urteren buruan
2006. urtearen akabuan 130 pasa dira jada Abandoko zabalgunea abian jarri zenetik. Marrazkietan trazatutako lerro geometriko zuzen, horizontal, bertikal eta diagonalek zatikatutako lurzoruak, pausoz pauso eta ordenuz eraikuntzak bete ahala, Bilbok gaurdaino mantendu duen irudiaz jantzi zuen bere burua. Geroago, XX. mendearen erdialdea bitartean hiria handitzeko planak, edo hobeto esanda, plangintzaren gabeziak bestelakoak suertatu ziren; adreiluz eta porlanez hornituriko amets gaiztoak, egunero jasaten genuen kutsadurarekin batera. Euskal Autonomia Erkidegoak eta honekin batera, Bilboko Udalak konpetentziak eskuratuta berriz egitamu urbanistikoak gailentzearekin batera, hirigintzaren martxak badirudi ostera bere galdutako iparra aurkitu zuela, fruitu osasungarriekin eta, bestalde, gaur egun dugun hiriaren kontzepzioarekin.
Mineral iturriak bukatu bezain pronto lurperatu eta haien gainean eratu da azken aldi honetan Euskal Herrian bultzatu izan den etxebizitza multzo handienetariko bat. Babes ofizialeko etxeek, salmenta librekoek, ikastetxeek, parkeek, auditorioek eta kale zabalek antolatzen dute bertako hiri ikuspegia, nahiz eta oraindik polikiroldegia falta den eta honekin batera, eraikitzear dagoen komertzio zentroa. Bere dimentsioek eta altuerak auzokideen haserrea eragin baitute, batez ere osasunerako eta lehen mailako azpiegituren gabezia erreklamatuz.

2.- Miribillako paisaia urbanoa.
Harrobiek husturiko mendixkaren magalean
Maldan gora azkar hedatu den hirian ez ditugu aurkituko XIX eta XX. mendeetan geldoago betetako zabalguneak utzi dizkigun monumentu arkitektonikoak ezta eskultura publiko esanguratsuak, berauetako batzuk aski ezagunak eta erreferente bezala estimatuak bilbotarron artean. Miribillan ordea, hiriko altzariez, uraren kanalizaziorako egiturez eta formalismo hutsez taiuturiko pasealekuetan monolitoak, obeliskoak eta esfera apaingarriak dira ohikoenak. Baita, altzairu fundituaz eta burdinez egiten dituzten eskulturatxo abstraktuak, sarritan anonimoak, eta hondaturiko harrobietatik salbatu duten tximinia zaharra, nahiz eta antzina agortu ziren ke hodiko gasen usaina faltan bota. Goi goian, José María Makua diputatu gorena zenari Iñaki Aurrekoetxea arkitektoak harri beltzez eta arrosaz altxatu dion monumentua, Vicente Larrea eskultoreak eginiko bustoa barnean duela.

3.- J. M. Makuaren ohorez. Kasu honetan, base arkitektonikoaren ordez ingurumari arrazionalista abstraktuaz konposatu dute eskenatoki berezia.

4.- Eskulturak Miribilla aldean. Ezkerreko irudia: Koldo Miranda, “Konbergentzia”, 2004ko ekaina.
Aro berrietan, XXI. mendearen hastapenean espazio urbanoaren eraldaketa erraldoiak eta bortitzak oraindik ez dira itzali, XIX. mendearen hilzorian eta hurrengo XX. gizaldiaren hasieran genituen legez. Izan ere, “lurralde hiritartuaren” urratsak fisikoki Abandoko zabalgunean ikusi bazituzten gure aiton-amonek, guk geuk hiriko periferietan erraztasunez atzematen ditugu. Adibidez, Miribillako mendixkaren tontorreko monumentutik begira dakusaguna: gasolindegia eta hiri inguruko autobideak. Urrutiago, olio orbana bailitzan Bilboko hodeiertz estuetaraino heltzen den <<hiri lurraldetua>>.
ERANTZULEOI: eskertzen da benetan blogari erantzuteko izan duzuen denbora eta gogoa. Komentarioak, kritikak eta zuzenketak ongietorriak dira beti. Unai: eskerrik asko eta pozten naiz Arkitektura Eskolako irakasle baten erantzuna jasotzeaz. Ikusi duzun bezala, zure zehaztapenak izan du fruiturik. Bestalde, ikusi dugu eskolan garatzen zaudeten arkitekturako hiztegia; beharrezko ekimena eta txit garrantzitsua nonahi. Kontuan hartuko dugu, tresna baliagarria baita. Aiora: zuri ere eskerrik beroenak. Badut Hiria Kolektiboaren berri, hala ere, oso notizia eskasak. Egia esan, noizbait aldizkarien baten, Bilboko Udalaren argitalpenetan edota gauza oso espezifikoetan ez bada, sarritan ez zaigu informazioa ganoraz heltzen. Izango naiz adi eta nahi duzunean hitz egin dezakegu horretaz edo beste edozertaz. Baliteke aukera egokia izatea blogean ere Hiria kolektiboaz zerbait aipatzeko. Beraz, aurrerantzean elkar ikusiko dugu. Beste barik, barkatu lehenago erantzun ez izana; badakizue, oporrak tarteko eta abar, guztiok daukagu aitzakia bera, noski.
Idatzi artikulu bat