Unibertsitatea.Net

Blog komunitatea   Sar zaitez blogera

2007/03/27 14:04:22.648 GMT+2

Calatrava, Isozaki eta Bilboko Udala. Nahaspila ederra Uribitarten!

Bilboko hirigintza berriaren zenbait lorpen izan dira jada zinez goraipatuak. Parean, badaude kritika merezi izan duten beste esku-hartze batzuk ere. Denen artean egiazki gatazkatsuenak eta polemikoenak Arata Isozaki arkitekto japoniarraren Uribitarteko dorreak direla zeresanik ez. Afera horretan falta zitzaiguna izan da pastelari jarri berri dioten ginda: “Zubi-zuri” ospetsua diseinatu zuen Calatrava arkitekto handiaren haserrea Bilboko Udalarekin eta liskarrak izan ditzakeen ondorio legalak. Hala eta guzti, gure uste apalean Isozaki bera ere izango litzateke “hirukoiztasun saindu” horren erpinetariko baten euslea eta tirabira honetan hein baten errudun, nahiz eta sarritan bere buruaren zuritze lanetan ongi aritu.

1.- Calatravaren Zubi-zurik bazuen estrukturarena propio ez zen elementuren bat edo beste itsatsita.

<<Zubi-zuri>>: abia gaitezen Uribitartetik “Campo de Volantín” pasealekura ibai gainetik, baina kontuz tartean irristatu gabe!

Bizpahiru datu aipatzearren, Santiago Calatravaren zaldain-zubia ordaintzeko akordioa egin zuten “Campo de Volantín S. A.” eraikuntzako enpresarekin, hain zuzen ere “Volantín” pasealeku horretako orube bat eraikitzen usten bazieten. 1993. urterako proiektua onetsia zegoen Calatravak planeaturiko diseinuaren arabera. Herdoilezinezko altzairuz buruturiko arku formadun egitura zen funtsezkoena, hormigoi zuria eta beira moldekatua bezalako materialak konbinatuz. Lurrean kristal ijetzia du, bustirik dagoenean sano irristakorra. Zaldaina Deustuko zubiak duen altuera berean (9 metrotan) ezarri zen belauntzien nabigazioa baimentzeko. Mazarredo kalearekin etorkizunerako lotura aurreikusten zutela zirudien.

2.- Zubi-zurik “Volantín” pasealekua eta Uribitarteko nasak lotu zituen 1990eko hamarkadan.

Calatravaren eta Bilboko Udalaren arteko lehia legala

Iragan diren asteetan maiz agertu zaigu egunkarietan Calatravak auzitan jarri duela Bilboko Udalaren baimenaz bere zaldain-zubiari Uribitarteko aldean erantsi dioten pasabidea. Pasagunea delakoa “Isosaki Atea” deritzon konplexu urbanistikoarekin oinezkoentzako lotura errazteko omen denez, edozein gauza egiteko beta daukate, antza, ez bakarrik Udalak, baita Isozakik ere. Bigarren honek gogoz onartu izan du beste arkitekto baten obra ukitzea bere proiektuaren ustezko onura ekarriko badu. Udaleko arduradunek guztiz zilegi ikusi dute eta alkatearen ohiko ironiak oraingo honetan harrokeria pittin bat ere erakutsi du, behinik behin Uribitarteko dorreen proiektuaz adierazpenak egiterakoan. Besteak beste, hamaika traba izan dituztela hasieratik amaieraraino horren kontra egon diren biztanle, auzokide, elkarte eta profesional anitzen erruz; baita oztopoak gainditu eta garaile altxa direla ere. Talde horietariko bakoitzak emandako arrazoiez edo mahai gainean ipinitako argudioez, ostera, ez du txintik ere esan eta Calatravarena azken orduko ustekabe txikia baino ez litzateke izango. “Ez zaio bakar-bakarrik artistari begiratu behar; baita Udalaren planifikazioari ere” esaldi xelebrea izan liteke bat-batean politikarien ahotan, besteok makina bat bider errepikatu duguna. Konponbidearen ildoan, hau da, berriro ere dena aldrebesteko, Udalak Calatrava eramango du epaitegietara zubi gainean jendeak laprast egiten duelako. Izan ere, hori ez baita gaurko arazoa; betidanik gertatu da euria ari duen egunetan.

3.- Materialetan, elkarguneetan eta koloreetan ere desberdintasunak bistakoak dira estruktura bien artean.

Estetikaren eta funtzioaren arteko tentsio guneen adierazgarri bikaina

Arkitektura artea baldin bada kontu egin beharko genuke artelanak ezin direla, nahiz eta publikoak izan, norberaren gustuz edo unean-uneko erosotasunaren izenean eraldatu. Ideia hau defendatzen badugu, calatravaren zubiari eskudel zati bat kentzea eta aldamenean beste egitura arkitektoniko bat jartzea kaleko eskultura bati atalak gehitzearen edo eranztearen antzerako zerbait izango litzateke. Kasu horretan, entzutekoak izango lirateke artistaren protestak. Bilboko zubi konkretu honetan, paisaiaren itxura aldaketak ere gertatzen dira itsasadarraren bi ertzetako simetriaren apurketarekin, nahiz eta Isozakik pasabide berria ikuslearentzat neutroa dela dioen, perspektibari batere kalterik egiten ez diona, alegia.

4.- Zenbait puntutatik pasagune berriaren ikus nagusitasuna gailentzen da garbiro.

Bestalde, Bilbon sinbolo gisako ikonoak diren arkitektura ponposoak eraikiko dituzten artistak aukeratzen ditugunean jakin beharko genuke zertan gabiltzan. Calatrava batek beti sarituko du estetika funtzioaren aurretik; bai konposaketan eta bai materialaren erabilpenean, nahiz eta berrikuntza teknikoen aplikazioak ere hor dauden. Baina badirudi gerora ez dugula estetikaren prezioak suposatzen dituen kargak luzaro mantentzeko intentziorik, urte batzuen buruan punta-puntako ‘arkitekto izarraren’ efektu erakargarria pasa ondoren. Eraikinek beti jasan dituzte erabilera dela eta suertatu izan diren transformazioak. Adibidez aspalditik existitzen diren museo askotan, eranskin postmodernoak egin dituzte azken boladan erakunde horiek eguneratzeko asmotan (Pariseko Louvren sorturiko I. M. Pei arkitektoaren piramidea kasurako, eztabaidatuenetariko bat izango litzateke). Hauetan aldiz, ongi egiten baldin bada, arkitekturak berak balio berriak bereganatzen ditu kontrasteen eta haustura narratiboen eraginez. Argi dago Calatravaren zubiarena ez dela gauza bera, duda-mudazko burutapenaren emaitza baino. Gainera, Calatravak berak egin zezakeen, enkargatu ezkero, zentzu handiagoz egokituko litzaiokeen zerbait. Laburbilduz, Udalak artelan ezaguna nahi zuen lehen; orain, ordea, herenegun zegoenak gaurkoari eragiten dionean, erabilgarritasunaren premia duela ezin ukatu. Bitartean, Calatravaren iritziz funtzioaren ikuspuntutik ere irtenbide hutsala litzateke egin dutena.

5.- “Depósito Franco” biltegiaren aurriak eta ondoan izan zuen pasabidea.

Calatravak aipatzen ez duena da zubiak denbora luzez atxikia izan duela egurrezko eta mekano-tuboz jositako pasagune nazkagarri bezain ziztrina “Isozaki Atea” gauzatu arte, “Depósito Franco” zeritzon eraikin historikoa oraindik bertan zegoenean. Noski pasabidea betiko ez zela, baina behin-behinekotasun horrek urteak eta urteak iraun ditu, ez lau edo bost hilabete labur. Edonola ere, egia da neurri batean Isozakirenak ez dituela ikuspegiak nabarmen itxuraldatzen, ez behintzat Fernández Ordoñezen Abandoibarrako zubiak Deustuko Unibertsitatearen aurrealdeari eragiten dion beste, baina egia da baita ere funtzioaren, estetikaren eta etikaren arteko tentsioetan ezinezkoa zaigula atzo, gaur, bihar eta etzi modu txit kontrajarrian jokatzea momentuko beharrizanak soilik aintzat hartuz. Ez da nolanahiko pasartea, testuingurutik ateratako gertaera bakuna, baizik eta egitasmo zalantzagarriago baten barnean kokatu beharrekoa; seguruenik hurrengo paradan komentatzeko gaia izango den “Isozaki Atearen” interbentzio urbanistikoaren atarian eta 2007tik aurrera “Bizikidetasunaren plaza” deituko den enparantzatik hurbil. Horrenbestez, irribarre motza eragiten digu bizikidetza nola hasi den pentsatzeak.

6.- Fernández Ordoñezen beste zaldain-zubia Abandoibarran. Deustuko Unibertsitateko sarrerarekin zuzen-zuzenean konektatzen du Bilbok bere-berea izan duen paisaia zeharo aldatuz.

Nork: isusko vivas.2007/03/27 14:04:22.648 GMT+2
Etiketak: estetika arkitektura zubia funtzioa artea uribitarte | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

Idatzi artikulu bat





The CAPTCHA image

Irudian agertzen diren letrak idatzi beheko kutxan. Spammerrei aurre egiteko CAPTCHA metodoa da hau Captchas.net zerbitzuari esker



bisitari