Unibertsitatea.Net

Blog komunitatea   Sar zaitez blogera

2006/12/20 20:07:45.964 GMT+1

Bilboko hiri zabalgunea gogoan

Jakina da azken boladan Bilbok hartu izan duen ibilbidea berrikuntza urbanistiko eta berreskurapen arkitektonikoaren harian, hiri industrialaren gainbeheraren ostean. Hala ere, oraintsu bere 130. urteurrena izan duen zabalguneak eta beronek izan zuen garrantzia historikoak argi dago ez dituela bilbotarron oroimen kolektiboak larregi astindu, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialak antolaturiko hitzaldi interesgarri bat edo beste izan ezik.

1.- Bilboko zabalgunearen itsura Moyua enparantzaren argazkian.

Historia apurtxo bat

1876. urtea erabakigarria izan zen Bilbon. Azken karlistada amaitzearekin batera gehienbat liberala zen hirian, bizi baldintza eskasak ikusirik eta espazio murritzetan suertatzen zen jende pilaketari, hau da, kasik betidanik lehen mailako kezka iturri zen arazoari konponbide duina eskaintzeko edo behintzat horretarako aitzakia gisa, urte horretan bertan aurkeztu zuten etorkizunean garatzeko hiri zabalgunearen proiektua Bilboko hiru tekniko ospetsuk. Pablo Alzola profesioz ingeniari izateaz gain, bazen udalean goi kargu politikoetan esperientziaduna. Ernesto Hoffmeyer injineruak zenbait azpiegitura lan egin zituen Bilbon eta Severino Achúcarro arkitektoa ere sano ezaguna zen. Hiruren artean diseinatu zuten hiri zabalgunea Abandoko lurzoru lauetan, iragan denboran izandako beste ekimenei jarraiaki: hala nola, XVIII. mendeko “Bakearen Portua” (“El Puerto de la Paz”), Silvester Pérez arkitekto neoklasiko entzutetsuarena edota 1862-63 bitarteko Amado Lázaroren hiri ilustratu bezain utopikoa.

2.- 1792. urtean “Bakearen Portua” proiektatu zen Abandoko Elizatean. Eremu publiko ikaragarriak eta hiribarnean kanalak zeuzkan urak desbideratuz. Egitasmoaren aldeko agertu zen Zamakola, Dimatik Bizkaiko Batzar Nagusietan ordezkari izan eta beste arazo politiko batzuk tarteko nolabaiteko boterea eskuratu zuen pertsonaia. Azkenean, Jaurerriaren eta Bilboren arteko tirabiran ezerezean gelditu zen Bakearen Portuarena.

Utopiatik praktikara

1876koak aurrekoen handinahiak apaltzen zituen baina aldi berean hemeretzigarren mende erdialdeko teoria urbanistikoak ongi moldatu zituen Bilboko baldintzetara, adibidez Ildefonso Cerdàk Bartzelonan garatu zuenaren ildoan. Iritzi kontrajarriak ere ernaldu ziren, batik bat Unamunok aldizkarietatik artikulu eta gutun publikoetan idazten zituenak lekuko. Bai burgesiak eta baita aristokraziak ere atera zuten etekinik urbanizatzeko lurren salerosketaz.

3.- Zabalgunearen planoa.

Ondorengo hamarkadetan, Bilboko itsasadarrean eratuko zituzten hauek beraien ikusmoldearen araberako bizitokiak: Algortan, Areetan eta Negurin (Getxo udalerria) jauntxo industriadunek bai negurako, bai udararako edo urte osorako etxeak zeuzkaten ibaiaz bestaldeko fabriken parean baina, alegia, zinez bananduta.

4.- Bizkaiko Zubiaren bazterretan paisaia erabat desberdinak zeuden. Lantegiak, populazioaren masifikazioa eta kutsadura ezkerrean, luxuzko bizilekuak eskuineko ingurune zoragarrietan.

Industria eta hirigunetik alde egiteko nahia: metropoliaren lehen urratsak

Bizilekuaren aldaketa horretan trenak ere asko lagundu zuen, bai ezkerralde industrialean eta baita jabeak bizi ziren eskuinaldean. Bilbon aritzen ziren arkitektoek txalet etxeak eta uri berriak eraikitzen zizkieten burges sendiei; orduan hasi baitzen, gure uste apalean bederen, Bilboren ideia eta ikuspegi metropolitarra, hiriak lurraldeari irabazitakoa. Gizarte zeharo estratifikatuarekin, errekak Abrarainoko bidean markatzen zuen bizkar hezur uhintsuaren bi alderdietan.

5.- Trenbideen hazkundea eta konpainien gorakada XIX eta XX mendeen bitartean.

* 1, 3, 4, 5 argazkiak: Bilboko Udala. Hirigintza Saila. Planoen Atala.

Nork: isusko vivas.2006/12/20 20:07:45.964 GMT+1
Etiketak: bilbo bizilekua metropolia zabalgunea hiria industria | Permalink | Erantzunak (2) | Errenferentziak: (0)

Erantzunak

Kaixo!

"Ensanche" esateko nik ez nuke "zabalkundea" terminoa erabiliko, "zabalgunea" baizik. Zabalkundea beste zerbait da, zabaltze edo ezagutarazte zentzuan gehiago erabilia, nire ustez. Arkitektura eskolako irakasleon artean osatzen ari garen arkitektura hiztegia ikustera gonbidatzen zaituztet: http://www.ehu.es/arkitekturahiztegia

Animo blogarekin!

Nork: Unai Fdz. de Betoño.2006/12/24 12:42:21.375 GMT+1
www.ehu.es/hirigintza

Tira, ikusi dut aldatu duzu(e)la jadanik. Hala ere, hurrengoan zuzentze eskakizunari erantzutea iradokitzen dizu(e)t, bestela mezu hori lokatzaren mailan gelditzen da (zuzenketa ez baita ulertzen), eta mezu gehiago bidaltzeko gogoak zapuzten dira. Ongi izan.

Nork: Unai Fdz. de Betoño.2007/01/03 11:23:18.383 GMT+1
www.ehu.es/hirigintza

Idatzi artikulu bat





The CAPTCHA image

Irudian agertzen diren letrak idatzi beheko kutxan. Spammerrei aurre egiteko CAPTCHA metodoa da hau Captchas.net zerbitzuari esker



bisitari