Abandoibarran hasi eta Uribitarteko kairaino doan azaleran, Arata Isozaki ospe nabariko arkitekto japoniarraren proiektu gatazkatsua da nagusi, portuaren erabilera zela eta Alzola, Achúcarro eta Hoffmeyer-en Bilboko hiri-zabalgunearen garaian (1876) itsutu zuten lurzoruan.
Oroimeneko aurrien heriotza eta…
Bilbon aski ezaguna dugun Iñaki Uriarte arkitektoak sarritan kontatu digu nola eratu zen paisaia urbano txit adierazgarria, Uribitarteko nasak zabalgunearekin lotzen zituen espazioan. Kota desberdintasunak ekiditeko eskailerak eraiki ziren Mazarredo kaleraino eta gurdientzako aldapa. Goiko partean Indiako gaztainondoak eta harrizko hiri-altzari erdi izorratuak zituen parkea existitzen zen. Beherago, ia gaurdaino iraun duen 'Depósito Franco' zeritzon biltegia (Gregorio Ibarrecherena, 1917. urtekoa). Portua daukaten beste zenbait hiritan arrunt direnen antzerako eraikuntza eklektikoa, Bilboko itsasadarrean garrantzia erabakigarria zuena berori. Lozorroan iraundako hainbat urteren ostean, Hiri Antolaketaren Egitamu Orokorraren aldaketa bultzatu zuen Bilboko Udalak, industri arkitektura historikoaren hiru fatxada botatzea ahalbidetu zuena, aitzinaldean laurden bat soil-soilik mantenduz. Auzoetako biztanleriak zein hiritarren elkarteek, batez ere hiriaren ehunduraren eta tipologiaren apurketari eskaini diote ardura nabarmenena, edozein alternatiba gutxietsiz inposatu izan zaigun Isozakiren ideiaren inguruko zalantzak aurkezteko orduan.
1.- Duela hamar bat urteko estanpa, Uribitarteko moiletan (1998-2000ko argazkia).
…Amesturiko arkitektura berrien jaiotza
Bilbon jaioberri diren hiri-espazioak zabalgunearekin elkarlotzeko ‘sarrera’ berezi bat behar zela eta, ‘Isozaki Atea’ beren-beregi asmo horrekin saldu ziguten bilbotarroi. Esku-hartze urbanistiko handia zekarren atzetik; aspalditxoan burutu diren guztietatik eztabaidatuena, aurkako iritzi gehien izan dituena eta arkitekturaren aldetik ere maiz kolokan jarritakoa.
2.- ‘Depósito Franco’ biltokiaren aurriak Uribitarten, erabat birrindu zituzten arte (fotomuntaketa fantastikoa).
XX. mende hasierako eraikina komertzio funtzioetarako prestatu nahi izan zutenetik pasako ziren jada bizpahiru hamarkada, barnean egin zizkioten atontze lanak bertan bera gelditu zirenean. Handik aurrera, beste garai bateko ‘mamu-eraikinaren’ itxura atzematen genion Bilboko erdi-erdian zegoen estruktura zahar abandonatuari. Behinola, teknikaren museoa izan zitekeena jartzeko egitura aproposa zuela aditu genuen baina, zurrumurruak zurrumurru, Isozaki Atea izan da azkenean bazterrak suntsitu eta gure baitako paisaiak zeharo itxuraldatu dituena.
3.- Isozaki Atearen eraikuntzan Iñaki Aurrekoetxea arkitektoaren estudioak parte hartu izan du, Isozakiren taldearekin batera, betearazte eta zuzendaritza lanetan (jendeari erakutsitako maketak).
Bilboko altuerarik garaiena izan behar zuten Isozakiren Ateko dorre bikiek eta, aipatu bezala, lurraren kotak samurtzeko eskalinata handia aurreikusten zen, Erromako Espainiako Plazaren tankerakoa, alegia. Noski, etxebizitzez edota bulegoez aparte aisialdirako nahiz erosketak egiteko tokiak ez ziren faltan botako. Espazio publikoak eta pribatuak hiritarren mesedetan erlazionatuko zituela komentatu zuen arkitektoak, hiriak ibaiari aurpegia emateko izango zuen aukera zinez sinboliko honekin.
4.- “Isozaki Atea”. Bilbo berrituaren azken postala.
Kasu konkretu honetan, harridura sortzekoa izan da benetan, hastapenetik aurreproiektuak izan duen harrera kritikoa ez bakarrik profesionalen aldetik, baizik eta “erasoa” jasan beharrean sentitzen ziren auzokideen partetik ere. ‘Volantín’ pasealekuan aurrez aurre dauzkaten etxe ponposoetako biztanle aberatsek ez baitzuten begi honez ikusi, dorreek ibaiaren beste ertzeraino luzatzen zuten itzalarengatik, besteak beste. Gehiegizko altuera izan zen 2001. urtean Foru Aldundiak proiektua eteteko hartutako erabakiaren errudun. Gerora ere, epaiketak eta arazo legalak ez ziren amaituko, eraikitzeko araudien egokitzapenak tarteko. Bai Udala eta bai beste eragile pribatu batzuk oso urduri eta nahiko larri ibili ziren bolada hartan. Azkenean, kontrako ahalegin guztiak hutsalak izan zirela onartu behar izan genuen 2003. urtean prentsak behin betiko proiektua martxan zegoela iragarri zuenean.
5.- Calatravaren Zubi-zuritik Isozaki Atearen ikuspegia.
Kopiaren ordez simulatu. ‘Gezurra garaile’ postmodernitatearen ondorengo aroan
Hiri-espazioaren ohiko testuinguruak, hain kontrajarriak eta bortitzak suertatu daitezkeen lengoaia arkitektonikoekin eraldatzeak lekua bera ulertzeko eta bizitzeko moduak ere alda ditzake, eguneroko ohituretan eragin sakona izanez, betiko hiritarra elementu arrotz bilakatzen den bitartean. Irudi exotikoak gure paisaia ezagunetan oihartzuna duenean denboraren eta espazioaren dimentsio iheskorretan atea joka gabiltzala dirudi. Uribitarten ernaldu den Manhattan txikiak agian Erromako enparantza inperialen iturri ikonografikoetatik edango du. Hala ere, porlanezko eskailerak ez dira, ez, Erromakoak; grina falta zaie, ‘izpiritua’ nolabait. Espazio publikoak, publiko bezain pribatuak dira hemen, ‘publikotuak’, ikuslearen arreta helburu zehatzekin eta prestutasunez eskatzen duten horietakoak. Harlanduaren kantu beroa ez da porlanaren taupada hotzetan entzuten. Era berean, ez du metalaren ahots zorrotza ordezkatzen. Bilbo eta Erroma ezin daitezke konparatu, are gutxiago Bilbo eta Manhattan. Noizbait onartu beharko genuke ezinezkoa zaigula Manhattan eta Erroma biak batera Bilboko arkitektura amestuaren ispiluetan agertzea. Kristal puskatuaren musikarekin batera beira gaineko isla izoztuak arin desagertzen baitira, guk geuk eraikitzen ditugun identitateak antzoki bihurturiko hiriaren anabasa pasiboan galtzen diren gisan. Bizi izan ditugun esperientziak hiriko paisaia urbanoarekin identifikatzen ditugu. Irudikapen fisiko horiek txertatzen zaizkigu gure oroimenaren barreneko txokorik ezkutuenetan, eta handik iragaten omen dira memoria kolektiboarekin konpartitzera. Gure egunotan, hiri postmodernoak antzinako hiriak asma ditzake (Erroma), baita metropoli modernoak ere (Manhattan); kopiatuz ez ezik simulazioaz baliatuz. Lan alperra zenbaitetan, batez ere lortutako simulazioak traketsak direnean.

6.- Eskaileretan Eduardo Chillida zenaren “Argia bilatzen IV” eskultura dakusagu. Chillidak toki honetarako espresuki pentsatutakoa 2001ean. Bertikaltasun itzela markatzen duen altzairuzko pieza erraldoia.
Idatzi artikulu bat