1997an Guggenheim museoaren azken ukituak amaitzear bazeuden, Bilbo hiri berria ‘mundu mapako erdigunean’ kokatuz, 2007ko udaberria berriro ere data klabea izan da Bilboko berreskurapen urbanistikoarentzat: badoa aurrera abiada bizian, oraingoan Abandoibarran kokatuko den ‘Iberdrola’ dorreari hasiera emanez.

1.- Bilbao Guggenheim Museoaren eraikuntza, 1996-1997ko argazkia.
165 metroko hiruki formadun fatxada kurboak, 40 solairu eta heliportua
Dorrearen barnean, Bilbo inguruan kokaturiko enpresek beraien bulegoak izango dituzte eta Abba sareko hotel batek beteko omen ditu zenbait solairu. Goiko aldean, nola ez, Iberdrolaren egoitzak begi bakar handiarekin argi emango du, eguzki-izpi ‘jainkotiarren’ isla bailitzan, zeru-orraziaren azken momentuko ‘salbatzailea’ nor izan den une oro gogoratu dezagun. Noski, elektrizitatea sortzen duen enpresa-erakundea dela ezin dugu ahaztu, bere lantokiak eraikin esanguratsuetan ezartzeko duen ohitura ongi gordez. Punta-puntan helikopteroak pausatzeko plataforma eta guzti, udaran urre kolorezko landareak dastatzen dabiltzan erletxoak legez; susmoa dut Estatu Batuetako polizia pelikulen itxura hartuko diogula laster.

2.- César Pellik Abandoibarran eraiki behar duen dorrea (Bilbao Ría-2000 aldizkaria, 9. zenbakia, 2004ko ekaina, 32 or.).
Ez dira izan garai errazak…
Abandoibarrako Master Plangintza delakoaren fruitu ikusgarri honek momentu garratzak ere jasan ditu azken boladan. César Pelli arkitektoaren lana ez da batere samurra izan, noraezean ibili den proiektuari begirada azkar bat eskaintzen badiogu behintzat. 2011. urterako prest izango den ikono elegantea iragartzen du Bilbao Ría-2000 fundazioak, zeinu ‘ekologikoa’ eta garapen iraunkorrerako baldintza guztiak txukun aplikatzen dituena, alegia. Izan ere, lehenengotan Bilboko kaleetatik ongi atzematen ziren mendien ikuspegiak errespetatu nahi izan zituzten, dorre altu bakarra eta txikiagoak ziren beste hiru proposatuz. Geroago, bi dorre biki izan behar ziren, paisaiaren perspektibak irekiz hastapeneko ideia mantentzen zutenak. Akabuan, dorre bakarra izango da, obelisko erako menhirra, baina jada ikuspuntu guztiak zapuzten edo eraldatzen dituzten etxe ilararekin aldamenean.
Ekaitzaren ondorengo baretasuna…ala,…
Jakina da lehendabiziko ideiaren arabera dorrearen espazio erabilgarriak bulego pribatuei zuzenean saltzeko zirela. Guggenheim efektuaren laguntzaz, edozeinek gura izango zuen bere burua Bilboko eraikin garaienean ikusi, baita nazioartean mugitzen diren negozioetako munstro erraldoi horiek ere. Ilusioak ilusio besterik ez diren heinean, hezur-mamizko bezerorik apenas usaintzen zenez eraginkortasun politikoak ezin zuen bere zilegitasuna galdu Abandoibarra dorrerik gabe utzita. Horrela, konponbidea posible egin zuena Bizkaiko Foru Aldundia izan zen. Hau da, administrazio publikoak eramango zuen bere bizkarrean hirigintzako egitasmo enblematikoaren ardura nagusiena, prezioak eta gastuak azken finean bizkaitarron poltsikotik ordainduz.

3.- Abandoibarra. Dorrea erakusten duen infografia (Bilbao Ría-2000).
…Barearen osteko ekaitza?
2003. urtean, prestakuntza guztiak bukatzear zeudenean, aspaldian ezagutu den erabakirik dramatikoenetako baten berri izan genuen, gainera instituzio publikoen aldetik zetorrena: Diputazioan orduraino agintean izandako taldea aldatu eta Abandoibarrako dorrearen proiektua bertan behera lagatzea erabaki zuten, sorraraziko zuen aurrekontuen defizitak ez baitzuen ahalegina baliozkotzat onartzen; premia handiagoko gizarte arazoak baitzeuden. Aldundiak piztu zuen zurrunbilo politikoa ez zen nolanahikoa izan. Bilboko Udalaren momentuko haserrea baino haratago (nahiz eta alderdi berekoak izan), Bilbao Ría-2000en sekulako oihartzuna izan zuen, kideetariko bat, Bizkaiko Aldundia hain zuzen, gainontzekoen aurka zebilela ulertu zutelako. Betidanik existitu izan ziren adostasunak puskatuta, zenbait urtetan jorratutako konfiantzak erortzeko zorian zeuden eta Bilboren etorkizuna hipotekatzea egotzi zioten Bizkaiko Diputazioari. Honek, hirugarren adinerako egitura sozialen bigarren fasea abian zeukan eta hura irmo defendatzen zuen. Bestalde, Nazioarteko Erakustazoka edota ‘Supersur’ autobideak hobestea nahiago zuela garbiro agertzen zen hauteskunde programetan. Bilboko alkateak berak ere, agian etsipenak jota adierazpen txit harrigarriak egin zituen uda hartan, hiriko auzoetara begiratuko zuten obrak bultzatuko zituela ziurtatuz: “Bilbon hiri-plangintzatik at bestelako gauza garrantzitsuak ere badaude”.

4.- Abandoibarrako espazioa Euskaldunako zubitik ‘Salveko’ zubiraino. Dorreak bete beharko zuen lekua utzik gelditzen dela ikus daiteke (manipulaturiko infografia).
Horra hor dorrea, ‘Bilboko negozioen motore berria’
Edonola ere, egoera berrira egokitzeko bere dorrean birmoldaketak egitea eskatu zioten C. Pelli arkitektoari, ‘enpresentzako gune mamitsu’ bilakatzeko; hura baitzen hasiera-hasieratik zeukaten nahia. Udala dorrearen parte batekin geldituko zen, beste korporazio indartsuren baten laguntza bazuen. Horrela jakin genituen Iberdrolarekin izandako hitzarmenak 2004an, ‘in extremis’ agertutako ‘Ama Birjina’ edo flotagailua. Bere aldetik, Iberdrolak “herriarekin, duela ehun urte baino gehiago jaio zen lur honekin” konpromisoa gaurkotzea lortu du eta, horrez gain, badute Bilbok behar duen erreferentzia arkitektoniko berritua, erabilgarritasunari irudikapen mezuak gaineratzen dion halako ‘transzendentzia antzuarekin’. Industriaren gainbehera gibelean utzita, XX. mendeko azken hamarkadan erabakigarria izan zen kultur kudeaketaren esparrua sustatzea. Orain aldiz, hurrengo gizaldiko lehen urteetan ‘ezagutzaren hiria’ bihurtu da biharamuneko janari preziatua. Kontu izan beharko dugu, hala ere, gaurko ogia ez dadila izan etzirako gosetea. Abandoibarrako dorre liraina Euskal Herriko eraikinik altuena izango da, hiriaren aurpegi postmodernoaren logotipo bikaina, eta horrekin batera duela 20 edo 25 urte Bilbori ukatu zitzaion identitate sinbolikoa bereganatzeko bideak ere irekiko dira seguruenik. Gure iritziz, ez da kasualitatea dorrea altxatuko den tokiaren izena: Euskadi plaza, Euskalduna lantegi mitikoa zegoen Abandoibarrako lurzoruan, ‘Campa de los Ingleses’ deituriko parajean; beti izan du Bilbok Britainia Handiko hiri industrialen antza.

5.- Dorrea eta etxeak Euskadi enparantzan. Infografia (BILBAO aldizkaria, 214. zenbakia, 2007ko apirila, 9 or.).
Idatzi artikulu bat