Unibertsitatea.Net

Blog komunitatea   Sar zaitez blogera

2009/06/24 18:45:33.519 GMT+2

Udan ere ikasten

Uda partean oporrak ere beharrezkoak diren arren, iaz eta aurreko urtean garai berdintsuan egin genuen legez, aurten ere bizpahiru liburu aipatuko ditugu; ‘Hiritartean’ darabilzkigun gaiak lekuko, nolabaiteko ‘ikasketa etengabea’ maite duzuenontzat bederen. Hala bada, udaran Euskal Herriko geografian han-hemenka barreiatuta dauzkagun ikastaroetatik, bat edo beste txit interesgarriak lirateke, hilabete beroen probetxu onerako.

 

Udako ikastaro anitz Euskal Herriko bazterretan

Unibertsitate mailako uda-ikastaroak aspaldidanik dira ezagunak ez ezik arrakastatsuak ere gure inguruan. Alabaina, eskaintzak azken boladan goraka egin badu, duela urte batzuk apurtxo bat baretuta ez ote dabiltzan susmoa dut. Indar berrien gabezia edo. Dena dela, Udako Ikastaroak Jantzi 09 lemapean antolatu ditu UEUk 37. Udako Ikastaroak, ohi den bezala Eibarren (ekainaren 29tik uztailaren 3ra eta uztailaren 13tik 17ra), Baionan (uztailaren 6tik 10era) eta Iruñean (uztailaren 20tik 24ra). Bereziki, Geografia arloan Eibarren uztailaren 13tik 16ra eskainiko den: “Lurralde antolamendua Euskal Herrian: gaur egungo egoera, gatazkak eta erronkak” aipatzea ezinbestekoa litzateke, blog honetan tratatzen dugunarekin zerikusi zuzenean.

 

1.- www.ueu.org

 

Bestalde, Euskal Herriko Unibertsitateak bultzatuta tradizio errotua dute jadanik Donostiako Uda Ikastaroak eta Europar Ikastaroak (ekainaren bukaeratik irailaren hasieraraino), euskarak ere nolabaiteko presentzia bereganatu duelarik. Aurtengo Uda Ikastaroetako XXVIII. deialdian eta Europar Ikastaroetako XXI.ean “Ciudades y puertos romanos” (Portu eta hiri erromatarrak) kurtsoa proposatu da historiako atalean, Irunen uztailaren 13tik 14ra bitartean egiteko, bertako Oiasso Museoan. Hirian zentratutako indusketa arkeologikoen ikerketak portu izaeran, identitate urbanoan eta lurraldearen posizio estrategikoan jartzen du arreta, Tarraco-tik datorren galtzadaren amaieran eta Hispaniak Akitaniarekin zuen mugan. Lurraldea egituratzeko erromatar modelo aurreratuenak portuen, hiriguneen eta komunikazio bideen uztarketa erakusten du garbiro, hiru elementu horiek inperioko administrazioan eraginik handiena suposatuko zuen lurralde eskema ekonomikoa zeharo baldintzatuz.

 

2.- www.sc.ehu.es/cursosverano

 

Azkenez, duela gutxi apuntatu da Bilbo udako ikastaroen abenturan. Hemen ere Euskal Herriko Unibertsitatearen babespean, Bilboko Arte eta Kultura topaketak tamalez erdaraz izan dira normalean eta arte-teknologiak, antzerki-teknika, dantza, musika, zinema, literatura, gizartea, museoak, hezkuntza edota ikus-entzunezko komunikazioa lantzeaz gain hirigintzaren gorabeherek ere izan dute lekua noiz edo noiz, hirien historiaz eta arteaz eztabaidan. Ekainaren 23tik uztailaren 17ra bitartean, batzuk euskaraz izango dira 2009an. Hauxe bai, beraz, gure inguruko herriak eta toki-espazioak ezagutzeko une benetan aproposa.

 

3.- www.ehu.es/bak

 

Zer irakurri; arkitektura, hirigintza, lurraldea eta historia

Egurats sargoriarekin are eta pisutsuagoak suertatu badaitezke ere, ohiturari eusteko beste hiruna liburu gomendatuko ditugu, eguzkipean kiskaltzeko intentzioa duzuenontzat. 2007ko datarekin, ez da iragan denbora larregi L´aménagement du territoire en Pays Basque liburutegietara heldu denetik, Eusko Ikaskuntzak Dakit argitaldariarekin plazaratua. Eguzki Urteaga soziologiako irakasleak koordinatua (iazko UEUko ikastaroetan izan zuen ekarpenik, Baionan), Ipar eta Hego Euskal Herriko zenbait adituk idazten dute bertan, batez ere ikuspegi sozio-antropologikoak eta historikoak gailenduz egungo errealitatearen azterketan. Frantsesez eta gazteleraz, mugaren bi alderdietan gertatzen diren egoera soziolinguistikoak, mugaz gaindiko zonaldeak, paisaiaren estetika edota nekazal lurren urbanizazio prozesuak dira ikerketen funtsa, hauetako kapitulu bat euskaraz izanik.

 

4.- URTEAGA, Eguzki (koord.). L´aménagement du territoire en Pays Basque (Lurraldearen antolaketa Euskal Herrian), Eusko Ikaskuntza, Dakit, Zarautz, 2007. ISBN: 84-932368-3-7 = 978-84-932368-3-0.

 

Hiri zabalguneetara itzuliz, 2008an Euskal Herriko Unibertsitateak euskaraz argitaratu du Manuel de Solà-Morales i Rubió-ren Hiri-hazkunde motak. Bartzelonako Goi Mailako Arkitektura Eskola Teknikoko katedradunak hiriko trazaren egituraketaz dihardu, batik bat hiri ehunduren arteko desberdintasunak eta tipologiak finkatuz: zabalguneak, poligonoak, hiri-inguruak, bazterreko urbanizazioa eta lorategi-hiriak. EHUko Argitalpen Zerbitzuak egindako itzulpenaren oinarria Kataluniako Unibertsitate Politeknikoak 1993an kaleraturiko Les formes de creixement urbà lana izan da.

 

 

5.- SOLÀ-MORALES i RUBIÓ, Manuel (de). Hiri-hazkunde motak, Euskal Herriko unibertsitatea, Bilbo, 2008. ISBN: 978-84-9860-138-1.

 

Gure hirietako historia urbanoan murgildu nahi baduzue, Mikel Artolak duela urte batzuk prestaturiko Donostiaren historia dakargu gogora, modu berezian Nereak eta Donostiako Udalak Elena Legorbururi agindutako 206 orrialdedun edizio laburtua, hondartzarako edo mendirako askoz erabilgarriagoa. Sei autore bilduz, XII. mende bukaeratik XXI. mendearen atariraino hurreratzen gaituen bidaia birpasatuko dugu.

 

6.- ARTOLA, Miguel (ed.). Donostiaren historia (bertsio laburtua: Elena Legorburu), Nerea, Donostiako Udala, Donostia, 2001. ISBN: 84-89569-56-8.

 

Hiru adibideak, hain zuzen ere, haizea iparra eta freskagarria denean irakurtzeko paregabeak. Hala ere, hegoa baldin bada ez itzazue buruak gehiegi zorabiatu.

Nork: isusko vivas.2009/06/24 18:45:33.519 GMT+2
Etiketak: ikastaroak liburuak historia uda lurraldea hiria | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2009/05/27 19:52:18.805 GMT+2

MacLennan kargadore desagertua eta aurri industrialen mesprezu lotsagarria

Aurrekoetan, bizi izandakoaren oinordekotza maiz hizpide izan bagenuen, batez ere industriadun hiritik lorategi-hirirako pausoak nabarmendu ahala, iragan neguan bere arrasto zaharkituak kostaldeko ur nahasiek irentsi zituzten kargadorea dakargu gogora, Bilboko Abrako ezkerraldean itsasoari ahoa zabaltzen dion Bizkaia industrialaren azken aurririk enblematiko eta sinbolikoenetakoa izaki.

 

Barearen osteko ekaitzak jota

Ustelduriko hezurdura biluziak antzina eraikia izan zen egituraren funtzioa erakusten zigun, itsas muturreko harkaitzetan irmoturik plano horizontal eta zeiharrak deskribatzen zituen perfilak irudikatuz, olatu zakarrei urtez urte eta negurik negu aurpegi zimur baizen gogorra erakusten zien bitartean. Alabaina, borrokak temati jarraitu zuen, gau bateko ekaitz zakarrak estruktura bitxiaren habeak arroketatik askatu zituen arte; biharamunean ez zen jada ezertxo ere existitzen.

 

Burdinadun bihotz arrea zuen Bizkaia meatzari ezezagunak beti biziraun du itsasoarekiko gatazka amorratuan. Europako erdi-alderantz minerala garraiatzeko, “El Castillo” izendatu zuten kargadorea (kokagune estrategikotik hurbil Guda Karlistan erabilitako gaztelu-bateria zeukan) “Cobarón” eta “Carrascal”-eko meatzeetatik zetorren lehengaia itsasoratzen ziharduen 1965. urteraino. Noiz edo noiz interes kultural eta turistikoak aipatu izan badira ere, gaur egun zaharberritzea dagoeneko ezinezkoa litzateke, egur eta metalezko lotura oro paisaiatik desagertu baitira.

 

1.- MacLennan kargadore zaharraren aurriak Pobeña eta Cobarón arteko kosta partean.

Argazkia: Xabier Güenaga.

 

2.- Bat bateko desagerpenaren ondorioa.

 

Pilotuek gidatzen zuten hurreratze maniobra sano arriskutsua eta kontu handiz egin beharrekoa zen; haizearen norabidea, marearen gorabeherak eta olatuen indarrak harrizko mendi-magaletan baitzuten topa-gunerik bortitzena. Orduantxe asmatu zituzten “Cantilever” zubi-kargadoreak, harlanduzko euskarrien gainean ezarritako ‘besoak’ itsaso irekira luzatuz.

 

3.- Arkitektura industrialak garaiko irudietan ere islatzen ziren.

 

Itsasadarreko ibilbidean zenbait adibide

Aktibitate industrial handiaren ezarpenaren aitzin urteetan ezinbestekoa izan zen metalaren komertzioa Bilboko portuan eta itsasadarrean finkatzea. Izan ere, itsasontzien karga eguneroko eginkizun garrantzitsuenetakoa zen eta hartarako pare bat dozena tramankulu ezarri ziren ibai-ertzean. Gehienak “Orconera” eta “Franco-Belga” zeritzen konpainiei zegozkien. Gure egunetaraino haietako bi baino ez zaizkigu heldu; bata oxido artean zeharo abandonatua eta bestea duela denbora gutxi berritua. Presentzia estetiko nabaria mantenduz, simulazio-itxura erabat artifiziozkoa gaineratu diote oinarrizko piezen nahiz mugikortasunaren galera dela eta. Material berriek (herdoilezinezko altzairua) elementu primitiboekin kontraste sendoa sortzen dute, espazio horiek tematikoki museoen gisan tratatuz, monumentuetan jokatzen den bezalako argiztapen bereziaz edota ingurumariko panel idatzietan bere historiaz xehetasun teknikoak hitzez eta ilustrazioekin eskainiz; izandako garapen teknologiko eta sistema produktiboen lekukotasun kasik ezabatua guztiz ez galtzeko.

 

4.- “Orconera Iron Ore” enpresako kargadorearen egoera larria (2008-2009).

 

5.- “Compagnie Franco Belge des Mines de Somorrostro” (lehengo eraikina).

 

6.- Bilbao Ría-2000 erakundeak bultzaturiko berreskurapena, Portu-ko urmaelaren aldameneko kaietan.

 

Nork: isusko vivas.2009/05/27 19:52:18.805 GMT+2
Etiketak: kargadorea aurria kostaldea itsasoa industria | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2009/04/29 19:40:34.674 GMT+2

Aupa Athletic! Futbola eta arkitektura

Industriak utzitako aurrien galera nabaria baldin bada, batik bat Bizkaiko kostaldean eta bereziki Bilboko itsasadarrean, zuzenean edo zeharka lurraldearen garapen ekonomiko boteretsuaren isla izan ziren gizartean erroturiko zenbait jarduerek ere, kirol mundua barne, eraikin esanguratsuetatik haratago leudekeen “monumentu” sinbolikoak laga dizkigute. Beti ere garaian garaiko adierazpen kultural eta herri-ikuskeraren seinale.

 

San Mames-eko katedrala eta…

XX. mendeko 50. hamarkadaren hastapenean, besteen artean kirol taldearen 1951-1952 denboraldietako emaitza kaskarrak ikusita, San Mames futbol zelaia handitzea eta aldi berean zaharberritzea planteatu zen. Izan ere, iraganak ziren jada lau hamarraldi berau inauguratu zenetik, 1913ko abuztuan. Egitasmo arkitektonikoen lehiaketan José A. Domínguez Salazar, Ricardo Magdalena Galván, Carlos M. González eta Carlos Fernández Casado ingeniaria suertatu ziren garaile, orduan oso iraultzailea izan zitekeen ideiarekin: tribuna berriaren estalkiak hormigoi armatuz eraikia behar zuen izan. Munduan zegoen handiena izango zela ziurtatzen zen. Horretarako, egitura enblematiko batzuen luzera gaindituko zuten; hala nola, Limestone eta Lake City-ko B-52 hegazkinen hangarrak Ameriketako Estatu Batuetan edota Marignane-koak Frantzian.

 

Tribuna kolomarik eta inolako euskarririk gabe airean mantentzeko arku itzela diseinatu zuten. Premiazko betebehar funtzionala estruktura luzea eustea bazen ere, 1953rako bukatua zegoen obrak sinbolo bihurtzea lortu zuen; urte haietako Europan existitzen zen lehena baitzen. Balio teknologiko txit estimagarria zuela eta, aldizkari espezializatuetan argitaratua izan zen Salazar-en proiektua. San Fernando-ko Arte Ederren Akademiako kidea, sortzaile donostiarra zen izatez eta badirudi Erreal zale amorratua. Kuriosoa hortaz, bere karrerako emaitzarik ospetsuenetarikoa hau izatea.

 

1.- 82ko Mundialeko egoitza izendatu zutenean konponketa lanak burutu zituzten San Mames-en.

 

Urteak pasa ahala, San Mames ponposo hura ere zaharkitua gelditu zelakoan, zelai berriaren lehen maketa aurkeztu zuen César Azkarate arkitektoak duela bi urte. Athletic-en historian mugarri izango den eraikuntzak erreferentziazko papera jokatu beharko du azkenaldiko berreskurapen urbanistikoan ere. Futbol taldearen, Foru Aldundiaren eta Bilbo Bizkaia Kutxaren ekimenez sorturiko “San Mames Barria” sozietatearekin Bilboko Udalak hitzarmenak sinatzeko prestutasuna erakutsi zuen, Eusko Jaurlaritzari ere dirua eskatuz. Horien lekuko, kirol ekintzez gain bestelako eginkizun sozialei ere ireki beharko dizkie ateak. Etorkizuneko jolastokiak beraz, besteak beste, Athletic-en museoa, gimnasioa eta egunero zabalik izango diren zerbitzuak barnebiltzeko intentzioa du. Kanpoaldetik beiraz jantzitako metalezko hezurdurak, barnealdearekin gardentasuna areagotzen du. Partida-egunetako argiztapenak kolore zuri-gorriz zipriztinduko ditu inguruak, distira gorrixkak kalean atzemanez Bilboko jokalariek golak markatzen dituztenean. Nazioarteko neurketak ere ospatzeko aukera izango duen zelaiak euriaren ura aprobetxatuko du belarraren atontze zein mantenurako, baita instalazioetako beste hainbat eginkizunetan erabiltzeko ere.

 

2.- San Mames-en barneko kontserbazio egoera nahiko kaskarra dela ezin daiteke ukatu.

 

…Zorrotzaurrerako zubia

Bilboko hodeiertzean ‘lurraren kurba’ irudikatzen duen arku handiak egoera benetan arriskutsuan du bere biziraupena, gaur egun paisaia urbanotik desagertzear leudekeen beste ezein monumentu modernoen gisan. Udaleko bilkurak onartu zuen aspaldi Hiri-Antolaketaren Egitamu Orokorrean aldaketak egiteko Agindu Forala, eta ondorioz San Mames-eko arkuaren eta tribunaren babes-maila zeharo murriztea.

 

Bitartean, Bilboko alkateari auzokideren batek bidalitako mezuaren eraginez, mende erdi batez hiriko ikono ezagun izan den arku xelebrea Zorrotzaurreko penintsula Sarrikorekin lotuko zukeen zubi bilakatzeko nahia hasi zen ernaltzen, Etxebarriako parkean ezartzea baino asmo interesgarriagoa zelakoan. Aldaketa batzuk egin ostean eta San Mames zaharraren eraispenetik osorik aterata, ibai-gaineko pasabide-zubiaren zilegitasuna aldarrikatzea ez omen zen inozokeria; horixe defendatu zuten txosten tekniko eta aditu batzuk ere. Lan neketsuena finantziazioa bilatzea izango zen aurrerantzean, eta horretarako Athletic-en laguntza ezinbestekoa zen. Taldearen aurreko hauteskunde kanpainan arkua milaka parte txikitan zatikatuta bazkideen artean banatzea proposatu ohi zien hauei, botoen gehiengoa jaso zuen azken presidenteak.

 

3.- Egunkarietan agerturiko argazki muntaia. Ituria: El Correo, 2007ko irailaren 27a.

 

Gure egunetako Bilboren kartografia urbanoaren oinarrizko puntua eta ‘sky line’ deritzona definitu duen irudia, XX. mende hasieran zabalgunearen trazak muga zeukan Basurto aldeko lurretan jaio zen San Mames, aldamenean presentzia arkitektoniko garrantzitsuak zituela: Miserikordiako etxea, Kaputxinoen komentua eta ospitalea. Geroago kokapenez aldatzeko ahaleginak ere ikusi izan genituen, Txori-herri aranera bidaltzekoa edota Carlos Lázaro arkitektoaren 1970eko urteetakoa. Ondoren, Zorrotzaurrera edo Olabeagara eramateko ere, Norman Foster eta Santiago Calatravaren eskutik. Azkenez, orain okupatzen duen lurzorutik metro eskas batzuk baino ez da mugituko, ibai-hertzera hurbilduz Erakusketen Azoka zegoen tokian. Aske gelditutako espazioak Euskal Herriko Unibertsitateko campus berriak erabiliko ditu, zabalgunerantz eta Olabeaga auzorantz konexioak zein hiritarrentzako ibilbideak ezarriz.

 

 

4-5.- Zorrotzaurreko ataria oztopatuz futbol zelaia proposatzen zuten planoak eta perspektibak. Irudi infografikoen iturriak:

- MASBOUNGI, Ariella (zuzendaria). Projeturbain, 23. zenbakia (Bilbao. La culture comme projet de ville/La cultura como proyecto de ciudad), 2001eko iraila, 42-43. orr. (4).

- ERQUICIA OLACIREGUI, Jesús María: Del planeamiento urbanístico a la ordenación del territorio. La necesidad de un cambio de escala. El caso de la Comunidad Autónoma del País Vasco, Gasteiz, Eusko Jaurlaritza. Lurraldearen Antolaketa, Etxebizitza eta Ingurugiro eta Saila, 2003 (5).

 

6.- Olabeagako moilen aldamenean ere zeharo estutzen zituen pasabideak.

Nork: isusko vivas.2009/04/29 19:40:34.674 GMT+2
Etiketak: bilbo arkua zorrotzaurre arkitektura san-mames | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2009/03/27 10:31:15.645 GMT+1

Bizi izandakoaren oinordekotasuna. Hiri industrialetik lorategi-hirira

XX. mendearen akabuan eta XXI. mendearen hastapenean hiri ikuspegi xelebreak ditugu Euskal Herrian. Industriaren herentziak utzi dizkigun arrastoak tartekaturik ditugu punta-puntako arkitektura liluragarriekin. “Mad Max” itxurako hiritik lorategi erako hirira pasa gara arineketan, baina industriaren paisaia estetikoak bere bihotz taupadak ez ditu guztiz ahantzi ibaien ertzetan, lurzoru zakarretan nahiz itsas bazterrean.

 

1.- Kadagua ibaiaren ondoan oraindik dauzkagun hilerri industrialak, txatarraz beteak (Bilboko ingurumari metropolitarra).

 

2.- Abandoibarra parke bihurtzeko ahaleginak 2007 eta 2008 urteetako proiektuekin (Bilbo).

 

Esandakoa laburbilduz

Zenbait hilabetetan aritu izan gara ‘hiritartean’, Euskal Hiriaren ikuspegi konkretu batzuetaz eztabaidan. XIX. mendearen amaierako eta XX. mende hasierako hiri-zabalguneen erronkak nolabait ireki zituen hirigintzaren fenomeno modernoaren ateak Euskal Herrian, gure geografia txit gatazkatsua kontuan izanda lur barneko hirien identitatea eta urbazterreko hiriena ongi bereiztuz. Horrek guztiak espazio urbanoaren hedapena dakar inplizituki, gaur egun dugun Euskal Hiri lausotuaren irudiarekin. Dispertsioko espazioak bilakatu zaizkigu kontzentrazio urbanoaren gune, batez ere topografia zailak baimentzen dituen lur lau eskasetan finkatu zen industriaren eraginez.

 

Orografiak mugak ezartzen dituen moduan itsasoak ere limite sinbolikoekin jokatuz paisaiaren egituraketa baldintzatzen du kosta partean. Arkitekturak, hirigintzak eta eskultura publikoak esku hartzen dute, Zarautzeko, Zumaiako edota Donostiako adibideetara hurbilduz konturatu garenez. Aurrerantzean sakontasun handiagoz tratatuko dugun gaia izango delakoan momentuz sintetikoki perfilatu dugu orrialde hauetan. Izan ere, arteak sekulako garrantzia bereganatu du zeinu postmodernoa duen urbanismo gaurkotuaren baitan.

 

Nazioarteko museoak, kongresuetarako jauregiak, enpresentzako dorreak edota luxuzko hotel garestiak lekuko, produkzio industrialaren gainbeheraren ostean hiria bera monumentu lez ulertzea gogoko du XXI. mendeko hiri-espazioen sorkuntza eta ustiapen ekonomikoak. Boterea herritarrei erakustea ia beti izan da handikien gustuko, gainontzeko hiritarrak beraien agintariekin arro egon daitezen.

 

3.- Guggenheim berria eraikitzear zegoenean (argazki muntaketa).

 

Zerurako bidean ala infernura jaisteko maldetan?

Frank Gehryk, Guggenheim Museoa eraikitzeko toki aproposa ustez erabakitzen zebilenean, Abandoibarra erdi hustua ikusi zuen Bilbon, Salveko zubiaren azpian. Fundazio Museo Iparramerikarrarentzat eraikina imajinatu omen zuen toki horretantxe, zubiari besarkaturik, eta ikuskizun hark piztu ohi zion zeruaren edo paradisuaren ideia. Guk aldiz, meategi abandonatuetako zirrikituetatik lur azpira doazen tunel ilunetan infernua sentitu genezake; burdinaren eta altzairuaren txinpartek argituriko infernu beltza, Lazkanoren koadro fantastikoetan adierazten zaigun gisan.

 

4.- “Friedrich Bilboko meategiak ikusten” eta “Distantzia gaindiezinak” (1987). Jesus Mari Lazkano margolariaren artelanek irudimeneko pasarteekin jokatzen dute. Jatorria: Ederra eta erabilgarria edo ibilbide piktorikoa Bizkaiko eta beste herri batzuetako industri aurrietan zehar. Jesus Mari Lazkano 1984-1989, Bizkaiko Foru Aldundia. Kultura Saila, 53 eta 61. orr.

 

Bestalde, mendi magaletako zein tontorretako arrasto arkitektonikoek ere urreratzen digute ‘hiri lurraldetuaren patua’. Hegazkinak legez, aldendu ostean inoiz itzuliko ez diren arimak zeruratzeko katapultak bailitzan –Jorge Oteiza zenak zihoenez–  bizi dugun lurralde hiritartuaren gaineko airean barrena urrunduz gure memoriaren pasadizoak lurraldera zabalduriko hirian lausotzen diren antzean.

 

5.- Aspaldi genion bezala, Sondika, Derio, Zamudio eta Loiu tartean, Txori Herri arana Bilboko metropoliak periferiara izurtzen dituen ekipamenduen pilaketaren eta erreserbako lurren erabilera anizkoitzaren eredu onenetakoa daukagu. Bertan biltzen dira hiri sateliteak eta logela-auzoak, zentro teknologikoak eta aireportuak. Argazkia: Karmele Artetxe.

 

 

Erantzuleei: arrazoi duzu, Unai. Arkitektura eta hiriaren espazio-egituraketa egokia ulertzeko gaitasuna dira, nire uste apalean ere, aurreko blogean komentatu ditugun Kontxako (Donostiako) eskulturetan nabaritu daitezkeen desberdintasunak.

 

Eskerrik asko zuen arretagatik.

 

Nork: isusko vivas.2009/03/27 10:31:15.645 GMT+1
Etiketak: hirigintza lurralde-hiritartua artea industria arkitektura | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2009/02/26 19:39:19.062 GMT+1

“Hain gertu eta hain urrun”. Chillida eta Oteiza Kontxako Badian

Kontxako badiaren ezkerreko erlaitzean daukagu Eduardo Chillida eskulturagileak eta Luis Peña Gantxegi arkitektoak gauzaturiko hirigintza jarduera: “Haizearen Orrazia” deritzona. Obraren fase desberdinek; eskultorikoa, urbanistikoa eta arkitektonikoa, hiriaren eta itsasoaren arteko mugak identifikatzen dituzte, itsasaldeko harkaitzek hiriari tartea irekitzen dioten lekuan.

 

Eskulturaren eta arkitekturaren uztarketa baino gehiago

Urbanizaturiko espazio antropikoa zoru publikoaren gestio egokia bidelagun zuela hezurmamitu zen Ondarretako hondartzaren luzapenean eta Igeldo mendiaren magalean. Hiriaren hasiera eta amaiera gisa ulerturiko espazioa (α/Ω); hau da, azkenekoa edo aurrenekoa, segun eta lur barnetik edo itsasotik hurbiltzen gatzaizkion. Bokazio urbanoa duena alegia, hiriaren limiteen metafora ur kolektore abandonatuaren gainean buruturiko interbentzioarekin, arrantzaleen antzinako pasealekuaren eta moilaren gainean eraikia.

 

Itsasoak eta hiriak nola talka egiten duten ikusteko txoko aparta, paisaiak berak hartzen du eskulturaren eskalara egokituriko itxura eszenografikoa. Chillidak kokaturiko eskulturetatik lehenak kontaktu fisikoa mantentzen du oraindik gizakiarekin, bertako harkaitzetan errotua (eskuekin ukitu, dastatu eta usaindu genezake). Bitartean, erlazio sinbolikoak eratzen ditu aurrekoarekin, garai baten elkarturik zegoenaren oroimena nolabait esnatuz. Aldi berean, ukiezinezko lotura iraganarekin ere badu; hurbil izanagatik oratzeko ezintasunean gabiltzan gauza guztiekin. Haizea orrazten duen hirugarren formak begirada difuminatua eskaintzen digu, beti egunsentiko laino artean erdi lausotua, etortzear dugun garai iheskorrera zalantzaz bideratzen ditugun asmoak bailitzan; tente baina beldurrez, zutik baina dardaraz. Beharbada, galdera zeinu erretorikoekin bere buruari geroa itauntzen dion herri baten arnasaren gogaikarri. Honela, zirkulazio metaforiko anizkoitza pizten da hiru eskulturen artean, orainalditik joandako denboretara horizontalean eta etorkizunerantz, pieza bertikalak aurreikusten duen erreinurantz, memoriaren hari ikusezinak dantzan erabiliz.

 

1.- ‘Haizearen Orrazia’ eratzen duten hiru piezak.

 

Ez da harritzekoa nola eskulturak elkarkidetzen diren Peña Gantxegik ezarritako harri arrosa kolorekoarekin. Lurrean dirauten zazpi zirrikituetatik olatuen eztandak egin behar zuen goraka, bertan lurperatutako organo hodiek tonu eskalak sortzen zituzten bitartean, airearen soinuarekin eta uraren irristadarekin.

 

2.- Peña Gantxegiren enparantza Chillidaren eskulturen atarian.

 

Chillida eta Oteiza parez pare

Badiaren bestaldeko Paseo Berrian dagoen Jorge Oteizaren pieza monumentu bihurtuak, eskalaz guztiz kanpo izanik zailtasunez aurkitzen ditu harremanak inguruneko paisaiarekin. Hiri altzariz gainezka, egurrezko plataformara igoa eta autoen aparkalekuaren ondoan, ez du bertako izaera bereziarekin zubirik inolaz ere eraikitzen. Portu zaharraren, Erdi Aroko hiriaren eta Kortazarren zabalgunearen arteko mugalerroan, Urgull mendiko harresien azpian eta Donostiaren historia modernoak abiapuntua duen tokian txit zorabiatuta dabil Oteiza erraldoi postmodernoa. Berak utzitako ondare artistikoaren gestoreek ohituta gauzkate jada halako marketing ekintzekin, esperimentazio eskultorikoaren sustraiak hondatzen dituzten erreprodukzioetara, Euskal Herriko gure hiri eta herrietan. Oteizaren obra honek (‘Kuboaren desokupazioaren’ seriekoa, 1950eko hamarkadakoa) ez du lortzen bateratasunik ez inguruarekin ezta materialekin, ikuskizun benetan nahasiak sorraraziz.

 

3.- Oteizaren “Eraikuntza Hutsa (lau unitate zapalekin negatiboa - positiboa)”, 1957.

 

‘Haizearen Orraziaren’ kasuan burdinaren herdoildurak margoturiko harrietan txertatzen dira eskultura gorri arreak, mendiaren eta itsasoaren arteko erdigune ‘sakratutik’ ikuskatzen ditugunak. Kontxako beste aldean dena da gainjarria; lorategiak, euskarria eta ‘mobiliarioa’. Chillida eta Oteiza, hain hurbil baina horren urruti; bai joera pertsonalean eta baita Donostian ere, kostaldeko eta itsas bazterreko hiri-espazioetan. Disimuluz, estropadak antolatzen dituzte bi muturrak noizbehinka kateaturik gera daitezen.

 

Nork: isusko vivas.2009/02/26 19:39:19.062 GMT+1
Etiketak: chillida badia eskala eskultura hiria itsasoa oteiza | Permalink | Erantzunak (1) | Errenferentziak: (0)

2009/01/30 19:46:12.704 GMT+1

Kostako muga-lerroak: interbentzio eskultoriko esanguratsuak (Zarautz, Zumaia eta Pasaiako kasuak)

Itsasoaren eta hiriaren arteko mugetan bestelako artikulazio sinbolikoen testigantzarik ere badugu. Elena Asins eskulturagileak, adibidez, Zarautzeko hondartza parean zementuzko edo hormigoizko blokeez eraikitako pasealekua proposatzen digu.

 

Erritmikoki ezarritako bolumen karratuek Oteizaren triedroak dakarzkigute gogora, baina Oteizak bere kutxekin besarkatzen duen espazioa mugigaitza da, sakratua eta denboratik at dagoena, metafisikoa. Elena Asinsen espazio lineala aldiz dinamikoagoa da, mugikorragoa eta aldakorra, itsasoarekin eta hiriarekin elkarrizketan diharduena. Kostaldearen limiteetan muga bikoitzak markatzen ditu: urbanismoak edo planifikazioak hiri bihurturikoa eta eskulturaren bidez irudikatua.

 

1.- Zarautz. Elena Asins eskultorearen lerro linealak hiriaren eta itsasoaren artean.

 

Ur bazterreko hirigintzaren antolaketa espazio urbanoaren eta itsasoaren artean

Neurri bateraino antzeko ekimenaren berri izan genuen 1996an Zumaiako Udalak dike berrian eskultura publiko bat aukeratzeko konkurtsoa deitu zuenean. Itsasoari muga jartzen diona portuko eraikin erraldoia da kasu honetan, itsasoko olatuei irmo aurre egiten diena. Naturaren eta hiriaren arteko norgehiagokan toki gatazkatsu izan daitekeen leku horretan edozelako artelana jartzea teknikoki oso konplexua izan zitekeen eta ezinezkoa izango zitzaion, hala ere, arkitektura itzelari konpetentzia egitea. Azkenean, lehiaketa irabazita Jabi Elorriaga Euskal Herriko Unibertsitatean irakasle den artistak 1997 eta 1998 bitartean ibilbide eskultorikoa kokatu zuen kai-muturraren luzeran zehar. Almeriatik ekarritako harriaz erreferentzia figuratiboak dituen ‘noray’ edo bolardoa izan zen pieza klabeena. Horrez gain, marmol zurizko jesarlekuak eta Urolako tren-geltoki zaharraren maketa jarri zituen. Euskarriaren alderdi zabalenean euskal idazle ezagun baten aipua irakur zitekeen: <<estazio zahar bat, bi aulki eta mila istorio asma ditzake tristurak>>.

 

2.- Izaera figuratiboa duten elementu eskultorikoek herriko oroimenaren isla bailitzan funtzionatzen dute Zumaiako kaian.

 

Naturaren muga bihurriak

Behin Donostiara hurbilduz, ibaiarekin eta itsasoarekin aldi berean mugak egituratzeaz gain kontua da badugula hiriko metropolian urte luzez industriari lotutako zonalderik ere. Aipagarria da ‘Pasaiako Badia’ proiektua hautatu zutela Europako Batasuneko ‘Urban’ Planak sustatzeko, garapen jasangarria helburu dutenak. Portua eraberritzeak bertarako hurbil erraztasuna ere hobetzea eskatzen du. Pasaiako portuaren etorkizunak badirudi oraindik ere notizia berriak emango dituela baina bertako adierazpen artistiko bati nahi nioke arreta eskaini:

 

Nestor Basterretxeak 1971. urtean jarritako eskulturak primeran biltzen ditu esangura sinboliko eta monumentalak. Beheko oinarrian agertzen den plakak moila eraikitzeko prozedura teknikoei egiten die apelazioa; <<San Pedroko arrantzarako moila 687 ‘piloteren’ gainean eusten da, luzera osoa 12.506 metrokoa izanik. Pasaiako Portuko Biltzarra. 1971. urtea>>. Monumentuaren enborrak, ostera, hiri altzari baten itxura du, nabigazioa gidatzeko erabiltzen diren argi eta guzti (berdeak ezkerrean eta gorriak eskuinean, itsasorantz irten ahala), ur ondoko espazioen identitatearen lekuko. Goiko partean, propio obra eskultorikoa izango litzatekeena genuke, Euskal Herrian batez ere XX. mendeko maisuekin (Oteiza, Chillida, Basterretxea, Mendiburu) hain errotua izan dugun estetika abstraktua jarraituz.

 

Bizkaiko Areetan dagoen Churrucaren monumentuari buruz genionarekin parekatuko bagenu (HiritArtean 2008/09/29ko sarrera: “Kostaldeko hiri-espazioak Euskal Herrian I: mugak eraikitzen), bertan goraipatzen zen pertsonaia esanguratsuaren bikaintasuna eta gizarte talde baten nagusitasuna (burgesiarena, alegia). Pasaia San Pedroko honetan, gizartearen moldaketa sozio-antropologikoa eta geopolitikoa arras desberdina izaki, inmigrazioaren pisu nabarmenarekin, konplikatuagoa suertatzen da pertsona bakunak identifikatzea kolektibitatearen indarraren gainetik.

 

3.- Portuetako hiri-altzari, eskultura eta aldi berean monumentu diren artelan publikoak izaera nabarmeneko espazioetan txertatzen direnean paisaiarekin identifikaturiko irudi adierazgarriak sortzen dituzte, denboraren iraganean metaturiko memoriak azaleratuz.

 

Nork: isusko vivas.2009/01/30 19:46:12.704 GMT+1
Etiketak: hiria monumentua limitea itsasoa eskultura | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2008/11/26 18:50:59.492 GMT+1

Ibai ertzeko muga-lerroak: eskultura eta hiri-altzariak Bilboko moila berrituetan

Itsasadarreko urei so, hirigune historikoaren errebaletan aspalditik izan diren muga-espazioak zaharberritu dituzte, Bilboko txokorik adierazgarrienetako bat ibaiarekin berriro ere kidetuz. Hiriko erdigunean kokatzen diren auzuneekiko begirunea haien arteko elkarrekintza fisiko eta elkarrizketa sinboliko legez nabari dezakegu Bilbo Zaharraren eta Zazpi Kaleen artean. Zentzu honetan, La Merced, Urazurrutia eta Marzana-ko moilen berriztapenek asko lagundu dutela deritzogu.

 

Duela hiruzpalau urtetik hona

Bilbao Ría-2000 erakundeak 2002. urtetik 2005era batik bat, antzinako egiturak konpondu eta pasadizo berriak jarri zituen. Gerora, ‘irlatxoak’ bailitzan beren-beregizko ehundurak eta koloreak erakusten dituzten zoladurek eta hiri-altzari bereziek ‘bitarteko gune’ horien izaera definitu dute, batez ere Sádaba diseinugileak ONN Outside enpresarekin landutako porlanezko ‘eserlekuekin’. Izan ere, paisaiaren berariazko ordenamenduaren ideia eguneratzen duen esku-hartzeak balio historiko aparta zuen tokia berreskuratu du hiribilduaren alderik primitiboenean; mendeetako memoriaren erroak biztanleei agerraraziz.

 

1.- San Anton eliza, zubia eta zementuzko ‘aulki’ geometrikoak.

 

Bilboren jaiotza gogoratuko zuen artelan publikoa pasealekuaren hastapenean eta Kasko Zaharreko kale bakoitzaren ardatzen luzapenarekin bat etorriz, errekaz bestaldean mugarri eskultorikoak ezartzea proposatu zuten; altzairuz eraturiko panelak alegia, lehen nukleo urbanoaren sorrera oroitaraziko zizkiguten pasarte idatziekin. Azkenean, lurrean txertaturiko metal-xafletan erliebez inskribatutako aipu eta testu-atalak izan dira eskultura monolitikoak ordezkatu dituztenak.

 

2.- Zoruan grabaturiko esaldi ezagunak.

 

Ur gaineko plataforma bitxi txikiak

Burdin eta egurrezko erlaitzak ibai-ertzeko pasabide estu eta luzeak zeharo zabaltzen eta egokitzen ditu oinezkoentzat, aurrez aurre daukagun panorama ikusteko balkoi gisara eta errepidetik kanpo erosotasunez ibiltzeko. Zirkulazioa errazteaz gain, elementu arkitektoniko txit interesgarri eta erabilgarria ere bada, erribera-aldean ezkerreko espazio longitudinalak bata bestearekin estetikoki eta praktikoki konektatzeko; hala nola, Naja, Ripa eta Uribitartetik Abandoibarrarainoko bidean.

 

3.- Orain dela bizpahiru urte jarritako hegalak eta estrukturak.

 

Ibaizabal Nerbioiko eskuin bazterrean ere, asken boladako egitasmo urbanistiko handien aldamenean eta hauen lagungarri, modu apalagoan nabarmendu dira Abusu, La Peña, Areatza edota Campo de Volantín-eko berregituraketa eta konponketa lanak, Deustuan Botika Zaharreko parkearekin bat egin arte. Hain justu ere, laster Zaha Hadid arkitekto ospetsuak berrantolatuko duen Zorrotzaurreko penintsularen atarian.

 

Nork: isusko vivas.2008/11/26 18:50:59.492 GMT+1
Etiketak: moilak hiri-altzariak bilbo ibaia eskultura | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2008/10/30 19:02:12.224 GMT+1

Kostaldeko hiri-espazioak Euskal Herrian (II: paisaiaren egituraketa urbanoa)

Itsasoak eta hirigintzak baldintzatutako paisaia antropikoak gogoratuz gabiltzan ibilbide xehe honetan, ezinezkoa da askorentzat Euskal Herrian muga-espazio horien lekukotasunik sinbolikoena suposatzen duen Kontxako hegala alde batera ustea. Alday arkitektoak eraikitakoa da (1913 aldera) kostaldean hiriaren eta itsasoaren arteko mugak atontzeko eginkizunarekin. Eskala txikiko zenbait elementu esanguratsu halabeharrezkoak izaten dira limiteko espazio hauetan: farolak eta lanparak, orotariko apaingarriak, alegoriazko eskulturatxoak, erlojuak edota baranda edo eskudel famatua, XX. mende hasieran Vienako izpirituan murgildutako hirigintzaren eredugarri.

 

Itsasoari begiratzen dion arkitektura

Bestalde, Donostiako badiari hiriak eskaintzen dion aurpegian bertan kokatzen da nahiko izaera enblematikoa bereganatu duen Aizpuruaren eraikina, 1928koa. Inguruan duen zabalguneko beste eraikin eklektiko eta modernisten aurrean (Udaletxea kasurako), Club Nautikoak arkitektura arrazionalistaren parametroak ditu baina XX. mendearen lehen hereneko premisa arrazionalista ortodoxo haien purutasunetik aldenduta. Europatik zebiltzan korronteen eragina nolabait gurera erakarrita edo, ikono gisako erreferenteak garbiro ikus daitezke, eraikitzeko halako moda baten aurrean zeudela uste zuten arkitektoen obretan. Orotara, ongi integratzen da aldameneko pasabide eta moilarekin, pribilegiozko kokagune horretan muga-espazio hirukoitza ezarriz: Kortazarren zabalgunearekin, itsasoarekin eta hiri primitiboko portu zaharrarekin, Urgull mendiaren magalean gotorturiko Erdi Aroko hiriarekin. Urteen joan etorrian joera urbanoen garapenak hartzen dituen bideak nola edo hala elkarren parean jartzen dira puntu horretantxe.

 

1.- Aizpurua arkitektoa zenaren Club Nautikoa (Donostia).

 

Gros aldera baldin bagoaz, Moneoren Kursaal berriak zubiarekin eta hiri zabalgunearekin haustura suposatu beharrean dezente ondo lotzen ditu hiriarekin elkarguneak. Hondartzaren bestaldean kalerantz irekitzen den pieza arkitektonikoak lehenagoko eraikinekiko eskalak ez ditu guztiz apurtzen eta bertako denda eta komertzioek ibiltariarenganako nolabaiteko hurbilketa bermatzen dute (nahiz eta hau ere eztabaidagarria izan). Hondartzatik edo itsasotik begiratuta, aldiz, orduan agertzen dira kutxa erako bolumen konpaktuak, azken mendeko euskal eskulturaren tradizio estetikoa eskala arkitektonikoan berpiztuz.

 

 

 

2-4.- Kursaaleko eraikinaren ikuspegiak zubiaren bestaldetik, Groseko zabalgunetik eta hondartzatik (argazki muntaiak).

 

Basamortu bihurtu den metalezko oihan artifiziala

Ez da gauza bera gertatzen Bilboko Euskalduna Jauregiaren atariko espazioan. Zilar kolorezko basoan landaturiko zuhaitz eta abar elektrikoen artetik badirudi ez dela sekula inor pasatzen, nahiz eta Abandoibarrara joateko oinezkoentzat ia bide bakarra izan. Casilda Iturrizarren parkearekin konektatu gura izan dute baina horretarako bizpahiru galtzada, hiruzpalau semaforo gehi tranbiaren beste bi edo hiru paso iragan behar dira. Gainera, euria ari duenean ere ez dago inon atertzerik. Euskalduna Jauregiaren ateetara larregi urreratuz gero laster irtengo zaigu segurtasun zaindaria ea nora goazen galdezka.

 

5.- Euskalduna Jauregiaren aurreko espazio urbanoa, hiri-altzariz eta eskulturaz hornitua, Bilboko zabalguneko parke historikoaren aldamenean.

Nork: isusko vivas.2008/10/30 19:02:12.224 GMT+1
Etiketak: paisaia muga-espazioa kostaldea arkitektura hiria elkargunea | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2008/09/29 18:51:34.924 GMT+2

Kostaldeko hiri-espazioak Euskal Herrian (I: mugak eraikitzen)

“Maite ditut, maite; gure bazterrak, lanbroak ezkutatzen dizkidanean” kantatzen zuen aspaldi euskal poeta eta filosoforik abeslarienak. Izan ere, egunsentiko lanbroak ezkutatzen dizkigu, geruza finez, hiriaren eta itsasoaren arteko mugak, fenomeno urbanoaren limitea eta hesi naturala batik bat.

 

Itsasoaren, hirigintzaren, artearen eta arkitekturaren arteko elkarrekintza oparoak

Muga horiek oroimen eta identitateak azalarazten dizkiguten tokiak definitzen dituzte behin baino gehiagotan, monumentuaren presentziak alegiazko ‘imajinario’ estetikoak ere aldarrikatzen eta berridazten dituenean. Nerbioi ibaiaren estuarioan, Areetatik Abrako uretara doan kai-mutur labur baten zutoinean Evaristo Churruca ingeniaria zenaren omenezko monumentuarekin egingo dugu topo, gure itsas bazterretako ibilbidea hasterakoan. Portuko ingeniaritza obra garrantzitsuak burutu zituen XIX. mendearen azken herenean, batez ere 1887ko burdinazko moila nabigazioa errazteko ‘Portugaleteko barra’ eratzen zen lekuan (arearen pilaketak barkuen sarrera oztopatzen zuenean).

 

Churruca hil eta zenbait hamarkada beluago inauguratu zen Miguel García Salazar-ek proposatutako mugarri arkitektonikoa (1939an). Dorre-faro batek talde eskultoriko alegorikoa du ingurumarian; Bilbori, nabigazioari eta komertzioari eginiko erreferentzia heraldiko eta mitikoekin. Hiri-eskenatoki horretan itsasoaren eta hiriaren arteko limitea elementu honek mugatzen digu, garai konkretu bateko burgesiak zuen boterearen adierazle. Ez du soilik pertsonaia indibidual baten balioa goraipatzen, baizik eta metaforikoki eta estetikoki salatzen dizkigu mende eta erdiko espazio-denboran edo ‘kronotoposean’ industriaren iraultzak, burdinarenak, gure herrian izan zituen ondorio ekonomiko, politiko, sozial eta urbanistikoak.

 

1.- Pertsonalitate handien ohorez eraikitako monumentuek bertikaltasun nabaria izaten zuten XIX. mendeko eta XX. mendearen lehen parteko estetikari jarraiki. Gorputz arkitektonikoaren inguruan pasarte eskultoriko xelebreak kokatu zituzten orrialde honetara dakargun kasuan.

 

Paisaia kontrajarriak: industriaren zikinkeria eta ingurumenaren kalitatea

Bizkaiko Zubiaren bazterretan paraje erabat desberdinak zeuden. Lantegiak, populazioaren masifikazioa, bizi baldintza eskasak eta kutsadura ezkerrean; luxuzko bizilekuak eskuineko ingurune zoragarrietan, boteredun burgesiarentzat atonduak.

 

 

2 eta 3.- Bizkaiko Zubiaren aldameneko paisaia populatuak, itsasotik barnerantz eta ibaitik itsasorantz ditugun perspektiba bereziekin.

Xabier Güenagari ezkertzen diot 3. argazkia.

 

Ezkerraldean, Portugalete bezalako hiribildu historikoak izateaz gain (ikuskizun urbano paregabeekin) duela gutxira arte industria pisutsuaren kontzentrazioa izaten zen eguneroko paisaia ketsua. Benedictako nasan, Barakaldon edo Sestaon labe garaien desagerpenak lurzoru hutsalak utzi dizkigu: hauek dira industriaren ondorengo paisaiaren ‘ez-lekuak’, ‘ez-lurraldeak’ edota ‘ez-hiriak’. Lur ustel eta idortu horietan loratuko dira hirigintza berriaren espazio postmodernoak; ez bakarrik periferietan, baita hiriaren erdialdean edo zentro urbano populatuetan ere.

 

4.- Portugaleteko aurrealde urbanoak konposaketa bitxia erakusten du kasko zaharreko dorretxe eta kanpandorrearekin, tren geltokiarekin, enparantza publikoarekin eta ur ertzeko pasealekuarekin.

 

5.- Industriaren gainbeherak hirian bertan hustu dizkigun lekuak. ‘Entropiaren espazio’ hauek gune galduen itxura erakusteaz gain potentzial ekonomiko eta urbanistiko ikaragarriak dituzte, diseinu urbanoaren balio erantsiak martxan jartzen dituen zonaldeak bilakatzen direnean.

 

Nork: isusko vivas.2008/09/29 18:51:34.924 GMT+2
Etiketak: ibaia paisaia monumentua muga hiria itsasoa industria | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2008/06/24 14:58:52.163 GMT+2

Bilboko Otxarkoaga auzoa monumentu ote?

Ekainaren 10ean Otxarkoagako Kultur Etxean historia liburu interesgarri baten aurkezpena izan genuen; El Poblado Dirigido de Otxarkoaga: Del Plan de Urgencia Social de Bizkaia al Primer Plan de Desarrollo Económico. Saio xelebrea benetan, Hirigintza Saileko zinegotziarekin, Otxarkoagako auzokideen elkartekoekin eta batez ere hiritarren partehartze aktiboarekin. Luis Bilbao Larrondo historiagile gazteak idatzitakoa, bere tesirako Bilboko etxebizitzaz burutu duen ikerketa sakon baten atala izan da, Bilboko Udalak argitaratua 2008an. Horixe da, hain zuzen, obra honek daraman azpititulua: La vivienda en Bilbao (1959-1964).

   

 

 

Txaboletatik liburutegietara

XX. mendeko 60. hamarkadak zuzen-zuzenean harrapatzen du Otxarkoaga parteko txabolismoaren amaiera eta auzune berriaren agerpena. Urte horietan atzematen zen lurzoruaren gabeziak Bilbo Handiko Eskualdearen Antolaketarako Egitamu Orokorrean –garaian existitzen zen plangintzan– berrikuspenak eta aldaketak egitera bultzatu zituen agintariak. Atenas-eko Gutunetik eratorritako arkitektura eta hirigintza modernoaren premisen oihartzunak era txit kaskarrean eta axolagabeki aplikatu ziren frankismoaren menpean zegoen estatu espainiarreko hainbat tokitan. Tipologia aldetik anizkoitzak badira ere, hor ditugu, besteak beste; Altamira, Rekaldeberri edota Uretamendiko adibide aipagarriak Bilbon. Izan ere, Otxarkoaga bihurtu zen jende multzo handia modurik azkarrenean eta merkeenean duintasun minimo batez alokatzeko asmoen artean nolabaiteko paradigma.

 

Zenbait hamarraldiren ondoren, interes kontrajarriek nola topo egin dezaketen argiro ikusi genuen Luis Bilbaoren hitzaldiaren osteko debatean. Bilbo inguruan ezagun den historiagile batek Otxarkoagako eraikinen balio arkitektonikoa goraipatu zuen, ‘altxor’ horien guztien babeserako arauak aldarrikatuz; Docomomo arkitektura modernoaren katalogaziorako egitasmoen ildoan. Aitzitik, bertako auzokideak Otxarkoagak gaurdaino izan dituen arazoez mintzo ziren: planifikazio eta urbanizazio oso eskasak, 40 eta 50 metro karratu bitarteko etxeen kalitate urria, eraikuntzan erabilitako materialen pobrezia, edozein konponketa egiteko zailtasun nabariak eta abar. Iritziak aho batekoak eta homogeneoak ez baziren ere, gehiengoak esaten zuen bakarrik falta zitzaiela babes-legeak ‘jasan’ behar izatea eta bertan parte hartu zuten arkitektoei monumentuak egitea.

 

Nola edo hala, badirudi Luis Bilbaorena ez dela izango Otxarkoaga gaitzat duen liburu bakarra (uztailaren 3an, Bidebarrieta Kulturgunean aurkezpen formalagoa egingo dute, arratsaldeko 7etan). Beste batzuk bidean omen daude eta litekeena da azkenean, mende erdiko gutxiespena eta gero Otxarkoagak ez bakarrik Bilboko baizik Euskal Herriko zein erbesteko arkitekturaren eta etxebizitzaren historian merezitako lekua izatea.

 

Liburuak bero-bero uda honetan

Luis Bilbaok hiriko periferien egituraketa bitxiarekin topo egitera eraman bagaitu, bestelakoa da Andeka Larrea eta Garikoitz Gamarra filosofoek egindako ekarpena: Bilbao y su doble. ¿Regeneración urbana o destrucción de la vida pública? Udaran irakurtzeko erraza baina aldi berean gogoetarako paregabea den testuak hiri postmodernoetan gertatzen diren irudi-estrategiak, politikoak eta ekonomikoak dakarzkigu, eztabaida ironiko baizen kritiko eta aproposarekin. Hamaikatxo hiri klonikoetan presente ditugun kultura eta kontsumoko sistema landuak agerian jartzen ditu, horretarako gaur eguneko Bilbo eredutzat harturik: Abandoibarra, Kasko Zaharra eta Alde Zaharra, Ibaiertzak, Zabalgunea, industriaren hilerriak e. a. aztertzen ditu begirada eguneratuaz. Gatazka Guneak 2007an argitara emanikoa, ohiko liburu dendetan aurkitu daiteke prezio erabat onargarrian.

 

 

Bestalde, hiriak direla eta buruhauste mamitsuak planteatzekotan bazabiltzate, José Antonio Fernández de Rota y Monter-ek koordinaturiko; Ciudad e historia: la temporalidad de un espacio construido y vivido (Madril: Akal eta Andaluziako Unibertsitate Internazionala, 2008) lortu dezakezue. Bertan, hirietako eskultura publikoa lekuko Carmen Ortiz García-ren artikulua nabarmendu daiteke: “Uso y abuso de las estatuas. Reflexiones en torno a las funciones sociales del patrimonio urbano monumental” (61-91 orr.).

 

Irakurgai bitxiak gura izanez gero, Aitor Bikandi Mejias geografoaren: Bilb@o. Diálogo espacial (Ellago argitaletxea) saiakerak Bilboko parajeak hautatzen ditu, oro har, hiri kontzeptuaz jarduteko. Denboraren iraganaren obsesioak, mugimendu artistikoak, moda, bizi aukera desberdinak eta beste hainbeste tratatzen ditu, hirietako anabasan elkarlotzen, trukatzen eta korapilatzen direnak. Bizitza urbanoaren garapenak gizarteko aspektu ugari kateatzen ditu; egunerokotasuna, etengabeko aldaketa, jasoriko oinordekotza eta identitatearen zeinuak… geroz era hiritarragoa bilakatzen zaigun mundu eta gizateria berritu baten sinboloak bailitzan berrinterpretatuz.

 

Arkitekturako gai klasikoak eta espezifikoak maite badituzue, aldiz, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialak Leon Baptista Alberti-ren Los diez libros de arquitectura, 1582ko faksimile-edizioa eta Juan Daniel Fullaondo-ren Escritos críticos publikatu berri ditu 2007an; baita Asier Santas Torre-ren: Urbanismo y vivienda en Bilbao: veinte años de posguerra (2007). Horrez gain, batez ere XX. mendean Euskal Herrian lan egin duten arkitektoen obra ezagutarazteko ahaleginak aurrera darrai: Rufino Basañez (1997), Manuel I. Galíndez (2000), Ricardo Bastida (2002), Alvaro Líbano (2004), Pedro Ispizua (2005) eta Rafael Fontán-en (2006) monografikoekin. Kontsultarako tresna tekniko gisa euskaraz dugun Arkitektura Atlasa aipatu beharko genuke (Werner Müller eta Gunther Vogel), Euskal Herriko Unibertsitateak eskainitakoa. Lehendabiziko aleak Mesopotamiatik aro paleokristaurako tartea hartzen bazuen, bigarren liburukia basilika kristaua sortu zen unea abiapuntu izanda, gure egunetako eraikuntza-iraultzaraino iristen da.

 

Azkenez, hondartzarako liburu lodikoteak nahi dituzuenontzat, iaz Oteizaren Quousque Tandem…!-aren edizio berria lerro xume hauetara bagenekarren, aurton ere ezin dugu ahaztu: Mª Teresa Muñoz irakasleak Joaquín Lizasoain eta Antonio Rubio arkitektoen laguntzaz antolaturiko: Interpretación estética de la estatuaria megalítica americana. Carta a los artistas de América. Sobre el arte nuevo en la postguerra (hau ere elebiduna, euskaraz eta gazteleraz), Nafarroako Oteiza Fundazio Museoaren eskutik (2007). Nahiz eta urteen joan-etorriaren galbahetik pasatakoak izan, Oteizaren hitzak beti dira freskagarriak, haize zakarrek egurats sargoriak lainotzen dituztenean ere.

 

 

Oharra: esker mila zuri, Andoni, duzun arreta izateagatik. Ados nago zerorrek diozun eskalaren kontuarekin, uste dut lau hitzetan egin duzun sintesia benetan egokia dela.

Nork: isusko vivas.2008/06/24 14:58:52.163 GMT+2
Etiketak: hiriak etxebizitza liburuak arkitektura otxarkoaga | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

bisitari