Unibertsitatea.Net

Blog komunitatea   Sar zaitez blogera

2008/09/29 18:51:34.924 GMT+2

Kostaldeko hiri-espazioak Euskal Herrian (I: mugak eraikitzen)

“Maite ditut, maite; gure bazterrak, lanbroak ezkutatzen dizkidanean” kantatzen zuen aspaldi euskal poeta eta filosoforik abeslarienak. Izan ere, egunsentiko lanbroak ezkutatzen dizkigu, geruza finez, hiriaren eta itsasoaren arteko mugak, fenomeno urbanoaren limitea eta hesi naturala batik bat.

 

Itsasoaren, hirigintzaren, artearen eta arkitekturaren arteko elkarrekintza oparoak

Muga horiek oroimen eta identitateak azalarazten dizkiguten tokiak definitzen dituzte behin baino gehiagotan, monumentuaren presentziak alegiazko ‘imajinario’ estetikoak ere aldarrikatzen eta berridazten dituenean. Nerbioi ibaiaren estuarioan, Areetatik Abrako uretara doan kai-mutur labur baten zutoinean Evaristo Churruca ingeniaria zenaren omenezko monumentuarekin egingo dugu topo, gure itsas bazterretako ibilbidea hasterakoan. Portuko ingeniaritza obra garrantzitsuak burutu zituen XIX. mendearen azken herenean, batez ere 1887ko burdinazko moila nabigazioa errazteko ‘Portugaleteko barra’ eratzen zen lekuan (arearen pilaketak barkuen sarrera oztopatzen zuenean).

 

Churruca hil eta zenbait hamarkada beluago inauguratu zen Miguel García Salazar-ek proposatutako mugarri arkitektonikoa (1939an). Dorre-faro batek talde eskultoriko alegorikoa du ingurumarian; Bilbori, nabigazioari eta komertzioari eginiko erreferentzia heraldiko eta mitikoekin. Hiri-eskenatoki horretan itsasoaren eta hiriaren arteko limitea elementu honek mugatzen digu, garai konkretu bateko burgesiak zuen boterearen adierazle. Ez du soilik pertsonaia indibidual baten balioa goraipatzen, baizik eta metaforikoki eta estetikoki salatzen dizkigu mende eta erdiko espazio-denboran edo ‘kronotoposean’ industriaren iraultzak, burdinarenak, gure herrian izan zituen ondorio ekonomiko, politiko, sozial eta urbanistikoak.

 

1.- Pertsonalitate handien ohorez eraikitako monumentuek bertikaltasun nabaria izaten zuten XIX. mendeko eta XX. mendearen lehen parteko estetikari jarraiki. Gorputz arkitektonikoaren inguruan pasarte eskultoriko xelebreak kokatu zituzten orrialde honetara dakargun kasuan.

 

Paisaia kontrajarriak: industriaren zikinkeria eta ingurumenaren kalitatea

Bizkaiko Zubiaren bazterretan paraje erabat desberdinak zeuden. Lantegiak, populazioaren masifikazioa, bizi baldintza eskasak eta kutsadura ezkerrean; luxuzko bizilekuak eskuineko ingurune zoragarrietan, boteredun burgesiarentzat atonduak.

 

 

2 eta 3.- Bizkaiko Zubiaren aldameneko paisaia populatuak, itsasotik barnerantz eta ibaitik itsasorantz ditugun perspektiba bereziekin.

Xabier Güenagari ezkertzen diot 3. argazkia.

 

Ezkerraldean, Portugalete bezalako hiribildu historikoak izateaz gain (ikuskizun urbano paregabeekin) duela gutxira arte industria pisutsuaren kontzentrazioa izaten zen eguneroko paisaia ketsua. Benedictako nasan, Barakaldon edo Sestaon labe garaien desagerpenak lurzoru hutsalak utzi dizkigu: hauek dira industriaren ondorengo paisaiaren ‘ez-lekuak’, ‘ez-lurraldeak’ edota ‘ez-hiriak’. Lur ustel eta idortu horietan loratuko dira hirigintza berriaren espazio postmodernoak; ez bakarrik periferietan, baita hiriaren erdialdean edo zentro urbano populatuetan ere.

 

4.- Portugaleteko aurrealde urbanoak konposaketa bitxia erakusten du kasko zaharreko dorretxe eta kanpandorrearekin, tren geltokiarekin, enparantza publikoarekin eta ur ertzeko pasealekuarekin.

 

5.- Industriaren gainbeherak hirian bertan hustu dizkigun lekuak. ‘Entropiaren espazio’ hauek gune galduen itxura erakusteaz gain potentzial ekonomiko eta urbanistiko ikaragarriak dituzte, diseinu urbanoaren balio erantsiak martxan jartzen dituen zonaldeak bilakatzen direnean.

 

Nork: isusko vivas.2008/09/29 18:51:34.924 GMT+2
Etiketak: ibaia paisaia monumentua muga hiria itsasoa industria | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2008/06/24 14:58:52.163 GMT+2

Bilboko Otxarkoaga auzoa monumentu ote?

Ekainaren 10ean Otxarkoagako Kultur Etxean historia liburu interesgarri baten aurkezpena izan genuen; El Poblado Dirigido de Otxarkoaga: Del Plan de Urgencia Social de Bizkaia al Primer Plan de Desarrollo Económico. Saio xelebrea benetan, Hirigintza Saileko zinegotziarekin, Otxarkoagako auzokideen elkartekoekin eta batez ere hiritarren partehartze aktiboarekin. Luis Bilbao Larrondo historiagile gazteak idatzitakoa, bere tesirako Bilboko etxebizitzaz burutu duen ikerketa sakon baten atala izan da, Bilboko Udalak argitaratua 2008an. Horixe da, hain zuzen, obra honek daraman azpititulua: La vivienda en Bilbao (1959-1964).

   

 

 

Txaboletatik liburutegietara

XX. mendeko 60. hamarkadak zuzen-zuzenean harrapatzen du Otxarkoaga parteko txabolismoaren amaiera eta auzune berriaren agerpena. Urte horietan atzematen zen lurzoruaren gabeziak Bilbo Handiko Eskualdearen Antolaketarako Egitamu Orokorrean –garaian existitzen zen plangintzan– berrikuspenak eta aldaketak egitera bultzatu zituen agintariak. Atenas-eko Gutunetik eratorritako arkitektura eta hirigintza modernoaren premisen oihartzunak era txit kaskarrean eta axolagabeki aplikatu ziren frankismoaren menpean zegoen estatu espainiarreko hainbat tokitan. Tipologia aldetik anizkoitzak badira ere, hor ditugu, besteak beste; Altamira, Rekaldeberri edota Uretamendiko adibide aipagarriak Bilbon. Izan ere, Otxarkoaga bihurtu zen jende multzo handia modurik azkarrenean eta merkeenean duintasun minimo batez alokatzeko asmoen artean nolabaiteko paradigma.

 

Zenbait hamarraldiren ondoren, interes kontrajarriek nola topo egin dezaketen argiro ikusi genuen Luis Bilbaoren hitzaldiaren osteko debatean. Bilbo inguruan ezagun den historiagile batek Otxarkoagako eraikinen balio arkitektonikoa goraipatu zuen, ‘altxor’ horien guztien babeserako arauak aldarrikatuz; Docomomo arkitektura modernoaren katalogaziorako egitasmoen ildoan. Aitzitik, bertako auzokideak Otxarkoagak gaurdaino izan dituen arazoez mintzo ziren: planifikazio eta urbanizazio oso eskasak, 40 eta 50 metro karratu bitarteko etxeen kalitate urria, eraikuntzan erabilitako materialen pobrezia, edozein konponketa egiteko zailtasun nabariak eta abar. Iritziak aho batekoak eta homogeneoak ez baziren ere, gehiengoak esaten zuen bakarrik falta zitzaiela babes-legeak ‘jasan’ behar izatea eta bertan parte hartu zuten arkitektoei monumentuak egitea.

 

Nola edo hala, badirudi Luis Bilbaorena ez dela izango Otxarkoaga gaitzat duen liburu bakarra (uztailaren 3an, Bidebarrieta Kulturgunean aurkezpen formalagoa egingo dute, arratsaldeko 7etan). Beste batzuk bidean omen daude eta litekeena da azkenean, mende erdiko gutxiespena eta gero Otxarkoagak ez bakarrik Bilboko baizik Euskal Herriko zein erbesteko arkitekturaren eta etxebizitzaren historian merezitako lekua izatea.

 

Liburuak bero-bero uda honetan

Luis Bilbaok hiriko periferien egituraketa bitxiarekin topo egitera eraman bagaitu, bestelakoa da Andeka Larrea eta Garikoitz Gamarra filosofoek egindako ekarpena: Bilbao y su doble. ¿Regeneración urbana o destrucción de la vida pública? Udaran irakurtzeko erraza baina aldi berean gogoetarako paregabea den testuak hiri postmodernoetan gertatzen diren irudi-estrategiak, politikoak eta ekonomikoak dakarzkigu, eztabaida ironiko baizen kritiko eta aproposarekin. Hamaikatxo hiri klonikoetan presente ditugun kultura eta kontsumoko sistema landuak agerian jartzen ditu, horretarako gaur eguneko Bilbo eredutzat harturik: Abandoibarra, Kasko Zaharra eta Alde Zaharra, Ibaiertzak, Zabalgunea, industriaren hilerriak e. a. aztertzen ditu begirada eguneratuaz. Gatazka Guneak 2007an argitara emanikoa, ohiko liburu dendetan aurkitu daiteke prezio erabat onargarrian.

 

 

Bestalde, hiriak direla eta buruhauste mamitsuak planteatzekotan bazabiltzate, José Antonio Fernández de Rota y Monter-ek koordinaturiko; Ciudad e historia: la temporalidad de un espacio construido y vivido (Madril: Akal eta Andaluziako Unibertsitate Internazionala, 2008) lortu dezakezue. Bertan, hirietako eskultura publikoa lekuko Carmen Ortiz García-ren artikulua nabarmendu daiteke: “Uso y abuso de las estatuas. Reflexiones en torno a las funciones sociales del patrimonio urbano monumental” (61-91 orr.).

 

Irakurgai bitxiak gura izanez gero, Aitor Bikandi Mejias geografoaren: Bilb@o. Diálogo espacial (Ellago argitaletxea) saiakerak Bilboko parajeak hautatzen ditu, oro har, hiri kontzeptuaz jarduteko. Denboraren iraganaren obsesioak, mugimendu artistikoak, moda, bizi aukera desberdinak eta beste hainbeste tratatzen ditu, hirietako anabasan elkarlotzen, trukatzen eta korapilatzen direnak. Bizitza urbanoaren garapenak gizarteko aspektu ugari kateatzen ditu; egunerokotasuna, etengabeko aldaketa, jasoriko oinordekotza eta identitatearen zeinuak… geroz era hiritarragoa bilakatzen zaigun mundu eta gizateria berritu baten sinboloak bailitzan berrinterpretatuz.

 

Arkitekturako gai klasikoak eta espezifikoak maite badituzue, aldiz, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialak Leon Baptista Alberti-ren Los diez libros de arquitectura, 1582ko faksimile-edizioa eta Juan Daniel Fullaondo-ren Escritos críticos publikatu berri ditu 2007an; baita Asier Santas Torre-ren: Urbanismo y vivienda en Bilbao: veinte años de posguerra (2007). Horrez gain, batez ere XX. mendean Euskal Herrian lan egin duten arkitektoen obra ezagutarazteko ahaleginak aurrera darrai: Rufino Basañez (1997), Manuel I. Galíndez (2000), Ricardo Bastida (2002), Alvaro Líbano (2004), Pedro Ispizua (2005) eta Rafael Fontán-en (2006) monografikoekin. Kontsultarako tresna tekniko gisa euskaraz dugun Arkitektura Atlasa aipatu beharko genuke (Werner Müller eta Gunther Vogel), Euskal Herriko Unibertsitateak eskainitakoa. Lehendabiziko aleak Mesopotamiatik aro paleokristaurako tartea hartzen bazuen, bigarren liburukia basilika kristaua sortu zen unea abiapuntu izanda, gure egunetako eraikuntza-iraultzaraino iristen da.

 

Azkenez, hondartzarako liburu lodikoteak nahi dituzuenontzat, iaz Oteizaren Quousque Tandem…!-aren edizio berria lerro xume hauetara bagenekarren, aurton ere ezin dugu ahaztu: Mª Teresa Muñoz irakasleak Joaquín Lizasoain eta Antonio Rubio arkitektoen laguntzaz antolaturiko: Interpretación estética de la estatuaria megalítica americana. Carta a los artistas de América. Sobre el arte nuevo en la postguerra (hau ere elebiduna, euskaraz eta gazteleraz), Nafarroako Oteiza Fundazio Museoaren eskutik (2007). Nahiz eta urteen joan-etorriaren galbahetik pasatakoak izan, Oteizaren hitzak beti dira freskagarriak, haize zakarrek egurats sargoriak lainotzen dituztenean ere.

 

 

Oharra: esker mila zuri, Andoni, duzun arreta izateagatik. Ados nago zerorrek diozun eskalaren kontuarekin, uste dut lau hitzetan egin duzun sintesia benetan egokia dela.

Nork: isusko vivas.2008/06/24 14:58:52.163 GMT+2
Etiketak: hiriak etxebizitza liburuak arkitektura otxarkoaga | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2008/05/08 18:56:21.999 GMT+2

Paisaiaren eskalarekin jolasean: monumentua, eskultura eta arkitektura. Euskal Herriko hiru adibide ezagun

XX. mendeko erdialdetik hona gune publikoetan eskulturak izan duen berragerpena, arkitekturarekin elkarrekintzak sustatzeko ahaleginekin nozitu izan da oso maiz. Tradizioaren erroetan sustraiturik zegoen monumentuak erakusten zuen sama sinboliko astuna arindu baizen pronto, eskultura bere horretan gelditu da biluzik, arkitekturaren eta ‘mobiliarioaren’ geroz eta presentzia bortitzagoaren pentzuan makalduta.

 

Euskal Herriko panoraman eta batik bat, bizitzea tokatu zitzaien denbora kontuan izanda, zenbait artista eta eskulturagile izan dira ohiko erakustoki, azoka eta museoetatik at euren lekukotasunaren aztarna utzi izan dutenak. Beti ere monumentuaren, eskulturaren, arkitekturaren zein hirigintzaren edota paisaiaren antolaketaren eremu txit iheskorretan murgilduta.

 

Monumentua eta historia: Aita Donostia zenaren omenez (Jorge Oteiza)

Bere sorkuntza esparrua, bizi baldintza pertsonalak eta kolektibitatearenganako konpromiso politikoa zituela medio, Jorge Oteizak bere gain hartu izan du XX. mendeaz geroztik arteak aukeratu zituen bide bihurrietatik igarotzeko lana eta, sarritan, arnasestuka dabilenaren pareko nekea. Alde batetik, Oñatiko Arantzazun zenbait mendetan izan diren frantziskotarren elizaren berreraikuntzan ipini beharreko apostoluen frisoan, monumentuaren errepresentazio-baloreak antzematen dira oraindik ere, nahiz eta estetika formal berritzailea argi eta garbi azaldu. Bestetik, aipaturiko dialektika zeharo aldatzen da Aita Donostia musikagilearen oroimenari eskainitako estelarekin (1957-59). Hemendik aurrera erradikalagoa eta askozaz soilagoa den ikerkuntza plastikoan arituko da J. Oteiza buru belarri, kuboaren eta esferaren hustuketan amaitu arte; kutxa metafisikoekin, klarionen laborategiarekin eta asmo esperimentalarekin. Dena dela, Aita Donostiaren estela mendi sinboliko baten ezarritako monumentua dela ezin ukatu; eskulturaren ‘hustasunarekin’ lotura duen cromlech deritzon harri txikiz osaturiko zirkulua aldamenean duela, oinarrizko ‘erakargarri espiritual’ gisa. Modernitatetik eta abangoardiatik abiatutako arteak garai mitologikoarekin topo egiten du; talka horretan kontu zaharretako paisaia magikoekin, testigantza arkeologikoekin eta funtzio erlijiosoa duen kaperarekin integratuz.

 

1.- Arantzazuko Apostoluak ‘errainak hustuta’ ageri dira ilaran, basilikaren aurreko fatxadan. Hamar urte inguru bide bazterrean botata gelditu ostean, 1960ko hamarkadaren amaieran kokatu zituen Oteizak.

 

2-3.- Arkitekturak (kaperak), monumentuak (eskultura-estelak) eta historiak (cromlech mikrolitikoak) elkarren eskutik ‘lekua’ eratzen dute Agiñako mendian; sor litezkeen tentsioak zinez leuntzen dituen ingurumari adierazkorrean.

 

Arkitektura eta eskultura: Arriaraneko presa (Nestor Basterretxea)

Goiko lerroetara ekarri dugun Oteizaren interbentzioa erreferentziazkoa kontsidera genezake, zeren eta aurrerantzean helduko ziren beste hainbat egitasmori atea ireki zien; han-hemenka barreiaturik, Euskal Herriko bazter guztietan laster ugarituko zirenak hain zuzen. Agiñan, batez ere eskala urriko egiturek, mendi-paisaiaren handitasunarekin mintzoz bitartekaritza mitiko eta sinbolikoaren hari finak josten badituzte, jadanik 1996. urtean Nestor Basterretxeak Arriaraneko presan esku-hartzen duenean, naturarekin erlazioak interpretatzeko modu arraz desberdinak ari gara gogora ekartzen. Presak eta urtegiak obra arkitektoniko kolosalak direla dudarik ez, ingurunea eraldatzeko botere izugarriarekin. Beraz, baldintza hauetan proposamen eskultoriko zuhurrak artikulatzeko beta zailtasunez identifikatu ahal izango ditugu, beste elementuek eragiten duten konpetentziaren eta borrokaren beldurrez. Eskenatoki hauetan arkitekturaren, eskulturaren eta paisaiaren arteko elkarrizketak N. Basterretxeak proposatzen dituen eskala-jokoez eman daitezke. Eskulturaren dimentsioek eta egikera formalak zertxobait desorekatzen duen simetriak, arkitektura erraldoi erabilgarriari objektu eskultoriko lez iragartzen duen balio pizgarria gehitzen diote, aspaldi ‘euskal eskola’ deitu zitzaion estetika abstraktuaren ildoan.

 

 

4-5.- Masa bolumetrikoen eta planoen tartekatzeak sortarazten du eskultura biki geometrikoa, era berean porlanaren ehundurarekin eta kolorearekin bat etorriz.

 

Hirigintza lantzen: Gasteizko Foruen Enparantza (Eduardo Chillida)

Arkitekturaren eta eskulturaren elkar loturetatik larregi urrundu gabe, baina dagoeneko hirietako espazioetan zentratuz, Gasteizeko Euskal Foruen plazan (1980) Eduardo Chillidak hutsune arkitektonikoak eskultorikoki moldatzen ditu, artista honek eskultura ulertzeko zituen parametroak aintzat hartuta. E. Chillidaren collageen berinterpretazio tridimentsionalaren tankerako ‘bitarte’ edo zirrikitu horien bihotzean barneratzen du bere burua bisitariak, arkitektura eskultura bilakatuz edota alderantziz; eskulturaren itxura duen arkitektura. Beste behin ere osotasunaren eta bateratasunaren pertzepzioak eskalaren kontzeptua azpimarratzen du; baita konposizioa eta eraikuntzarako materialen adiera bitxiak ere. Gasteizeko Euskal Foruen Monumentu honetan atzeman genezake behingoan, nola espazio publikoa bihurtu zaigun eskultura urbanoa; barren-barreneko zokoan besoak korapilatuta dituen altzairuzko pieza ikus dezakegularik erdi-ezkutuan.

 

6.- Kanpoaldeko limiteetatik ibiltariak sumatu ditzakeen harrizko erliebe positiboak espazio huts edo ‘tarte’ bihurtzen dira zulo negatibo sakonagoekin.

 

Oharrak:

a) Eskerrik asko, Karmele.

b) Beti defendatu izan dut hirigintza eta paisaiaren eraketa unean-uneko eta tokian tokiko gizartearen beharrizanei erantzuteko, beste ezagutza eta jakintza arloekin batera garatu izan direla. Politikaren, ekonomiaren, produkzioaren, ingurunearen ustiapenaren, industriaren eta geografiaren baldintzen arabera gizakiok bazterrak egokitu izan ditugu hasiera-hasieratik. Hortaz, esparru anitzen arteko elkarrekintzak eta erlazioak ondare kulturala eratuko luke zentzu zabalean, horren guztiaren emaitzak, ondorioak eta baita hondakinak ere ondo baino hobeto ikus ditzakegularik gure ingurumariko paisaia okupatu eta hiritartuetan. Nik ez dakit Malthus-eri beste behin ere deiadar egin behar diogun, zuk diozun bezala, Unai; alegia, darwinismo soziala ere erabat eguneratua dugun postmodernitatean, baina arrazoi guztia duzu dentsitate izugarriaren arazo larria eta beste hainbat hirigintzak soilik konpontzen ez dituela diozunean.

Nork: isusko vivas.2008/05/08 18:56:21.999 GMT+2
Etiketak: paisaia arkitektura eskala hirigintza monumentua eskultura | Permalink | Erantzunak (1) | Errenferentziak: (0)

2008/04/07 17:31:13.921 GMT+2

Hirietako periferia berriak sortzen: hiri lausotuak vs. lurralde hiritartuak

Hiriek inguruko lurraldeetara jaurtikitzen dituzten ekipamenduak izaera askotakoak dira (aireportuak, fabrikak, ikerketa zentroak, ‘megadenda’ erraldoiak). Bi adibide esanguratsurekin zeinu desberdineko lurralde-espazio hiritartuak nola eratzen diren aipatuko dugu lerro xume hauetan, aspaldi darabilgun landa hiri lausotuaren kontzeptua nolabait egunerokotasunaren esparru praktikoan ikusteko.

 

Funtzio anitzeko periferiak metropolien aldamenean

Bizkaiko Txori Herri araneko paraje lauetan daude Bilboko metropoliaren erreserba lurrak. Alde batetik, etxebizitzaren beharrizanak logela-hiriak suspertzen ditu, komunikazio bideak ere egokiak direnean. Bestetik, bigarren egoitza lez erabiltzen diren etxeak ere badaude, oraindik mantentzen diren laborantzako lur gutxi batzuekin. Konmutaziozko elementuek okupaturiko ingurune hauetan nekazaritzako aktibitateak adibidez izan daitezke denbora pasako entretenigarriak, edo paisaian txertaturiko sasi-jarduera exotikoak.

 

1.- Txori Herriko paisaia guztiz urbanizatua, komunikazio bideekin eta mota anitzeko eraikinekin.

Karmele Artetxeri ezkertzen diot argazkiak utzi izana.

 

Bestalde, urrutiago dauden mendixketan eskolen, unibertsitateen edota parke teknologikoen perfilak atzeman daitezke, lur eskasiaren eraginez paisaiaren egituraketan gainjarritako geruzak bailitzan estrukturatuz. Batzuetan beraien erabilera soila besterik erakusten ez dutenak; baina noiz edo noiz balio estetikoekiko atxikimendua darienak. Zamudioko parke teknologikoan Angel Garraza eskulturagileak 1998-2000. urteen bitartean jarri zituen Kariatideek, alboko eraikinaren zutabeak nolabait jarraitzen dituztela ematen du, azpiko aintziratxoan oinak bustiz.

 

2.- Gune teknologiko, industrial eta ekonomiko postmodernoek enkargu eskultorikoen bitartez bere irudi propioa goraipatzeko logotipo erako imajina sinbolikoak plasmatzen dituzte arkitekturan.

 

Paisaiaren irudi postmodernoa mendien magalean

Arratiako aranean, Areatza, Zeanuri eta Dima tartean dagoen paisaia bitxi honetan orain dela urte batzuk meategiko esplotazioaren arrastoak sastraka artean bizirauten zuten, aspaldi agortutako mineralaren lekuko izan ziren arkitektura erdi jausiak. Paisaia benetan ederra eta hunkigarria zen, kareharrizko harkaitzez eta Kantauriko artadiaz eratua. Zoritxarrez, familia bakarreko etxebizitza promozioak bazterrak hondatu berri ditu halako operazio urbanistiko espekulatiboen presentziaz. Nahiz eta, Euskal Autonomia Erkidegoan urbanizatzea galarazita duten lurzoruetan estilo horretako etxebizitzak eraikitzea legalki ezinezkoa izan.

 

3.- Meategi zaharra, basoa apurka-apurka jaten zihoan porlanezko egitura txikiekin.

 

4.- Paisaiaren eraldaketa bortitza, errepideak, etxeak eta bestelako urbanizazioko elementuak agertuz.

 

Modu batean edo bestean lurralde hiritartuaren hedapenean industriak, hiriko zerbitzuen kanporaketak eta herri nahiz hirien hazkunde ‘lausotuak’ eragiten du. Euskal Herriko bailaretako orografia estuan, han-hemenka ditugu konurbazio bilakatu diren herri kateatuak, planifikatu gabeko zabalguneekin, jarduera pilaketarekin eta urbanizazio berriekin.

 

5.- Bilboko metropoliak Nerbioi itsasadarraren ertzetako lurretan okupatzen duen azalera handia.

 

Nork: isusko vivas.2008/04/07 17:31:13.921 GMT+2
Etiketak: periferia paisaia lausotua metropolia hiritartua lurraldea | Permalink | Erantzunak (2) | Errenferentziak: (0)

2008/02/28 19:33:31.816 GMT+1

Hiri zabalguneen erronkak Euskal Herrian XIX eta XX. mendeen bitartean (III: hiri hedapena metropolirako bidean. Bilboren adibidea)

Bilbok XIX. mendean oraindik zeukan ikuspegia halakoa zen: hiri historikoa zazpi kaleekin, errebalak, Bidebarrieta parteko zabalgunea eta eraiki gabeko Plaza Berria. Proiektu neoklasiko hau ez zen XIX. mendera arte erabat gauzatuko, zenbait arkitektoren eskuetatik iraganda (Humaran edo Silvester Perez, besteak beste). Hiri eskenatoki erako espazioa eratu zuten, erabilerarik ez zuen lur atal bateko etxeen atzeko fatxadak aprobetxatuz.

 

 

1 eta 2.- Plaza Berria eraiki aurretik eta Humaranen 1816ko planoa.*

 

Huts egindako proiektuak

XIX. mendearen hasieran “Bakearen Portua” proiektatu zen Abandoko Elizatean. Espazio publiko handiek eta hirigintzaren ikuspegi erabat utopikoak hiriaren zabalkuntza aurreikusten zuten inguruko paisai eta geografiara. Aldiz, portu berriak ez zion inolako begiramenik adierazten hiri zaharrari, eta zubi bat bera ere ez zen agertzen Bilbo eta hiri berria lotzeko. ‘Bakearen Portua’ Bilbo alde batera utzita eta are gehiago, Bilboren kontra pentsatuta zegoela nabari zen. 1807ko Silvester Perez arkitekto ilustratuaren proiektua porrot izugarria izan zen Godoy erori eta gero frantsesen inbasioa ere izan zelako. Abandoko ibarrak kondizio benetan onak zituen: lurzoruen kalitatea, landaretza, tenperatura, urak eta errekastoek hautsitako lurraren malda txikiak. Hantxe prestatu zen mende erdi beranduago Lazaroren zabalgunea eta ezin daiteke ahantzi bertan kokatu zela trenbidearen geltokia XIX. mendearen erdialdean. Ekimen hartatik atera zitekeen hirigintza-etekina, ostera, oso urria zenez, honek ere ez zuen amaiera onik izan.

 

Behin-betiko hiri zabalgunea

Pablo Alzola, Ernesto Hoffmeyer eta Severino Achucarroen artean diseinatu zuten hiri zabalgunea Abandoko lurzoru lauetan. 1876ko honek pragmatismoz adosten zituen interes kontrajarriak (lurjabeen hirigintza-ustiapenak, higienearen premisak eta industriaren baldintzak). Moyua enparantza eliptikoan gurutzatzen ziren ardatz nagusiek alde zaharrarekin eta industriako zein portuko zonaldeekin lotzen zuten (Diego Lopez de Haro kale nagusiak “decumanum maximus” ardatza markatzen du Eki-Mendebalde orientazioarekin).

 

Abandotik Abrarainoko metropoliaren luzapena

Hiria negozio gisa ulertu zen jada eta 1896an Epalzari agindu zioten zabalgunearen hedapenerako plana idatz zezala. Horrenbestez, 1900ean Epalzarena alde batera utzi eta lehiaketa konbokatu zuten 1903an. Lehen saria Guimón eta Bastidak lortu zuten baina Udalbatzak Ugalderenari eman zion lehentasuna. Egitasmo honek erakusten du, hain zuzen ere, Bilbok bere ingurumari metropolitarrera zabaltzeko beti izan duen bokazioa. Zorrotza aldeko zabalgunea eta gero García Mercadalen hedadura plana aipatzekoa izan zen, 1926koa, San Inazio auzoa eratzen zuena. Hemen arkitektura arrazionalistaren eredua gailentzen zen baina gerra pasa arte ez zen gorpuztuko, arkitektura faxistaren gidaritzapean.

 

3.- Zabalgunearen ondorengo plan berriak Abandoko aldean (Bilboko Udala. Hirigintza Saila. Planoen Atala).

 

1943-46 bitartean etorriko zen Bidagor arkitektoaren eskualde plana, itsasadarraren ertzetatik Bilbo Abraraino hedatzeko. Proiektu guztiz organikoa, frankismoaren garaian ohikoak zirenetakoa (1960ko hamarkadan izan zuen errebisioa). Ordurako Espainiako lurzoru legea ere onartuta zegoen, 1956an.

 

4.- Bidagor arkitektoaren hedadura plana, metropoliaren perfilak markatzen zituena.

 

Bilbo hiri industriala

Dakigunez, batez ere XIX eta XX. mendeen bitartean azkar pasa zen Bilbo merkataritzako hiri izatetik burdinaren industriaren goren mailako gune izatera. Prozesu bizkor horrek izan zituen paisaiaren aldaketa izugarriak industriaren eta dentsitate izugarriko urbanizazioaren ezarrerarekin. Eginkizun horretan lagundu zuten hiru klabe trenbidearen orokortzea, errepide sarearen hazkundea eta komunikaziorako zein garraiorako ekipamendu handiak izan ziren. Laster heldu ziren, baita ere, hirigintza barreiatu eta desordenatuak eragindako arazoak. Bilboko metropoliaren berezitasun aipagarrienetako bat bere konfigurazio lineala da, hain zuzen, Nerbioi itsasadarraren bi alderdietan. Kokapen horrek metropoliko garraiobideak errazten ditu eta olio orban moduko aglomerazio urbanoak baino eraginkorragoa da.

 

5.- Bilbo metropoli lineala, bigarren mailako zentroekin eta industriak okupaturiko lurrekin.

 

Asuako hiri berria proiektu handia izan zen gerra aurreko urteetan; Segurola arkitektoak Atenaseko Gutunaren ildotik hiri moderno eta arrazionalista proposatuz, Donostian Amarako Aizpuruaren planaren antzerakoa, 1935ekoa, edota Bartzelonako Maciá Plana bezalakoa. Lanerako, bizitzeko, ikasteko, erosteko edo aisialdirako guneak oso ondo bereizten zituen hiri ordenatua, modernoa eta arrazionala, ideial ezkertiarren premisekin. Gerra ostean asmo berbera berragertu zen baina molde faxistak aplikatuz. Bilborekin lotzeko errepideak eta plaza monumentala irudikatu zuten Deustuan, sinbolo eskultoriko bertikalekin erregimen politikoaren ohoretan. Gaur egun, aldiz, sinbolo guzti haiek hiri altzari edo ‘mobiliario’ bilakaturik aurkitu ahal ditzakegu, Salinasen argi-dorre honek primeran erakusten digunez.

 

6.- Elementu eskultorikoek atzo bezala gaur ere hiriko espazio jakinetan mugarriak finkatzen dituzte.

 

* Planoen jatorria: GALARRAGA, Iñaki: La vasconia de las ciudades. Bayona, Bilbao, Pamplona, San Sebastián, Vitoria-Gasteiz. Ensayo arquitectónico e iconográfico, Iñaki Galarraga Aldanondo (ed.), Bilbo, 1996, 92-93. orr.

Oharra: artikulu honekin erlazionaturiko beste bat: “Bilboko hiri zabalgunea gogoan”, 2006/12/20, Hiritartea, www.unibertsitatea.net

Ikus baita ere: BASURTO, Nieves; RODRÍGUEZ-ESCUDERO, Paloma; VELILLA, jaione: El Bilbao que pudo ser. Proyectos para una ciudad 1800-1940, Bizkaiko Foru Aldundia, Bilbo, 1999.

Erantzuleei: eskerrik asko benetan, behin edo behin erantzuleren bat edo beste agertzen zarete eta. Ea beste batzuk ere animatzen zareten. Komentarioak, aipamenak eta kritikak ere ongi etorriak izango dira.

 

Nork: isusko vivas.2008/02/28 19:33:31.816 GMT+1
Etiketak: bilbo metropolia hirigintza hedapena hiria zabalgunea | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2008/02/01 10:20:40.167 GMT+1

Hiri zabalguneen erronkak Euskal Herrian XIX eta XX. mendeen bitartean (II: Donostia eta Baiona; ur bazterreko hiriak)

Ur bazterreko eta kostaldeko hiriek beti izan dute pertsonalitate markatua, espazio eraikiaren eta itsasoaren edo ibaiaren arteko limiteak arkitektonikoki eta sinbolikoki mugatuak atzematen ditugula kontu eginez. Moilak, nasak, kaiak edota dikeak portuetako ohiko egiturak izaten dira, hiriaren eta uraren elkargunean mugarri artifizialak kokatuz. Bestetan, itsasadarraren presentziak espazio funtzionalak sortarazten ditu Bilboko metropolian bezala. Euskal Herrian, tipologia honetan bete-betean sartzen direnetatik Donostia, Baiona eta Bilbo azpimarratuko ditugu; azken hiri honen kasua ekarri genuen orrialde hauetara zabalgunearen 130. urteurrena zela eta. Beraz, Baiona eta Donostiako zabalguneei eta hirigintza jarduerei eskainiko diegu arreta berezia, Bilboren hazkunde linealaren adibidea hurrengorako utziz.

 

Itsas ondoko hiriak

Nafarroako Erresumak itsasora irekidura zuen puntuan sortu zen Donostia*. Zabalguneen aurreko hiriaren ikuspegia Kontxako badiak, Urumea ibaiko estuarioak, Ulia eta Igeldo mendiek eta San Bartolomé muinoak irudikatzen zuten, harresiek ere argi eta garbi espazioa estutzen zutelarik. Hirigintzan gertakizun klabea Plaza Berria irekitzea izango zen, 1723. urtean. 1813ko sutearen ondoren hiria berreraikitzeko Ugartemendiaren planoari (1814koa) hiri barrokoaren kutsua dario oraindik. Hala ere, espazio publikoen inguruan antolaturiko hiriak kale erradialen ordez bilbe nahiko ortogonala erakusten du. Batetik, zerbitzu hiria izango zenak ontziola, armategia, merkataritzako biltegia eta azokak izan behar zituen eta bestetik, biztanleak eroso bizitzeko etxebizitzak eta plaza publikoak. Sarearen erdian kokaturiko enparantza ortogonal erraldoiak hiriguneko punturik garrantzitsuena seinalatzen zuen. Zentro horretan bilduko ziren gainontzeko ardatz nagusiak. Proiektu utopikoak lurren jabeen interesekin topo egin zuenean ez zen aurrera eraman, lurzoruen zatiketa eskatzen baitzuen.

 

1.- Lord Wellington-en aginduetara zegoen armada ingeles eta portugaldarrak hiria eraso eta hartu ostean, suteak erabat suntsitu eta aurrietatik berriro ere altxatu behar izan zuten Donostia.**

 

Hiri modernoaren oinarri sendoak ibai uhintsuaren eta padurako lur bustien gainean

Donostiako Urgull mendian zegoen gazteluak kostaldea defendatzen zuen eta harresiak ez zituzten 1863rarte eraitsi. Zabalgune-lehiaketan Kortazarren plano topografikoa aukeratu zuten. Hau izan zen aldi berean itsasoko eta ibaiko urak menperatzeko eta kontrolatzeko ahaleginen artean baliagarrienetakoa. Donostiako zabalgunea oso erregularra izatea padurako zonetako lurrak jabego publikokoak izateari sor zaio (ibaiaren kanalizazio lanekin batera). 1860. hamarkadako lehiaketan Kortazar irabazle suertatu bazen ere Sarazibarren proiektua nabarmena zen (etxe garaiagoekin eta hiriko alderdiak elkartzeko luzerako parkeekin). Haren ideiek izango zuten oihartzunik, nola ez, Kortazarrengan. Ezbaian zegoen Donostia merkataritzarako edo udaldirako hiri bilakatzea eta hirigune zaharra zabalgune berriarekin lotzea. Bulebar aldera ahalmen handiena zuten gizarte taldeentzat etxeak kokatu zituen Kortazarrek eta Amararantz etxadi txikiagoak, sektore apalagoentzat (gizarte hierarkizazioa ekipamenduetan ere argiro islatzen zen. Hiriaren erdian, eraikin fronteaz babestuta negurako pasealekua planteatzen zuen). Hirugarren bereizketa hondartzaren aurrean trazatu zuten, udatiarrentzako etxeekin. Burdinbidea ere ekarri beharra zegoen, beste hirietan bezalaxe, eta horrek izango zuen eraginik paisaiaren antolaketan ez eze merkataritza edo turismoari emandako garrantzian ere. Kortazarren planak jarduera ekonomiko itxaropentsua iradokitzen zuen, hirigintza-ustiapena lurjabeentzat nabaria baitzen.

 

2.- Kortazarrek aurkezturiko planoa.**

 

Denetara, Kortazarrek bazekien berariazko arazoak alde zaharrarekin lotzea, Urumea ibaiaren ertzak txukuntzea eta Kontxako forma kurboari erantzutea zirela. Polemika sutsua piztu zen ‘bulebaristen’ eta ‘antibulebaristen’ artean. Bigarren hauek zuhaitzekin hornituriko etorbide zabalak ez zituzten hain gogoko, merkataritzarako hiri eredua defendatzen zutelako, Amara aldean egin zitekeen beste portu batekin. ‘Bulebaristek’ ordea, pasealekuz eta lorategiz beteriko hiria nahi zuten, udatiarrentzako aproposa zitekeena. Etorkizunean ikusmolde hau izango ziren garaile. Portuko jarduerei ere leku egokia aurkitu zieten Pasaiara lekualdatuz. Hemendik aurrera, Donostiako hiri hedapenak hiru norabide nagusi hartuko zituen: Gros alderantz (itsaso zabaleko fatxadekin), Antigua auzorantz eta Amararantz.

 

3.- Donostiak gaur egun definitzen duen zonalde metropolitarra, zabalgune historikoekin, auzo berriekin eta Pasaiako portuarekin.

 

Errekak erdibitutako hiriak

Baionan erabat mugatua zegoen XVIII. mende amaierako hiri ikuspegia ibaien eta harresien artean. Portu-hiria eta muga-hiria, aldi berean apezpiku-hiria eta militarra ere bazen. ‘Locus urbi’ zeritzona hemen ere L´Adour (Aturri) eta Nive ibaiek irudikatzen duten muinoa da, Iruñearen antzean. Hiria Aturri ibairantz zabaltzeko joera ilustratu batzuk ez ziren gauzatuko, zeren eta gotorleku militar boteretsuarekin ez zegoen patxadaz planifikatzerik, Aturri ibaiaren bestaldeko Saint Esprit errebalean egin zitezkeen etxeak salbu (Juduteriaren hirigune historikoan). Antzina marea errotak zeuden leku hori lehortuta lur batzuk lortu ziren, trenbidearen lerro kurbatuak sano baldintzaturik. XIX. mendearen hasieran Zitadela eta arboladun pasealekuak ikusten ziren planoetan: “allées de Paulmy” deiturikoak (salbuespenak kenduta, fenomeno hau Bilbon ere ematen da ‘Volantín’ pasealekuarekin: portu-hirietan itsastar traizio handiko espazioak zirenak). Saint Esprit errebalean planteatu zen hiri-zabalgune nahiko geometrikoa, enparantza baten jaiotako diagonalekin. Azkenean oso murriztua eta desitxuratua gelditu zen 1863an ontzat eman zenean. Izan ere, Baionak Iruñeak eduki zuen antzerako gatazka izan zuen 1926an Martinet plana ezagutarazi zutenean, zona militarra urbanizatzeko eragiketa legez. Ariketa kaskarra eta sinplista izan zen adituen esanetan, etxe gutxi batzuk eraikitzeko eta geometria marrazteko soilik pentsaturikoa.

 

4.- Biarritz, Anglet eta Baiona arteko konurbazioa, mugaz gaindiko Euro-hiriaren Iparraldeko muturra, alegia.

 

* Nafarroako Antso Jakitunaren erregealdian, 1150-1194 tartean, erreinuko merkataritza portu gisa fundatua. Harresietatik at arrantzaleen auzuneak zeuden.

** Planimetriak: GALARRAGA, Iñaki: La vasconia de las ciudades. Bayona, Bilbao, Pamplona, San Sebastián, Vitoria-Gasteiz. Ensayo arquitectónico e iconográfico, Iñaki Galarraga Aldanondo (ed.), Bilbo, 1996, 116 eta 120. orr.

Oharra: hirietako kartografia gaurkotua ikus daiteke www.euskadi.net eta Nafarroako kartografiaren helbide elektronikoetan.

 

Nork: isusko vivas.2008/02/01 10:20:40.167 GMT+1
Etiketak: ibaia ura donostia itsasoa hiria baiona zabalgunea | Permalink | Erantzunak (1) | Errenferentziak: (0)

2008/01/03 11:57:26.856 GMT+1

Hiri zabalguneen erronkak Euskal Herrian XIX eta XX. mendeen bitartean (I: Iruñea eta Gasteiz; lur barneko eta lautadako hiriak)

Euskal Herriko panoraman nonbaitetik hastearren, lehendabizi aipatuko dugu Iruñea, Erreinu zaharreko hiriburua izaki. Iruñeak, Donostiak eta Baionak harresiak zeuzkaten eta hura izan zen zabalgunerako oztoporik larrienetakoa. Iruñean ere eraikitzeko erregimentuaren baimena behar zen eta ez zuen jabego eskubiderik ematen ‘zona eztabaidagarrian’ zeuden lurretan (frantsesek ‘zona polemikoa’ deitzen zuten “rayon kilométrique” delakoa). Gainera, gerra pizten bazen eraikitakoa eraitsi behar izaten zen segituan, artilleriaren espazioa libre usteko.

 

 

 

1 eta 2.- Iruñean gaur egun dirauten harresiak eta hirirako ‘ateak’.

 

Hiru burguen bateratzea, errenazimenduko zitadela eta XX. mendeko zabalgunea

Nafarreria, San Zernin eta San Nikolas guneen elkartzeak (‘Unión’ deitu zitzaion Pribilegioarekin, Nafarreriaren gerra bukatu eta gero) hiriaren tamaina ematen zuen harresiz inguraturik, hiru burguen elkargunean zegoen gazteluarekin; gero Gazteluko Enparantza bilakatuko zena. XVI. mende aldera sortutako zitadela hiri tresna militar garrantzitsua izan zen (Fratín kapitain eta ingeniariari enkargatua, 1571an), gerora hiriaren espazio eta estetika oro baldintzatuko zituena.

 

Gure egunetan arrastoak badiraute, oroimenaren aurriak litekeenak, alegia. Aurrekari hauek kontuan izanda, Iruñean lehen zabalgunea harresi barruan egin behar izan zuten (Casañalen planoaren arabera). Horren aurretik idatzi zen Arrotxapeako zabalgunearen proiektua, Luna Orfilarena eta gero etorriko zen 1889koa. Arteagarena izan zen harresiak jaurtiki eta hegoalderantz hiria haztea aurreikusi zuen lehena, 1909an, beti ere agintari militarren eta zibilen arteko tirabirarekin. Aitzitik, harresiak bota eta gero iritsi zen bigarren zabalgunea, propio zabalgune gisa onartu behar duguna, jadanik XX. mendeko lehen eta bigarren hamarkadetan. Iruñea hedatzeko behin-betiko zabalgunea Esparzari agindu zion Udalak. Berau, etxadi karratu berdineko sare ortogonala zen, hiri historikoaren loturak ongi mantenduz Gazteluko Enparantza eta Sarasate pasealekuarekin (hauek bihurtu ziren hiriaren erdigune), eta Ipar-Hego norabidean “cardo maximus” ardatza luzatzen duena. Perspektibaren akabuan, hasieran Frantzisko Xabier santuari eskainitako monumentua izango zena, azkenean gerra zibilean hildakoen omenez eraikitako memoriala izan zen.

 

3.- Esparzaren zabalgune planoa (Iruñea). **

 

4.- Iruñearen egungo hedapena ingurune metropolitarrera.

 

Gasteiz: Erdi Aroko hiria eta kalitatezko hirigintza ilustratuaren eredua

Gasteizeko kasua zeharo berezia da*; zabalguneen garaian ia ez baitzen egitasmorik gauzatu, kale batzuen urbanizazioa salbu. Europa osoan goi mailako eredu neoklasikoa Olagibelen Gasteizko Plaza Berria da eta baita Floridako Lorategi Botanikoa (Txabarri arkitektoak diseinatutakoa). Aurrerantzean, etorkizuneko hiri-hazkundearen norabidea argiro markatuko zuen Olagibelek. Hura izango zen Gasteizko ikuspegi berriaren mugarri sinbolikoa: ordena arrazionala, funtzional eta estetikoa abiatzen zuena eta konplexutasun handiagoko arkitektura eta hirigintza saioak hasiko zituena. Funtzio sinbolikoa ere badu; Udaletxearen kokapenerako eskenatoki itxurosoa da eta, horrez gain, zabalgunearen artikulazio bikaina.

 

5.- Gasteizen izandako zabalgune faseak erakusten dituen planoa. **

 

1864rako hiria zabaltzearen premia ikusita, 1865eko zabalgunea jarduera taktiko hutsa kontsideratzen dute adituek; berehalako beharrizanei erantzuteko, lehendik existitzen ziren bideetara egokitua. Hegoaldera hiria hedatzeko erabakia, neurri batean, trenbidearen beharrak eragin zuen. Kasu honetan, zabalgunearen emaitza oso irregularra zen; kontua da Gasteizen ere lur pribatuetan egin behar zirela zabalguneak. Saio horren ondoren Sarazibarren beste planteamendua 1898koa da eta 1927an Apraiz eta Dublangena azaldu zen, antolaketa askoz arrazionalistagoarekin. Jadanik XX. mendearen erdialdean, gerra zibilaren osteko Apraizen aurre-proiektuak ere badaude, 1944 eta 1947koak, porrot egindakoak.

 

6.- Hiriaren eta lurraldearen itxura. Bigarren mailako zentraltasun puntuek, auzune berriek, espazio publikoek eta ekipamenduetarako guneek olio orbanaren gisako metropoliak irudikatzen dituzte.

 

Gaur egun, Euskal Autonomia Erkidegoko hiriburu izatea potentzial erabakigarria da Gasteizentzat. Zumardi eta hiri-parkeekin antolaturiko garapenak, bizi baldintza oso onak ditu beste hiriguneetako periferiekin alderatuta, batez ere 60-70 urteetakoak direnak eta Euskal Herrian zoritxarrez horren ongi ezagutzen ditugunak.

 

* Muino baten gainean sortua, Arabako Lautadaren mendebaldean. Nafarroako Antso Jakituna erregearen eskutik, 1181ean fundatu zen ‘Nova Victoria’. 1200ean Alfontso VII.ak beretu zuen.

** Planoen jatorria: GALARRAGA, Iñaki: La vasconia de las ciudades. Bayona, Bilbao, Pamplona, San Sebastián, Vitoria-Gasteiz. Ensayo arquitectónico e iconográfico, Iñaki Galarraga Aldanondo (ed.), Bilbo, 1996, 178-179, 247 orr.

Nork: isusko vivas.2008/01/03 11:57:26.856 GMT+1
Etiketak: hirigintza hedapena gasteiz hiria iruñea zabalguneak | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2007/11/26 12:35:45.246 GMT+1

Hiri Antropologiaren III. Jardunaldiak

2007ko azaroaren 22tik 24ra bitartean Hiri Antropologiaren III. Jardunaldiak izan ditugu Bilbon, EUSKO IKASKUNTZAK antolaturik, Antropologia-Etnografia Sailaren bitartez.

 

<<Hiri globalak eta tokiko kulturak>>

Izenburu horrekin, Hiri Antropologiaren III. Jardunaldi hauek globalizazioaren aroko hiri esparru, kultura eta tokiei buruz (‘toki’ kategoria une oro kontuan izanda) hausnarketa egitea izan dute helburu. Honela bada, diziplinarteko ekarpenek jakintza arlo anitz bildu dituzte; antropologiaz gain soziologia, historia, geografia, filosofia, arkitektura eta hirigintza, kultur ondarea, hiri paisaia edota arte ederrak, besteak beste. Ildo honetatik bideratu dira komunikazio gehienak, oso interesgarriak eta begirada kritiko nabariarekin, hainbat unibertsitateko adituek emanak. Euskal Herriko Unibertsitatean edota Nafarroako Unibertsitate Publikoan irakasle, tesigile nahiz ikertzaile bekadun gisa aritzen direnetatik at Euskal Herritik kanpoko beste unibertsitate askotatik ere heldu zaizkigu: Sevillako Pablo Olavide Unibertsitatea, Valentziako Unibertsitatea, Bartzelonako Unibertsitatea, Alacant, Malaga, Murtzia, Elche eta Granadako unibertsitateak, Salamancako Unibertsitatea, Errioxako Unibertsitatea, Coruña eta Ourenseko unibertsitateak, Madrilgo Unibertsitate Conplutensea, Nova Lisboako Unibertsitatea, Beira Interior-eko Unibertsitatea (Portugal), Oportoko Fernando Pessoa Unibertsitatea eta Río de Janeiro-ko Unibertsitate Federala. Beste batzuk tamalez bidean geratu behar izan dute, Frantziako grebak tarteko.

 

1.- Hiri Antropologiaren III. Jardunaldiak. Programa.

 

Maila altuko ponentziak

Bestalde, hiru egun hauetan ikergai desberdinak arretaz aztertu dituzten hizlari gonbidatu apartak ere izan ditugu. Frantziatik etorritako Michel Agier jaunak (Ikerketa eta Garapenerako Institutua, Pariseko Gizarte Ikasketen Goi Eskola) nazioarteko ikuspegiari atea ireki dio. Mugetan eta margenetan dauden limiteko espazioez mintzatu da, mundu globalaren ertzetako ‘heterotopia’ horietan sortzen diren nortasun iheskorrak eta iragankorrak tratatuz. Josepa Cucó Valentziako Unibertsitateko katedradunak Estatu Espainiarrean bizi-bizi egozten diharduten gaiak planteatu ditu, mugimendu urbanoen karakterizazioan esku hartuz. Era berean, Bartzelonako Xavier Medina irakasleak (Mediterraneoko Europar Institutua eta Ramon Llull Unibertsitatea) euskal diasporaren eraketarekin jarri gaitu harremanean, maisutasunez. Euskal migrazioak Bartzelonarantz XX. mendean jorratu zuen ibilbideak, sinbolismoz beteriko espazio publiko urbanoaren antolaketa soziala dakar; adibidez Korrikaren pareko Korricursa, Euskal Etxearen presentzia erabakigarria edo Nafarroako Etxea.

 

Zeresanik ez, ponentzien egileak ez ezik komunikazio emaileak eta gainontzeko parte-hartzaileak izan direla protagonista nagusiak. Beraz, egindako lana benetan eskertu behar zaie batzorde antolatzailearen partez, ezen, hauek guztiak faltako balira ez legoke jardunaldiak egiterik. Eskerrik zintzoenak bene-benetan, berrogei eta hamabost komunikatzaileei eta jardunaldietan izena eman duzuen hirurogeita hamabost entzuleoi.

 

 

2.- Saioetako komunikatzaileak eta mahaiko koordinatzailea Bizkaiko Batzar Nagusien aretoan.

 

Aurrekariak eta ardatzen finkapena

Aipatu beharrekoa da jardunaldi hauek denboran segida bat jarraitzen dutela, 1995ean EUSKO IKASKUNTZAKO Antropología-Etnografia Saila egiten hasi zen erreferente monografikoa zuten jardunaldi sortaren barnean. 2002an izan ziren Hiri Antropologiaren II. Jardunaldiek “hiriko kulturekin” hasitako bideari jarraiki, aurtengo hauek are eta begirada poliedrikoagoa bultzatu dute; diziplinartekotasunak hiriari buruzko ikerketen ikuspegiak sano zabaltzen baititu. Horren lekuko dira egunotan izan diren mahaietako eztabaida anizkoitzak: espazio publikoak, ‘tokiak’ eta ‘ez-tokiak’ hirietan; hiria pentsatu eta habitatu; ondare kultural urbanoa; talde-mugimenduak, dinamizazioa eta hiritarren parte-hartzea; hiriko paisaiak; historia, etxebizitza eta ‘polis’ alternatiboa; hiri zatikatua, gizarte bazterketa eta ‘gentrifikazioa’; etorkinak eta lurralde urbanoak. Aurre-hitzetan genion legez: ekonomia, gizarte eta kultura alorreko globalizazio prozesu betean, hiriak lurralde instantzia bat dira hiri eta nazioz gaindiko sare eta fluxu dinamika baten barrenean, kokapen anizkunekoak eta kultura hibridoak dituztenak. Hala eta guztiz, […] hiri toki eta lurralde kategoriek garrantzitsuak izaten jarraitzen dute tokiko identitateak, espazio publikoak eta gizarte mugimenduak, kultura ondarea eta […] hiri zatikatzearen eta immigrazioaren iruditeriak (berr)eratzeko.

 

Ondorio sendoak eta baliagarriak ateratzeko distantzia eta gogoeta sakonagoak behar badira ere, jardunaldiek izan duten erantzunarekin argi gelditu da hiri antropologia delako azpi-diziplina honen gaurkotasuna eta pisten duen interesa, nahiz eta norbaitzuk gainbeheran edo hilzorian zegoen korronte errotu gabekoa zela uste izan. Sintesia eginez eta asko laburbilduz, garai baten antropologia klasikoak ikasten zituen batez ere mendebaldearentzat arrotzak ziren kulturak. Hori zenbaitetan lotu izan da kontinente berrien aurkikuntzarekin eta geroago kolonialismoarekin. Jaioberri zen antropologiak garatu zituen tresna teoriko metodologikoak bere zereginak ustez modu zientifikoan egituratzeko. Pausu bat haratago, antropologoek eta etnografo-etnologoek onartu zuten norberaren kultura propioa izan zezaketela abiapuntu, hain zuzen ere galzorian edo eraldaketa fasean zeuden gizarte moduen oinordekotasuna eta testigantza berreskuratzeko. Paraleloan, arkeologiarekin eta aurre-historiarekin erlazioa duen adarra ere badago, gizakiaren eboluzioaren nondik norakoari atxikitzen zaion paleoantropologia. Halako une baten, ordea, antropologoen artean esnatu ziren hurbilagoko kezkak, euren kulturari eta gizartea bizi zeneko aldiari zegozkionak. Hortaz, ikerketak konpartitu eta banatu behar izan zituzten diziplinaren bestelako lerroak proposatuz. Horien artean hiri antropologia deritzona hirietako mekanismoez, sistema urbanoez, hiritar-taldeen baldintzez eta abar arduratzen da normalean.

 

3.- Antolatzaile eta parte-hartzaile batzuk Iñaki Uriarte arkitektoarekin (buruan txapela duena), Bilboko FEVE-ren tren geltokiko atarian.

 

Bilbo hiria eskenatoki-markoa

Honek guztiak beste galdera zehatz batera garamatza; alegia, zergatik jardunaldi hauek Bilbon? Alde batetik, Bilbok azken boladan jasan duen eraldaketa urbanistikoa aintzakotzat harturik, testuinguru paregabea litzateke etengabe transformatzen diren identitateak, gizarteko arazoak eta bestelako zenbait hartu-eman kolektibo neurtzeko. Bestetik, Bilbo bezalako hiri batek joko nabarmena ematen du biztanleriaren nondik norakoaz, urbanizazio/des-urbanizazio prozesuez eta, oro har, aldaketa kultural bortitzen aroan hirietan suertatzen diren gatazken inguruan eztabaidatzeko. Hiri globalak geroz eta homogeneoagoak, uniformeagoak baditugu ere, bizitzea tokatu zaigun mendebaldeko kultura orokor eta, neurri batean inposatuaren sabelean, tokian tokiko kultura berezituen zantzuak badirudi ez direla betirako zanpatuak edo azpiratuak geldituko, zimel eta burumakur. Aldiz, nonahi topatuko ditugu, han-hemenka agertuz; denboraren poderioz landutako baratzean bezala, behin eta berriro kolore askotariko loredun landareak bailitzan ernalduz.

 

4.- J. I. Homobono, jardunaldien arduraduna, itsasontzitik Guggenheim museoa ikusten, larunbat eguerdian Bilboko itsasadarretik egin genuen bisitaldi gidatuan.

Nork: isusko vivas.2007/11/26 12:35:45.246 GMT+1
Etiketak: hiria antropologia kultura jardunaldiak globalizazioa | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2007/10/25 19:06:09.545 GMT+2

Euskal Hiria eta hirigintzaren fenomenoa Euskal Herrian (II: hastapenak)

Aurreko idazkian genion bezala, gaur egun lurralde hiritartuaren arazoa guztion ahotan egon dadin, behar-beharrezkoa izan da Euskal Herrian azken mende eta erdian hiriek izan duten garapena. XIX. mendearen bigarren erditik XX. mendearen hastapeneko hamarkadetaraino modernizazio prozesu izugarri sakona izan zen Euskal Herriko hiri gehienetan; gerora oso esanguratsua izango zen lehen mailako egitasmoarekin: hiri zabalguneak.

 

1.- Hiri-zabalguneak Euskal Herriko hiri gehientxoenetan eman ziren XIX eta XX. mendeetan.**

 

Orain dugun ikusmoldearen araberako hirigintza formulazioak (gauzatu zirenak eta baita kutxa ilunetan lozorroan gelditu zirenak ere), garaiko arkitektoen eta ingeniarien marrazkietan dakusagu. Horren aitzinean, argien mendeko parametroekin eraikitako hiria dugu eta geroago, XX. mendearen erdialdeko eskualde-plangintza eta hirien antolaketako egitamu orokorren mekanismoak. XIX. mendeko zabalgune horiek izango dira, hain zuzen ere, hiriek euren ingurune metropolitarrera hedatzeko egindako lehendabiziko saiakerak. Era berean, hiriek osatutako sareetan metropoliak izango dira garrantzia berezia eskuratuko dutenak. Gure egunetan, metropoliak bilakatuko dira lurralde hiritartuak, hirietako funtzioak eta beharrizanak bereganatuz.

 

Hiriaren hedapena eta bere mugak: landa-hiria eta itsas bazterreko hiria

Hala izanik, puntu honetatik hasita hiru ardatzen inguruan egituratuta aurkituko dituzue Hiritartea txoko honetako komentarioak: lehenengo, Euskal Herriko hiri zabalguneei buruz pintzelkada batzuk eskainiko dira. Zabalguneak eman baitziren, modu bortitzagoan edo apalagoan, Bilbon, Donostian, Gasteizen, Iruñean edota Baionan. Ondoren, hiriek eta batez ere hirietako muga periferikoek lurraldearekin duten elkarrekintza horiei buruz adibide batzuk jarriko ditugu (Txori Herri araneko kasua Arratiako mendi aldeko beste zonalde batekin alderatuz). Bukatzeko, hiriaren eta uraren arteko mugak aipatzea legoke, Euskal Herrian ditugun paisaiarik baliotsuenetakoak diren heinean. Hau da, ur bazterreko hirigintzaren antolaketa espazio urbanoaren eta itsasoaren edo ibaiaren arteko mugan. Horretarako, Bilboko itsasadarreko eta Gipuzkoako bizpahiru xehetasun agerian ipintzea posible izango dugu.

 

Hiri zabalguneak: lehen mailako egitasmo urbanistikoaren abiaraztea

Hiri zabalguneen erronkak bi oinarri eraginkor izan zituen; biak XIX. mendeko erdialdean. Batetik, 1853tik 1869rarte Senako prefeta izan zen Haussmann baroiak bultzatu zuen Pariseko hiri-estruktura txit berritzailea, bulebar handiekin eta kale gurutzeekin, lehendik zeukan Erdi Aroko hiriaren itxura erabat zapuztuz. Kale zabal zuzenak, izan ere, matxinadak zanpatzeko eta behar zenean zalditeria bidaltzeko aproposak zirela bazekien Napoleon IIIak. Bide bueltan, higiene arrazoiak eta premia ekonomikoak ere bazeuden. Zabalgunearen finkapenak higienearen beharrizanei aurrea hartzen zien, baita hirietako lorategien diseinuari eta zuhaitzez apainduriko kaleen paradigma berriari. Gainera, etxebizitza zaharrak bota eta haien lekuan modernoagoak eta, oro har, altuagoak eraikitzerakoan, ondo asebetetzen zituen jabeen nahiak, errenta askoz altuagoekin. Horrela bihurtuko zen Paris Europako hiri modernoaren eredurik oparoena.

 

2.- Gustave Doré: Haussmann-en Paris. Ikuspegi erromantikoa. Harresien apurketa, eraikin zaharren eraispena eta hiri berri ordenatuaren jaiotza. Propagandako irudiak: <<Nouveau Paris>>.**

 

Bestetik, Ildefonso Cerdá ingeniariak 1958an Bartzelonako zabalgunearen proiektua aurkeztearekin batera hirigintzari buruzko tratatu zientifiko eguneratua plazaratuko zuen urte batzuk beranduago, hirigintza diziplina zientifiko gisa ulertuz. Cerdák klimatologiari, orografiari, haizeen norabideei, kokapenaren estrategiei eta kalitateari, eguzki orduei edota demografia, jende-pilaketa zein hilkortasun tasa bezalako datuei erreparatzen zien modu sistematiko eta arautuan, bere 1867ko “Hirigintzari Buruzko teoria Orokorrean”. Eraikitzeko etxadiaren prototipoak ere ezarri zituen Bartzelonan eta ideia guzti horiek kontuan hartuko ziren hiri zabalguneak planteatzen zirenean.

 

3.- Cerdá ingeniariaren erako hiri zabalgunea Bartzelonan.**

 

Asmakizuna ez zen izan, ordea, erabatekoa. Antzinatik Hipodamok, Vitrubiok eta Albertik bazeuzkaten erdi definituta hiria eraikitzeko lekuak eta bete beharreko baldintzak, batez ere Albertik, “De re aedificatoria” lanean modu zientifikoagoan ezarritakoak (gizakiaren ekintzak lurraldea alda dezakeela argi zuten autore historiko hauek). Bestalde, ibaien erriberetako erliebe lau samarrak zabalguneetarako toki egokiak ziren (Euskal Herrian Bilbo, Donostia, Iruñea eta Baiona ditugu ibaien ondoan). Kontu egin behar da, baita ere, ibaiaren eta hiriaren arteko elkarrekintzan sarritan ibaiaren geografia aldatzea edo bideratzea benetan premiazkoa zela. Eta noski, itsasoaren ertzean jaiotako hiriek ere pertsonalitate berezia dute; portuari, merkataritzari, turismoari eta deskantsuari lotuta (Bilbo, Baiona eta Donostia alegia).

 

 * Albertiren ‘printzipioak’ aski ezagunak ziren: higienea, klima, ura, lurra, defentsa, topografia eta estetika (laburbilduz).

** Irudien eta planoen iturria: GALARRAGA, Iñaki; UNZURRUNZAGA, Xabier; LÓPEZ DE ABERASTURI, Antón; AZPIRI, Ana; ALKORTA, José María: Hiri zabalguneak Euskal Herrian, Eusko Jaurlaritza (Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saila), Gasteiz, 2002 (orrialde anitz).

 

Nork: isusko vivas.2007/10/25 19:06:09.545 GMT+2
Etiketak: hirigintza hiria higienea hedapena zabalgunea | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2007/09/25 15:59:23.677 GMT+2

Euskal Hiria eta hirigintzaren fenomenoa Euskal Herrian (I: aurkezpena)

Euskal Hiria diogunean zentzu anitz dituen hitza darabilgu. Euskal Hiria izan daiteke ‘Euro Hiria’, hau da, mugaz gaindiko hiria. Euskal Hiria bada kontzeptu literarioa, identitate eta jendarte baten egituraketa espaziala zein arkitektonikoa. Era berean, Euskal Hiriak izan dezake termino metaforikoaren oihartzuna, sinbolo bihurtu daiteke, edota baliteke inon ez egotea, putz eginda behera erortzen diren arezko gazteluen gisan.

 

Nola edo hala berriro ere ikasturteari hasiera eman behar diogun garaian, oraingo honetan Euskal Hiriaz jarduteko beta egokia delakoan nago. Udako Euskal Unibertsitateko Historia Sailak udara honetan antolaturiko “Euskal Hiria historian zehar” ikastaroaren arian, hain zuzen ere Euskal Hiria erabiliko dugu hizpide, batik bat hirigintzaren eta fenomeno urbano garaikidearen ikuspegitik. Hortaz, Euskal Herriko hiri garrantzitsuetako zabalguneen erronkak aipatuko ditugu XIX eta XX. mendeetan, kontuan izanik batzuk kostaldeko hiriak direla eta beraz, ezaugarri oso bereziak dituztela. Espazio urbanoetako periferien konfigurazio bitxiak ere izango ditugu mintzagai; horrekin batera, hiri industrialaren bilakaera eta arteak hirietan betetzen dituen espazioak, funtzioak, esangurak eta kokapenak. Orain proposatzen den ibilalditxo urbanistiko estetikoa atsegina izango delakoan, ongi etorria ematen dizuet beste behin, agian beranduegi, naiz eta ziurrenik uda partean irakurgai interesgarriagorik izango zenutela espero. Ez naiz zuetaz ahaztu eta benetan eskertuko dizuet blog honi erantzutera eta zuen komentarioak zein kritika zuhurrak plazaratzera ausartzen bazarete.

 

1.- Euskal Hiria itsas hiria eta lur barnekoa da aldi berean. Baita muga-hiria ere.

 

Euskal Hiria lurralde hiritartua

Hemen adierazi nahi dudan ikuspuntutik, Euskal Hiria izango da ‘hiri lurraldetua’, hau da, Euskal Herriaren tamainako herrialde txiki baten kasik lurralde osora zabaltzen den hiria. ‘Hiri lurraldetuaren’ patuak bagaramatza lurralde hiritartuaren ideia finkatzera. Lurralde hiritartuan, esan bezala, hirien arteko loturak, sareak, elkarrekintzak eta konpetentziak dira nagusi. Elkarrekintza horiek, administrazioek bultzaturiko dokumentu ofizialetan eta abar ‘Euskal Hiri lurraldetuaren’ asmakizuna baimendu dute. Europan eta gurean ere hirien arteko lehiakortasunaren printzipioak balore emankorrak dira, merkatu ekonomiaren baldintzetan euskarrituak.

 

 

2.- Euskal Hiria lurralde hiritartua. Metropoli garrantzitsuen hedapenak lurraldea egituratzen du zentraltasuna eskuratzen duten aglomerazio urbanoak eratuz.

 

Testuinguru horretan aplika daitezke Euskal Autonomia Erkidegoan eratutako lurraldearen antolaketa eta kudeaketarako tresnak: DOT (Lurralde Antolamenduaren Gida-lerroak edo ‘Artezpideak’), PTP (lurraldearen zatiko planak, plan partzialak) eta PTS (lurraldearen arloko planak, plan sektorialak), besteak beste. “Hiri saretuaren” jomuga Espazio Europar Bakarraren eraikuntza bermatzea litzateke, Europako Bizkar Hezurra delakoan kokatuz (Ingalaterratik hasi, Alemania pasa eta Italian bukaera duena, komunikabide eta garraioen korridore bidez kateatuak).

 

Euskal Hiria Euro-Hiria

Euskal Herrian, Euro-Hiriaren proiektua bete betean sartzen da Europako Batasuneko testuinguruan, mugako eskualdeek laborategi eginkizuna izanik, Estatuen limiteak gaindituz Interes Ekonomikoko Elkarte Europarreko Agentziaren bidez. Gogoeta horretan leku-hartzen dute lurraldearen estrategiek: Europa 2000+ edo Europako Lurralde Estrategia eta Europe Spatial Development Perspective. Euskal Hiria CITIES* proiektuaren barnean kokatuta dago, bost kontinenteetako beste hogeiren bat hiri ‘global berritzaileekin’ batera, ‘bikaintasunaren klusterra’, ‘arrakasta faktoreak’, ‘garapen jasangarria’ eta antzeko hitz potoloak giltzarri dituztenak. Zentraltasun handiko sistema eratzen duten hiriek, integrazio ekonomiko eta funtzionala lortu nahi dute.

 

 

3.- EAEko nukleo anitzeko hirien eskemari gehitu behar zaizkio Iruñea eta Baiona inguruko konurbazioak.

Irudiaren jatorria: Euskal Hiria. Proyecto Cities Proiektua, Metropoli Fundazioa, Eusko Jaurlaritza (Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Saila), Gasteiz, 2002, 51. or.

 

Horretarako, Euskal Hiriak kokapen paregabea du Paris Madril korridorean eta Ebroko ardatza zein Kantaurikoa urren dauden puntuan. Arku Atlantikoarekin Europako nodo garrantzitsu baten erdigunean, Kantabria, Euskadi, Errioxa, Nafarroa eta Iparraldea ditugu, ‘hiri-eskualde’ eraginkorra sortzeko kondizio apartekin. Hala ere, defizit kritiko lez identifikatzen ziren kutsadura, trafikoa, deserosotasun akustikoa edota etxebizitza lortzeko zailtasuna. Egia esanda, hirien ‘marketingak’ balio erantsia suposatzen du, edozein markaren sustapena bailitzan. Kantauriko erlaitzean eta Ebroko eragin esparrutik gertu, Euskal Hiriak duen lurraldea pribilegiozkoa kontsidera daiteke. Egitasmo ugarirekin burua ere nekarazten digute maiz: Aalborg-eko Gutuna, 1994koa, Ingurunearen Liburu Berdea (1990), ingurugiroaren kalitatea hotzeko ‘Ekomoto’ bezalako programak edota garraioen sektorea barnebiltzen duen ‘Jupiter’. Horri guztiari gehitu behar zaio azken boladan hain famatua den ‘Agenda 21’ lokala.

 

Azken finean, hiria bera bilakatzen da salgai jartzen den produktu limurtzailea, erakargarria, hiritarrek bizi dituzten lehen mailako interesetan oinarritzen den hiria arbuiatuz. Itun sozialen, ‘gizarte-arkitekturaren’ eta halakoen ilusio faltsuarekin eliteak erabiliko duen hiriaren mesedetan egiten da apustua (museo ospetsuak, entzute handiko erakundeak, kongresuetarako jauregiak, mundu osoan ezagun diren hotelak…). Era berean, biztanle xeheak euren hiriaz harro sentitu daitezen saiatzen dira botere publiko eta pribatuak.

 

* Metropoli Fundazioak nazioartean proiekzio handia duten beste erakunde multzo batekin sortua.

Oharra: artikulu honek Hiritartea blog honetan bertan aurkezturiko beste batzuekin lotura du: ikus “Lurraldea eta hiria I” (2007/02/05), “Lurraldea eta hiria II” (2007/02/28), www.unibertsitatea.net

Nork: isusko vivas.2007/09/25 15:59:23.677 GMT+2
Etiketak: europa polizentrikoa metropolia eurohiria lurraldea euskalhiria | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

bisitari