Unibertsitate mailako titulua, oro har, goi mailako jarduera profesionalerako gaitasun-agiria dela jo dezakegu. Osagile, abokatu, ingeniari edo irakasle izan ahal izateko, gure gizarte hauetan, bederen, horrelako gaitasun-agiriaren jabe izan behar da. Gaitasun-agiri hori unibertsitateek ematen dute eta administrazioek balioetsi egiten dute. Espainiako Erresuman, kasurako, Erregeak sinatzen ditu titulu unibertsitarioak. Administrazio publikoak balioetsi gabeko tituluek ez dute balio legalik eta, ondorioz, ez dute balio ofizialik lan merkatuan.
Joan den urtean (2007) Espainiako Erresumako gobernuak, errege-dekretuz arautu zituen unibertsitate mailako irakaskuntza ofizialak, eta bertan, tituluen oinarrizko ezaugarriak zehaztu zituen. Hego Euskal Herriko unibertsitate mailako tituluen ezaugarri orokorrak zeintzuk behar diren zehatzen du errege-dekretu horrek, beraz. Dekretu horretan hiru titulu mota zehazten dira: Gradukoa, Masterra eta Doktoregoa.
Graduko tutulua: Graduko irakaskuntzak ikasleriaren prestakuntza orokorra eskaintzen du jakintza alor batean edo gehiagotan. Irakaskuntza honen xedea ikasleria jarduera profesionalerako gaitzea da. Tituluen izena eta jakintza-alorra unibertsitate bakoitzak zehaztu behar badu ere estatuko administrazioak onartutakoen artekoa izan behar du halabeharrez. Graduko tituluak Espainiako Estatu osoan maila profesionalean jardun ahal izateko ahalbidetzen du. Graduko titulua eskuratu ahal izateko ikasleak, gutxienik, 240 kreditu lortu behar ditu lau ikasturtetan.
Masterra: Diziplina askotariko edo espezialduriko goi mailako titulua da. Tituluak jarduera profesional eta akademikoetarako ahalbidetzen du. Master mailako irakaskuntzara iritsi ahal izateko graduko titulua izatea ezinbestekoa da. Titulu hauek unibertsitate bakoitzarenak badira ere, estatuko administrazioak arautuko ditu master-tituluen ezaugarri orokorrak. Masterra eskuratzeko 60 eta 120 kreditu bitartean eskuratu beharra dago.
Doktorego titulua: Goren mailako titulu akademikoa ikerkuntza jardueretarako ahalbidetzen duena.
Tituluak, oro har, bost jakintza-eremu zabaletan banatzen dira: Arteak eta Humanitateak, Zientziak, Gizarte Zientziak eta Juridikoak, Osasun Zientziak eta, azkenik, Ingeniaritzak eta Arkitektura.
Honaino, bada, titulu unibertsitarioen oinarrizko informazioa eta ingurumaria. Aurreko batean esan genuenez, unibertsitate berria sortzeko, gutxienik, graduko edota masterreko zortzi titulu eskaini behar dira. Orotariko unibertsitatea izatea nahi bada egokiena izango litzateke jakintza-eremu guztietako tituluak eskaintzea. Hori, begien bistakoa da, ezinezkoa da. Abiaburuko tituluak hautatzerakoan argi ikusi behar dugu Euskal Unibertsitatea xedea eta unibertsitate berriaren izaera eta ezaugarriak zeintzuk diren eta, horren arabera, tituluak hautatzeko irizpideak finkatu. Euskal Unibertsitatearen izaeraz eta ezaugarriaz asko hitz egin izan da, ez dugu hemen errepikatuko, beraz. Euskal Unibertsitatearen xedeaz, ostera, ez da horrenbeste hitz egin. J.M. Barandiaran Euskal Unibertsitatea (1998) txostenetik unibertsitate-proiektu haren helburu, nahi edo asmoen ardatzak gogoratu nahi genituzke:
ü Euskal identitatearen, hau da, Euskal Herriaren kultura, gizarte eta hizkuntzaren izaeran sortutako unibertsitatea. Hasiera beretik euskal identitatearen garapena helburu eta ipar izango duen unibertsitatea. Ikasketa, lan eta harremanetarako hizkuntza euskara izango duen unibertsitatea.
ü Euskaratik eta euskaraz sortutako Unibertsitatea eraiki nahi dugu; horrela, euskararen normalkuntza-prozesuan abian jarriko dugu agente berri eta kualifikatua.
ü Unibertsitatearen esparrua Euskal Herria da, herrialde guztietako ikaslegaiei modu egokian erantzutea, unibertsitatearen eredua aukeratzean eta eguneroko jardunean ere oso kontuan hartuko delarik.
Oraindino ez dugu erabat zehaztu Euskal Uniberstitatea proiektu berriaren xedea zein den baina, gaude, ez dela aipatu horietatik urruti ibiliko. Bestetik, badakigu jakin gure hizkuntza-komunitatearen behar izanaka oso handiak direla jakintza-eremu guztietan. Alabaina, ausartuko ginateke esaten bost jakintza-eremuak ez direla lehentasun eta premia maila berekoak. Guk, hurrenkera hau proposatuko genuke:
1. Gizarte Zientziak eta Juridikoak
2. Arteak eta Humanitateak
3. Osasun Zientziak
4. Ingeniaritzak eta Arkitektura
5. Zientziak.
Honek ez du esan nahi, jakina, ingeniaririk, biologorik edota arkitektorik behar ez dugunik. Esan nahi duena da hizkuntza komunitatearem premiarik larrienak alor sozialean daudela: abokatuak, idazkariak, soziologoak, epaileak, irakasleak, pedagogoak, erizainak, medikuak, informatikariak eta abarrekoak.
Halere, arestian esan moduan, orotariko unibertsitatea nahi badugu, tituluak eskaintzerakoan jakintza-eremuen arteko nolabaiteko oreka bilatu behar dugu.
Erantzunak
"Abiaburuko tituluak hautatzerakoan argi ikusi behar dugu Euskal Unibertsitatea xedea eta unibertsitate berriaren izaera eta ezaugarriak zeintzuk diren eta, horren arabera, tituluak hautatzeko irizpideak finkatu" diozu.
Nire ustez hortxe da koxka. "Hastapen" kutsua izan beharko dute ikasketa horiek baina, aldi berean, Euskal Unibertsitatearen inguruan adosturiko oinarrizko 5 ezaugarrien "argi estrategikoa" islatu beharko lukete.
Hori dela eta Euskal Unibertsitatearen Ikasketa plana, Titulazio zerrenda, edota titulazio bakoitzak izan beharreko profila mugatzerakoan zailtasun erantsi batekin ari gara: Hastapenekoa den egitura akademiko "arin" bat sortu behar dugu baina aldi berean azken hamarkadetan metaturiko itxaropen/sendotasun estrategikoa izan beharko litzateke egitura horren diseinurako lehengaia.
Pernandoren egia, beraz: Hasmentan titulazioen profilak ezaugarrituko du Euskal Unibertsitatea, hortaz, Euskal Unibertsitatearen helburu eta ezaugarriek mugatu behar dute titulazioon profila.
PS: Gauza jakina da bestelako aldagaiak ere kontutan hartu beharko direla titulazioen behin-betiko aukeraketa horretan. Hortaz, espero dezagun Titulazioak (I) izenburu hori apaingarri erromatar hutsa ez izatea. Zain gauzkazu.
Nork: joxan oiz.2008/04/08 13:05:57.891 GMT+2