Legezko izaeraren arabera hiru unibertsitate mota ezagutzen ditugu: publiko, pribatu eta konfesionala. Administrazio publikoaren manupeko unibertsitateari publikoa esaten diogu, estatuak finantzatzen ditu; ekimen pribaturen batek sortu eta sostengatutako unibertsitatea, ostera, pribatua da. Eta, azkenik, elizaren ardurapeko unibertsitateak konfesionalak dira, unibertsitate pribatuak baina estatus berezia onartzen zaiena. Legearen arabera, bada, itxura eta araubide desberdinetako unibertsitateak daude. Edozein kasutan, unibertsitate guztiei, edozein motakoa dela, administrazio publikoek berariazko baldintzak eta kontrolak ipini ohi dizkiete sortzerakoan zein gestionatzerakoan.
Unibertsitate berria sortzeko, Hego Euskal Herrian, kasurako, autonomia erkidego baten legebiltzarreko onespena edo, bestela, Madrilgo parlamentuarena lortzea ezinbestekoa da. Legebiltzarraren iragazia gainditzea beharrezkoa da, beraz. Dena den, unibertsitatearen legezko izaeratik harago zelako unibertsitate behar dugun argitu beharko genuke. Esan ohi da Euskal Unibertsitatea, batez ere, euskararen hizkuntza-komunitatearen unibertsitatea izan behar dela. Hau da, Euskal Unibertsitateak komunitate horren behar izan eta garapenerako goi mailako hezkuntza-erakundea izan behar du.
Zein nolako unibertsitate klase behar du euskararen hizkuntza-komunitateak? Ez dugu aldarrikatzen, jakina, euskararen unibertsitatea behar dugunik, baizik eta, Euskal Unibertsitateak delako komunitate horren goi mailako prestakuntzaren behar izanei erantzun behar diela. Euskararen komunitatearen eraketa eta garapenerako goi mailako profesionalak prestatzen dituen Euskal Unibertsitatea behar dugu.
Edozein unibertsitateren xedea bikoitza da goi mailako profesionalak prestatzea eta ikertzea. Unibertsitateak, aurrenik eta behin, abokatuak, osagileak, irakasleak eta gainontzako profesionalak eskaini behar dizkio komunitateari eta, gainera, juristak, fisikariak, kimikariak, pedagogoak eta izaera desberdinetako ikertzaileak prestatu behar ditu. Unibertsitateetan goi mailako titulatuak prestatzea eta ikertzea jarduera osagarriak dira edo, bederen, elkarren uztargarri egin behar dira.
Dagoenekoz, badakigu jakin Euskal Unibertsitatearen legezko izaera, halabeharrez, zein izango den. Ez da gutxi. Orain, unibertsitate-proiektua diseinatzerakoan, titulazioak eta ikerketa-lerroak hautatzerakoan, irizpide argiak erabili behar ditugu. Euskal Unibertsitatea ezin izan daiteke erdal unibertsitatearen kopia txikia, horrek ez du merezi; unibertsitate berri hori ez dator erdal unibertsitateen gabeziak edo zuloak estaltzera, ezin baitzezakeen, gainera. Euskal Unibertsitatea euskararen hizkuntza-komunitatearen goi mailako hezkuntza-erakundea izan behar da. Horrela bada, Euskal Unibertsitateak bizitza luzea izango du euskararen hizkuntza-komunitatearen adina, behintzat.
Idatzi artikulu bat