Hasi dira Euskal Unibertsitateari buruzko hitzaldiak campusetan. Aurrena, Ibaetako campusean izan da. Bertan azaldu izan da labur-labur UEUren ibilbidea Euskal Unibertsitatearen arrastoan zein izan da eta, besteak beste, 2006. urtean UEUk argitaratu zuen Euskal Unibertsitatearen ezaugarriak. Hizlarien aurkezpena amaitu eta gero entzuleei hitz egiteko aukera eman zaie. Entzuleen artean, oro har, nahikoa adostasun eta aldeko jarrera agertu izan da. Noizkoa izango den, zeintzuk titulazio izango dituen unibertsitate berriak eta tankera horretako galderak izan dira. Ondo.
Edozelan ere, UEUk zehaztutako Euskal Unibertsitatearen ezaugarrien artean batek zalantza eremua zabaldu du: Europan homologagarria. Gaur egun unibertsitateetan dagoen eztabaida dela eta, galdera inplizitu dago, Euskal Unibertsitateak Bolognan abiatutako prozesuari jarraitu behar dio? Itaunak, bere horretan, ez du erantzun zuzenik. Unibertsitate proiektu berriaz ari garen neurrian bere izaera, antolakuntzako ezaugarriak eta eredu akademikoaren ildo nagusiak zehazteke daude-eta.
Diotenez, gauzak bizkor bidean, 2010/2011 ikasturterako abian egon daiteke. Ordurako, ezbairik gabe, zalantza horiek argitu behar ditugu. Ez dago denbora asko, beraz. Nire ustez, Europan homologagarria esaterakoan, UEUren aldetik, Euskal Unibertsitateak Europako edozein unibertsitate estandarren antzekoa izan behar duela adierazi nahi da. Hau da, unibertsitate mailako titulu baliagarriak ematen duen unibertsitatea dela eta titulu horiek Euskal Herrian ez eze Europako herrialdeetan, gehienetan bederen, jardun profesionalerako ahalbidetzen dutela. Goi mailako jarduera profesionalerako ahalbidetzen ez duten tituluak izango balira, tituluek unibertsitate mailako indar legalik izango ez balute erakunde hori legez, adieraz hertsian, ez litzateke unibertsitatea izango.
Europako unibertsitate estandar izateak zer dakarren oraindino ez dugu sakontasunez aztertu. Egia da. Edozelan ere, indarrean dagoen legeriaren arabera unibertsitatea egiten bada, legeriak berak zedarrituko ditu unibertsitatearen mugak eta zenbait ezaugarri. Zerbait badakigu, titulazioak, gutxienik 8 titulazio zehaztu behar baitira, derrigorrez ofizialak izango dira. Hori muga argia da, abiapuntuko titulazioak Espainiako Estatuak zehaztutakoen artean izan behar dira unibertsitatea legeztatu ahal izateko.
Hortik aurrera, unibertsitatearen ezaugarriak eta berezitasunak mota batekoak edo bestekoak izan daitezke, eztabaidatu eta adostu daitezke. Edozein kasutan, Euskal Unibertsitateak goi mailako jarduera profesionalerako balio duten tituluak eman behar ditu. Bestela, unibertsitatea ez da Europan homologagarria izango eta ezta ere Euskal Unibertsitatea, jakina.
Idatzi artikulu bat