Unibertsitatea.Net

Blog komunitatea   Sar zaitez blogera

2009/10/26 20:55:21.517 GMT+1

Elkartasuna

Begira zer gertatu zitzaion unibertsitateko irakasleari 2008ko otsailaren 11an: goizaldeko ordu txikietan, ordu bietan, lotan zegoenean, talde bat, aurpegia estalirik eta armaturik indarrez sartu zitzaion etxera. Garrasika eta kolpeka esnarazi, etxea miatu, bi konputagailu, sakelako telefono bi eta unibertsitateko liburu mordo bat ostu, eskuburdinez lotu eta etxeko ataritik ateratzean kazetari batzuk eta telebista-kamerak dena grabatzen. Inork ez zion esan zergatik eraman zuten, nora eramaten zuten. Emaztea bakarrik geratu zen senarra zergatik eta nora eramaten zuten jakin gabe. Nork deitu zuen prentsa eta telebista? Autoan sarrarazi zuten indarrez eta, behin barruan telebista-kameratatik aparte, burua estali zioten zaku trinko batez. Bi morroi armatuen artean, ordubeteko bidaiaren ostean polizia-etxeko ziegan zegoela esan zioten. Baina ez zion inork esan zergatik zegoen atxilo.

Polizia-etxeko ziegan zegoela emakume ezezagun bat agertu zitzaion, medikua omen zen. Ez leihorik, ez itaunketarik, bakardadean inolako azalpenik gabe, ziegatik atera, eskuak lotuta eta burua estalirik, atzera eraman zuten bere hiriko polizia-etxeko beste ziega batera. Ez leihorik, ez altzaririk, ez galdeketarik. Bi egun igaro eta gero, berriro ere, eskuak lotu, burua estali eta Erresumako hiriburuko Polizia-etxera eraman zuten. Otsailak 13. egunean, ia hiru egun luze igaro ondoren, epaitegira eraman zuten. Eskuak loturik eta burua estalita. Epaitegian jakinarazi zioten erakunde terroristako kide gisa atxilotu zutela, baina epaileak ez zion galdera bakar bat ere egin. Irakasleak ukatu egin zuen leporatzen ziotena eta bere atxiloketa, egiteko modua eta erabilitako indarra salatu zuen epailearen aurrean. Alabaina, espetxera bidali zuten, baldintzarik gabe. Eskuak lotuta eta burua estalirik.

Kartzelako aurreneko gaua korridorean eman zuen. Behin-behineko espetxealdia izanagatik, preso arriskutsu gisa sailkatu zuten, arropa erantzarazi eta, beste gizon batekin, ziegan sartu zuten. Kremaileradun lan-jantzi txiki-txikia eman zioten baina ez zitzaion kabitzen. Bere ziegako kidea zauriturik zegoen. Irakasleak protesta egin zuen egoera horren aurrean. Ziegatik aterarazi zuten eta  beste ziega batean sartu zuten, bakarrik eta biluzik. Leihorik gabeko ziega hori zikin-zikin zegoen, labezomorroz beterik eta argi zuri itsugarriz argiztaturik etengabe.

Otsailaren 18an espetxeko moduluko ohiko ziega batera eraman zuten. Bezperan bere senideak hurbildu ziren kartzelaraino baina ukatu zitzaien bisita. Espetxeko zaindariek jakinarazi zioten isolamenduan zigorturik zegoela bere portaera txarrarengatik, 6 edo 14 egun isolaturik egongo zela. Halere, otsailaren 20an beste espetxe batera eraman zuten. Eskuak loturik, furgoi itxi batean.

Bigarren espetxe horretan ukatu zioten bere egoera berdineko presoekin egotea, ukatu zioten kiroldegira joan ahal izatea eta kirola egitea, ukatu zioten zaintzako epailearekin egon ahal izatea, ukatu zizkioten bere doktore-tesian lan egin ahal izateko baliabideak, ukatu zioten arteria-presioaren neurgailua, ukatu zioten bere abokatuarekin hitz egin ahal izatea eta ukatu zioten espetxeko barne-araudiaren kopia bat.

Abuztuaren 18an irakasleari harrapatu zizkioten familiaren argazki-bilduma eta musika-disko bat. Bisitarik gabe eta 30 eguneko isolamenduarekin zigortu zuten. Abenduaren 13an beste espetxe batera eraman zuten, sei orduko bidaia metalezko kutxa batean 60 kilometro eskas egiteko. Hirugarren kartzela honetan berriz inkomunikaturik egon zen bere familia non zegoen jakin gabe.

Hirugarren kartzela hartatik laugarren kartzelara eraman zuten, bere etxetik gero eta urrunago, 700 kilometroetara. Oraindik han dago preso epaiketaren zain, ia bi urte.


Irakaslearen abokatuak behin-behineko askatasuna askotan eskatu badu ere, guztietan ukatu zaio.

Zer gauzak gertatzen diren munduan, ezta? Momentu batez pentsatu dut: herri horretan hori gertatzen bazaio unibertsitateko irakasle bati zer ez zaio gertatuko jende xeheari? Izutu naiz, benetan. Orduan, bururatu zait unibertsitateko irakasle horren lankideak, saileko arduradunak eta unibertsitateko arduradun akademikoak oso arduratuta egongo direla eta, agian, haiek ere sufrituko dutela bere lankidearen egoera krudela eta tamalgarriarengatik. Une berean otu zait haiek ere merezi dutela gure elkartasuna eta atxikimendua euren lankidea ahalik azkarren ikasgeletara itzuli dadin. Bihoakie beraiei, beraz, nire elkartasun eta atxikimendu sentikorrena euren unibertsitatea, eta euren herrian, halako gauzarik gehiago gerta ez daitezen. Inoiz ez, inon ez.



Nork: isasi.2009/10/26 20:55:21.517 GMT+1
Etiketak: irakasle elkartasuna | Permalink | Erantzunak (0) | Erreferentziak: (0)

Idatzi artikulu bat





The CAPTCHA image

Irudian agertzen diren letrak idatzi beheko kutxan. Spammerrei aurre egiteko CAPTCHA metodoa da hau Captchas.net zerbitzuari esker



bisitari