Unibertsitatea.Net

Blog komunitatea   Sar zaitez blogera

2008/04/22 15:30:42.461 GMT+2

Aldaketak mantso datoz

Unibertsitatearen gertatzen ari diren aldaketak aurrera jo ahala ikasle eta irakasleen egonezina handitzen eta handitzen doa. Ikasleek bere adierazpen batean Bolognako prozesua etetea eta moratoria eskatzen dute. Alabaina, kreditu-sistema berria abian dago. Titulu berrien diseinurako oinarriak jarrita daude eta ikasketa palan berriak aurki abiatuko dira. Ustekabekorik gertatzen ez bada 2009/2010 edo 2010/2011 ikasturterako gradu eta gradu ondoko titulu berriak indarrean egongo dira.

Une honetan Espainiako unibertsitate publikoetan, UPV/EHU barne, graduko titulu berrien justifikazioa eta ikasketa-planak diseinatzen ari dira. Bien bitartean, kreditu europarrak bere bidea egiten du. Datorren ikasturtean, 2008/2009 ikasturtean, lehenbiziz matrikulatzen diren ikasleek fakultate eta eskola askotan kreditu europarra ezagutuko dute baina oraingo ikasketa-planekin. Tituluak oraindino ez dira aldatuko, beraz.

Aldaketa prozesua mantso dator. Aurrenik eta behin, unibertsitateko ikastetxe bakoitzean proposatu behar da graduko tituluen ikasketa-plana eta gradu ondoko tituluak. Gero unibertsitate bakoitzak proposatutako tituluak Espainiako Unibertsitateen Kontseiluko galbahetik igaro behar dute. Berme eta ikuskatze prozesu horietatik igaro eta gero, azkenik, Espainiako Unibertsitate, Zentro eta Tituluen Erregistroan (RUCT) onartzen dira tituluak. Prozesu hori guztia egin arte ez dago tituluak era ofizialean indarrean jartzerik.

Oraindik orain, aurreneko urratsak egiten ari dira. Unibertsitateko ikastetxe batzuetan besteetan baino bizkorrago baina, Hego Euskal Herrian, oraindino ez dago titulu berririk. Aldatzen ari dena, hori bai, kreditu-sistema da. Apurka-apurka unibertsitateko ikastetxe gehienetara zabaltzen ari da kreditu europarra. Kreditu-sistema honekin Europa Batasuneko estatu gehieneko ikasketa unibertsitarioak harmonizatu nahi dira. Hau da, erraztu nahi da ikasleen mugikortasuna Europako unibertsitateen artean ikasleek kurtso desberdinak unibertsitate desberdinetan egin ahal ditzaten.

Kreditu-sistema europarrak, oro har, ikasleentzat lan karga handiagoa dakar eta, horrekin batera, ikasleen lanen ebaluaketa osoagoa. Halere, berriro diogu, kreditu-sistema europarra izateak ez du esan nahi titulua aldatzen denik. Datorren ikasturtean eta hurrengoan irakasgai bat edo besteren aldaketak gerta daitezke geroko titulu berriaren egiturara hurbiltzeko; alabaina, irakasgai horien kreditu-balioa aldatzea ez da gertagarria titulu berriak indarrean ipini bitartean.

 

Nork: isasi.2008/04/22 15:30:42.461 GMT+2
Etiketak: titulu euskal_unibertsitate kreditu_europar | Permalink | Erantzunak (1) | Errenferentziak: (0)

Erantzunak

Diozunez aldaketak mantso datoz. Urteak dira "Bologna" hor darabilgula, gora eta behera. Ikasleak sarritan entzun izan ditut zalantzak  eta beldurrak  plazaratzen: zelan eragingo dit Bolognak ikasketetan? Euskaraz ikasterik izango al dut?
Aipatzen duzunez "Kreditu-sistema europarrak, oro har, ikasleentzat lan karga handiagoa dakar.. ." Honen inguruan kazetaritza ikasten ari diren ikasleen esperientzia interesgarriak aurkitu ditut: ECTs, lan karga, denbora falta, irakasgai gutxi euskaraz, ... .
Gauzak astiro doaz bai, baina bolognatitisa pil-pilean dago. Aurreko ikasleek aipatzen dutenez prozesua aurrera doa, eta eurak bolognatzen ari dira. Eta irakasleak?

Nork: Uxune.2008/04/25 16:36:41.218 GMT+2

Idatzi artikulu bat





The CAPTCHA image

Irudian agertzen diren letrak idatzi beheko kutxan. Spammerrei aurre egiteko CAPTCHA metodoa da hau Captchas.net zerbitzuari esker



bisitari