Interpelazioa Urkixo dela eta

     Autonomia Estatutuaren 33. artikuluak xedatzen du Lehendakariari dagokiola Espainiako Estatuaren ordezkaritza arrunta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Lehendakariari dagokio Jaurlaritzaren goren mailako ordezkaritza eta Lehendakariari dagokio Gasteizko Legebiltzarrak onartutako legeak ezagutzea, betetzea eta betearaztea. Zuri dagokizu Lehendakari jauna.

     Kontua da Lehendakariari sortu zaiola lehiakide bat Gasteizen bertan, Lehendakariak adina botere erakutsi nahi duena: Madrilgo Gobernuaren Ordezkaria. Itxuraz, Espainiako Erresumak bere ordezkaria izendatzen du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako administrazio-atalak koordinatzeko. Ustez, izan ere, Espainiako Gobernuaren ordezkariaren jarduerak Lehendakariaren eskumenekin eta egin beharrekin teilakatzen baitira.

Gazte Abertzalearen afitxa

     Legebiltzarrak, 2013ko abenduaren 19an egindako Osoko Bilkuran onetsi zuen eskatzea Espainiako Gobernuko ordezkariaren kargua desagertzea. Artean, honela esaten genuen:

      Bat: Legebiltzarrak irmotasunez arbuiatzen du Gobernuaren ordezkariaren jarduna, herritarren oinarrizko eskubide eta askatasunak murrizten dituelako.

     Eta bi: Legebiltzarrak eskatzen du Espainiako Gobernuaren ordezkariaren figura eta datxezkion eskumenak desagertzea.

     Zer egin dute Lehendakariak eta Jaurlaritzak Legebiltzarrak erabakitako hori betetzeko? Espainiako Gobernuaren ordezkariak bere horretan dirau, bistan da. Legebiltzarraren legez besteko proposamen hartatik urtebete igarota Espainiako Gobernuaren ordezkariak bere horretan jarraitzen du-eta. Carlos Urkixo Valdivielso jauna, hori da, hain zuzen ere, Lehendakari jauna, zure eskumenak higatu eta zure betebeharrak gutxiesten dituena, zure lehiakidea eta, euskal herrialdeotan sarri askotan, zu baino gehiago agintzen duena. Ez litzateke horrela izan behar ez baitagokio inolako eskumenik Lehendakariaren gainetik agintzeko baina ez du inork ezer egiten Urkixoren agintekeria horiekin amaitzeko. Oraingo Espainiako Erresumako ordezkariak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, ondo baino hobeto daki bere karguaren eskumenak noraino iristen diren eta edozein gauza ezin egin daitekeela.

      Espainiako Erresumako 6/1997 apirileko 14ko legeak arautu zituen Espainiako Gobernuaren Ordezkariaren funtzio-eremuak eta eginkizunak. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, baita Nafarroa Garaian ere, bost dira Espainiako Gobernuaren Ordezkariaren funtzio-eremuak:

  1. Sustapena (ekonomia)
  2. Industria eta energia
  3. Nekazaritza eta arrantza
  4. Osasun-alorra
  5. Hezkuntza alorreko goi mailako ikuskaritza.

      Horren arabera, esan dugunez, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako zein Nafarroa Garaiko Espainiako Gobernuaren Ordezkarien ardura, oro har, herrialde horietako estatuaren administrazio atalak koordinatzea da. Besterik ez. Alabaina, xedatutakoaren gainetik, Carlos Urkixo jaunak aurkitu du bidezidorra bere jukutriak eta gaiztakeriak egiteko; zuzenean egiterik ez dituenez auzitegien bitartez egiten ditu. Horrela, modu maltzurrean eta desegokian erabiltzen ditu estatuaren bitartekariak eta baliabideak, estatuko abokatua, besteak beste, helegiteak eta salaketak jartzeko.

      Espainiako Gobernuaren ordezkariak bostehun espediente inguru sustatu ditu Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako administrazioekiko auzien epaitegietan. Horrez gainera, jakin nahi genuke zenbat informe eta ikerketa eskatu die Espainiako poliziei eta guardi zibilei, ehunka izango dira seguru asko. Urkixoren agintekeria maila noraino iristen den ez badakigu ere, badakigu jakin Urkixoren obsesioak zeintzuk diren: banderak, pankartak, euskal presoak, diru-laguntzak, euskal jaiak eta euskara. Berdin jotzen du udalen aurka, zein aldundien aurka, bereziki Gipuzkoakoaren kontra, edo herri elkarte zein erakundeen aurka, Udalbiltza dela edo besteren bat dela. Zergatik ametitzen zaizkio eraso guzti horiek?

      Esango dugu berriro ere, legeetatik eta arauetatik harago, arazoa da Espainiako Gobernuaren ordezkariak Jaurlaritzaren eta Lehendakariaren gainetik agintzen duela. Bai, Lehendakariari eta Jaurlaritzari dagozkien eskuduntzak arautzen eta eraldatzen saiatzen delako etengabe Urkixo jauna. Bakarrik horrela uler daiteke Carlos Urkixo Espainiako Gobernuaren ordezkariaren ekimenak udalerrien eta herri-erakundeen aurka.

      Lehen aipatu dugu: Urkixoren obsesiotariko bat hizkuntza da. Gaztelania inposatu nahi du, kosta ahala kosta, eta bide batez euskara baztertu. Bitxia da Urkixoren legediaren erabilera maltzurra, nola, komeni zaionean Gasteizko Legebiltzar honek egindako legeak erabiltzen dituen. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herri administrazioetan euskararen erabilera sustatzeko politikak bere hastapeneko erreferentzia dauka 1982ko azaroaren 24ko 10/82 Oinarrizko Legean, euskararen erabilpena arauzkotzezkoan. Herri aginteei dagozkielarik, lege horrek xedatzen du herritar guztiek dutela eskubidea herri administrazioarekin nahi duten hizkuntza ofizialean harremanak izateko. Horrela, herri aginteen betebeharra xedatzen du, eskubide hori muga edo trabarik gabe betetzen dela ziurtatua izan dadin.

      Urkixoren agintaldian, ordea, hainbat udalerritan (Aduna, Alegia, Antzuola, Arama, Altzaga, Itsasondo, Bergara, Beizama, Belauntza, Elgeta, Gaztelu, Leaburu-Txarama, Oiartzun, Oñati, Amezketa, Pasaia, Usurbil, Gaintza, …) Espainiako Gobernuaren ordezkaria ari da helegiteak eta hainbat traba jartzen euskararen erabileraren normalizazioa gauzatu ahal izateko, harik eta euskararen erabileraren normalizazioa bera arriskuan jartzeraino. Gauza bera esan daiteke Espainiako Erregearen funtzionario horrek Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurka hasitako ekinbideaz.

     Euskal Herria Bilduk, berriro ere, Espainiako Gobernuaren Ordezkariaren figura eta datxezkion eskuduntzak desagertzea eskatzen du, Gasteizko Legebiltzarrak aspaldian eskatu moduan. Lehendakari jauna, defendatu zure eskumenak eta betebeharrak, ez utzi Madrilgo Gobernuari Jaurlaritzaren eta Lehendakariaren eskuduntzak erasotzen eta murrizten, eta ez utzi Gobernuaren ordezkari soil bati bertako legedia eta araubideak modu maltzurrean erabiltzen bertako erakundeen kontra, herritarren aurka. Legebiltzar honen babesa daukazu, Lehendakari jauna. Are gehiago, Legebiltzar honen agindua daukazu, Lehendakari jauna.

      Espainiako Gobernuaren ordezkariak ez dauka eskumenik hizkuntza politikan, ez dauka eskumenik esateko Euskal Herriko udaletan zer egin behar den eta zer ez den egin behar euskararen erabilerari dagokionez. Jaurlaritzaren esku dago, zure esku dago, Lehendakari jauna.

     Hamalau urte igaro dira Espainiako Erregeak sinatu zuela Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutuna (Estrasburgo, 1992ko irailaren 15). Gutun horrek bere hamargarren artikuluan, Administrazioko agintariak eta zerbitzu publikoak, zehatz xedatzen zuen c) atalean: dokumentuak eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntza batean erredaktatzea baimentzea administrazioko agintariei dagokiela.

     Espainiako Erresumako administrazio publikoaren gaineko legediak, beste aldetik, tokian tokiko berariazko hizkuntzen erabilera arautu eta babesten du; 2568/86 azaroaren 28ko Errege Dekretua, tokiko administrazioen araubide juridikoari buruzkoa, bere 86. eta 110. artikuluetan xedatzen du berariazko hizkuntzen erabilera herri administrazioen jardueretan. Era berean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legea, azaroaren 26koa bere 36 artikuluan ahalbidetzen du tokian tokiko berariazko hizkuntzen erabilera.

      Espainiako Gobernuaren ordezkariak hori guztia jakin arren, nahiago izan du 10/82 Oinarrizko Legea, euskararen erabileraren normalizazioaren legea modu maltzurrean erabiltzea gaztelaniaren erabilera inposatzeko udalerri euskaldunetan. Utziko diozu Lehendakari jauna? Utziko diozu Legebiltzarrak gaitzetsitako ordezkari horrek epaitegiak erabiltzea euskararen normalizazioaren aurka?

     Zer asmo dauka Jaurlaritzak, oro har, eta Lehendakariak, zehazki, euskararen erabileraren normalizazioa defendatzeko herrialdeko eta tokiko administrazioetan, izapideak, aktak eta enparauak euskaraz normaltasunez egin ahal izateko?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude