Unibertsitatea.Net

Blog komunitatea   Sar zaitez blogera

2008/04/29 15:07:02.143 GMT+2

1968ko maiatza gomutan

Zalantzak eta beldurra izatea zer gerta daitekeen ez dakigunean erabat naturala da, beharrezkoa esango nuke. Zalantzak izateak egonezina pizten digu eta gehiago jakitera bultzatzen gaitu. Ez dugu gustuko zalantza-balantzan bizitzea. Beldurrak egoteak, ostera, defentsa-jarrera dakar eta nolabaiteko pasibotasuna. Ez da ona. Sentitzen dugunean zanpatzen gaituztela aukera bi dauzkagu egoeraren aurrean kikildu edo oldartu. Kikildu egiten dena, azkenean, egoerara egokitu egiten da; oldartzen denak, berriz, zerbait eraiki behar du. Oldarraldia izan daiteke dagoena defendatzeko aldaketen aurrean, bai; edo izan daiteke zerbait berria aldarrikatzeko, ez dagoena eta ez, beste horiek, aldatu nahi dutena. Edozein kasutan, aldaketen aurrean jarrera aktiboa izatea ona da, nahiz gehienetan gogorra izan. Halere, ez dut uste oldarraldiak merezi duenik gaur daukagun unibertsitatea defendatzeko. Ez zait begitantzen orain daukagun unibertsitate ereduak on egiten dionik ez euskarari, ez Euskal Herriari ezta ere bizi dugun jendarteari.

Unibertsitate hierarkikoa, endogamiakoa, zaharkitua, jendartetik urrutiratua, geldoa, atzerakoia eta aldagaitza. Hori da, oro har, gaur egun Euskal Herrian daukagun unibertsitatea. Gure unibertsitateak, oro har, berriz, ez dira izan erakunde eredugarriak gure herriak dituen arazoak eta ajeak konpontzeko. Ez dira eredugarriak euskararen normalkuntzan, ez dira eredugarriak Euskal Herriko gatazka gainditzeko proposamenetan edo ekimenetan, ez dira eredugarriak sexu edo bestelako arrazoiengatiko diskriminazioak gainditzeko politiketan, ez dira eredugarriak berrikuntzetan, ez dira eredugarriak ura, lurra eta energia ustiapen neurrigabeetan, ez dira eredugarriak garapen ekonomiko eta sozial jasangarrietan. Aipatu gaietan, banan-banan begiratzen badugu beti ikusiko dugu unibertsitatea ez den beste eragileren bat nabarmendu izan dela arlo bakoitzean; euskararen kasuan euskalgintza, Euskaltzaindia edo administrazioa,  Euskal Herriko gatazkan ekimen sozialak eta politikoak, emakumeen aurkako biolentzia eta bestelako diskriminazioetan elkarte feministak eta erakunde sozialak; berrikuntzetan garapen-agentziak, garapen ekonomiko eta sozialetan, sindikatuak, enpresa-elkargoak eta bestelakoak. Non dago unibertsitatearen eredugarritasuna?

Agian oker nago eta unibertsitateari ez dagokio eredugarria izatea aipatu alderdi horietan, eta beste batzuetan. Esan daiteke, eta hori egia da, unibertsitatearen ekarpena goi-mailako tituludunen formazioa dela. Ondo, ez da gutxi. Alabaina, oraindik bagara izan bakan batzuk pentsatzen duguna unibertsitatea, batez ere, gizartearen eraldaketarako eta garapenerako erakundea dela. Bere bitartez jendartearen aurrerapena hobetu daitekeena eta herriaren arazoei  aurre egin dakiekeena. Unibertsitatea gune pribilegiatua baita ikertzeko, gogoeta egiteko, ikasteko, aztertzeko, berritzeko, sortzeko. Hori eta gehiago egiten dugu unibertsitariok baina egiten dugun horretatik ezer gutxi ateratzen da unibertsitateko hormetatik harago. Batzuen esanetan marketing arazoa da. Hau da, unibertsitateak ez duela ondo saltzen bere burua gizartearen aurrean. Agian. Halere, zelan saldu daiteke egoera jakinetan ikusten ez dena? Zein leku betetzen dute gure unibertsitateek Euskal Herriko auzietan? Meritu handiko ikerketa eta ekimen solte batzuk salbuespen, unibertsitatea ez da agertzen, missing dago, out, joko zelaitik kanpo. Unibertsitatea bere zilborrari begira bizi da, bera eta bere baitakoa mundu osoa izango bailitzan.

Orain dela berrogei urte Parisko unibertsitarioek, eta haien ostean munduko unibertsitario askok, kalera jo zuten, barrikadetara. Euren aldarrikapen eta irudimenak liluratu gintuzten eta, aldi berean, begien bistan utzi zituzten unibertsitate barruko lotsak eta miseriak. Ez dakit oso seguru orduko unibertsitarioek mundua aldatu zuten; gaurkoak ikusitakoak ikusi, ez dirudi. Baina unibertsitarioek eragin handia izan zuten jendearen uste eta bizimoduetan, hori bai ikus dezakegula. Esaterako, Sarkozyk ederto baino hobeto erabili du 68ko ikasleek lortu zuten askatasuna dibortziatzeko eta portaera sexual aske erakusteko jende aurrean. Orain dela 40 urteko matxinada izan ez balitz Hungariako etorkinen semeak ez zukeen inolaz ere lortuko munduko errepublika txobinisteenetako presidente izatea. Asko zor die Sarkozy jaunak 68ko matxinoei, asko. Baina Sarkozyk, beste milioika europar atzerakoiren antzera, hipokrisi gorriena erakutsi digu 68ko matxinada salatzerakoan. Bere hitzetan orduko matxinoen aldarrikapenak eta lorpenak dira gaur eguneko problema guztien sorburuak. Auzo-lotsa ematen du, benetan. Etorkinen seme dibortziatu kaskarin horrek moral lizun eta estuaren defendatzailea!

Ez dirudi 2008ko unibertsitariok 68ko matxinoen defentsan aterako direnik. Ematen du gaurko unibertsitarioak gertuago daudela Sarkozy eta bere modukoengandik garai hartako matxinoengandik baino. Are gehiago, bada garai hartako matxinoren bat edo beste Sarkozyrekin. Horrelakoa da bizitza, txo! Non dago unibertsitatea?

Parisko karriketako galtzadarrien azpian ez zegon hondartzarik, estolderia baizik, eta irudimena boterera iritsi baino Sarkozy iritsi da. Unibertsitarioek ez zuten lortu mundu aldatzea, begien bistakoa da. Oraingo unibertsitariooi, 2008kooi, mundua aldatu nahi izatea urruti geratzen zaigu nonbait. Eta unibertsitatea bera aldatzea ez dirudi sobera gustatzen zaigunik.

Orain Bolognaz berba egin dagigun. Txarra dela, neoliberala dela, lan merkatuari begirako aldaketa dela, unibertsitate pribatuaren aldekoa dela. Eta, deskuiduan, horiek baino zerbait okerragoa dela. Eta, egiari zor, esandakoak gerta daitezke, arrisku horiek benetakoak dira-eta. Baina daukagun unibertsitatea hobea ote da? Daukaguna defendatu behar dugu?

Nork: isasi.2008/04/29 15:07:02.143 GMT+2
Etiketak: unibertsitatea unibertsitario 1968ko_maiatza | Permalink | Erantzunak (1) | Errenferentziak: (0)

Erantzunak

2008ko unibertsitarioak Sarkozytik gertu omen gaude. Ez gara 68 matxinoen defentsan aterako. Urrun geratzen zaigu mundua aldatu nahi izatea eta unibertsitatea aldatzea, pentsatu ere ez. Egoerara egokitu gara beraz? Kikildu egin gara. Zer aldatuko dugu ba  horrela?
Panorama polita aurrean duguna!
Eta? Zein da irtenbidea?


Nork: Uxune.2008/04/30 13:31:35.964 GMT+2

Idatzi artikulu bat





The CAPTCHA image

Irudian agertzen diren letrak idatzi beheko kutxan. Spammerrei aurre egiteko CAPTCHA metodoa da hau Captchas.net zerbitzuari esker



bisitari