Joxe Azurmendiren azken liburuaren iruzkina (I. atala)

Azurmendi, Joxe, Historia, arraza, nazioa : Renan eta nazionalismoaren inguruko topiko batzuk, Donostia: Elkar, 2014.

Joxe Azurmendi
Argazkia: Joxe Azurmendi bere azken liburuaren aurkezpenean.

Renan batez ere mito bat baita (adiera txarrenean orain)” eta “Aipatu hagitzez gehiago egiten dela ematen du, irakurri baino” baina “Gure aldetik, Renan predikatu gabe, irakurtzen saiatuko gara. Renan eta bere ingurua irakurri. Ez Renan osoa […] historiaren filosofoa soilik baino.” (9. or.).

Hiru aipu labur horietan laburbiltzen da liburua. Renan mito bat da, bai bere garaian (“laikotasun intelektualaren aitabitxitzat”, 8. or.) bai gaur egungo Frantzian (“autokontzientzia errepublikarra definitzeko formula magikoaren asmatzailetzat dago gurtua Frantzian” 8. or.). Espainia ez du beren-beregi aipatzen, baina inplizitua dago: intelektual espainol antinazionalisten idoloa da, baina hori gertatzen da, besteak beste, irakurri ez dutelako, nahiz eta “gaur ez dut uste ikertzaileen artean desadostasun asko dagoenik” (10.or.). Eta bere esperientzia denez gero gauzak berari sistematikoki ez zaizkiola sinesten, bada, kanpoko adituen iritziak ere jasoko ditu ugari.

Ondorioz, Azurmendiren azken buruko tesia da “historia unibertsalaren kontzeptua bera”, bai Herder, Kant, Hegel edo Marxen kasuan bezala, teologia bat dela funtsean Renanen kasuan ere, hau da, “Renanen historiaren filosofia ere goitik Jainkoan bukatzen dela […] behetik, historia Naturarekin josteko, arrazekin lotuko du.” (10. or.).

Azken oharra gure iruzkinei heldu aurretik: liburu honen gaia “Renan eta nazio arazoa soilik izango da” eta Renan nazionalismo frantsesaren zerbitzaria desonestasun intelektual lotsabakoeneraino da, eta kritikoak izango gara harekin.” (11. or.).

Esandakoa laburbilduz: inplizituki bada ere, Azurmendiren arabera Ernest Renan (1823-1892) intelektual antinazionalisten heroi mitiko hori, egiazki nazionalista arrazista porrokatua dela, desonestasuneraino. Hotz eta motz.

Honainotxe liburuaren hitzaurrea baino ez dugu iruzkindu, bost orrialde, baina nahikoa da, apika, 629 orrialde dituen liburukote sendo honi buruz iritzi argi bat emateko: Azurmendik Renanen kritika bat egin nahi du eta kritika horren ondorioa da Ernest Renan (1823-1892) intelektual frantses handia, nazionalismoaren teoriko nagusietakoa eta Frantzia eta Espainiako XX. mendeko (eta baita gaur egungo) intelektual guztien iturri aitortu nagusietakoa, bai ezkerrekoentzat zein eskuinekoentzat, intelektual antinazionalista handi hori, esaten genuen, nazionalista eta arrazista dela erakustea. Ondorioz, gaur egun Frantzian eta Espainan hain zabaldua dagoen diskurtso antinazionalista, kosmopolita eta unibertsalistaren kontraesan batzuk agerian uztea. Kontraesan hauek bereziki larriak dira intelektual antinazionalista progresisten kasuan, finean Renan beraiek predikatzen duten balio guztien antipodetan dagoelako. Antipodetan. Eta ez dira enteratzen (ez gara enteratzen geu ere, zeren gutako asko eta asko ere, irakurle maitea, antinazionalista ez izanik ere, progreen lerroetan kokatzen baikara arrunki, mila eta bat gauza handi zein txikietan).

Asmoa argia da eta emaitza bete-betean txalogarria, txapela kentzeko modukoa. Azurmendik erudizio ikaragarriz heltzen dio gaiari eta arrazoi garbiz frogatzen du arestian jaso dugun tesia. Berriz ere esango dugu: Azurmendik bere tesiaren alde eskaintzen dituen frogantzak erabat eta zinez abailgarriak dira, kordokaezinak. Eta hala ere izango da orain ere gure artean nagusitasunezko irrifarre batez gutxietsiko dituenik (irakurri gabe, jakina), betikoen betiko kontu gisa juzgatuz, badakizu, mundua bitan banatzen da, gu arrazionalok eta besteak irrazionalak; euskaldunen artean irrazionalak abertzaleak izaten ohi gara, arrazionalok gu, jakina, demokrata-progresista-kosmopolita-eta-abar-luzeak. Betiko dikotomia gure artean.

Hain zuzen ere dikotomiak ikertzea da liburuaren bigarren lerro nagusia: nazionalismoa dikotomia baten arabera azaltzea (zibikoa vs. etnikoa, edo frantsesa vs. alemana) zentzugabekeria dela erakustea, dikotomia hori osorik faltsua baita, Renanen pentsamenduaren azterketak argi eta garbi frogatzen duen bezala. Eta hala eta guztiz ere, dogma baten gisan zabaltzen da munduan eta gure artean, hain naturalki eta eztabaidaezinki nola Jainkoaren existentzia fededun deboto batentzat.

Dikotomia eta uste faltsu guztien kontra pentsamendu kritikoa da erremedio bakarra. Gai izango ote gara Euskal Herrian euskarazko pentsamendu kritiko eta aberats bat garatzeko, askatasun, errespetu eta zintzotasun intelektualezko giro batean? Horra, ziur aski, Joxe Azurmendiren ametsa.

Bide horretan idatzi ditut jarraian datozen ohar kritikoak, liburua laburtuz eta iruzkinduz. Izan ere, liburua, zoragarria izanik ere, baditu bizpahiru arazo nabarmen: luzea da, erudizioz betea eta ia ezinbestekoa da frantsesa jakitea ganoraz ulertu ahal izateko. Hortaz, gure iruzkina ere luzea izango da, beti ere testua laburtu eta iruzkindu nahian, frantsesa ezagutzen ez duen Hegoaldeko irakurle gazte(ago)a gogoan dugula. Hain luzea ezen hainbat ataletan banatuko baitugu, astero bat argitaratzen saiatuko garelarik. Eta geroak erranen ahaleginak merezi izan duen.

Argazkia: http://ow.ly/J7NQM 

“Sarrera honek #KulturaZientifikoa 3. Jaialdian parte hartzen du”.

kzjaia3

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

6 + 1 =