Unibertsitatea.Net

Blog komunitatea   Sar zaitez blogera

2007/08/28 17:38:23.803 GMT+2

Plentziako Antolintxu eta Madalentxu

Heldu dira Plentziako jairik potoloenak!!! Urte bete luzea itxaron eta gero, hastear daude. Udan zehar beste jai batzuk ospatu baditugu ere, eguen honetatik datorren astelehenera (edo illenera, hemengo euskaraz) artekoak plentziarren artean gustokoenak dira. Egun handia, hots, Antolin Deuna, domeka izango da.

Orain dela hogeita hamar urte alkate izan zenak hurrengoa proposatu zuen, aurtongo jai-programan adierazten duen legez: jai hauetan zehar dabilen Antolintxu erraldoia hezur-haragizko bihurtzea herritar ezagun baten bidez. Eta horrela izan zen. Ideia gauzatu zenetik herriak beti oso harrera ona egin dio pertsonaia honi bai heltzerakoan bai agurtzerakoan ere.

Baina, nor ote da Antolintxu? Honelaxe azaltzen du sortzaileak:

Antolintxu, Isuskitzako (Plentziako auzo bat, erdigunetik aparte) Etxebarritxu baserriko morroia, urte osoan zehar baserritarra laguntzen dihardu (ganaduarekin, ortu eta mendian) eta San Antolin jaien hasierarekin batera Astillerora jaisten da gabarran egun horietan zehar ondo pasatzeko. Jaiak amaitutakoan bere zereginetara itzultzen da. Honelaxe janzten da: baserritar arropak, abarkak, artzain-galtzerdiak, mahoizko prakak, gerriko urdin argia, alkondara zuria, laukidun brusa, txapela beltza eta lepoan jai-zapia.

Jaietan alkate lanak egiten dituen Antolintxurekin, ordea, askok bere alboan emakume baten beharra ikusten zuten. Beraz, lankide eta bikotea sortu behar zelakoan, aurton lehenengoz lortu dute Madalentxu izatea bigarren pertsonaia hori. Honelakoa izango da emakumezkoa:

Madalentxu, Isuskitzako Etxebarritxu baserriko neskamea, etxekoandrea laguntzen dihardu urtean zehar (sukaldean, garbiketan eta seme-alabekin) eta San Antolin jaien hasierarekin batera Astillerora jaisten da gabarran egun horietan zehar ondo pasatzeko. Jaiak amaitutakoan bere zereginetara itzultzen da. Honelaxe janzten da: baserritar arropak, abarkak, artzain-galtzerdiak, laukidun gona eta brusa, amantal beltza, buruko zapi beltza mototsean eta jai-zapia lepoan.

Pasa den zapatuan aurkeztu zuten bikotea elizako plazan eta orain azken gauzatxoak prestatzen egongo dira etzi arratsaldean guztiok egongo gara-eta euren zain Astilleroan gabarra utzi eta jaiei hasiera eman diezaieten. Gora Antolintxu eta Madalentxu! Gora Plentzia!

Nork: Janire.2007/08/28 17:38:23.803 GMT+2
Etiketak: jaiak | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

Idatzi artikulu bat





The CAPTCHA image

Irudian agertzen diren letrak idatzi beheko kutxan. Spammerrei aurre egiteko CAPTCHA metodoa da hau Captchas.net zerbitzuari esker



bisitari