Unibertsitatea.Net

Blog komunitatea   Sar zaitez blogera

2007/03/18 01:03:17.883 GMT+1

Lehena eta etorkizuna uztartuz

Orain dela hilabete azterketak amaitu eta, gezurra ematen badu ere, berriro gabiltza betikoak buruari milaka buelta ematen: ikasketak direla eta, klaseko beharrak direla eta, hortik kanpo ditugun beharrak direla eta, familia edo lagunak direla eta... eta, hori guztia gutxi balitz, batzuek tesina egiteko proiektua martxan jartzeagatik egin beharreko dei, elkarrizketa, paper, bisitak... direla eta. Hala ere, gutxien uste dugunean, betiko legez, ezustekoren bat izaten da eta oraingoan neurea benetan atsegina izan da.

Iaz koadrilako batek animatu gintuen Uribe Kostako euskaltegiek Sopelan antolatzen duten Esaera Zaharren Txapelketan izena ematera eta, esperientzia ona izan zenez gero, aurton berriz joatea erabaki dugu lagun batzuek. Eta, lagun asko elkarrekin joan arren, bertan topatzea espero ez nuen ezagun eta aspaldiko asko ikusteko aukera izan dut.

Goizeko hamaiketan Sopelan egon behar genuela agindu ziguten eta guk, zintzo-zintzo, agindua bete dugu, lehiaketari ordu bete beranduago hasiera eman dioten arren. Orduan, zain egon garen ordu bete horretan zehar, plazan biltzen joan garenon aurpegiei begiratzen hasi naizenean, baten batena baino gehiagorena ezaguna egin zait. Batzuena arin ezagutu dut nahiko memoria ona baitut, baina beste batzuen aurpegia euren izenekin lotzea ez da hain erraza izan. Hala ere, azkenean lortu dut, nahiko burugogorra bainaiz eta ez dut erraz etsitzen.

Geure begiradek baten baino gehiagotan topo egin dutela igarri dut baina bakoitza nor zen esateko gai ez ginela zioten geure aurpegiek. Beraz, apurtxo baten itxarotea erabaki dut. Baina, lehiaketari hasiera eman eta lehenengo tabernatik irteterakoan, aurretik aipatutako ezagunen bat agurtzeko zer esan edo zelan hurbildu pentsatzen nengoela, berau izan da besotik oratu eta galdera egin didana. Orduan biok konturatu gara zergatik ezagutzen genuen elkar eta ez nuen pentsatuko amankomunean hainbeste izango genuenik.

Horrela, lehiaketa aurrera zihoan heinean berba eginez, gai oso garrantzitsu eta niretzat oso interesgarria izan dugu hizpide: Uribe Kostako eta, batez ere, Plentzia eta Gorlizko euskara jasotzeko beharra, behar urgentea, neure tesinaren zuzendariak dioen legez. Uste dut biok elkar ulertu dugula eta behar hori aurrera atera ahal izateko oztopoa izan da bion arazo handiena, hots, lekuko edo informanteen falta.

Izan ere, inguru honetan euskararen erabilera ez da inoiz ona izan baina azken hamarkadetan jasan duen beherakadak egoera benetan larritu du. Horretaz gain, jendeak euskararenganako eta benetako euskara eta euskalkia mantendu eta ulertzeko duen interes falta ere oztopo dugu. Beraz, horren alde gaudenon eta horretan lan egin nahi dugunon helburua bera da: dagoena ahalik eta arinen jasotzea, oraingo lekukoak joaterakoan eurek duten jakituria guztia ere desagertuko baita. Euskara desagertzeaz gain, horrekin lotutako bizimodu, ohitura, pentsaera eta siniskerek ere ihes egingo digute.

Beraz, ikus dezakezuenez, beharretik urruntzeko egiten ditudan ahaleginetan ere behar kontuak agertzen zaizkit. Baina honek ez du beti txarra izan behar, gaurkoa legez. Honelakoek aurrera jarraitzeko indarra ematen didate eta ideia zoro horiek buruan dituen bakarra ez naizela jakiteak pozten nau, horrelako petsona motak gutxi bagara ere. Eta, gai honi buruz berbetan egon naizenari zin egin diodan artikulutxoa idatzi eta gero, gaurkoz beharra utzi eta atseden hartzeko unea heldu zait, lanean hasteko ordu aproposena ere izan ez den arren. Baina, denbora libre gutxi dugunok edozein tartetxori etekina ateratzen diogu carpe diem baitiogu.

Nork: Janire.2007/03/18 01:03:17.883 GMT+1
Etiketak: ahozkotasuna euskara uribe_kosta | Permalink | Erantzunak (1) | Errenferentziak: (0)

Erantzunak

Ondo diozunez, "oraingo lekukoak joaterakoan eurek duten jakituria guztia ere desagertuko baita. Euskara desagertzeaz gain, horrekin lotutako bizimodu, ohitura, pentsaera eta siniskerek ere ihes egingo digute". Tamalez, gure tokiko agintariek ez dute inoiz hori ikusi, eta beraz, horren garrantzia barneratu. Hizkuntzak ez dira kode hutsak eta tokian tokiko JATORRIZKO euskarak (benetakoa ere bada batuera) mundu ikuskera osoa islatzen du.

Uribe Kostan jatorrizko euskararen egoera nahiko tamalgarria da.Oraintsu hasi dira Labayrukoak Mankomunitatearen enkarguz hori jasotzen, baina ez da ahaztu behar eskualdean Iñaki Gamindek oraino egindako lan eskerga. Hala ere, gabezia eta premia larrienean daudenak lekuko gutxien duten herriak dira, Gorliz eta Plentzia hain zuzen ere.

Animo zure tesinarekin, egongo gara eta, esan bezala, ea lortzen dizudan "Urduliz ingeru, berbak eta bizimodu" liburuaren aleren bat. Dena dela, "Sopelako Euskaraz" gehiena sarean duzu oraindik:
http://www.geocities.com/athens/acropolis/1487/sope0.htm

Nork: Jabi.2007/03/24 12:37:07.606 GMT+1
http://www.sarean.com

Idatzi artikulu bat





The CAPTCHA image

Irudian agertzen diren letrak idatzi beheko kutxan. Spammerrei aurre egiteko CAPTCHA metodoa da hau Captchas.net zerbitzuari esker



bisitari