Beti zerbait gura eta ezin lortu; eta, beti gertatzen den legez, gutxien
espero dugunean zer eta aspaldian buruan bueltaka zebilena bete egiten den. Eta
halaxe gertatu zitzaidan atzo. Ekainean azterketetan nengoenean behin eta
berriro deseatzen nuen inolako ardura barik eguzkiaz eta hemengo paraje ederrez
gozatzeko momenturen bat. Eta, luze itxaron ostean, atzokoa izan zen egun hori.
Hondartza jendez gainezka zegoen eta horrek ohiko lasaitasun eta isiltasuna
desagerrarazi zuen. Hala ere, hori atzo ez zitzaidan axola. Lagunarekin uretan
nengoenean geure kaxa genbiltzan eta ia inork ez gintuen molestatzen. Gero,
eguzkitan geundenean ere, kanpotar, atzerritar, ume eta nerabeen garrasi,
musika, korrikaldi...ez ere ez nintzen ohartu ere egin. Egun ederra zegoen eta
ez nuen inork momentu hori izorratzerik gura. Nire lagunarekin berbetan nengoen
eta, bitartean, eguzkiaz gozatzen; plan ezin hobea.
Zerura begiratzen nuen eta ez zegoen hodeirik. Eguzkiak urre kolorez
janzten zuen herria, herriko lekurik altuena den kanpandorretik hasi eta itsaso
eta mendietaraino. Irudi ederra. Hareak ere dirdira egiten zuen. Eta, horri
guztiari aurre eginez, zeruko urdin argia.
Gero, Barrikatik ikusi nuen gauaren etorrera. Eguzkiak botatako urre
koloreko mantua gero eta indartsuagoa zen eguzkia itsasora hurbiltzen zen
heinean. Bertan zeuden itsasontzi, belaontzi eta txalupek ere itsaso eta
eguzkiaren kolore bera zuten. Eta, bitartean, gu zerumugarantz adi. Kolore hori,
apurka-apurka, iluntzen zihoan; urdin ilun lehenengo, more geroago, beltz,
azkenik.
Gaueko hamarrak heldu ziren eta ez geneukan etxera joateko gogo handirik. Itsasoak eguzkia irentsi bazuen ere, oraindik zerua ez zen guztiz belztu. Gainean arroparen bat janzteko beharrik ere ez geneukan eta tertulia faltan ere ez geundenez herrira jaisteko presarik ez geneukan. Baina, lau egunetan "oporretan" egon ostean, gaur beharrera joan behar nuela gogoratu nuen eta etxeranzko bidea hartu genuen. Pena handia izan zen. Horrelakoetan, aspertu arte egotea izaten da onena, baina guztia batera ezin. Hala ere, etxeko balkoitik (kalean egon ezin naizenetan hemengo txokoez gozatzeko, itsasoko haize freskoa sentitu eta lasaitzeko etxeko lekutxotik) gau aroari begira egon nintzen begiak zarratzear egon ziren arte.
Idatzi artikulu bat