Unibertsitatea.Net

Blog komunitatea   Sar zaitez blogera

2008/07/25 14:57:48.045 GMT+2

Funtzionario batzuen abuztuko oporraldiaren ondorioa

Aurtengo udagoienaren hasikeran karrerea amaitzear nagoala, oindino ziur nago idazkari personal moduan bere ederto konponduko nintzatekeela. Baten baino gehiagotan pasau jat burutik idazkari-ikasketak egitea erabagi izan baneu bere, ez nintzala erratuko. Izan bere, nireez aparte, beste zenbaitzuen agenda eta zereginak bere nire menpe dagozala emoten dau. Eta menpekotasun horren erruz, oingoan bere, besteen eginkizunak neuk egiteagaitik neuk ordaindu behar, eta ordaintzearena literala da.

Oin dala aste pare bat EGAko bigarren deialdirako matrikula-epea zabalik egon zan (oingoan internet bidez baino ezin zan egin) eta amak ekin eta ekin baino ez eutson egiten nire nebari uzena emon eian. Nire nebak paso egiten eban oporretan dagoalako eta, saiatzea okurridu jakonean, ezin izan eban. Orduan, betiko lez, ardura dana nire bihurtu zan eta beste danak ez ziran arduratu neuk ederto egingo dodalakoan.

Neuk bere arazoak euki nebazan uzena emoten saiatu nintzanean, baina telefonoa hartu eta Eusko Jaurlaritzara deitu neban laguntzino eta azalpen eske, antza beste batzuen burutik pasauten ez dan idea. Arazoa zein zan jakin ahal izateko, zortzi bat persona desbardinegaz egin behar izan neban berba, eta batzuetan “esa chica acaba de estar hablando conmigo” entzun behar neban, deia eurek beste ekien beste bateri pasauten eutsien bitartean. Horrenbeste dei, arazoa nerabilen nabigatzailea egokia ez zala esateko.

Datuak sartu ostean, ordainketea internet bidez egitea erabagi neban, nebaren matrikulea egiteko ardurea akabuko momentuan etorri jatalako eta ez nebalako buelta gehiago emon gura banketxera joaten, etab. Lehenengo saiakeran ezin izan neban ordainketea ondo amaitu, orduan, bigarren saiakera bat egin neban, oingoa neure uzenean. Bigarrenak ez eustan arazorik emon, beraz, dana amaitutzat emon neban.

Baina ordu pare bat pasauta, ikusi genduan ordainketeak saiakera bietan urten ebala ondo eta nire nebaren matrikulea birritan ordaindu genduala. Eusko Jaurlaritzara deitu neban horren barri emoteko eta atzo karta bat heldu zan etxera "soberan ordaindutako dirua berreskuratzeko prozedura" azaltzeko. Papel bat bete behar dot, baina harrigarriena C  puntuak dinona da:

C) Dokumentazio hori abuztuaren 1a baino lehen bidali behar diguzu, diru-itzultzea jaso ahal izateko.

Horretaz aparte, banketxera joan behar dot bertakoen egiaztagarri, silu eta sinadurak eskatzen deustezalako dokumentazinoa ondo beteta egon daiten.

Kontutan hartuta kartea atzo heldu zala, banketxekoa ilenean egin ahalko dodala gaur jai dalako eta nire herriko banketxeak ez daualako zapatuetan zabaltzen, eta datorren asteko eguena bere jai dala, beharbada postariari ohartxu bat ipini beharko deutsat kartea Gasteizera epemuga baino lehenago heldu daiten.

Lotsagarria iruditzen jat matrikulea egiteko eta ordaintzeko ipini daben sistema barri hori ondo ez ibiltzeagaitik eta euren erruz guk ordainketea birritan egiteagaitik, orain etxera holako karta ia-ia zematzailea bialtzea, horrenbesteko datu, silu eta onespen eskatzea eta, txarrena, eurek abuztuan oporretan doazalako, neuri dirua bueltan emoteko epemugea ipintzea. Zer arazo dago ba dirua irailean berreskuratu ahal izateko? Ipin dagiela matrikulea eta ordainketea egiteko sistema ona, eta orduan egin ahalko dogu berba epemugen gainean.


Nork: Janire.2008/07/25 14:57:48.045 GMT+2
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (0) | Erreferentziak: (0)

Idatzi artikulu bat





The CAPTCHA image

Irudian agertzen diren letrak idatzi beheko kutxan. Spammerrei aurre egiteko CAPTCHA metodoa da hau Captchas.net zerbitzuari esker



bisitari