Unibertsitatea.Net

Blog komunitatea   Sar zaitez blogera

2007/03/11 17:06:52.004 GMT+1

Blogari, wikilankide eta kirolariak izan genituen solaskide

Azarotik ibili naiz aurrera eta atzera, hainbat pertsonaren telefonoa edo eurekin harremanetan jarri ahal izateko moduren baten bila martxoaren zortzirako antolatu beharreko mahai-inguruetara alor desberdinetako pertsonak gonbidatzeko. Gezurra ematen badu ere, prestaketa lanetan denboraz hasi baginen ere, aurreko gauera arte gauza asko ezin izan ditugu ziurtatu eta azken orduko aldaketek zoratu eta larritu egin naute, arrazoi desberdinak direla medio. Arduradun eta antolatzaile izatearen ondorioa, antza. Hala ere, guztia ondo atera zen, oraindik hobetzear dauden alderdiak egon arren.

Honela, eguenean, goizeko hamabietan, lehenengo mahai-inguruari eman genion hasiera, non euskal blogak eta wikipediari buruz aritu ginen inguru horietan dabiltzan hiru langilerekin batera. Alde batetik, unibertsitatean bertan Euskal Filologia ere ikasten diharduten ikasle bi izan genituen: bigarren mailakoa bata, Luis Pastor, eta hirugarren mailako neure ikaskidea bestea, Janire Rodriguez. Biek lan handia egiten dute blogetan eta euskarazko wikipedian ere hainbat ekarpen egin dituzte. Beste aldetik, urte asko euskararekin eta euskararen gainean lanean dabilen EHUko irakaslea, Ricardo Gómez. Honek ere teknologia berrien trena hartu eta euskararekin batera aurrera egin du biak ezin hobeto batuz. Filoblogia txokoa duzue horren erakusgarri, besteak beste.

Ordu batean bigarren mahai-ingurua hasi zen, aurrekoarekin zerikusirik ez zuena. Urtero mintzagai izaten ditugun blogak alde batera utzi eta guztiongandik gertuago dugun gai batera pasatu ginen, modu aktibo nahiz pasiboan izan arren: kirola. Hiru kirolarirekin batera oso solasaldi entretenigarri, dibertigarri eta interesgarriaz gozatu genuen. Honakoak izan ziren gerturatutako kirolariak: Xabier Galarza (Galarza VI.a) ASPEko pilotari lemoarra, soka-tiran dabilen Kepa Unibaso laukiztarra eta ume eta gazteen entrenatzaile izandako Nahikari Ayo getxoztarra.

Hasieran gonbidatuak urduritxo zeuden zer esan ez zekitela eta zenbat ikus-entzule egongo ziren beldur. Baina gutxiren arteko kontua izango zela ikusterakoan, giroa lasaitu eta aspaldiko nahiz hurbileko kontu-interesgarriak azaldu zizkiguten hirurek. Eta ez zen brometarako momenutik falta, batez ere, Xabierrek Wazemankekoek zapaturo kontatzen digutena errealitatetik urrun ez dagoela aitortu zigunean. Egia esan, han batu ginenok hain giro politean eta barreka ikustea inoiz ahaztuko ez dudan momentuetariko bat da.

Pena handia izan zen hain jende gutxi gerturatu izana. Antolatzaileon aldetik lan eta ahalegin handia dago eta badakigu askoz ere pertsona gehiago etor zitekeela. Arazorik handiena interes falta da, aurton kartelekin egon diren arazo, akatsak eta berandu banatu direla ere kontuan izanda.

Badakigu Deustuko Unibertsitatean euskarak ez duela egoera onik, baina euskaldunok bagaude eta taldetxoa ere osatzen dugu. Igazko mahai-inguruetako gonbidatu batek zera esan zigun heldu zenean: "Zer da hau? Salamancako unibertsitatea? Guztia gaztelaniaz idatzita dago eta jendearen eta gazteen artean ez dut euskararik entzuten!". Ikus dezakezuenez, egoera ez da ona, baina aurreko urteekin alderatuz gero, aurrerapen handiak egon direla esan behar dugu. Arazoa da euskaraz dauden ekitaldiak aprobetxatu ezean (eta gutxi direla kontuan hartuta), ez dugula beste aurrera pausurik ematerik izango.

Dena den, geure helburua bete dugu eta mahai-inguruak primerakoak izan ziren. Eskerrik beroenak eman nahi dizkiet berriz ere eguenean hamabiak eta ordu biak bitartean gurekin egon ziren guztioi, eurek barik hura guztia ezin izango litzatekeelako egin. Eta esker bereziak Ricardo, Kepa, Nahikari, Xabier eta azken honekin etorri zen Iboni ere. Geure asmoa eta ametsa betetzen lagundu diguzue eta ez diguzue hutsik egin.

Nork: Janire.2007/03/11 17:06:52.004 GMT+1
Etiketak: gazteak euskara unibertsitatea | Permalink | Erantzunak (2) | Erreferentziak: (0)

Erantzunak

Eskerrik asko zuei hain mahai-inguru interesgarriak antolatzeagatik!! Antolatze lan polita egin duzue, azken orduko arazoak beti egoten direlako, eta irtenbide ona ematen jakitea da garrantzitsuena.

Kontua ez da lotan geratzea, noski, baina nire ustez ez zenukete gehiegi kezkatu behar jende gutxi agertzeagatik. Kantak dioen bezala, garai txarrak lirikarako, eta gaur egun, gonbidatu mediatikoren bat ez badago (eta gutako inor ez zen maila horretara heltzen), nekez biltzen da jende nahikoa hitzaldi, mahai-inguru eta halakoetan.

Segi horrela eta laster arte!!

Nork: Ricardo.2007/03/11 19:11:28.608 GMT+1
http://www.blogari.net/filoblogia

Epa!

Ederto pasatu nuen eta bidez batez, orain hamar urteko kontuak birgogoratzeko balio izan zuen.

Nork: Nahikari.2007/03/15 14:00:32.852 GMT+1
http://www.goiena.net/blogak/begietatik

Idatzi artikulu bat





The CAPTCHA image

Irudian agertzen diren letrak idatzi beheko kutxan. Spammerrei aurre egiteko CAPTCHA metodoa da hau Captchas.net zerbitzuari esker



bisitari