Unibertsitatea.Net

Blog komunitatea   Sar zaitez blogera

2007/11/30 22:50:04.472 GMT+1

Bat-bateko idatz jarioko gogoetak

Aspaldiko partez agurtzen zaituztet, irakurleok. Hilabete hauetan ez zarete nire berri izan ez duzuen bakarrak izan. Baina orain dela minutu batzuk, beharrean egon naizen bitartean, lagun batzuen blogak bisitatu ditut (batzuk bikainak, lanpetuta nagoenean euren txokora sartu eta bertan idatzitakoek, gero eta gehiago txunditzeaz gain, momentu batez burua gozotasun eta alaitasunean murgiltzen didatenak) eta neuk ere txokoa dudala gogoratu dut. Niri dagozkidanak gordetzea eta zaintzea ezinbestekoa zaidanez, hona hemen berba batzuk.

Amaitu zen uda, joan ziren Antolintxu eta Madalentxu, eta itzuli nintzen bizimodu krudelera; urteak pasatu ahala gero eta krudelagoa eta gogorragoa den bizimodura. Gezurra dirudi nerabezarotik heldutasunera igarotzen dela gizakia. Niri bestelako bidea erakutsi didate batzuek. Baina, tira, beti esaten den legez, akats horietatik ikasi eta aurrera egin behar, ze beste erremedio dugu ba behea jo nahi ez badugu?

Baina hondoratze prozesu hori saihesteko ez naiz nire burugogortasun eta (kanpoko) hoztasunez bakarrik baliatu, barruko min, pena, negar, amorru, bihotzerre, samin, desesperazio, urduritasun, ezinegon eta abarretarako, lagunak nire alboan egon dira; benetako lagunak, batez ere.

Gutxi dira, bene-benetako lagunak gutxi dira; beste asko eta asko lagunak dira, eta beste batzuk ezagunak. Baina, hurrengoa esatea tristea bada ere, kirofano batetik pasatzeak lagundu dit behingoz begiak zabaldu eta denbora luzean gero eta usain (edo, hobeto esanda, hatsa; guk atzá esaten duguna) eta itxura txarragoa zuena (baina nik min gehiago ez hartzeko sinistu nahi ez nuena) ezagutu eta frogatu ahal izatera.

Agian berba hauek irakurtzeak harritu egingo zaituztete, baina benetako egia da eta pozik nago neure burua, behingoz, aske dudalako. Arestian egindako sailkapena neure buruan argi geratu da, zehatz, eta talde horietatik izen batzuk atera behar izan ditut; hala ere, beste batzuek ordezkatu dituzte.

Ez noa gai honekin gehiago luzatzera. Beno, ez noa gehiago luzatzera beharrak zain ditut eta. Baina argi utzi nahi dudana da bizitzan atzera begiratzea garrantzitsua dela, ezin bestekoa aurrerako bidea gogorrago eta ziurrago egiteko. Edozein huskeria garrantzitsua izango da.

Hortaz, oroitzapenekin ere sailkapen bat egin behar da. Alde batetik, buruan eduki baina bisita gutxi, edo bat ere ez, egingo diegunak; ez dira inoiz ahaztu behar (irakasle batek behin esan zuen moduan badaezpada ere), baina bai baztertu. Eta, bestetik, ahalik eta gehienetan gogora ekarri eta bizirik mantendu behar ditugunak, gu geu ere bizirik mantentzeko sua baitira.

Irakaspen txiki honen ostean (...), agurtzea baino ez zait falta, baina ez aurretik domekako pilota partidua ikusteko irrikan nagoela aitortu barik. Ezagutzen nauzuenok badakizue (asteotan ikusi ez banauzue ere) pilota munduko gorabeherak, besteak beste, ez ditudala alde batera utzi. Izan ere, hasieran esan dudan legez, niri dagozkidanak (fisikoak ala psikikoak izan; edo birtualak azken aldian) zaintzea gustatzen zait.

Nork: Janire.2007/11/30 22:50:04.472 GMT+1
Etiketak: gogoetak | Permalink | Erantzunak (1) | Errenferentziak: (0)

Erantzunak

Zure ondoan egon garenak berton jarraituko dugu.

Nork: Iñigo.2008/01/03 21:37:49.413 GMT+1
http://blogligrafoa.wordpress.com

Idatzi artikulu bat





The CAPTCHA image

Irudian agertzen diren letrak idatzi beheko kutxan. Spammerrei aurre egiteko CAPTCHA metodoa da hau Captchas.net zerbitzuari esker



bisitari